![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Labayru Ikastegia / Hizkuntza / 2006-06-02 / 07:00
Labayru Ikastegiak Diccionario Labayru. Vizcaíno y batua conjuntados hiztegia eta Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburuaren (BEJL) bigarren pausuak aurkeztu berri ditu. Hiztegia lehendik plazaratua zuten euskara-gaztelaniazkoaren jarraipena da, orain gaztelania-euskara formatuan emana. Jarraibide liburuaren bigarren atal honetan, berriz, bizkaiera maila landuan erabiltzeko irizpideak jasotzen dituzte Labayrukoek.
Labayru Ikastegiak ibilbide luzea eginda dauka lexikografia arloan eta, bide luze eta neketsu horren emoieretariko bat dogu Diccionario Labayru (gaztelania-euskera).
Hiztegi hori 2003an argitaratu zan Labayru Hiztegia (euskera-gaztelania) hiztegiaren osogarria dozue, hizkuntza bien joan-etorriak beteteko falta izan dan beste erdia.
Biak dira egitasmo bakarraren adarrak, izenaz eta izanaz be bai. Idatzizko eta ahozko iturri lexikografiko berberetatik edanda eta gaurko hiztun elebidunen beharrizanak oinarri hartuta, euskera baturarako araututako formakaz batera, Bizkai euskerearen beraren berba zein erabilera bereziak batu ditue hiztegiok, baita aldi berean euskara batua eta bizkaierea -hitzei ipinitako bialtze-oharren bitartez- zehatz buztartu be (hareen izenburu laburrak erakusten dauen lez, Bizkaiera eta Batua (b)uztarturik / Vizcaíno y Batua conjuntados).
Horixe da izan be, egitasmoaren hagarik nagusiena: Euskaltzaindiaren hiztegi batuaren ildotik, Bizkai euskerearen lexikoa finkatzeko lehenengo saio orokorra izatea, lexiko batuaren corpusa ugalduaz bide batez.
Ezaugarriak
Diccionario Labayru oin arte argitaratu izan diran gaztelania-euskera hiztegi elebidunak baino hobea dala uste dogu, oso-osoan. Corpusa hautu, sailkatu, jorratu eta hornitzeko beharrak erispide-maila altuagoaz eginda ditu, lexikografia eremu horretako arteragoko hiztegiek baino: bai sarrera nagusi zein barrukoetan, bai adieretan (erabilera-eta estilo-zehaztapen eta guzti), bai adibideetan, eta abarretan. Hazez ostean, erabiltzaileen zalantzak argituko dituan oinarrizko gramatika paradigmen eranskina be badakar.
Gaztelaniazko zatia gorpuzteko, gaur egun hizkuntza horrek dituan produkzino lexikografikorik onenak hartu dira oinarri, ez dalako eredu bakar bati estu-estuan lotu gura izan.
Euskerazko corpusa osotzeko, ostera, eredu bakarraren alde egin da: gaztelaniazko berben ordainak emon orduan, euskera-gaztelania alea (Labayru Hiztegia, 2003) erabili da, batez be, hiztegi bion arteko homologazino lexiko-semantikoari eutsi ezkero, egitasmoaren batasunaren mesederako izango zalakoan.
Euskera eta gaztelaniazko tradizinozko hiztegi elebidunak, sarrera-hizkuntzaren lema bakotxari helburu-hizkuntzaren sinonimo berba bi edo hiru emonda garatzen ziran, ezeri gehiago erreparau barik; halan, esamodu edo esaldi eginak aintzat hartu ez egiten ebezan, eta batu ezkero be, noizean behin egiten eben, gane-ganetik barriz.
Diccionario Labayruko idazketa taldeak hizkuntzaren errealidadeari osotasunaz heldu gura izan deutso. Hagaitik lexiko sarrerak ahalik eta gehien zehaztu, eta adiera guztiak batu ditue. Sarrerotan baina, berbarik haragoko egitura lexikal konplejuak be badagoz, eguneroko berbeta biziak ekarriak, eta erabiliaren porasuz lexikalizau diranak. Egituroi, nahi-ta berbaz pitean-pitean erabiliak izan eta ondo taiututa egon, ez deutsee hiztegien eredu estandarretan lekurik emoten izan; Diccionario Labayrun bai, ostera, hizkuntza bizia bera be berton, eta agiri-agirian, egoteari behar-beharrezkoa eretxi izan deutsielako, hiztegia erabiliko dabenek hizkuntzen erreferentzia naturala eukiko badabe.
