Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Enpresaburuek euskara enpresetan txertatuko dute

Enpresaburuek euskara enpresetan txertatuko dute

2006-09-07 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   ENPRESA

Eusko Jaurlaritzak eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresaburuen elkarteek enpresa alorrean euskararen erabilera biziberritzeko hitzarmen markoa izenpetu eta aurkeztu dute.

Miren Azkarate, Kultura sailburuak Eusko Jaurlaritzaren izenean eta enpresaburuen elkarteen izenean Miguel Lazpiur, CONFEBASK- Euskal Enpresarien Konfederakuntzaren presidenteak, Jose M. Vazquez Eguzkiza, CEBEKeko presidenteak, Eduardo Zubiaurre, ADEGIko presidenteak eta Carlos Zarzeņo, SEAko presidenteak, izenpetu dute akordioa, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea mahaian zelarik.

Akordio garrantzitsua euskararentzat

Eusko Jaurlaritzaren eta enpresaburuen erakundeetako ordezkariak bat etorri dira akordioaren garrantzia azpimarratzerakoan, "handia delako enpresa-munduak, alor sozioekonomikoak, euskararen normalizazioari egin diezaiokeen ekarria". Akordio honen bitartez adostasunean, progresibotasunean, borondatezkotasunean, errespetuan eta lankidetzan oinarrituta, euskara era sistematizatuan enpresa munduan txertatuko da, azken hamarkada t'erdian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta enpresek garatu dituzten enpresetako euskara planetan hartutako eskarmentuan oinarrituta.

Hiru lan-ildo

Eusko Jaurlaritzak eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresaburuen elkarteek hitzartu duten euskara biziberritzeko hitzarmen markoak hiru lan-ildo nagusi jasotzen ditu:

  • 1. Alde bakoitzaren lan-esparruan sortzen den informazio eta jakingarrien berri ematea elkarri.
  • 2. Enpresek euskararen erabilera areagotzeko ekimenak bidera ditzaten, aholku ematea, zerbitzuak nahiz produktuak eskaintzea eta komunikazio-bideak sortzea.
  • 3. Euskara planak, banan-banan, finantzatzea.

Lan-egutegia eta jarraipen-batzordea

Hiru lan-ildo horietako bakoitzak, halaber, hainbat puntu biltzen ditu. Horiekin guztiekin urtero lan-egutegi bat lantzeko asmoa dute bi aldeetako ordezkariek. Lan-egutegi horretan jasotakoak aztertu eta egoki betetzen direla bermatzeko, jarraipen-batzordea eratuko dute bi aldeek.

Prozesu soziala

Eusko Jaurlaritza eta enpresaburu-elkarteak bat datoz, euskal enpresa pribatuetan euskararen erabilera zabaltzeko konpromiso hori, adostasunean, progresibotasunean, borondatezkotasunean, errespetuan eta lankidetzan oinarritu behar dela esaten, besteak beste, honako hau prozesu soziala delako, eta, ondorioz, guztion ahalegina eta ekarpena beharrezkoak direlako.

Prozesu hau norberaren borondatez eta inor baztertu gabe egin behar dela diote, Jaurlaritza eta enpresaburuen elkarteen ustez, prozesu hau aurrera eraman ahal izateko eta onargarri izateko, ez dagoelako beste biderik. Beraz, partaideetako bakoitzak, enpresa bakoitzak alegia, hartu behar du erabakia askatasunez, bere kabuz; eta beste guztiok erabaki hori lagundu behar dugu, aukeratu duen partaidetza-mailaren arabera inor baztertu gabe.

Beharretara egokitu

Jaurlaritzaren eta enpresaburu-elkarteen ustetan, prozesu hau arian-arian egin behar da, hizkuntza-bilakaera oro egin ohi den bezala. Kontuan hartu behar da egoera soziolinguistikoak era askotakoak direla, eta partaide bakoitzak, enpresetako bakoitzak alegia, bere helburuak, bere beharrizanak, bere aukerak eta bere borondateak dituela, eta euskara-planak ere enpresek finkatutako erritmo horretara egokitu behar direla.

Ohiturak eta joerak aldatu

Bi aldeek adostasuna behar dela uste dute, hizkuntzaren inguruko ohiturak eta joerak pixkanaka aldatzeko horixe delako onargarri den bide bakarra; nahitaezkoa da, beraz, prozesuan parte hartu behar dutenekin, hau da, enpresetako pertsonekin lortutako akordioa oinarritzat hartzea, era honetako proiektu batek guztion adostasuna eta ahalegina beharrezko dituelako.

