|
Mikel Zalbide Elustondo euskaltzain oso aukeratu du Euskaltzaindiak Urnietan (Gipuzkoa) egin duen osoko bilkuran. Patxi Altuna azpeitiarrak utzitako lekua beteko du Zalbidek Euskararen Akademian.
Akademiaren arauek agintzen duten legez, Zalbidek gehiengo osoa lortu du.
Jakina denez, Zalbide zen Patxi Altuna euskaltzain zenaren hutsunea betetzeko hautagai bakarra. Jose Antonio Arana Martija, Ana Toledo eta Henrike Knörr euskaltzainek aurkeztu zuten.
Mikel Zalbide Elustondo
Donostian jaioa, 1951n. Nafarroako Unibertsitatean egin zituen unibertsitate-ikasketak. Industria-ingeniaria da. Egiten dituen hizkuntzak: euskara, gaztelania, alemana eta ingelesa.
Euskarak landu gabe edo landu arin zituen alorretan hasi zen lanean, gaztetan. 1972an, artean ikasle zelarik, Elhuyar elkartearen eta izen bereko aldizkari teknikoaren sortzaileetarikoa izan zen. Zientzia-tekniken alorreko ikasmaterialak prestatzen eta hitz-eraketazko azterlanak bideratzen hartu zuen parte, horrezaz gainera.
1976tik 1978ra bitartean Euskaltzaindiaren matematika-azpibatzordearen kide izan zen.
1978tik 1981era arte, Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Institutuaren (UZEIren) zientzia-tekniken alorreko arduradun izan zen. Fisika, Kimika eta Matematika hiztegien prestakuntza-lanean jardun zuen, batetik. Lexiko-sorkuntzarako erabideen aztertzaile eta ikastaro-emaile izan zen, bestalde. UZEIk maileguzko hitzen idazkeraz eta ebakeraz eginiko sistematizazio-lanaren egile izana da, azkenik.
1979tik 1980ra, autonomia aurreko Eusko Kontseilu Nagusiak eta Bilboko (gero Euskal Herriko) Unibertsitateak sorturiko Planifikazio-batzorde mistoaren kide izan zen. Unibertsitate alorreko hizkuntza-normalkuntza bideratzeko azpibatzordea sortu zen bertan: euskal kulturarekiko unibertsitate-beharrizanen lan-taldea. Lan-talde horren arduradun izan zen.
1981. urteaz geroztik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean ari da lanean, Euskara Zerbitzuaren buru delarik. Euskarazko eta ele biko irakaskuntza finkatzeko hainbat oinegitura-lanetan dihardu. Batez ere EGA agiriaren, Hezkuntzako HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunen eta IRALE, EIMA eta NOLEGA programen koordinazio-lan teknikoan. Irakasteredu elebidunen osaeraz, ebaluazio-lanaz eta bilakaeraz egindako hainbat azterketa-lanetan eta datu-bilketatan ere jarduna da. Eskola-munduaren euskalduntze-saioa, eta saio horren ikuspegi soziolinguistikoa: hori du bere lanbidearen ardatz, azken mende-laurdenean.
1983. urteaz geroztik euskaltzain urgazle da. Bi eratako langintzatan saiatu izan da bertan: Iker saileko hiztegigintza alorrean batetik, eta Jagon sailean bestetik. Batean zein bestean, bertako idazkari izana da zenbait urtez.
Euskararen Aholku Batzordearen kide izana da, 1982tik 1990ra bitartean. Bertako Batzorde iraunkorreko kide ere bai. Geroztik ere, bertako Geroratzearen Jarraipenerako Batzorde-atalean partaide izana da (1997tik 2001era bitartean).
Irakasleen eta teknikarien prestakuntza-lanean dihardu, bestalde, etenik gabe. Honako esparru hauetan, batez ere:
- a) Prestakuntza linguistikoan. Alfabetatze teknikozko hainbat ikastaro emandakoa da, batetik. Horrekin batera itzulpen-teknikei buruzko prestatze-saioak emanak ditu, zenbait urtez: IVAPeko itzultzaile-eskolan lehenik, eta EHUko itzulpen-ikasketetan gero.
- b) Prestakuntza soziolinguistikoan. Mintzajardunaren gizarte-moldaeraz, luze-zabaleko mintzaldaketaz eta hizkuntza ahulak hezkuntza bidez indarberritzeko saioen zer-nolakoez hainbat ikastaro eta prestatze-saio emandakoa da. Gradu ondoko ikasketei dagokienez, HIZNETen ikastaro-emaile da 2001-02 ikasturtetik aurrera. Horren aurretik, EHUk eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean eratu zuten gradu ondoko hizkuntza-plangintzako ikastaroetan ere irakasle izan zen.
- c) Prestakuntza soziokulturalean. Curriculumaren euskal dimentsioa (CED) lantzen saiatu da hainbat urtez, eta horri buruzko hainbat saio praktiko eskainiak ditu.
Argitara emandako lanak:
Mikel Zalbidek erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)
|