|
Osatuz, osasun-arloko langileek euskaraz ikasteko ikasmaterialen egitasmoa aurkeztu zuten Bilbon 2006-9-11n Gabriel Inclán Osasun sailburuak eta Miren Azkarate Kultura sailburuak. Egitasmo berriak irratsaioak, aldizkari bat eta web gune bat jarriko ditu osasun arloan euskaraz ikasten ari diren langileen esku.
Osatuz egitasmoa euskara ikasten ari diren osasun-arloko langileentzat ikasmaterialak sortzea da. Ikasmaterialok HABEren eta Osakidetzaren ekimenez gauzatuko dira.
Osatuzen helburu nagusia osasun-arloko langileak euskaraz komunikatzen gaitzea da, bai lan-ingurunean, baita hiritarrekiko harremanetan ere. Eta hori lortzeko asmoz hiru eratako ikasmaterialak sortu dira: Osatuz irratsaioak, Osatuz aldizkaria eta Osatuz web gunea. Hirurak euskaltegian eta euskalduntze orokorreko prozesuan erabiltzen diren ikasmaterialen osagarri dira eta ikasleek nork bere aldetik erabiltzeko moduan daude prestatuak.
2. Hizkuntza-Eskakizunerako egokiak
Ikasmaterialak Osakidetzako 2. Hizkuntza-Eskakizuna prestatzen ari den edozein profesionalentzat dira egokiak. Baina, hala ere, Osakidetzatik at dauden zentro sanitarioetako langileek edota osasun-arloko unibertsitateetako ikasle eta irakasleek ere euskararen erabileran trebatzeko erabil ditzakete.
Osatuz euskaldun berri nahiz zaharrentzat da baliagarri, osasun-zerbitzuen egunorokoan sortzen diren hizkuntz beharrei erantzuten baitie.
Azpimarratzekoa da, halaber, UZEI erakundearen partaidetza proiektuaren hasiera-hasieratik, testuak orraztuz eta aholkularitza arlo terminologikoan eskainiz.
Ikasmaterial berri hauez gain, HABEk eta Osakidetzak euskaltegian erabiltzeko prestatutako Osatuz Orokorra eta Osatuz Pediatria liburu-bildumak oraindik ere eskuragarri daude.
Osatuz irratsaioak
Euskadi Irratian emango diren Osatuz irratsaioek osasun-eremuko hizkuntz eredua zabaltzea dute helburu.
Bi motako irratsaioak izango dira:
- Osatuz elkarrizketak: Osasun-hizkuntzan trebatzeko 40 profesionali egindako elkarrizketak izango dira eta 10 minutu iraungo dute. Berton, osasun-munduko profesionalak, beren egunerokoan egiten duten bezala, euskaraz jardungo dira osasun munduarekin lotutako gai desberdinen inguruan.
Elkarrizketak larunbatero emitituko dira Euskadi Irratian, goizeko 11.00etatik aurrera, Faktoria saioan. Hona hemen aurrikusita dagoen elkarrizketen egutegia
- Osatuz zalantzak: izenak berak dioen bezala, osasun gaiei buruz hitz egitean izaten diren hizkuntz zalantzak argitzeko bide izan nahi dute. 2 minutuko saioak izango dira.
Astelehenetik ostiralera, egunean behin, hainbat ordutegitan Euskadi Irratiaren programazioaren barruan.
Osatuz aldizkaria
Osatuz aldizkariak, osasunaren inguruko edukiak eskaintzeaz gain, gaur egungo gaiak ere jorratzen ditu, HABE aldizkaria baitu oinarri.
Eskainiko dituen edukien artean honakoak azpimarra daitezke: profesionalei egindako elkarrizketak, osasun-gaiei buruzko artikuluak edota kontsultan suerta daitezkeen egoeren elkarrizketa-moldeak.
Entretenigarria izateaz gain, aldizkaria didaktikoa ere izango da, eta horren isla dira artikuluak ulertzeko izango dituen hiztegia eta hizkuntza lantzeko ariketak. Proposatutako ariketa guztiek zuzenketa-orria izango dute.
2006ko irailetik 2007ko uztailera arte hilero ale bana argitaratuko da. Ale bakoitzak Osatuz Orokorra eta Osatuz Pediatria ikasmaterialetan oinarritutako auto-ikaskuntzako gidak izango ditu gehigarri. Horrez gain, ikasturtearen bukaeran, aldizkariarekin batera, urtean zehar argitaratutako materialak bilduko dituzten bi CD aterako dira.
Harpidetza egin nahi izanez gero, Osatuz web gunean (www.euskadi.net/osatuz) edo HABEren Ikasbil atarian (www.ikasbil.net) lor daiteke. Harpidetza mota desberdinak daude:
- Urteko harpidetza:
- Arrunta: 24,42 €
- Euskaltegietako ikasleak: 12,21 €
- Medikuntza, Odontologia edota Erizaintza Fakultateetako ikasleak: 12,21 €
Osatuz web gunea
Osakidetzako langileek beren euskara hobetzeko Osatuz web gunean aurkituko dituzte behar dituzten tresnak:
- Osatuz aldizkariko artikuluak, ariketa eta entzungaiak jasoko ditu.
- Euskadi Irratian emitituko diren irratsaioak, transkripzioak eta horien gaineko ariketak.
- Osasun gaien inguruko 40 ariketa-sekuentzia, irakaslearen laguntzarik gabe egin daitezkeenak, ordenagailuak berak zuzentzen baititu. Sekuentziok honela banatzen dira:
- 10 harrera eta atentzio-zerbitzuetako langileentzat.
- 10 erizainentzat.
- 10 medikuntza orokorrekoak.
- 10 pediatriakoak.
- Beste zenbait atal: berriak, azterketa-ereduak, zalantzak argitzeko foroa eta hainbat baliabide didaktiko
Ariketa-sekuenziak eta beste hainbat motatako ariketak astero gehituko dira.
|