|
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) euskararen erabilera sustatzeko aurtengo sei dirulaguntza-deialdiak aurkeztu ditu. Guztira, 2006. urterako, 10.825.000 euro bideratuko ditu euskararen sustapenerako eta zabalpenerako ekintzabideak laguntzeko, alegia % 27,07ko igoera joan den urtearekin alderatuz gero (8.518.522 euro).
Ondoren atalez atal aipatuko ditugunak dira diruz lagunduko diren arloak, horretarako jarritako kopuruak, irizpideak eta azalpenak.
Euskalgintzan diharduten entitate pribatuak
Euskalgintza diharduten entitate pribatuei zuzendutako diru-laguntzak 1.250.000 eurokoak izango dira, iaz baino % 25 gehiago.
Hedabideak
Hedabideek 4.750.000 euro jasoko dituzte, horietatik 500.000 euro tokiko telebistentzat. Iaz baino % 11,8 gehiago, tokiko telebistei zuzendutako dirulaguntzak kontuan hartu gabe.
- Helburua
Hedabideetan euskararen erabilera sustatu, sendotu, garatu eta normalizatzea.
- Norentzat
Egunkari, aldizkari, irrati, telebista zein Internet bidezko hedabideren bat egiten duten erakunde pribatuentzat.
- Laguntza gaiak
- Idatzizko hedabideak:
- a) Euskara hutsezko eguneroko prentsa, bai euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen direnak, bai Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri edo eskualde jakinetan zabaltzen direnak.
- b) Euskara hutsez zabaltzen diren aldizkariak eta gehigarriak:
- Informazio orokorreko aldizkariak, bai euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen direnak, bai Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri edo eskualde jakinetan zabaltzen direnak.
- Aldizkari espezializatuak (pentsamendua, zientzia, musika, natura...).
- Haur eta gazteentzako aldizkariak, betiere zabalkundea egunkarietatik edo bestelako aldizkarietatik aparte modu berezituan egiten dutenak.
- Eta aurten berrikuntza moduan, nagusiki gaztelania darabilten egunkarien euskara hutsezko gehigarriak.
- Irratiak: euskara hutsez ari direnak zein partez euskaraz ari direnak.
- Telebistak: euskara hutsez ari direnak zein partez euskaraz ari direnak.
- Internet bidezko euskara hutsezko egunkari eta aldizkariak, eta notiziak euskaraz ematen dituzten berri-agentziak.
- Diru baliabideak
Aurten 4.750.000,00 euro jarri dira deialdi honetarako.
2006ko aurrekontuetan euskarazko telebista digitalak indartzeko jarritako dirua hedabideen deialdira ekarri da, berezko tokia hor duelako eta gestioa errazteko. Telebista digitalentzako lizentziak urte bukaera aldera erabakiko direnez, aurtengo dirua orain diharduten telebistentzat izango da.
Hori horrela, aurtengo deialdiaren diru-kopurua osatzeko, bi partida batu dira:
- 4.250.000,00 euro hedabideen ohiko deialdirakoa, eta
- 500.000,00 euro toki telebistak bultzatzeko jarritakoa.
- 2005ekoarekiko alde nagusiak
Toki-telebistentzat jarritako dirua (500.000,00 euro) alde batera utzita, joan den urteko deialdiaren aldean % 11,8ko igoera egin da aurtengoan.
Kontuan izanda Eusko Jaurlaritzari euskararen esparru osoan zabaltzen diren hedabideei laguntzea dagokiola bereziki, halakoentzat % 9ko igoera egin da 2005ekoarekin konparatuta.
Bestalde, toki mailako egunkari eta aldizkarietarako ere aparteko ahalegina egin dugu aurtengoan, orotara hedabideentzat dagoen igoera kontuan hartuta. Halakoentzat % 7,4ko igoera ezarri da, hau da, urteko KPI bikoiztuta. Nolanahi ere, gehikuntza diferenteak egitearekin nabarmendu nahi dugu dirulaguntzak banatzerakoan Eusko Jaurlaritzak lehenetsi beharrekoak hedabide lokalen aurretik udalerri eta eskualdeetatik haratagoko zabalkundea dutenak direla.
Azpimarratzekoa da, halaber, aldizkarien atalean lerro berria ireki dela gaztelania nagusi duten egunkarietako gehigarrientzat. Euskarak bere lekua izatea gaztelaniazko hedabide idatzietan oso garrantzitsua da, eta euskara hutsezko gehigarriei aproposak iritzi diegu horretarako. Gutxienez 16 orrikoak izatea eskatzen da eta astean behin argitaratzea urtean zehar. Gure aldetik ahalegin handia egiteko prest gaude horretarako.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT)
IKTen esparrurako 1.000.000 euro zuzenduko da, iaz baino % 66,7 gehiago.
