Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Errenta aitorpena ere euskaraz

Errenta aitorpena ere euskaraz

2006-06-15 / 07:00 / Arrasateko Euskalgintza   BESTELAKOAK

Ogasunari geure ondasun eta diruen berri emateko sasoian gaude eta Arrasateko Euskalgintzak kanpaina bat jarri du abian Arrasateko euskaldunak animatzeko aurtengo errenta aitorpena euskaraz egitera.

Errenta-aitorpena egiteko aukerak

Errenta-aitorpena egiteko aukerak

2005ean, Arrasaten 12.554 errenta-aitorpen egin ziren guztira, horietatik 406 euskaraz.

2000 eta 2005 urte bitarteko aldian, euskaraz egindako errenta-aitorpenen kopuruak apenas egin du gora. Horrela, 2000 urtean % 2,46 egin zen euskaraz eta 2005ean, berriz, % 3,23.

Arrasaten, 23.000 bizilagun inguru bizi gara eta horietatik % 50 inguru gara euskaldunak.

Errenta-aitorpena egiteko bide hauek ditugu:

  • Banku, aurrezki-kutxa edo aholkulari bidez. Arrasaten 3 banku edo aurrezki-kutxek egiten dituzte aitorpenak eta, guztira, 15 aholkularitza ditugu herrian. Gaur egun, Gipuzkoan aitorpenen herena bitartekari hauen bidez egiten da.
  • Ogasunaren Bergarako bulegoan.
  • Norberak egin dezake, internet bidez.
  • Foru Aldundiak etxera bidaltzen duena onartu daiteke.

Errenta-aitorpena egiterakoan, urrats hauek egiten ditugu:

  • Bitartekari baten bidez bidaliz gero, berarekin elkarrizketatzen gara.
  • Internet bidez eskaintzen zaigun inprimakia betetzen dugu.
  • Inprimakian sartutako datuak onartutakoan, bidali egiten dugu.

Bitartekariak edo guk geuk betetako inprimakiaren hizkuntza edozein dela ere (euskara – gaztelania), bidaltzeko orduan, zer hizkuntzatan bidaliko dugun aukeratu daiteke.

Bizilagun euskaldunei zuzenduta

Gure xede-publikoa bizilagun euskaldunak izan dira. Kanpaina eurei, nagusiki, zuzendu diegu.

Bitartekariekin eta bankuekin harremanetan jarri gara zeresan handia baitute kanpainaren helburuak lortzeko orduan, euren eskuetan dago-eta erraztasunak jartzea aitorpenak euskaraz egin ahal izateko.

Kanpainaren helburua eta baliabideak

Arrasaten aurten 1.000 errenta-aitorpen euskaraz egitea da kanpaina honen helburua, eta helburu horren bila eta kanpainaren zabalkunderako hainbat baliabide eta material erabili ditugu.

Euskaltzaleen artean banatzeko 2.500 liburu-markatzaile argitaratu ditugu, mezu honekin:

Errenta aitorpena euskaraz egin eta euskaraz bidali...
... bankuan edo kutxan egin behar baduzu.
... aholkulariak egin behar badizu.
... zuk zeuk ordenagailu bidez egin behar baduzu.
eta... Bergaran eginez gero, euskaraz egiteko txanda eskatu.

Mahai gainekoak argitaratu ditugu aholkulariei eta errenta aitorpena egiten duten bankuei eta aurrezki kutxei banatzeko. Mahai gainekoek mezu hau zeramaten bezeroak ikusiko duen aldean:

Hemen errenta aitorpena euskaraz.

Eta langilearen aldean, berriz, beste hau:

Arrasaten 20 eta 40 urtekoen artean: % 80k euskara ulertzen du % 60k euskaraz badaki.

Materialen banaketa

Liburu-markatzaileak Arrasateko Euskalgintza osatzen dugun entitateetako bazkideei eta langileei, nagusiki, helarazi dizkiegu, modu honetan:

  • AED, Txatxilipurdi eta Ekin – Emakumeak euskara-elkarteetako bazkideei elkarteok argitaratzen duten Atean aldizkariekin batera igorri diegu.
  • Enpresa-egitura duten entitateetako langileei apirileko nominarekin batera igorri diegu.
  • EMUN kooperatibak Arrasateko enpresetan kudeatzen dituen normalizazio-planetan murgilduta dauden langileei eskura eman diegu.
  • Arrasateko Udal Euskaltegiko eta Erdu AEK Euskaltegiko goi-mailetako ikasleei eskura eman diegu.

Arrasateko Euskalgintza osatzen duten entitateetako euskara-planetako arduradunek erabaki dute bestelako biderik erabili behar ote zen entitate barruan kanpainaren berri emateko: informazio-taulak, Kontseilu Txikiak, barruko aldizkariak, etab.

Bankuekin eta aurrezki kutxekin banan-banako bilerak egin ditugu kanpainaren berri eman, atxikitzeko eskatu eta materiala banatzeko.

Aholkulariei eskutitz bidez eman diegu kanpainaren berri eta gonbita egin diegu eurek ere kanpainarekin bat egin dezaten eta mahai gainekoak bezeroek ikusteko moduko tokian jar ditzaten.

Arrasateko Hitzarmenaren partaide diren aholkularitzei eurengana hurbilduz azaldu diegu kanpaina eta materiala eraman.

Komunikabideetan ere bai

Kanpainaren berri igorri dugu komunikabide hauetara: Arrasate Irratia, Berria, Diario Vasco, Gara, Goiena eta Noticias de Gipuzkoa.

Aipagarriak dira Goienan argitaratu diren erreportajea eta iritzia.

Iritzia Mikel Irizarrek Piperrautsa izeneko blogean ere idatzi zuen.

Erreportajea Goienaren 2006-5-12ko edizioko azalean eta bigarren eta hirugarren orrialdeetan argitaratu zen.

Testuok kanpainari bultzada eman diote:

  • Guk zabaldu ditugun mezuekin bat zetozelako.
  • Gure orri-banatzaileak, eskutitzak eta mahai gainekoak banatu eta laster argitaratu zirelako.
  • Euskaldunen multzo zabala izan dutelako xede-publiko.

Arrasateko Euskalgintza

Arrasateko Euskalgintza 2002an sortu zen eta entitate hauek osatzen dute:

  • AED elkartea
  • Arizmendi Ikastola
  • Arrasate Institutua
  • Arrasateko Herri Eskola
  • Arrasateko Udala
  • Euskal Herrian Euskaraz
  • Ekin Emakumeak
  • EMUN Koop. E.
  • Erdu AEK euskaltegia
  • Euskalan elkartea
  • Goiena komunikazio zerbitzuak
  • Mesedeetako Andra Maria ikastetxea
  • Mondragon Goi Eskola Politeknikoa
  • Txatxilipurdi elkartea


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com