|
Euskalterm Terminologia Banku Publikoaren gordailua hazi egin da berriki, bost hiztegi berrirekin. Internet bidez Euskaltermen kontsultak egiten dituztenek mila kontzeptu berri baino gehiago izango dituzte horrenbestez eskura.
Hauek dira Euskaltermen integratu berri diren hiztegiak:
- Automobilen mantentze-hiztegia:
- 250 kontzeptu sailkatu ditu, eta 50 definizio.
- Hizkuntzak: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.
- Automobilen mekanikako edo karrozeriako tailerretan eta saltegietan egunero sortzen den harreman komertzialetarako baliagarri izatea da hiztegi honen helburua.
- Zuhaitz-eremua: tailerreko makinak, erremintak eta instalazioak; ibilgailuaren mekanikako eta karrozeriako piezak, akzesorioak eta funtzionamendu-sistemak; tailerretan egiten diren ohiko azterketak eta konponketak, eta gehien erabiltzen diren dokumentuak.
- Burdindegiko hiztegia:
- Guztira, 165 kontzeptu landu dira eta kontzeptu horietatik 20 euskaraz definituta eskaini dira.
- Hizkuntzak: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.
- Merkataritza-harremanetarako tresna baliagarria egitea, hau da, burdindegietako saltzaile nahiz erosleentzat tresna praktikoa egitea da helburua.
- Horrelako dendetan salgai dauden gauza ohikoenak agertuko dira hiztegian: eskuko tresnak, tresna elektrikoak, etxerako burdina-tresnak eta osagarriak
- Norberaren Irudia, Ile-apaindegiak eta Estetika hiztegia:
- 352 kontzeptu biltzen ditu, eta horietatik 100 definituta daude
- Arlo horretako langileentzat eta lanbide-heziketako ikasle / irakasleentzat erabilgarria izatea da helburua.
- Hain zabala den arlo horretako atal guztiak biltzen ditu. Batzuk aipatzearren: Edergintzako produktuak eta tresnak, Janzkera-estilismoa, Karakterizazioa...
- Arropa-denden hiztegia:
- 153 kontzeptu jasotzen ditu, eta 44 definizio.
- Arropa-dendetako langileei dago bideratua, batez ere.
- Besteak beste, jantzi-motak, jantzien osagaiak, osagarriak, edo jantziak deskribatzeko terminoak aurkituko ditu hiztegiaren erabiltzaileak
- Oinetakoen hiztegia:
- Guztira, 159 kontzeptu eta 44 definizio biltzen dira hiztegi honetan.
- Batetik oinetakogintzako terminoak, eta bestetik oinetakoen salmentari buruzkoak biltzen ditu: osagaiak, lehengaiak, oinetakoak muntatzeko erak, oinetakoak egiteko tresnak, baina baita osagaiak, oinetako-motak eta osagarriak ere. Guztira, 159 kontzeptu eta 44 definizio biltzen dira hiztegi honetan.
Euskaltermen nondik norakoak
UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak sortu zuen Euskalterm Terminologia Bankua 1987an, ordura arte egindako hiztegi guztietako fitxa terminologikoak bateratuz. Geroztik gaur arte UZEIk egin dituen gainerako hiztegi guztiak ere han integratu dira.
Terminologiaren zabalkundea bultzatu zuen UZEIk Bankua sortu bezain laster, teknologia berrien bidez: lehenik Minitel sisteman (1987), geroago Bideotex (1991) eta VT-100 terminalekin, eta azkenik Interneteko sarean. Alde horretatik, terminologiaren zabalkundea eta erabilera betidanik izan da UZEIren kezka.
Euskalterm Terminologia Banku Publiko bihurtu zen 2001ean, UZEIren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen baten ondorioz. Banku hau eguneratzeko eta elikatzeko lanak UZEIk egiten ditu, Euskaltzaindiaren arauen arabera eta normalizazio-batzordeetan hartutako erabakien arabera.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|