Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Hizkuntzak amaraunaren bidez ikasteko sistema berriak

Hizkuntzak amaraunaren bidez ikasteko sistema berriak

2006-05-22 / 07:00 / Ainhoa Ezeiza Ramos   IRAKASKUNTZA

Hizkuntzak on-line edo erdi on-line ikasteak gorabehera handiak izan ditu aurreko urteetan, baina teknikak eman dituen aurrerapauso itzelei esker, sistema berriak sortzen ari dira benetako baliabide interaktiboak eskaini ahal izateko. Testuinguru horretan kokatzen da COVCELL proiektua.

Proiektu europarra

Proiektu europarra

COVCELL (Cohort-Oriented Virtual Campus for Effective Language Learning) proiektu europar bat da, Moodle izeneko ikaskuntza plataforma hizkuntzen irakaskuntzaren beharretarako garatzea helburu duena.

Proiektu honetan garatzen dena nahi duenarentzat egongo da eskuragarri, izan ere, Moodle plataforma software librekoa da eta edonork instala dezake bere nahietarako.

Sei hizkuntzatan ari gara lanean: ingelesa, alemana, italiera, islandiera, gaztelania eta EUSKARA. Beraz, garatzen ari garen modulu berri guztiak euskarara ere itzulita egongo dira eta euskara ikasleekin proba pilotoak eginda.

Zorte handia izan da benetan euskara tamaina honetako proiektu batean sartuta egotea, Socrates-Minerva programaren dirulaguntza duena eta guztira 400.000 euro baino gehiagoko aurrekontua duena.

Hauexek gara partaideak:

  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Berlineko Humboldt Unibertsitatea
  • Veneziako Ca´Forscari Unibertsitatea
  • Islandiako Open Development Group
  • Islandiako Haskoli Islands Unibertsitatea (proiektuaren ardura eta koordinazioa duena)

Helburuak

Proiektuak bi helburu nagusi ditu: Moodle plataforman integratzeko hainbat modulu garatzea eta oinarrizko material batzuk diseinatzea, moduluak probatzeko eta ebaluatzeko proiektuko sei hizkuntza horietan.

EHUko lan-taldearen eginkizun nagusiak ondorengoak dira:

  • beharren inguruko informazioa biltzea, galdetegiaren diseinuan eta hedapenean parte hartuz
  • programatzen diren moduluak testatzea
  • proba pilotoak egitea
  • emaitzak hedatzea ahal bezainbeste

Lau zereginetarako ondo etorriko litzaiguke interesatuon lankidetza.

Nola lagun dezakezu proiektu honetan?

  • Beharrak atzemateko diseinatu ditugun inkestak betez. Bi inkesta ditugu, ikasleena eta irakasleena. Nahi duzun hizkuntzan bete ditzakezu nahi duzun hizkuntzaren irakaskuntzari edo ikaskuntzari buruzko zure ikuspegia emateko - baina eskertuko nizuke euskaraz betetzea, euskal komunitatearen presentzia azaleratzeko -.
  • Informatika kontuak gustuko badituzu, uda honetarako prest egongo diren moduluak testatzen lagundu dezakezu, alderdi teknikoetan dauden hutsuneak bilatzeko
  • Hizkuntzak on-line irakasteko edo ikasteko interesik baduzu, irakasle edo ikasle gisa parte har dezakezu, proiektu honen berri zure inguruan emanez

Oraingoz zure interesa jakinaraz iezaguzu adibidez albiste honi erantzunez edo neurekin harremanetan jarriz: ainhoa.ezeiza@ehu.es.

Bilera uztailean Donostian

Datorren uztailean egingo dugu taldekideon bilera, Donostian bertan. Izan ere, proiektuaren ia lan guztia Moodle plataformaren bitartez gauzatzen ari gara, horretarako ere baliagarria baita.

Uztailean antolatuko dugu proiektuaren bigarren fasea eta espero dugu datorren ikasturtean talde piloto batzuk abian izatea.

Zer da Moodle plataforma?

Beharbada zuetako batzuek entzuna duzue plataforma honen berri, horixe baita adibidez Santurtziko Udal Euskaltegian, AEK-ko zenbait zentrutan, UEUn eta EHUko irakasgai batzuetan erabiltzen dena. Egia esan, azken urtean ikaskuntzari lotutako leku askotan ari dira instalatzen, oso intuitiboa eta erabiltzen erraza delako.

Moodle software libreko ikaskuntza plataforma da, ikaskuntza prozesuak kudeatzen laguntzen duena (CMS-Course Management System). Martin Dougiamas-ek sortu eta mundu osoan barrena garatzen ari da, kode irekikoa izateari esker. Oso komunitate handia du dagoeneko: bakarrik web lekuan 100.000 pertsona daude erregistratuta, 70 hizkuntzatan dago eta 150 herrialdetan erabiltzen da.

Informazio gehiago nahi baduzue, jo ezazue web lekura; gainera, bertan bada euskarazko komunitate bat, zoritxarrez ez oso aktiboa baina zuen parte-hartzearekin seguru berpiztuko dena: moodle.org . Espainiar Estatu mailako topagunea 2006ko irailean izango da, Tarragonan (Katalunia), hilaren 18 eta 19an.

Garatze bidean dauden moduluak

Gure proiektuaren barruan, honako moduluak garatzen ari gara:

  • ikaslearen portfolioa
  • lanak on-line zuzentzeko/moldatzeko aukera
  • audio-bideo txata (Skype integratuta)
  • arbela elektronikoa (Cochinella proiektua integratuta)
  • audio foroa
  • ikasleen artean dokumentuak trukatzeko eta moldatzeko aukera
  • ikaslearen hasiera orria

Seguru zer hobetua izango dutela, baina ate asko zabalduko dizkio euskarari on-line bidezko irakaskuntza eraikitzailea, kolaboratiboa eta interaktiboa bultzatuko baitu.


(AINHOA EZEIZA RAMOS EHUren Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakaslea eta COVCELL proiektuko kide da)


Inprimatu


Erantzun

 
Laguntzeko prest
2006-05-22 / 14:25 / Maite Goņi

Aupa, Ainhoa!

Benetan interesgarria iruditzen zait garatzen ari zareten proiektua eta nik gustura lagunduko nuke ahal dudan neurrian. Beharrak antzemateko galdeketa betetzeaz gain, egongo diren moduluak testatzeko prest nago. Beraz, interesatzen bazaizue, jarri nirekin harremanetan:

Maite Goņi
Jakintza Ikastola (Ordizia)
mgoni@ordizia.ikastola.net

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com