Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Herri-administrazioko langileen artean euskararen erabilera nola areagotu

Aitor Unanue / Herri-administrazioa / 2006-06-20 / 07:00


"Administrazioko atal elebidunetako langileen hizkuntza-ohituretan eragiteko plana". Izenburu hori duen liburua argitaratu du Lasarte-Oriako Udalak, bertako esperientziaren berri emanez. Egileak, udaleko hizkuntza normalizatzaile den Aitor Unanuek, liburuaren edukia azaldu digu:



Testuingurua

Testuingurua

Liburuan kontatzen dudan esperientziaren marko orokorra administrazioko erabilera-planek osatzen dutela jakitea ezinbestekoa da gure burua behar bezala kokatzeko. Administrazioaren esparruan, Lasarte-Oriako Udalak bide hau du egina:

Lehenengo planean eta bigarrenaren hasieran, AEBEMET metodologiak aukeran eskaintzen dituen normalizazio-ekintzen artean, banakako trebakuntzan egin genuen ahalegin berezia. Jardunbide horren bitartez lortutako emaitzak oparoak izan ziren arren, mugak ere nabarmen. Besteak beste, ez genuen lortu aldaketa nabarmenik langileen hizkuntza-ohituretan. Eta, jakina, muga horiek gaindituko zituen planteamendu osatuago bat egiteko premia sumatzen hasi ginen. Erabilera-planen helburu nagusia lortuko bagenuen, langileen hizkuntza-ohituretan eragingo zuen metodologiaz osatutako interbentzio-plan bat ezinbesteko genuen.

Lehenengo planean, idatzizko erabileran bakarrik eragiteko erabakia hartu genuen, deliberatuki hartu ere. Ez ahozkoan eragiteko premiarik sumatzen ez genuelako, baizik eta hasiera hartan ahozkoan eragitea zailago begitantzen zitzaigulako.

Lehenengo plana garatzetik jasotako eskarmentuak, ordea, zera erakutsi dit, hizkuntza-ohituretan eragiteko egokiago dela eragin-esparrutzat ahozko jarduna hartzea. Hona hemen arrazoi batzuk:

Hori horrela izanik, ondorio honetara iritsi nintzen: ezinbestekoa da ahozko jardunari heltzea administrazioan euskararen erabilera normalizatuko badugu. Nola ordea? Nondik hasi? Zein metodologia erabili?

Hizkuntza-ohituretan nola eragin?

Hizkuntza-portaera aldatzeko moduak eta bideak ugariak dira, horretan ez dut zalantza izpirik. Nik egin dudan hautua izan da hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesua nola edo hala didaktizatzea. Honela:

Prozesuaren erregulazioan, erabileraren kontzientzia-hartzean nahiz kontrolean, langileen motibazioan eta jardunaren ebaluazioan zehar egindako bidaiaren gainean jardun dut liburu honetan.

Nolanahi ere, hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesuaren funtsa hiztunaren borondatea, gogoa eta nahia dira. Portaera berriaren aldeko jarrera, azken batean. Bestalde, hiztuna harreman-sare bateko kide den aldetik, ezinbesteko du harreman-sare horretako kideekin batera jardutea. Norbanakoaren ikuspegitik planteatutako egitasmo baten bidez nekezago gauzatuko baita aldaketa. Beraz, eragin-esparru minimoa bikoteko harremana hartzen duena izango da. Kasu honetan, administrazioko langile-talde batekin aritu naiz, atal elebidun bateko langile guzti-guztiekin, Diruzaintza departamentukoekin, hain zuzen ere, zerbitzuburua barne. Zazpi langile guztira.

Hizkuntza-portaera aldatzeko ahalegina egiteko gogoa eta konpromisoa –departamentuko kide guztiena– eta egitasmoaren hasiera-hasieratik elikatu beharreko motibazioa izango dira txinparta. Behin txinparta sorrarazita, sua zaindu beharra dago, iraun dezan; luzea baita bidea. Abiatu orduko helburu zehatzak finkatu behar dira, sor litezkeen eragozpenak aurreikusi eta eragozpen horiei aurre egiteko moduak bilatu. Horretarako, funtsezkoa da estrategia, baliabide eta tresna egokiak garatzea. Horixe egin dugu erabilitako metodologiaren oinarri diren aurrez aurreko saioetan ez ezik saioetatik kanpo ere, liburuan banan bana azaldu ditudan jarduera-mota desberdinen bidez.

Aldaketa-prozesuan parte hartu duten langileei lagundu egin diet hizkuntzaren erabileraren gaineko kontzientzia hartzen, hainbat estrategia lantzen, eskura dituzten baliabideak lantzen eta berariaz sortutako tresnak erabiltzen. Prozesuan zehar, hetero-erregulaziotik auto-erregulaziorako bidea ibili dugu. Hau da, hasieran neu izan naiz erregulatzaile nagusia, urratsak egin ahala ordea, langileak joan dira prozesua erregulatzeko ardura hartuz.

