![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
erabili.com / Herri-administrazioa / 2006-09-05 / 07:00
Euskarak, aurrera egin beharrean, atzerako bidea hartu du Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan. Justizia administrazioan gure hizkuntzaren normalizazioak daraman bidearen gaineko uste eta iritzien gainetik, gertaera puntualen gainetik, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak zabaldutako datuak hor daude, Auzitegi Nagusikoekin batera. Eta horiei erreparatuz gero, euskarari karramarro konplexua dario.
Azken bost urteotako datuak kontuan hartuta, euskararen erabilerak atzera egin du EAEko epaitegietan, eta nabarmen, gainera, bai ahozko prozedurei dagokienez, bai dokumentuen tramitazioari dagokionez.
2000. urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan epaiketetan euskaraz bideratutako ahozko prozedurak guztira 323 izan baziren, berez txikia den kopuru hori are murriztuago ageri zaigu 2005eko datuetan: 118. Ahozko deklarazioetan murrizketa hori handiagoa da: 2000. urtean 465 egin baziren, 2005ean 104 besterik ez. Euskara hutsez edo ele bitan bideratutako dokumentuen kopurua ere erditik behera murriztu da azken bost urteotan: 2000. urtean 2.943 izan ziren, eta 1.252 iaz.
Euskararentzat eta justizia administrazioarekin harremanak bere hizkuntzan bideratu nahi dituzten euskaldunentzat kezkagarriak dira datuak, baina ez agian harrigarriak, EAEn justizia administrazioaren barruan nabarmendu diren hainbat jarrera kontuan hartuz gero. Euskararen normalizazioari indar handiagoa ematearen aldeko ahotsak egon badauden arren, gaiarekiko oso interes txikia azaltzen dutenenak ozenagoak dira momentu honetan
Aurten bertan, 2006ko maiatzean, EAEko Auzitegi Nagusiaren Gobernu Salak uko egin zion Euskararen Erakunde Arteko Batzordean ordezkaritza izateri. 1997an osatu zen aipatutako batzordea, EAEko justizia administrazioan euskararen normalizazioa bultzatzeko xedearekin, hain zuzen ere. Harrez gero Gobernu Salak ere parte hartzen duen bertan, Justizia Sailak, epaileen elkarteek, sindikatuek, Legekarien Euskal Kontseiluak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) bezala, baina aurrerantzean ez da horrela izango. Erakunde Arteko Batzorde Mistoa, Auzitegi Nagusiko eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko ordezkariak biltzen dituena, nahikoa da aipatutako salaren ustez euskararen gaiak ere bertan jorratzeko.
Zenbait herritarrei, berriz, garesti atera zaie epaiketetan euskara erabiltzeko duten eskubidea aldarrikatu izana. Joan den maiatzean izan genuen horren adibidea Bilboko epaitegi batean, besteak beste.
Euskararen Erakunde Arteko Batzorde beraren eraginkortasuna ere ez da, antza, nahi bezalakoa. Ezin esan 1997tik hona euskararen egoera hobetu egin denik justiziaren esparruan; aldiz, gauzak okerrera joan dira, datuek erakusten dutenez. Batzordea eratu zen urte hartan, justizia administrazioko funtzionarioen % 76ak euskara ikasteko asmoa edo interesa azaltzen bazuen ere, zortzi urte igaro ostean oraindik ere oso gutxi dira euskara menperatzeko gai azaltzen diren epaile eta magistratuak. Eta hizkuntza menperatzen ez dutenen artean gutxi dira, era berean, euskara ikasteko asmoa azaltzen dutenak.
EAEn gaur egun 208 epaile, 89 fiskal, 167 idazkari eta 237 bake-epaile ari dira lanean, eta lan hori euskaraz egiteko gai direnen kopurua ez da % 10era iristen. 2006-2007 epealdian euskara ikasteko aukera eskatu dutenei so eginda, kopuru horrek nekez egingo du gora epe motzean: 33 epailek, 10 fiskalek, 47 idazkarik eta 13 bake-epailek eskatu dituzte euskara ikastaroak.
![]() | Inprimatu |
Nekane San Miguel / 2006-09-05 / 09:17
Berri honetan ez da ageri horrelako atzerakada nabarmena zergatik gertatu den. Ez noa ni errurik duenari kentzera, baina, zenbat abokatuk aurkezten dituzte demandak euskaraz?. Non dira ikasketak euskara hutsean egin dituzten profesionalak? Nik ez ditut ikusten. Aldiz, euskaldun horien demanda, idazki e.b. egunero erderaz jasotzen ditugu. Duela hamar urte inguru epaile asko kezkaturik agertu ziren (ez alde, baina ardura pixka batez bai) eta ikasteari ekin zioten. Geroztik ikusten dute ez dutela beharrik herritar eta profesional gehienen jarrera ikusita. Errugabeak ahalmenik ez. Ea behingoz gure erruak (euskaldunonak) gure gain hartzen ditugun, bestela aurrera egiteko biderik ez dugu aurkituko eta.
(NEKANE SAN MIGUEL BERGARETXE epailea da)
Kepa Leunda / 2006-09-05 / 22:34
Azken urteotan EAEko epaitegietan izan naiz eta… zertxobait ikusi eta ikasi dudalakoan nago, epaitegietan dagoen euskararen erabilerari buruzkoetan. Hortaz, ez dakit zeinek eman dituen “Euskara epaitegietan: okerretik okerragora” izenekoan adierazitakoari burukoak, baina, zuzenak izatetik oso urrun daude datuetako batzuk.
erabili.com / 2006-09-06 / 10:50
Erabili.com-eko erredakzioan artikulu hau idazterakoan Auzitegi Nagusiaren memoriako datuak erabili ditugu, besteak beste, ondorengo koadroetan jarri ditugunak:
| Epaiketak | |||||
|---|---|---|---|---|---|
| 2000 | 2001 | 2002 | 2004 | 2005 | |
| Araba | 7 | 5 | 6 | 10 | 5 |
| Bizkaia | 178 | 145 | 70 | 62 | 48 |
| Gipuzkoa | 138 | 181 | 102 | 93 | 65 |
| GUZTIRA | 323 | 331 | 178 | 165 | 118 |
| Aitorpenak eta bestelakoak | |||||
|---|---|---|---|---|---|
| 2000 | 2001 | 2002 | 2004 | 2005 | |
| Araba | 10 | 3 | 4 | 5 | 7 |
| Bizkaia | 130 | 134 | 62 | 51 | 51 |
| Gipuzkoa | 325 | 164 | 86 | 91 | 46 |
| GUZTIRA | 465 | 301 | 152 | 147 | 104 |
| 2000 | 2001 | 2002 | 2004 | 2005 | |
|---|---|---|---|---|---|
| Idatziak | 2.155 | 1.988 | 2.201 | 1.171 | 995 |
| Ahozkoak | 788 | 632 | 330 | 320 | 257 |
| GUZTIRA | 2.943 | 2.620 | 2.531 | 1.491 | 1.252 |