Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Jogurtek zapore garratza euskararentzat

Itxaso Ferreras - Kontseilua / Bestelakoak / 2006-06-26 / 07:00


Euskal Herriko saltokietan aurki ditzakegun 9 jogurt marka hartu eta hauen etiketen eta webguneen hizkuntz azterketa egin du Kontseiluak Kontseilutik bere aldizkari berrian. Salbuespenak salbuespen, jogurtak garratz euskararentzat.



Euskaraz bizi ahal izateko, beharrezkoa da inguratzen gaituena euskaraz egotea, hala nola, telebista, kaleko kartelak, egunkariak, administrazioa... Kontuan izanik gurea kontsumo gizarte peto-petoa dela, ezin ahaztu ditzakegu guztion etxeak betetzen dituzten era guztietako produktuak. Kontsumitzaile gisa, euskaldunok produktu hauek eskaintzen duten informazio oro, webgunetik etiketara arte, euskaraz jasotzeko eskubidea daukagu.

Kontseiluak funtsezko hizkuntza-eskubide hau betetzen al den jakiteko asmoz, produktu bakarra hautatu eta honi buruzko azterketa burutu du. Jogurta izan da aukeratutako produktua eta hau ezkoizten duten 9 enpresa, euskaldunak nahiz atzerrikoak, azterketaren ardatzak.

Yogur ala jogurt

Euskal Herriko supermerkatu bateko apaletako produktuen etiketen eta estatu espainiarreko nahiz frantseseko supermerkatu bateko produktuen etiketen artean ez dago ia desberdintasunik. Hori da hain zuzen, Kontseiluak egindako jogurten etiketen azterketak adierazten duena.

Aipatutako bi eremuetan sin conservantes ni colorantes edo 0 % de matière grasse argibideak gazteleraz eta frantsesez agertu ohi dira. Estatu espainiarraren eta frantsesaren kasuan ez da harritzekoa, Euskal Herriarenean ordea, izan beharko litzateke. Izan ere, hizkuntza-eskubideen deklarazio unibertsalaren arabera, gizaki orok, bere hizkuntza komunitate propioaren lurraldean, bere hizkuntzan informazio osoa izateko eskubidea du, etiketak barne.

Kontseiluak Euskal Herrian, hegoaldean nahiz iparraldean, salgai dauden 9 jogurt marka izan ditu aztergai. 3 euskaldunak (Mahala, Kaiku eta Consumer), 2 multinazionalak (Nestle eta Yoplait), beste 2 estatu espainiarrekoak (Central Lechera Asturiana eta Danone), 1 frantsesekoa (Le Petit Basque) eta azkena, belgikarra (Pur Natur). Enpresa hauen jogurten etiketak eta webgunea aztertu ditu hizkuntzen tratamendua, bereziki euskararekiko jarrera, ebaluatzeko asmoz.

Jogurt etxeak


Euskal Herriko markak

Gainditu beharreko ikasgaia

Aztertutako marka guztien artean, bakarrak errespetatzen ditu oso-osorik euskaldunon hizkuntza-eskubideak: Mahalak hain zuzen. Beste bi euskal markek ere euskara erabiltzen duten arren, gaztelania da gehien erabiltzen duten hizkuntza. Consumerren kasuan, ez du webgunea euskaraz eskaintzen eta Kaikurenean ordea, jogurten kanpoko zorroak dira euskara erabiltzen ez dutenak. Honetaz gain, webgunera euskaraz sartzea oso neketsua da, lehenengo beste hizkuntza bat hautatu behar delako. Ondorioz, euskal marken artean, Kaiku da hizkuntzaren tratamenduan okerren ari dena.

Gainerako marken artean, bi mota bereiz ditzakegu: hizkuntza bakarra erabiltzen dutenak alde batetik, eta hizkuntza ugariz baliatzen direnak bestetik. Danonek eta Le Petit Basquek lehenengo taldea osatzen dute. Danoneren jarrera da hauetan aipagarriena. Euskal Herrian euskara erabili ez arren, Québecen, esaterako, frantsesa eta ingelesa, nahiz eta azken hau hizkuntza ofiziala ez izan, erabiltzen ditu.

Marka eleanitzei helduta, Pur Natur da hizkuntza gehien eskaintzen dituena, 6 osotara. Dena dela, euskara ez da zerrendan ageri. Interesgarria da Nestleren jarrera ere. Herrialde batzuetan, Eslovenia kasu, 9 hizkuntza eskaintzen dituen arren, Euskal Herrian gaztelania bakarrik erabiltzen du. Katalunian berriz, katalana ere badarabilkite. Central Lechera Asturianak, aldiz, estatu espainiarrekoa izan arren, ez du gaztelaniaz gain katalana erabiltzen, portugesa baizik. Yoplaiten kasuan, nederlandera da frantsesaz gain hautatzen duen hizkuntza.


"No entendemos el euskera"

"Lamentamos no poder atender a su consulta ya que no entendemos el Euskera. Si nos vuelve a remitir su e-mail en castellano, nos complacerá poder atenderle", izan da Nestlek email bidez euskaraz informazioa eskatu ostean erantzun diguna. Dena dela, aipatu beharra dago gainontzeko enpresen jarrera are okerragoa izan dela, inork, Kaikuk izan ezik, ez baitio euskaraz idatzitako informazio eskaerari erantzun. Esan beharra dago Kaikuk euskaraz erantzun duela.

Legedia desegokia

Hizkuntza-eskubideen deklarazio unibertsalaren 50. artikuluaren arabera, "Hizkuntz komunitate propioaren lurraldeen gizaki orok eskubidea dauka bere hizkuntzan informazio osoa izateko, idatzia zein ahozkoa, lurraldean finkatutako merkataritza-establezimenduek eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuez, hala nola erabiltze-jarraibideak, etiketak, osagai-zerrendak, publizitatea, bermeak eta gainerakoak"".

Euskal Autonomia Erkidegoaren araudiaren arabera, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eskaintzen zaien informazio guztia (etiketak, ontziak, argibideak, etab.) "euskaraz nahiz gaztelaniaz eman ahal izango da" (6 / 2003. 41. artikulua). Legearen desegokitasuna agerikoa da, ez baititu enpresak euskaraz etiketatzera behartzen. Horrela, enpresaren esku geratzen da euskara erabiliko duen erabakitzea edo zerbitzua gaztelania hutsean eskaintzea. Nafarroan eta Iparraldean egoera are okerragoa da: ez dago inolako babes legalik etiketak euskaraz egotea ahalbidetuko duenik.

Euskal Herri osoan gaur egun, salbuespenak salbuespen, euskal kontsumitzaileon hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen direla esan genezake. Izan ere, kontsumitzaileok ez dugu babestuko gaituen tresna juridikorik. Legeek ez dute hizkuntza-eskubideen deklarazioan jasota dagoen eskubidea bermatzen eta hori benetan larria da. Honegatik guztiagatik, beharrezkoa da euskal gizarteak enpresei dei egitea hauek euskara normalizatzen has daitezen, euren produktuen etiketetan euskararen presentzia bermatzeko.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1151048158