Adibideak

Adibide pare bat emango dizuet, saioak nolakoak diren ikus dezazuen –guztira 38 saio izan dira, ordu erdikoak, beraz, 19 ordu aurrez aurre. Horrez gain, saioetatik kanpo, saioetan programatutako hainbat ekintza eta jarduera ere egin behar izan dituzte langileek–:

Portaera jakin batek, luzera, ohiturak sortzen ditu. Ohitura multzo batez osatua dago portaera. Horren guztiaren oinarrian usteak, sinesteak, emozioak, sentimenduak eta errealitatearen errepresentazioak daude. Horiek guztiak izan ditugu bidelagun. Batzuetan harritu ere egin gaituzte; beste batzuetan liluratu. Zenbaitetan ezinean sumatu dugu geure burua. Beti ekinean, ordea. Eta ezina ekinez egina.

Posible da hizkuntza-ohiturak aldatzea. Liburu honetan duzue horren adibide xumea.

Emaitzak

Emaitzei erreparatzen diegu egitasmo batek zenbaterainoko arrakasta izan duen jakiteko. Emaitzek adierazten digute helburuak zein neurritan bete ditugun. Emaitza hitzak amaiera iradokitzen digu, ebaluazioa egiteko garaia. Kalifikazioen ordua. Kasu honetan, egingo nuke emaitza irakurri orduko erabilera-indizea etorri zaizuela gogora. Alegia, erabilerak zer bilakaera izan duen jakiteko irrikatan zaudetela. Horretan hasi aurretik, ordea, azpimarratu nahi nuke emaitzen aurretik prozesua dagoela, eta emaitzak ez ezik, prozesuaren osagai guztiak ebaluatzea ere funtsezkoa dela. Beraz, erabileraz gain, beste hiru arlo hartuko ditut aintzat emaitzak aipatzerakoan, prozesuaren bilakaerarekin zerikusi handia dutelakoan.


Erabilera

Bi modutan neurtu dugu euskararen erabilera. Batetik, erabilera-fitxak izenekoen bidez: langile bakoitzak, lan-jardunaren bukaeran, egun horretako erabileraren estimazioa egin behar du, ehunekotan. Bestetik, erabilera bikoteka izeneko fitxen bidez: hamabostean behin, langile bakoitzak lankide bakoitzarekin izan duen erabilera 0 – 4 kodearen bidez adierazten du (0 = Ia dena erdaraz / 4 = Ia dena euskaraz). Kasu batean zein bestean, langileek aitortutako erabileraren batez bestekoa duzue honakoa:

Erabilera-fitxakErabilera bikoteka
HasieranBukaeranHasieranBukaeran
% 15% 530,971,96

Emaitza oso antzekoa izan da bi neurketa-motetan, bi indizeek adierazten baitute euskaraz erdaraz adina egiten zutela egitasmoaren bukaeran.


Usteak (jarrera)

Jarreraren oinarri diren usteek honako bilakaera hau izan zuten –adierazpen bera duzue ondoren daukazuena, planaren hasieran eta bukaeran langileei emandakoa, galdetegi baten barruan–.

AdierazpenaNoiz egina
2005-01-132005-06-07
"Gure departamentuan euskararen erabilera bultzatzeko,
ezinbestekoa da plan bat abian jartzea.
Bestela, hizkuntza-ohiturek
lehengoan jarraituko dute”
Guztiz ados (1)
Ados (6)
Zalantza (1)
Guztiz ados (5)
Ados (1)

Euskararen erabilera bultzatzeko plan bat beharrezkoa den uste sendoagoa dute langileek egitasmoaren bukaeran hasieran baino. Hori, nire ustez, hizkuntzaren erabileraren gaineko kontzientzia-hartzea landu izanaren ondorio da, langileak jabetu baitira hizkuntza-ohiturak aldatzea sistematikoki jorratu beharreko kontua dela. Bestalde, ez geundeke oso oker hortik zera ondorioztatuko bagenu, alegia, egitasmoaren bukaeran duten jarrera horrelako egitasmo batean parte hartzeari dagokionez, hasieran dutena baino sendoxeagoa dela.


Gaitasuna

Departamentuko euskaldun berriek aitortu zuten aukera paregabea izan zutela euskarazko gaitasuna lantzeko. Horixe izan zen, gainera, planaren proposamena egin genienean euskaldun berriak animatzeko erabili genuen arrazoietako bat. Jakina, hizkuntza erabiliz ikasten baita.

Bestalde, gaitasun estrategikoa lantzeko parada izan dute. Hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesuan aurrera jarraitzeko estrategia bat baino gehiagoren jabe dira orain langileak.


Metodologia

Esperimentu honetan zera egiaztatu ahal izan dugu:

Gonbita

Ez nuke artikulutxo hau bukatu nahi liburua argitaratzera bultzatu gaituen arrazoietako bat aipatu gabe. Oinarri bat eskaini nahi izan diegu euskararen normalizazioan diharduten arduradun, teknikari eta normalizatzaileei; gida moduko bat, alegia, haiek ere beren bide propioa urra dezaten hizkuntza-ohituren eremuan, eta beren esperientziarekin gurea aberats dezaten. Ekarpen berrien irrikan gaude. Metodologia honek esperientzia gehiago behar ditu.

Badakizue, beraz, gonbita egina dago. Anima zaitezte. Aberasgarria litzateke aurrerantzean bidelagun izango bazintuztegu.


(AITOR UNANUE ZUDUPE Lasarte-Oriako Udaleko euskara normalizatzailea da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1150709911