Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskarazko hedabideen bilakaera eta etorkizuna

Euskarazko hedabideen bilakaera eta etorkizuna

2006-06-29 / 07:00 / Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza - Eusko Jaurlaritza   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Irakurleak eta ikus-entzuleak etengabe irabaztea eta diru-laguntzekiko autonomia eskuratzea. Horiexek dira euskarazko hedabideentzat erronka nagusiak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren iritziz. "Kontsumitzaile" potentzialak asko dira, baina "kontsumitzaile" errealak ez dira horrenbeste gehitu urteotan, eta desoreka hori gainditzeko hedabideekin batera hausnarketa egiteko asmoa berretsi du.

Euskarazko hedabideen bilakaera eta etorkizunari buruzko ikuspuntuak kontrastatu eta eztabaidatzeko xedez, bilkura izan zuten atzo (2006-6-28) goizean Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan Kultura Saileko arduradunek euskarazko hedabideen ordezkariekin. Miren Azkarate Kultura sailburua, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta sailburuordetza horretako hiru zuzendari –Igone Etxebarria, Miren Mateo eta Lorea Bilbao- batzartu ziren euskarazko hedabideen ordezkaritza zabal batekin.

Eskaintza gehitu, kontsumoa ez

Kultura Sailaren arduradunek adierazi dutenez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hala proposaturik, HAKOBAk(1) (Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordeak) duela bi aste izandako bilkuran erabaki zuen euskarazko hedabideen etorkizuneko erronkei buruzko gogoetari ekitea, eta horretarako beharrezko diren azterketak egitea. Gogoeta hori Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HAKOBAk euskarazko hedabideen ordezkariekin partekatzeko asmoa dute, eta horretara dator gaur goizeko bilkura. Gogoeta hori beharrezkoa da, besteak beste, euskarazko hedabideen eskaintza, bai kopuruari dagokionez nola baita ere hedabide-motari dagokionez, asko gehitu bada ere, euskarazko irakurle eta ikus-entzuleen kopurua ez baita modu nabarmenean gehitzen ari.

Diru-laguntza publikoak handiak badira ere, eta euskarazko hedabideen "kontsumitzaile" potentzialak azken urteotan milaka eta milaka gehitu diren arren, euskarazko hedabideek lanak dituzte merkatuan leku pisuzkoa irabazteko. "Kontsumitzaile" potentzialak asko, baina "kontsumitzaile" errealak ez dira horrenbeste gehitu urteotan. Horrek, diru-laguntzetatik areagoko gogoeta eskatzen du, eta horri ekin diote Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HAKOBAk, eta horren berri izan dute gaur goizean euskarazko hedabideek.

Ezagutza eta erabilera

Ezagutza eta erabileraren arteko jauzia txikitzea da hurrengo urteetarako erronka nagusia. Helburu hori lortzeko aurrez aurre dugun egiteko nagusia da, ez esparru formaletan, baizik eta ez formaletan, hots, lagun artean, denbora librean, entretenimenduko jardueretan eta hedabideetan jauzi hori txikitzea.

  • Euskararen erabileran aurrera egin nahi badugu, ezinbestekoa dugu gaurko gizartean horrenbeste "kontsumitzen" diren hedabideetan euskararen presentzia gero eta handiagoa eta bikainagoa bermatzea.
  • Euskarazko hedabideak "kontsumitu" ditzaketenak gero eta gehiago diren eta izango diren gizarte honetan, "kontsumitzaile" benetakoak gehitzea lortu behar dugu.
  • Helburua, beraz, bikoitza da: euskarazko hedabideak sendotzea (hori da lehentasuna), eta euskarak hedabideetan oro har (gaztelania nagusi duten hedabideetan, alegia) gero eta presentzia handiagoa izatea, elebidun direnek euskaraz irakurtzeko eta euskarazko ikus-entzule izateko aukera gero eta gehiago izan dezaten.

Horren inguruan gogoeta egitea da Kultura sailaren helburua eta legealdi bukaerarako ondorio eraginkor batzuetara iristea.

Gogoeta konpartitu

2005eko abenduaren 20an Bilbon euskalgintzako hainbat eragileren aurrean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zuzendaritza taldeak legealdirako egitasmoa aurkeztu zuenean, hedabideen alorra alor estrategikoetariko bat zela ikusirik, lan ildo nagusien artean honako hauek aipatu zituen alor horretarako: hedabideetan euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko hedabideak bultzatzea batetik, eta ibilbide bat egina duten diru-laguntza deialdien ebaluazioa egitea bestetik.

