|
Ordenagailuetan euskararen erabilera errazteko eta bultzatzeko kanpaina berria jarriko du abian Ordiziako Udalak: Erabil nazazu euskaraz.
Kanpaina garatu ahal izateko herrian ordenagailuak saltzen dituzten lau dendarekin harremanetan jarri dira Euskara Zerbitzukoak, eta elkarlanean bultzatu dute kanpaina. AGinformatika, Urdanet, Batch-pc eta Eroski dira ekimenarekin bat egin duten informatika-dendak.
Programak euskaratzeko fitxategiak doan
Ekimenaren helburua da Microsoftek berak sarean dauzkan informatika programa edo aplikazioak euskaratzeko fitxategiak edo partxeak ezagutzera ematea eta, ahal den guztietan, ordenagailuan instalatzea.
Hala, Windows XP eta MS Office 2003-edition gaztelaniaz duen edonork euskaraz izateko aukera izango du. Era berean, openoffice.org bulego suita ―hots, programa oso-osoa― euskaraz instalatzeko aukera ere izango du. Horretarako, CD batzuetan grabatu dituzte aipaturiko fitxategiak, eta doan banatuko dituzte informatika-erabiltzaile eta dendetako bezeroen artean.
Herritarrei aukera zabaldu
Programa eta aplikazioak euskaratzeko aplikazioak erraz eta bizkor instalatzen dira. Ordenagailuan gaztelaniaz agertzen zaizkigu hitzak, "inicio", "programas", "archivo" eta gisakoak, eta fitxategia instalatzerakoan hitz horiek euskaratu egiten dira automatikoki.
Herritar askok ez dakite partxe horiek existitzen direnik, eta abian jarriko den kanpaina berri honen bitartez ordenadorea euskaraz erabiltzeko aukera zabaldu nahi zaie guztiei.
250 CD
Guztira euskaratzeko fitxategidun edo partxedun 250 CD banatuko dituzte ekimenaren bultzatzaileek.
Euskara Zerbitzuan eta informatika etxeetan ez ezik, Barrenako liburutegian eta KZgunean ere eskuratu ahal izango dira, eta euskara planean abiatuta dauden enpresen artean ere banatuko dituzte.
Ordizian baino lehen, Arrasaten jarri zuten martxan Erabil nazazu euskaraz kanpaina (2005eko urte amaieran), Arrasateko Euskalgintzaren eskutik. Bertan, euskaratzeko fitxategiekin osatutako 500 CD banatu zituzten, arrakasta osoz.
Informazio diptikoak umeentzat
Arrasaten bezala, fitxategiak nola instalatzen diren pausoz pauso azaltzen duten diptikoak argitaratu dira Ordizian ere; guztira 500 diptiko.
Diptiko horietan bilduta eta plastikozko zorrotxoetan datoz partxedun CD-ak, Erabil nazazu euskaraz dioen pegatina eta guzti. Kanpainaren berri zabaltzeko, eskola umeen artean banatuko dituzte aipatu diptikoak eta, hala, Ordiziako etxe ugaritara iritsiko da informazioa.
Informatika programak euskaratzeko fitxategiak eskuratu nahi dituzten familiek Euskara Zerbitzura edo informatika etxeetara jo beharko dute horien bila.
|