Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeen arteko lankidetza

Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeen arteko lankidetza

2006-09-15 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publiko erakundeak euskara eta hizkuntza politika gaietarako lankidetza bidea aztertzeko eta sakontzeko bilera egin dute Donostian 2006-09-13an.

Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan izandako bilkuran, Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik, erakundearen presidentea, Max Brisson jauna, presidenteordeak diren Vicent Bru eta François Maitia jaunak, Estatuko ordezkaria den Pirinio Atlantikoetako prefeta, Marc Cabane jauna, eta Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria Jean Claude Iriart jauna izan dira.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, berriz, Miren Azkarate andrea, Kultura sailburua, Jose Mari Muñoa jauna, Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako komisionatua, Patxi Baztarrika jauna, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Miren Mateo andrea, Koordinaziorako zuzendaria izan dira.

Euskal Erakunde Publikoaren partaide dira Frantses Estatua, Akitaniako Eskualdea, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseilua eta Euskal Kulturaren aldeko Herrien Elkargoa.

2003. urtean Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Obragintza Publikoko partaide ziren ordezkariek sinatutako protokoloak ate berriak ireki zizkion Iparraldeko eta Hegoaldeko erakunde publikoen arteko lankidetzari.

Izan ere, hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza instituzionalerako oinarri sendoak jartzeaz gain, herri-erakundeen arteko lan harreman normalizatu eta iraunkorrak ekarri ditu.

Donostian izan den bilerari hasiera emateko, 2006ko martxoaren 29an Baionan izan zen bileran adostu bezala, Iparraldeko eta Hegoaldeko herri-erakundeek elkarrekin urratutako hiru urteko lanaren ondotik, mugaz gaindiko lankidetza-ildoak jasoko dituen akordio berrirako egindako ibilbidea ekarri da gogora. Bide positiboa oso: konfiantzazko harremana eraiki da bi aldeetako erakunde publikoen artean.

Ondoren, bileran, azken hilabeteotan erakunde bien artean landutako akordioaren zirriborroa aurkeztu eta ontzat eman da. Horrekin batera, akordio berria sinatzeko hurrengo urratsak zehaztu dira.

Akordioa urtea amaitu baino lehen izenpetzeko borondatea agertu dute bileran izandakoek.

Elkarlanerako akordioa sinatzen den bitartean eta Baionako Protokoloaren izpirituari jarraiki, beste zenbait lan ari dira garatzen elkarlanean; horien artean aipagarriena Euskal Herriko IV. Inkesta Soziolinguistikoa da; honen landa lanak aurten egingo dira eta inkestaren lanketa datorren urtean.

Azkenik, Baionako protokoloari jarraiki, 2006. urtean ere Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurreko urteotan izan den finantzazio-bideari eutsi dio. Horrela, euskararen eremu geografikoan Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten erakunde pribatuentzat diru-laguntzak emateko 400.000 eurotako deialdia kaleratu du aurten ere Eusko Jaurlaritzak. Horren bidez kofinantzatuko diren proiektuen berri laster barru izango dute onuradunek.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com