Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Erdiak euskaraz EAEko unibertsitaterako hautaproban

erabili.com / Irakaskuntza / 2006-06-09 / 07:00


Datorren ikasturtean unibertsitate ikasketei ekiteko asmoa duten EAEko 8.049 ikasleri gaur (2006-6-9) bukatuko zaie hiru eguneko ametsgaiztoa: selektibitatea. Unibertsitateko hautaproba hori euskaraz egiten dutenen kopurua gora dijoa urtetik urtera eta aurten ekaineko lehen deialdi honetara aurkeztutakoen ia % 52k egin dituzte azterketak euskaraz.



Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2005-2006ko selektibitatearen lehen deialdia hasi bezperetan (bigarrena uztailean izango da) emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 8.049 ikasle aurkeztu dira gaur bukatuko diren azterketetara. Horietatik 4.182 dira azterketak euskaraz egiteko hautua egin dutenak (% 51,96), eta 3.867 (% 48,04), berriz, gaztelaniaz egitea aukeratu dutenak.

Euskara goruntz, oro har

Azken hamar urteotan, 1995-1996 ikasturtetik honako bilakaera kontuan hartuta, beti ere EHUren datuetam oinarrituta, etengabea izan da euskararen goruntzako norabidea EAEko unibertsitaterako hautaprobetan.

Aipatutako 1995-1996 ikasturtean selektibitatea egin zutenen artean % 27 besterik ez ziren izan azterketak euskaraz egin zituztenak, aurkeztutakoen laurdena pasatxo, alegia. Hamar urteren buruan, berriz, kopuru hori ia bikoiztu egin da. Iaztik hona ere zertxo bat igo egin da selektibitatea euskaraz egin dutenen kopurua: % 1,5.

Bizkaian eta Gipuzkoan gora, Araban behera

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak bateratuz gero hautaprobaren azterketak euskaraz egin dituztenen kopurua gaztelaniazkoena baino handiagoa izan arren, eta nahiz eta arlo honetan euskararen datuak EAEn urtetik urtera hobetzen ari diren, hiru lurraldeen arteko aldeak handiak dira oso. Desoreka nabarmena da, zentzu horretan.

Bataz beste biztanle euskaldun gehien dituen lurraldean, Gipuzkoan, ematen da selektibitatea euskaraz egitea hautatzen dutenen kopuru altuena (% 68tik gora). Gipuzkoak dezenteko aldearekin gainditzen du, horrenbestez, EAEko bataz bestekoa. Iaztik hona 2 puntu igo dira gainera euskararen datuak selektibitateari dagokionez. Baina bataz bestekoaren gainetik dagoen lurralde bakarra da; beste bietan gaztelania nagusitzen da.

Bizkaian, hala ere, gero eta gehiago dira euskarara jotzen dutena, unibertsitatearen atariko pauso horretan: iaz baino % 2 gehiago izan dira selektibitatearen azterketak euskaraz egin dituztenak. Guztira, Bizkaian unibertsitaterako hautaprobetara aurkeztu diren ikasleen % 45,23k egin dituzte azterketak euskaraz.

Araban, aldiz, euskararen datuak kezkagarriagoak dira. Beste biekin alderatuta, eta bertako euskal hiztunen kopurua kontuan izanda, normala da Arabakoak euskararen aldetik begiratuta bataz besteko apalenak izatea (ikasleen % 33,66k egin dituzte azterketak euskaraz). Baina bada euskararen ikuspuntutik okerragoa den beste datu bat: Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala, Araban euskararen presentziak behera egin du selektibitatean, nabarmen gainera iaztik hona: 2005ean baino % 7 gutxiagok aukeratu dute euskara hautaprobarako.

Aurtengo datuak

Ondorengo taulan 2005-2006 ikasturtearen selektibitateko ekaineko deialdiaren hizkuntza datuak ageri dira, lurraldeka banatuta:


EuskaraGaztelaniaGUZTIRA
Araba313
(% 33,66)
617
(% 66,34)
930
(% 100)
Bizkaia1.947
(% 45,23)
2.358
(% 54,77)
4.305
(% 100)
Gipuzkoa1.922
(% 68,30)
892
(% 31,70)
2.814
(% 100)
EAE
GUZTIRA
4.182
(% 51,96)
3.867
(% 48,04)
8.049
(% 100)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1149782206