Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Danobat-en hiztegi eta eskuliburu teknikoa sarean

Danobat-en hiztegi eta eskuliburu teknikoa sarean

2006-06-23 / 07:00 / Deņe Zabalo   INTERNET

Elgoibarko Danobat kooperatibak bere webgunean jarri ditu, nahi duen ororen eskura, bere euskara planaren haritik eginak dituen bi lan: Hiztegi Teknikoa eta Tailerreko Eskuliburu Teknikoa. Makina-erremintaren esparruan euskararen erabilera normaltzen laguntzeko tresna erabilgarriak, zalantzarik gabe.

Danobat Koop. E. eta euskara

Danobat Koop. E. eta euskara

Danobat-en azkeneko urteetan aurrerapen handiak eman ditugu euskararen erabileran. Ahalegin horretan dihardugu orain ere barruko irudia, dokumentazioa eta abarrak euskaraz izan daitezen ahalegintzen.

1998 bukaeratik hona martxan dugun euskara planaren haritik 2003an langile batzuen ekimenez hiztegi tekniko bat prestatu genuen langile eta hurbilenekoen artean banatzeko, gure arteko harremanak euskaraz izateko ahalegin batean.

Euskaraz lan egiteko zailtasunik handiena hiztegia dela entzun izan dugu beti, ez dakigula nola esan broca, ranura en T... eta horrexetarako sortu genuen hiztegi hau, eguneroko hitz teknikoak nola diren jakiteko.

Ez da Danobat-ek argitaratu duen lehenengo hiztegia, 1976an oraindik jende askok eskuartean erabiltzen duen Danobateko Tekniko Industrial Hiztegia argitaratu baitzuen.

Hitz asko faltako dira, baina lehenengo pausoa eman da, hemendik aurrera erabili eta falta diren hitzen bilketa egitea izango da hurrengo pausoa. Hortaz, denon esku dago hau osatu eta eguneratzea, erabiltzea eta ikastea.

Eskuliburu teknikoa

Bestalde, hori ez zenez nahikoa eta kooperatibaren 50. urteurrena aprobetxatuz lan sakon eta mardulago bati ekin genion 2004an.

Mekanika arloan oso ezaguna eta erabilia den liburu txiki bat erabiltzen zen orain urte batzuk tailerretan. Liburu hori gaztelania hutsean zegoen, eta gaur egun ordenagailuak hasi direnetik zaharkituta geratu zela dirudi. Baina guretzat inspirazio iturri izan zela esan dezakegu, ideia hartan oinarrituta eguneratutako eta geurera moldatutako bertsio bat prestatu baitugu euskaraz.

Lehenengo materiala bildu, sailkatu, zer sartu erabaki... ondoren material hori orraztu eta informatizatu (denak batetik eta bestetik ateratako kopiak baitziren), ondoren euskaratu, maketatu, zuzendu... urte eta erdiko lana, baina merezitako lana, oso txukun geratu baita.

Eduki guztiz erabilgarria

Muntatzaile, diseinatzaile eta mekanizatzaileentzako erabilgarria den materiala eskaintzen du eskuliburuak : trigonometria, neurrien konbertsioak, arauak, marrazketako arauak, materialei buruzko informazioa, oinarrizko kalkuluak nola egin... eta berezitasun nagusia: euskara hutsean dagoela. Modu aparta terminologia landu eta ikasteko!

Hona hemen bi kapituluren adibideak:

Handiago ikusteko, sakatu irudiaren gainean.

Liburu honek 503 orrialde ditu eta gai ugari jorratzen dira ondorengo aurkibide honetan ikus daitekeen bezala:

  • Hitzaurrea
  • Sarrera
  • 1.- Unitate aldaketak
  • 2.- Irudi geometrikoak
  • 3.- Kontzeptu aritmetikoak
  • 4.- Trigonometria
  • 5.- Materialak
  • 6.- Oinarrizko kalkuluak
  • 7.- Perdoiak
  • 8.- Hariak
  • 9.- Torlojuak
  • 10.- Konoak
  • 11.- Zentratzeko puntuak
  • 12.- Koipeztatzaileei buruzko gomendioak
  • 13.- Errakoreak eta mangerak
  • 14.- Gidatzeko sistemak
  • 15.- Turcitearen muntatzea
  • 16.- Labirintoak eta ixte eraztunak
  • 17.- T erako artekak
  • 18.- Harri platertxoak eta diamanteak
  • 19.- Harriak
  • 20.- Plakatxoak
  • 21.- Zerrak
  • 22.- Ebaketarako jariakinak
  • 23.- Hidraulika
  • 24.- Pneumatika
  • 25.- Motor elektrikoak
  • 26.- Marrazketarako arauak
  • 27.- Smed
  • 28.- Piezen garraioa
  • 29.- Makinen garraioa
  • 30.- Makinen pintura
  • 31.- Soldadura
  • 32.- Segurtasuna eta ergonomia diseinuan
  • 33.- Errodamenduak
  • 34.- Elektrikoa: oinarrizko kontzeptuak
  • 35.- Proiektu elektrikoaren garapena
  • 36.- CNC makina bat prest jartzeko bete beharreko zereginak
  • Danobat-en Historia produktuen arabera
  • Danobat-en Garapena Historian
  • Danobat Mundu Zabalean
  • Hiztegia / Diccionario
  • Bibliografia

Amaraunean, guztion eskura

Bai hiztegia eta baita eskuliburuaren tamaina eta itxura ere ondo pentsatutakoak dira liburu erabilterraz eta praktikoak nahi baikenituen, egunero geurekin eramateko modukoak eta ez bulegoko edo tailerreko apaletan gordeta egongo direnetakoak.

Banaketa edo zabalkundeari dagokionean, hasiera batean liburu formatuan zabaldu genien bertako langile, bezero, hornitzaile, eskola, liburutegi... eta eskatzen zuen guztiari. Eta orain aurrerapauso bat eman dugu Danobat-en web orrian jarri baititugu biak nahi duenak eskuragarri izan ditzan.

Euskararen erabileraren alde aurrerapausotxo batzuk emateko bide luze honetan gure ekarpena egin dugulakoan, eta erabilgarri izango zaiolakoan jendeari lanean jarraitzeko asmoz aurrera begira egiten ditugun lanen berri ere izango duzuelakoan, gure leloarekin emango diogu bukaera idatzi honi: "Euskara Bat, Danok Bat".


(DEŅE ZABALO ZULAIKA Danobat Koop. E.ko euskara teknikaria da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com