- Helburua
Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak ematea.
- Norentzat
Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskararen erabilera areagotzeko lanean diharduten erakunde pribatuentzat.
- Laguntza gaiak
- Euskarazko atari eta web guneak egitea eta lehenago sortutakoak eduki eta zerbitzuz elikatzea.
- Hizkuntzen teknologietan euskara integratzeko egitasmoak. Hor sartzen dira ahotsaren ezagutza edo eta sintesian oinarritutako aplikazioak, lexiko etiketatuak, hiztegi elektronikoak, lematizatzaileak, Corpusak. Beti ere, aplikazioen eta produktuen garapena izango da laguntzagai.
- Softwarea euskaraz sortzea edo eta euskarara lokalizatzea. Alor hauei lotutakoak: enpresa-kudeaketa, erabilera orokorreko tresnak edo lanabesak, aisialdia eta bizi-kalitatea hobetze aldekoak, Interneteko lanabesak.
- e-inklusioa
- Diru baliabideak
Aurten 1.000.000,00 euro erabiliko dira gai honetan:
- 800.000,00 euro deialdi honen bitartez
- 200.000,00 euro Industria Sailak teknologia berriak sustatzeko duen deialdiaren bitartez.
- 2005ekoarekiko alde nagusiak
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak ezinbesteko euskarri dira gaur egun edozein hizkuntzaren garapenean. Euskara argi dago ezin dela garapen horretatik kanpo geratu.
Hori gogoan hartuta, indar berezia eman dio lan lerro honi Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Horren erakusgarri joan den urtekoarekiko dirutan egindako igoera, % 66,7.
Bestalde, laguntza gaiei dagokienez, zenbait lerro indartu egin dira eta beste batzuk zehatzago definitu. Esate baterako, hizkuntzen teknologiei dagokiena eta softwarea euskaraz sortu zein lokalizatzeari buruzkoa.
Esparru sozioekonomikoa
Esparru sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera sustatzeko 1.825.000 euro banatuko dira deialdi honen bidez, iaz baino % 63 gehiago.
- Helburua
Deialdiak (1) helburu du eguneroko jardunean euskararen erabilera areagotu nahi duten erakunde pribatuei laguntza ematea.
Oinarriz, enpresak euskararen erabilerari begira hiru arlotan egin dezake lan:
- enpresaren oinarrizko irudian eta komunikazioan, adibidez errotulazioan eta harreran euskararen erabilera bermatuz;
- enpresaz kanpoko harremanetan, bezeroekin eta hornitzaileekin, ahoz eta idatziz hala nahi duten bezeroei arreta euskaraz eskainiz;
- enpresa barneko harremanetan, lanean euskararen erabilera langileen artean sustatuz.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak enpresa eta establezimendu guztiei egiten die gonbita beren egoera aztertzeko eta hiru ardatz horietatik beren gaitasun eta nahien arabera landu nahi dituenak aukeratzeko: betiere bere egoera soziolinguistikoa kontuan harturik enpresa batek ardatz horietako bakarra landu dezake; beste batek, ordea, hirurak.
Horretarako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak berariazko tresna eskaintzen die enpresei: Erreferentzia Marko Estandarra (EME), non ardatz bakoitza garatzeko aukerak zehazten diren.
Aukera hori, Erreferentzia Marko Estandarrean oinarriturik, urte anitzeko plan baten bidez gauzatu behar du enpresak, gero urtez urteko kudeaketa-planak horren arabera egin ahal izateko.
Plan horiek garatzen laguntzeko Sailburuordetzak hainbat laguntza-mota ditu eta urtean zehar baliabide horiek nabarmen indartzeko asmoa du. Laguntzak, besteren artean, honakoak dira: enpresei hizkuntza-plangintzan ematen zaien aholkularitza, web-gunearen bidezko laguntzak (idazkiak prestatzeko testu-ereduak, eskueran dauden programa informatikoen berri, bibliografia...)
- Norentzat
Entitate pribatuentzat eta zuzenbide publikoko korporazioentzat, Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten lantokietan euskara-planak egiteko.
- Laguntza gaiak
Enpresak urte anitzeko bere euskara-plana eta 2006ko kudeaketa-plana aurkez ditzake deialdira.