Egin beharrekoen artean, ezinbestekotzat jo genuen, besteak beste, gaur egun dauden hedabideen inguruko balorazioa egitea, horren berri ematea eta datozen urteetarako politika definitzea gainerako herri-aginteekin batera.

Kultura sailak gogoeta irekita dauka euskarazko hedabideei buruz eta euskarak hedabideetan duen presentziaz. HAKOBAk ere aztergai izan du 2006ko ekainaren 8an eginiko bilkuran eta aztergai izango du etorkizunean: berak egingo du gogoeta. Gogoeta hori baina, sektorearekin konpartitu nahi dugu.

Atzoko bilkuran, Kultura Sailak euskarazko hedabideei buruz eta euskarak hedabideetan duen presentziaz duen ikuspegia adierazi dio hedabideen sektoreari, batez ere euskarazko hedabideen "kontsumitzaileen" inguruan planteatzen dituen erronkak eta, nola ez, zentzu horretan dituen kezkak ere adieraziz.

Kontsumitzaileak ezagutu behar

Euskarazko hedabideak zenbatek kontsumitzen dituzten eta horien oinarrizko ezaugarriak zeintzuk diren jakin beharra dugu. Izan ere horixe baita gure erronkarik nagusienetakoa hedabideei dagokienean, gero eta irakurle edo ikus-entzule gehiago lortzea eta gero eta gehiago segurtatzea "kontsumitzaileen" gustuak beteko direla ahalik eta mediorik ugarienetan euskararen presentzia bermatuz, baita erdara nagusi dutenetan ere. Erdarazko hedabideetan ere euskarak tokia hartu behar du. Euskarari bizkar emango dion hedabiderik izatea ez da egokia izango gero eta gizarte elebidunago honetan.

Azken urteotan lortutako elebidun gehikuntzak neurriko jarraipena beharko luke, eta gaur oraindik ez dauka, euskarazko hedabideei dagokienean. Gero eta elebidun gehiago gaude, gainera, euskaldun zahar askok ez bezala, euskaldun berriek ez daukate euskaraz irakurtzeko ohitura faltarik ezta zailtasunik ere, eta hala eta guztiz ere urrun gaude oraindik, nahiko genituzkeen kontsumitzaile kuotetatik.

Hori zergatik gertatzen den eta nola konpon daitekeen erabakitzean dago gakoa: produktu egokiak behar ditugu, pluralak, erakargarriak, errazak, kalitatezkoak. Izan ere euskarazko hedabideak indartuko badira bere "kontsumitzaileen" epaia edo nota irabazi behar dute: gero eta "kontsumitzaile" gehiago izateko estrategiak jarri behar ditugu martxan, eta horrek irakurleen apetak asebetetzeko ahalegina eskatzen dute.

Gogoeta egin beharra dugu dauzkagun produktuen eta "kontsumitzaileen" arteko erlazioaz. Alferrik da produktua "kontsumitzailerik" ez badago, edo gero eta erabiltzaile gehiago irabazten ez badira. Izan badugu eskaintza bat, Euskal Herri mailako egunkari bat, aldizkari ugari, maila lokaleko hainbat eguneroko, irratiak nahiz toki telebistak, baina gure ardura da zergatik hedabideak eta erakunde publikoak diru-laguntza bidez urtetan egiten ari diren eginahalak ez daukan neurriko jarraipenik irakurle edo ikus-entzule kopuruari dagokionez.

1991n lehenengo diru-laguntza egituratua eman zenean 8 aldizkari ziren merkatuan zeudenak, iaz ostera 105 medio izan ziren diruz lagunduak hedabideentzako propio egina dagoen diru-laguntza deialditik barrena. Ugaritasun nabarmena beraz medioen, produktuen bilakaeran. Diruei erreparatzen badiegu ere nabarmen igo dira hedabideei Eusko Jaurlaritzak eskainitako aurrekontuak, azken bost urteak bakarrik kontuan izanda, 2002-2006, % 38 igo dute.

Eta azken urteko datuei erreparatuz gero, aurrekontuen igoera % 25ekoa izan da: % 9koa Euskal Herri mailako prentsan, aldizkarietan, irratietan eta on line-eko argitalpenetan eta agentzietan, % 7,4koa udalerri edo eskualde mailako eguneroko eta aldizkarietan, eta igoera nabarmena toki telebistetan.