Lankidetza

Azkenik, bi aldeek lankidetzan jardun behar dela uste dute, herri-aginteak eta ekimen pribatua elkarren osagarri izatea oinarrizko abiaburua delako.

Kultura Sailburuak azpimarratu duenez, alor sozio-ekonomikoko eragileen lana, lankidetza eta konplizitatea ezinbestekoa da eta alde horretatik, Miren Azkaratek aurreratu du Eusko Jaurlaritza hartu emanetan dela sindikatuekin euskararen erabilera alor sozio-ekonomikoan sustatze aldeko elkarlana sendotze aldera.

Euskararen erabilera biziberritzea lan munduan

Hizkuntzaren normalkuntzaren eta azken hamarkadetan Euskadin eman den euskararen garapena kontuan izanda, enpresa eta lan-mundua da hezkuntzaren irtenbide naturala. Horrexegatik hezkuntzan urteetan -euskal gizarteak berak, nahiz bere herri-erakundeek- egindako lan eskergak, bere segida behar du ezinbestean lan-munduan, inoiz baino prestatuago eta jakintzaz jantziago datorkigun gure gazte-jende euskalduna, lanean ere euskaraz aritu dadin, eta euskaraz ikasteari erabilgarritasunik eta onurarik ikus diezaion.

Ikuspuntu soziologiko batetik, berriz, gure gizartearen balio-sisteman eta antolaketan oro har, lana da gure bizimoduaren eta gizarte-bizitzaren zutoinetako bat, bizitzaren tarte handi bat hartzen diguna, eta gure pertzepzio subjektibo zein kolektiboetan zuzenean eragiten duena. Garrantzitsua da, hortaz, alor honi eragitea, besteak beste euskara biziberritzeko lanari sendotasuna eta heldutasuna emango dion esparruetako bat delako, eta beste esparru batzuei eragiteko/sendotzeko trakzio-indar handia duelako.

Gaur egun euskara planak 150 enpresatan

Honetaz guztiaz jakitun, orain hamabost urte inguru (1990ean) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarri zuen alor sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko programa. Hasieran proba gisa hasi zen programa -abiapuntu ona zuten enpresa handiak aukeratuz, eta berariazko metodologia nahiz interbentzio-moduak sortuz- sendotuta dugu, eta gaur egun 150 enpresa eta kooperatiba inguru dira euskara planak abian dituztenak, horietako asko izen eta prestigio handikoak, gainera. Kultura sailburuak azpimarratu duenez, "gizarte honek eskerrona adierazi nahi die euskara txertatze-lanetan aitzindari izan ziren enpresa eta kooperatiba horiei guztiei".

Hala ere ekimen hau hedatu eta zabaldu beharra zegoen nahitaez, beren lana euskaraz edo euskaraz ere egin nahi duten enpresak, gero eta gehiago izan daitezen. Miren Azkarate, Kultura Sailburuaren hitzetan, "hortik datorkio garrantzia gaur aurkeztu den lankidetzari, Euskal Autonomi Erkidegoko enpresaburuen elkarteak eginkizun horretan lankide aritzeko prest ditugulako, eta horretarako konpromisoa agertzen dutelako, euskal gizartearekiko duten atxikimenduaren adierazgarri. Izan ere, euskal enpresek eta enpresariek beti erakutsi dute bere gizartearekiko konpromiso estua; oraingoan ere, euskal gizarteak batera egin beharreko ibilbidean, euskararen erabilera normalizatzeko lanean hain zuzen, parte hartu nahi dute, denok bat eginda euskararen erabilera areagotu dezagun gure eguneroko bizimoduan".

LanHitz

Akordio honen bigarren puntua, euskara planak edo ekintza positiboak enpresen artean zuzenean ezagutarazteari dagokio. Horren ildotik, Miren Azkarate, Kultura Sailburuak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hil honen bukaeran LanHitz izeneko programa orokorra aurkeztuko duela aurreratu du.

Programa horren helburua izango da, besteak beste: Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen artean euskara erabiltzeko ekintzen nahiz euskara-planen, laguntzen eta baliabideen berri ematea eta abian jartzera gonbidatzea. Honetaz guztiaz jakin nahi duen enpresak, aukera ona izango du modu pertsonalizatuan eta zuzenean, eta batere konpromisorik gabe, horren berri izateko zuzen-zuzenean, baita lehen pausoak ematen hasteko ere, hala nahi izanez gero. Baina esan bezala horren berri xehea irailaren bukaera aldera emango zaizue.

Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com