Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara eta Nafarroari buruzko hemeroteka digital zabalena

Euskara eta Nafarroari buruzko hemeroteka digital zabalena

2006-06-12 / 07:00 / Euskal Kultur Elkargoa (EKE)   INTERNET

Euskal Kultur Elkargoak (EKE) webgune berria dauka: www.euskarakultur.org. Bertan aurki ditzakegun edukien artean bat nabarmentzen da: Sarea, euskararen eta Nafarroaren gaineko 7.500 albiste baino gehiago biltzen dituen agiritegia.

Euskara Kultur Elkargoak (EKE) bere web orri berria, www.euskarakultur.org, Iruņean aurkeztu zuen 2006ko ekainaren 7an. Koldo Martinez Urionabarrenetxea EKEren lehendakariak aurkezpenean esan zuen bezala, webgune berria "lan-tresnarik onena da euskara eta Nafarroaren inguruan gertatzen denaz interesa duten guztientzat".

Euskara eta Nafarroa, sarean

EKEren webgune berria hiru hizkuntzatan (euskara, ingelesa eta gaztelania) dago, eta eskaintzen dituen zerbitzuen artean, elkargoaren bozeramaileek bereziki bat nabarmendu nahi izan dute: Sarea.

Euskara eta Nafarroari buruzko 7.500 albiste baino gehiago biltzen dituen agiritegia da Sarea, eta egunero berritzen dutena. Iulen Urbiola, EKEren zuzendariaren ustetan, "gaiari buruzko hemeroteka digitalik osatuena dela esan dezakegu, eta gaur egunean sarean dagoen dokumentu-funtsik eguneratuena".

Gaur egun, Sarea datu-baseak 7.540 albiste biltzen ditu, hogei bat hedabide idatzi eta digitalen artean bilduta. 2004ean hasitako bilketa lana da eta lau arlotan sailkatzen ditu berriak, gero beste 30 kategoriatan ordenaturik:

  • Administrazioa
  • Gizartea
  • Hezkuntza
  • Kultura

Euskararen inguruan gertatzen diren gaiak, politikan edo gizartean; musikan, literaturan edo ikus-entzunezko sormenak, ikerkuntza, irakaskuntza eta beste mota askotako gaiak biltzen ditu Sareak, gainera, ikuspuntu aunitzetatik begiratuta.

"Badakigu oso erabilgarria izango dela ikerlari, komunikabide, unibertsitatetan aritzen den jendea, juristak eta abarreko pertsonentzat, baina ez bakarrik horientzat -esan zuen Koldo Martinezek aurkezpenean-; Sareak egitura honetan parte hartzera gonbidatzen ditu erabiltzaileak, eta aukera ematen du albistea sortzen den tokitik bertatik bidaltzeko".

Beste hainbat zerbitzu

Artekaria, EKEren zerbitzu juridikoak egiten duen lana eskaintzeaz gain, gaiaren inguruko dokumentazioa ematen du: aurrera eramaten dituen prozedurak, zenbait erakunderen txostenak eta euskarari buruz Nafarroan gertatzen diren aferak, baita hizkuntza gutxituei buruzko hemengo eta nazioarteko legedia ere.

Euskara Kultur Elkargoaren ekitaldi eta informazio guztien zehaztasunak ematen ditu webguneak: urteroko jardunaldiak, argitalpenak, erakusketak, inkestak, txostenak, kanpainak, eta Europar Batasunarekin mantentzen diren harremanak eta lanak.

Hiztegiak eta estekak eskaintzeaz gain, EKEren web orrialdeak Nafarroan euskaraz ematen den irakaskuntzari buruzko informazioa ematen du. Bestalde, Foro bat zabalik dago, euskararekin zer ikusirik daukaten gaien inguruan aritzeko.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com