Ahalegin nabarmena beraz herri aginteena nahiz ekimen pribatuarena, baina gaurko erronka argia da, nola lortu "kontsumitzaile" kopurua ez geratzea estankatua, nola lortu kontsumitzaile-kopuruak gora egitea.

Hausnarketarako abiapuntua

Atzokoa guztion artean, erakunde publikoen artean eta sektorearekin egin beharreko hausnarketarako abiapuntu bat gehiago izatea nahi genuke. Behar-beharrezkoa dugu euskararen arloan orain arte egindako bideaz eta etorkizunaz lasai, askatasun osoan, errespetuz eta zuhurtziaz hitz egitea. Zein egoeratan gauden ezagutu behar dugu eta aurrerapausoak eta ekimen eraginkorrak ongi identifikatzearekin batera, aztergai izan behar ditugu hutsuneak eta hutsegiteak ere.

Euskarazko hedabideen erronka nagusia ez da diru-laguntzena; diru-laguntzak, edozein delarik ere alorra, beti izan ohi dira "txikiak eta eskasak" hartzailearen ikuspegitik, baina bistakoa da diru-laguntzen zenbatekoa ez dela eskasa: 2006an 4.750.000 euro. Urteotan diru-laguntzak eta euskarako hedabideen eskaintza igo diren neurrian edo antzekoan igo izan balira euskarazko irakurleak eta ikus-entzuleak, aurrerapauso ikaragarria emanak izango ginen. Baina ez da horrela gertatu, zoritxarrez. Inola ere ez ginateke itsutu behar diru-laguntzen kontuarekin, etorkizuneko erronkak diru-laguntzena baino sakonagoak eta korapilotsuagoak baitira.

Erronkak, laburrean

Laburbilduz, hauexek dira hedabideen arloan ikusten ditugun erronkak:

  • Hedabideen bideragarritasuna bermatzea.
  • Gero eta irakurle eta ikus-entzule gehiago lortzea.
  • Etengabeko hobekuntza: kalitatean, bideragarritasunean eta anizkoiztasunean.
  • Dauden hedabideen balorazioa egitea.
  • Deialdi guztiak ebaluatzea.
  • Nagusiki gaztelaniazkoak diren hedabideetan ere euskararen presentzia bermatzea.
  • Erakunde publiko eta pribatuen arteko osagarritasuna eta lankidetza.
  • Hurrengo urteetarako prozedura, helburuak, diru-laguntza gaiak eta irizpideak ondo finkatzea.
  • Hedabideen inguruko lege garapenean hizkuntza irizpidea txertatzea.

Azken baten lortu behar duguna da, gero eta hedabide bideragarriagoak izatea, diru-laguntza publikoen zain izan gabe autonomia osoa lor dezaten.

Argi dagoena da euskararen normalizazioak aurrera egingo duela baita ere euskarazko produktuek, horien artean oso nabarmen euskarazko hedabideek, merkatua irabazten duten neurrian. Eta bide horretan:

  • Ezinbestekoa da hedabideek diru-laguntzekiko autonomia osoa lor dezaten.
  • Eta elkarlana ere derrigorrezkoa da euskalgintzan. Guk zinez sinesten dugu elkarlanean eta erakunde publikoen eta gizarte ekimenaren arteko osagarritasunean.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari dagokionez, helburua, bera egiten ari den hausnarketa hau euskarazko hedabideekin konpartitzea da eta euskarazko hedabideen presentzia sendotzeko helburuarekin markatu beharko genukeen estrategiaren zerbitzuan jartzea.

Euskarazko hedabideena arlo estrategikoa da, giltzarri dira hedabideak erabilera bultzatzeko. Jakin badakigu helduen euskalduntze-alfabetatzearen bidez nahiz eskolaren bidez euskaldundutako asko, besteak beste, hedabideek erdalduntzen dutela, horregatik da garrantzitsua euskara egunerokotasunerako hizkuntza izatea nahi badugu hedabideetan ere euskarak gero eta toki gehiago hartzea.


Oin-oharrak

  • (1)HAKOBA osatzen dutenak: Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordetza, Kultura Saila (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza) eta Hezkuntza Saila; Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru Foru Aldundiak eta hiru hiruburuetako Udalak; EUDEL.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com