Lehenago aitatu dogun hizkuntzaren osotasun horrek, ahozko erabileraz ganera, idatzizko tradizinoa be hartzen dau, jakina. Idazle klasikoetara eta gaur eguneko corpusetara sarri-sarri jo dau taldeak, erabilera-kontestu nagusiak batzen dabezan adibide ondo josi eredugarriakaz berbak naro hornidu ahal izateko.
Halanda ze, ikasle, irakasle, itzultzaile, kazetari nahi idazlea izan, danok dozue Diccionario Labayru zuen beharrizanetarako hiztegirik erazkoena.
Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburuaren (BEJL) bigarren pausuak liburukia oin dala ia hiru urte atera genduan lehenengoaren jarraipen eta osogarria dogu.
Lehenengo pausuak
Lehenengo pausuak liburukian bizkai euskeraren morfologiaz arduratu ginan joskeraz baino gehiago: izen sintagmaren eta aditz sintagmaren morfologia finkatzen ahalegindu ginan, idatzietan agiri diran itxura askotarikoei bateratasuna emon guran. Orduan be bagenkian eta oin be barriz gogoratu behar da bateratze-ahalegin hori ez dala behin-betikotzat joten: behin-behinekotasun tarte bat beharrezkoa da idazle, irakasle, itzultzaile, esatari eta gainerakoen ekarriaz eredu iraunkorragotzat jo ahal izateko.
Bigarren pausuak
Bigarren pausuak liburuki honetan esaldi-egiturak aztertu doguz: perpaus konplexu eta menderatu mota guztiak azaltzen ahalegindu gara, ahalik eta modurik errazenean eta argienean.
Edukia honetara atondu dogu:
Alfabeto-ordenan lerrotu doguz atal bakotxeko markak; euron bilaketa halantxe errazen egingo dala-ta.
Egitura edo marka bakotxa garatzerako orduan alderdi bi josi gura izan doguz: azalpena eta adibideak. Azalpenaren atalean, egitura bakotxaren itxureari, erabilera-neurriari, esangureari eta joskerari buruzko zehaztasunak batu dira.
Marka bakotxaren itxureari erreparau deutsagu lehenengo, hau da, aldaerak dituanean, zein hobetsi edo zeini lehentasuna emon.
Egitura hori zaharkitua, galdua edo gitxi erabilia izan ezkero, aitzen emon dogu. Izan be, erabiltzaile batek jakin egin beharko dau ze bizitasun daukan egitura jakin batek. Leku bateko hizkeratik hurragokoa edo urrunagokoa izateak be zerikusia eukiko dau erabiltzaileagan. Horregaz batera, egitura batzuen erabilgarritasunaz be geure eretxia emon dogu: maila arruntean edo jasoan erabiltekoa dan, esate baterako.
Egitura baten esangurea, edo esangura bereziak, bat baino gehiago izatekotan, zehatz adierazoten ahalegindu gara hurrengorik hurrengo.
Joskera arloko argibide beharrezkoak be eskeini doguz, ahal dala labur: egitura bat ze testuingurutan erabilia dan; ze ordena darabilen; baiezka eta ezezka ze alde dagoan, eta halakoak. Sarritan koadruez be baliatu gara egitura edo eredu batzuk argi eta labur eskeintzeko. Horrezaz gainera, atal batzuetan berariaz egitura zuzenak eta badaezpadakoak bereizi gura izan doguz.
Amaitzeko esan behar da, adibideakaz hornidu dogula egitura bakotxaren gaineko azalpena: erabilera handikoa dan kasuan, adibide gehiago eskeini deutsagu, eta gitxikoa izateko kasuan, behar diranak baino ez. Adibideok, jakina, helburu didaktikoa daukie: egitura bakotxaren erabilera diferenteak erakustea.
Era bitako adibide ereduak eskeiniko doguz, bitzuk alkarren atzean:
Geuk sortu doguzan adibideetan mezu edo gaien gaurkotasuna jagon gura izan dogu. Halanda be, mezuak batzuetan edonongoak edo edonoizkoak dira, baserri zein kale giroan bardin erabili leitekezanak. Egiturari jagokonez, hiztun ziurren ereduak ekarri gura izan doguz, danaren gainetik.
Idazleen testuak, barriz, Bizkaiko tradizino osotik hartu dirala esan behar da: esaera zahar, dotrina edo Lazarragarena lako sorkuntza berezietatik, edo baita autore klasikoetatik be: Juan Antonio Mogel, Pedro Antonio Añibarro, Frai Bartolome, Pedro Astarloa, Juan Mateo Zabala... Ahozkotasunetik hurreko testuei emon deutsegun garrantziaren adierazgarri dira Kirikiñoren adibideak edo Justo Maria Mokoroak egindako Ortik eta emendik bildumatik harturikoak. Adibide eredu asko eta asko jaso doguz horretarik, eta zorionez, idazle ezagunetan nekez aurkitu leitekezan hainbat egitura topau doguz. Azkenez, gaur egungo edo oraintsuko autore eta testu modernoak be aintzat hartu doguz.
