Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskal aditzari eskainitako aurkibide berria kalean

Bostak Bat / Hizkuntza / 2006-06-16 / 07:00


Euskal aditza, trinkoa eta laguntzailea, batua, bizkaiera eta zubereraren erak jasota, aurkibide berri batean bildu du Bostak Bat-ek, Adorez hiztegiak tajutzeaz arduratzen den taldeak.



Orain arte hiztegien barruan aurki genitzakeen aditz-joko eta taulak nolabait garatu eta horien bilduma da argitalpen berrian eskaintzen dena.

Iaz Eskola Hiztegia argitaratu genuenean, aditz laguntzailearen jokoa alfabetikoki adibide eta guzti, eta aditz eskemak eskaini genituen eranskin modura, euskara ikasten edo hobetzen ari direnei ahalegin horretan laguntzeko asmoz.

Euskal Aditza liburuki batean aparte argitaratzeko eskatu ziguten zenbaitek. Gure bidea Adorez sortako hiztegiak egitea izan den arren, ontzat jo genuen eskabidea, baina, Eskola Hiztegian datorren laguntzaileari aditz trinkoaren jokoa erantsiz.

Ez da, baina, gure asmoa ezer ezartzea edota honekin, horrekin edota harekin eztabaidetan jardutea. Aurrerakada bat eman nahi izan dugu, euskara ikasten nahiz hobetzen ari direnen esku liburu praktiko bat jarriz

Trinkoaren jokoa

Horrela, Euskal Aditza liburu honen argitalpenerako, beraz, lehendik genuen laguntzaileari buruzko lana eta aditz eskemak orrazteaz gainera, trinkoaren jokoa prestatu dugu. Oraingoan ere, lehengo bidetik, goian esan bezala, batuan / bizkaieraz / zubereraz.

Aditz trinkoa aurkezterakoan, baina, ez dira formak alfabetikoki jarri, probak egin ondoren nahaste handia sortzen dela ikusi dugulako. Beraz, banan-banan eskaintzen ditugu, oinarritzat aditz batuaren jokoa hartuz eta aurkibide egokiak jarriz.

Liburu hau eskuratzen duenak, hainbat tokitan sakabanatuta bilatu beharko lituzkeen aditz-jokoak erraz kontsultatzeko eran izango ditu eskura, batuan, bizkaieraz eta zubereraz. Aditzari buruzko gure aurreko eranskin guztien bilduma da.

Bizkaiera eta zuberera

Bizkaierako eta zubererako parekideak, bi muturretako euskalki horien erabiltzaileei batua ikasten laguntzeko nahiz euskalki horietara hurbildu nahi dutenei bertako aditzaren erak ikasteko aukera emateko eskaintzen dira.

Euskalkietako era horiek eskaintzerakoan, inoizka bi era ageri dira, lehen tokian datorrenak duelarik lehentasuna. Bizkaierarako gehienbat Labayruk argitaratutako Bizkai euskeraren jarraibide liburua erabili da, batasuna lortu nahian. Zubererako erak, berriz, laguntzailearenak Jean-Louis Davant jaunak prestatuak izan dira, eta trinkoarenak Junes Casenave-Harigile jaunaren hiztegiko eranskinetik hartuak.

Bestalde, Euskaltzaindiak Euskal Aditz Batua liburuan proposatzen dituen paradigmen izenak erabili dira, gramatika batzordeak proposaturiko sailkapen berriak gure artean bide egiten ari diren arren. Horiek ere jaso dira laburkiro.

Fitxa teknikoa


(BOSTAK BAT taldeko kideen lana da Euskal Aditza)



Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1150382758