Enpresak euskarari begira dituen helburuak bete ahal izateko, hainbat ekintza lagunduko ditu Sailburuordetzak. Hona hemen:
- urte anitzeko lehen plana eta dagokion kudeaketa-plana diseinatzea;
- plana aurrera eramateko beharrezkoak diren itzulpenak eta interpretazio-lanak egitea;
- langileen lanposturako hizkuntza-trebakuntza, beren funtzioak euskaraz egoki bete ditzaten;
- lana euskaraz egiteko euskarazko edo elebitako software-a erostea, prestatzea edo egokitzea;
- plangintzaren jarraipena, ebaluazioa eta egokitzapena burutzea.
Laguntzak, beraz, enpresak duen euskara-planarekin lotzen dira.
Laguntza horiek deialdian bertan zehazten diren irizpideen eta diru-mugen arabera banatzen dira. Eskabide bakoitzari puntuak emateko orduan, euskara-planaren kalitatea, enpresan dagoen langile elebidunen kopurua, bere bezero elebidunen kopurua, euskararen erabilera areagotzeko enpresak proposatutako ekintzetan parte hartzen duten langileen kopurua, enpresa kokatuta dagoen udalerriaren elebidunen ehunekoa eta enpresak berak plan hori aurrera eramateko egingo duen ahalegin ekonomikoa ere kontuan hartzen dira.
- Diru baliabideak
Esandako helbururako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2006an 1.825.000 euro jarri ditu, iaz baino % 63 gehiago.
- 2005eko deialdiarekiko alde nagusiak
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak alor estrategikotzat jotzen du lan-mundua eta jardun-esparru honi legealdian zehar arreta berezia eskaini nahi dio. Horren lekuko, helburu honetarako jarritako baliabideetan egindako igoera, % 63.
Bestalde, Erreferentzia Marko Estandarra finkatu da, enpresa bakoitzak bere neurriko plana osatzeko orduan gida sistematiko eta koherentea izan dezan, indarrean diren planifikazio-sistemekin bat etorriz.
Halaber, laguntzak erabakitzeko zenbait irizpide berri txertatu dira eta laguntza-gaietarako diru-mugak ere igo egin dira.
Nafarroa eta Iparraldea
Nafarroan eta Iparraldean euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten erakunde pribatuei 400.000 euro bideratuko zaizkie, iaz bezala.
- Helburua
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eginkizuna da, besteak beste, euskararen erabilera sustatzeko ekimenak bultzatzea Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Foru Komunitateko erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan, eta eurekin koordinatzea.
Hori betetze aldera, diru-laguntzetarako deialdia kaleratzen du aurten ere, Iparraldean eta Nafarroan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzeko.
- Norentzat
Iparraldean eta Nafarroan euskara sustatzeko ekimenak gauzatzen dituzten erakunde pribatuentzat.
- Laguntza gaiak
Honako ekimen mota hauek izango dira laguntzagai:
- A.- Euskararen ondorengoetaratzeari eta hiztunak sortzeari begira:
- Eskola bidezko euskararen ondorengoetaratzearen inguruko sentiberatzea.
- Euskarazko materialgintza ziurtatzea.
- Euskalduntze-alfabetatzean diharduten eragileen etengabeko prestakuntza eta baliabideak bideratzea.
- B.- Euskararen erabilera sustatzeari begira:
- Euskararen erabilera aisialdian eta eskolaz kanpoko ekintzetan nagusiki.
- C.- Euskararen elikadura sendotzeari begira:
- Euskaraz diharduten komunikabideak sustatzea.
- Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia Berrietan euskararen erabilera bultzatzea.
- Hizkuntza-ondarea eta Toponimia berreskuratzea eta normalizatzea.
- D.- Euskararen bilakaera soziolinguistikoa hobeto ezagutzen joateko ikerketa-lerroak.
- E.- Euskararen aholku-batzordeen arteko elkarlana bideratzea.
Bestalde, deialdi honetatik dirulaguntzarik jasotzekotan, egitaraua garatzekoa den lurraldeko herri-administrazioren batek diruz lagundua izan behar du.
- Diru baliabideak
Aurten ere 400.000 euroko zenbatekoa jarri da ekimen horiek laguntzeko.
Bestalde gogoratu behar Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako Eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Euskal Kulturaren aldeko Herrien Elkargoak, euskara eta hizkuntza politika gaietarako elkarlan protokoloa izenpetu zutela Baionan, 2003ko irailaren 3an.
Ordutik hona Eusko Jaurlaritzaren eta Ipar Euskal Herriko herri-aginteen artean elkarlana eta lankidetza etengabekoa izan da eta horren ildotik, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza lanean ari dira hizkuntza politikako gaietan lan-hitzarmen sendoa eraikitzeko.