![]() | Inprimatu |
Borja Ariztimuño López / 2006-06-02 / 17:26
Oso ondo deritzot bizkaieraren alde aritzeari, batez ere euskara batua dela-ta, eta aspaldidanik, hiztunek jasan behar izan duten trufa eta gutxiespenak eragindako lotsa kentzeko. Ez dakit ulertzen didazuen. Baina, era berean, esan nahiko nuke, eta esango dut, ez nago erabat ados zuen irizpideekin. Esan nahi dut, zergatik "lez" eta ez "legez"? Azken hau euskara baturako onetsi delako? Zergatik "be" eta ez "bere"? Zergatik "dauz" eta "dodaz" etab., eta ez "ditu" eta "ditut" (edo "dituz" eta "ditudaz")? Horiek ere bizkaieraren berezko formak dira, edo hobe esan, jatorrizkoenak, eremu ez txikian dirautenak... Bereizgarriak goraipatu eta batasun-bideak ixtea dela iruditzen zait. Gipuzkera batua sortzea ez litzeteke zentzuzkoa (ta ez esan orain batua ia-ia gipuzkera dela), ezta ere nafarrera batua, lapurtera batua, etab...
Eta "h"-ak¿? Aspaldi galdu ziren bizkaieran... Tarteko biderik ez ote? Forma bereizkoienekin batera h-ak erabiltzea ere...
Handixa, handidxa, handija... Eta horiek zergatik ez?
Ergatibo eta absolutibo pluralak bereiztearekin batera "oin"(orain), "joten" erabiltzea (zergatik ez "jaiten" edo "jotzen"?) ez dirudi koherentea... Tira, gure euskalkiaz ardura behar dugu izan, baina besteak kontuan hartuaz, gerora naturalki batu daitezen bideak eraikiz eta eskainiz...
Ez dut nahi baina inor iraindua senti dadin. Euskalki guztiei diet begirune osoa, baina, guztien gainetik euskara bera dago jokoan. Ez al da euskara bat eta bakarra?
(BORJA ARIZTIMUÑO LÓPEZ Euskal Filologiako ikaslea da)
Nagore Etxebarria - Labayru / 2006-07-17 / 15:06
Borja Ariztimuño lagunori:
Lehenengo eta bat, erantzuna belu bidaltzeagatik barkamena eskatu behar dizugu. Lan piloa izan dugu asteokin, gure Diccionario Labayru (castellano-euskera) hiztegiaren aurkezpena dela eta. Baina zurekin ahaztu barik egon gara...
Bigarrenez, eskerrak eman nahi dizkizugu egin dizkiguzun oharrengatik, hori seinale ona baita.
Eta besterik gabe, goazen bada, punturik puntu idatzi zenituen galderei erantzuna ematen. (Oharra: Bizkaiera diogunean, Mendebaldeko euskalkiaz ari gara).
Bizkaiera standarraren formalizaziorako beti izan dugu herriaren euskara, euskara bizia, abiapuntu. Ahozko tradizioan oinarriturik ebatzi genuen lez (XX. mendean idatziz ere nagusi gertatu zena, bestalde) idazketa arrunterako. Berdin esan behar dugu horren forma indartuari buruz: letxe (ez legetxe).
Lez / legez hitzen arteko bereizketa morfologiko horrek bereizketa semantiko komenigarria dakarkio euskarari: lez (bezala) eta legez (gazt. "por ley").
Goiko puntuan azaldu dugun arrazoiak balio du honako ere: gaur egungo euskara bizitik hurrago dago be, bere baino. Bizkaieraz mintzatzen diren hiztunik gehienek be erabiltzen dute (banakak dira bere darabiltenak: Mungialde eta Ipar Uribe Kostan, eta Orozkoaldean). Halere, hiztunon begirunez, batez ere, bizkaiera standarrak bere ere aintzat hartu eta merezi duen lekua eman dio. Bai Labayru Hiztegia. Bizkaiera eta batua (b)uztarturik LH, bai Diccionario Labayru. Vizcaíno y batua conjuntados DL hiztegietan, modu honetara adierazita ikusiko duzu lokailu hau: be(re) / ere (bizkaierarako: be eta bere; baturako: ere). Egia da, ostera, bultzatu be egingo duguna.