Udalak eta toki-entitateak
Toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatzen laguntzeko deialdiaren bidez 1.600.000 euro jarriko dira 200rako -iaz bezala- eta 600.000 euro 2007rako.
- Helburua
Deialdi honek Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatu edota entitateotako administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko planak onartzeko diru-laguntzak ematea du helburu.
Hizkuntza normalizazioan bi egiteko nagusi dituzte toki-entitateek eta bi egiteko horiek modu integratu batean jasotzen dira EBPNn:
Batetik, kanpora begira, toki-entitateen eraginpeko udalerrian hizkuntza normalizazioan aurrera egiteko toki-entitateek hainbat ekimen gauzatzen dituzte. EBPNk ekintza horiek modu integratu batean bideratzeko aukera ematen du.
Bestetik, barrura begira, toki-entitateak bere administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko plana egin eta normalizazio prozesu horretan aurrera pausuak eman behar ditu 86/97 dekretuan jasotakoaren haritik.
- Norentzat
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateak (udalak, mankomunitateak...) eta beren menpeko erakunde autonomiadunak (euskara patronatuak...), hizkuntza normalizazioa beren egitekoen artean badago.
- Laguntza gaiak
Laguntza-gaiak lau multzo desberdinetan bereizten ditu deialdiak:
- A.- Lehenengo multzoa: EBPN onartua eta urteko 2006ko, kudeaketa-plana gauzatzeko laguntza eskatzen duten toki-entitateei zuzendutako laguntza-lerroa. Laguntza-lerro honetan aurten bi azpi-multzo bereizi dira:
- Lehenengo azpi-multzoa: proiektu pilotuak aurrera eraman nahi dituzten toki-entitateei zuzendutako laguntza-lerroa.
- Bigarren azpi-multzoa: urteko kudeaketa-planean jasotako ekintzak gauzatzeko laguntza eskatzen duten toki-entitateei zuzendutakoa.
- B.- Bigarren multzoa: toki-entitatearen administrazioan hizkuntzaren erabilera normalizatzeko plana abian jarri nahi duten toki-entitateei zuzendutako laguntza-lerroa. Planaren diseinu-lanak laguntzen dira.
- C.- Hirugarren multzoa: EBPNa abian jarri nahi duten toki-entitateei zuzendutako laguntza-lerroa. Plan estrategikoaren diseinua eta onarpena eta 2007ko kudeaketa-planaren diseinua laguntzen dira.
- D.- Laugarren multzoa: Toki-entitateak hizkuntza normalizatzeko bideratzen dituen ekintzak laguntzen dira. Ekintza hauek EBPNrekin lotura badute ere, toki-entitate horrek ez du EBPNko ez plan estrategikoa ezta kudeaketa-planik martxan.
- Diru baliabideak
Lehenago aipatutako helburua lortzeko asmoz Kultura Sailak 2006ko deialdian guztira 2.200.000,00 euro jarri ditu laguntza-deialdian: 1.600.000,00 euro 2006rako eta 600.000,00 euro 2007rako.
- 2005eko deialdiarekiko aldeak
Atal honetan parte hartu ahal izango dute lehenengoz EAEko hiriburuek.
Laburbilduz
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2006ko diru-laguntza deialdien esparruak eta kopuruak ondoko koadroan laburbildu ditugu, 2005ekoekiko alderaketak ere bertan jarrita.
| 2005 | 2006 | % |
|---|
| Esparru sozioekonomikoa | 1.118.522 | 1.825.000 | + 63,0 | | Iparraldea-Nafarroa | 400.000 | 400.000 | = | | Hedabideak | 3.800.000 | 4.750.000 | 4.250.000 | + 11,8 | 500.000 (toki telebistak) | | Euskalgintza | 1.000.000 | 1.250.000 | + 25,0 | | Informazio eta Komunikaziorako Teknologiak | 600.000 | 1.000.000 | + 66,7 | | Udalak: EBPNren garapena | 1.600.000 | 1.600.000 | 600.000 (2007rako kreditu- konpromisoa) | = | | GUZTIRA | 6.918.522 | 10.825.000 | + 56,5 |
Oin-oharrak
(1) Deialdiaren izen osoa honako hau da: AGINDUA, 2006ko apirilaren 26koa, Kultura sailburuarena, entitate pribatuek eta zuzenbide publikoko korporazioek Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten lantokietan euskararen erabilera-planak 2006an garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|