Bizkaiera standarrarerako dauz zein ditu formen paradigmak onartu dira. (Ik. Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Lehenengo pausuak, Labayru Ikastegia, Bilbo, 2001, 267 or.). Paradigma biok dira "jatorrizkoak" (-z- nahiz -it- pluratzailedunak), zaharragoa zein den demostratzen gaitza baita. -It- pluratzailedun sistema bizkaierazkoa ere bada, duda barik, baina baita -z-duna ere (Mikoletaren Modo breven, kasurako, hirurak daude: beardogusanac; estitu ecarri, ecarriditusanac.
Bikoiztasuna eramangarria da, hirukoiztasuna ez, ordea. Horregatik, pleonasmoaren fenomenoz sortutako hirugarren paradigma, dituz moduko formak dituena, idazketa arrunterako baztertu egin behar dugu, ahoz nahikotxo erabiltzen bada ere (batez ere hirugarren pertsonakoetan: dituz eta dituez). Azpieuskalki mailan, ostera, badu bere lekua (herrietako aldizkarietan, adibidez).
Bizkaieraz egundo ez da h-rik egon (protoeuskaraz ari zara?). Baina batura jo guran h-a onartu da bizkaiera standarrerako: mihin, ahausi, etab. H-aren kontua aspaldi gaindituta dago...
XX. mendean Azkuek proposatu zuen bizkaiera eredua nagusitu da. Mogelen denborara zein joan gaitezke, atzera ezin dugu egin. Fonetismo hutsean oinarrituta, biderik ez dugu egingo. Bizkaiera standarraren ereduak gure euskalkiak berezko dituan morfologia eta sintaxi ezaugarri bereziei eutsi gura die idatzian zein ahozko erabileran. Fonetika arloko kontuak ondo jagon behar / nahi ditugu, baina ahozko mailan.
Puntu honetan hartu dugun bidea ere bikoitza da. Bizkaieraren deklinabide sistemak sekula ez ditu ergatibo eta absolutibo pluralak bereiztu. Horregatik berori da gure lehenengo hautua: ikasleak ez dira etorriko / irakasleak ez dabe egingo. Baina, irakaskuntza indartsua da, eta zentzun horretan, pedagogiaren ikuspuntutik, komenigarria izan da batuzko bereizketa ere (ikasleak / ikasleek) "onartzea" bizkaiera standarrerako, bera bigarren hautua izanik ere.
Gure hiztegietan, LHn eta DLn, modu honetan azaldu genituen adberbio hori: orain markarik gabeko forma da, hau da, bizkaiera ere bada; oin-ek (bizk.) markazioa dakar, bizkaiera baino ez delako, eta bera da bizkaieraz formarik zabalena eta indartsuena. (Hirugarren bat ere badago, hon forma zaharra; gaur egun oraindik ere ahoz polito erabiltzen da (hon, hontsu, hondino) mendebaldeko bizkaieraz). Ondorioa: orain formalagoa da oin baino, baina biak ere bizkai euskerarenak.
OEH-k hala dio: los vizcaínos usan jote- y los gipuzcoanos jotze-.
-TEN da bizkaierak gerundio formak egiteko duen hizki nagusia: erreten, igoten, ateraten... (Ikusi paradigma osoa, in Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Lehenengo pausuak, 239 or.). Bizkaieraz -o amaieradun partizipioek *–ten hartzen dute sistematiko gerundioa egiteko: joten, erasoten, jazoten*...
Jaiten formea euskara arkaikoa da, ez klasikoa. Hortik eratorritako forma da gaur egun Orozkoaldean (Bizkai mendebaldea) oraindik ere entzuten dena (joiten, emoiten, igoiten), bizkaiera zaharra. Bazterreko erabilera den ginoan, ezin dugu bizkaiera standarrerako bera bultzatu.
Azken hausnarketa:
Hiztun sendo barik ez dago euskararik, eta euskararen bermea hiztun errealak dira, euskalki diferenteetako hiztunok. Gure ahalegin guztiak, aspaldirik, Euskal Herriko alderdi honetako euskaldunen nortasun eta kontzientzia linguistikoa sendotzera doaz, eta euskaldun horien EUSKARA, bizkai euskara da.
Ez dezagun ahaztu, barrez, batua erdialdeko euskalkiek mamitu zutela bereziki, eta muturretakoak at gelditu zirela. Hori historikoki halaxe da, baina zurekin ados gaude eta orain denon artean egin behar duguna zubi-bideak ipintzea da (eta horretan dihardugu jardun ere, bizkaiera eta batua (b)uztarturik...), batua benetan batua izan dedin.
(NAGORE ETXEBARRIA Labayru Ikastegiaren Hiztegia Taldeko koordinatzailea)