Egin klik hemen INPRIMATZEKO


DBHtik aurrera ere jarraitu euskaraz

Alkarbide / Irakaskuntza / 2006-04-26 / 07:00


Bizkaiko 36 udalerrik abian jarri dute Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskaraz ikasten jarraitzeko kanpaina. Kanpaina DBH bukatzear dauden gazteei zuzenduta dago eta Zeurea da aukera: jarraitu euskaraz leloa oinarri hartuta 7.200 neska-mutilek jasoko dute kanpainaren berri etxean.



Joan den 2006ko otsailean, 1+1=bi izeneko kanpaina zabaldu zen 2-3 urteko umeen matrikulazioa euskarazko ereduetan sustatzeko. Kanpaina horren ostean, ildo bereko beste ekimen bat abian jarri dute Bizkaiko hainbat udalek; oraingoa, DBH amaitu duten Bizkaiko gazteei bideratuta dago eta kanpaina Alkarbide bilguneak koordinatu du.

Zeurea da aukera: jarraitu euskaraz leloaren harira, oraingo kanpainaren xedea da DBHn euskaraz ikasi duten gazteek hortik aurrerako ikasketak ere (Batxilergoa eta Lanbide Heziketa) euskaraz egitea eta gazteak bide hori hartzera bultzatzea.

Athletic-etik Gatibura

Kanpaina hau beren beregi prestatu da DBH ondoko ikasketak hasi behar dituzten gazteentzat. Kanpainaren euskarri nagusia honakoa da: Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, euskarazko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeen liburuxka, eskualdeka antolatuta, eta bertan Batxilergoan eta Lanbide Heziketan Bizkaian eta inguruko zenbait herritan (Eibar, Laudio eta Amurrio) dagoen euskarazko eskaintzaren berri ematen da.

Liburuxkak Gatibu talde ospetsuko Alex Sardui gernikarrak sinatutako gutuna daroa eta bertan, Alexek gazteak bultzatzen ditu DBHOn ere euskaraz ikasten segitzera, euskarak berebiziko garrantzia dauka-eta gure gizartean.

Zeurea da Aukera kanpaina bigarren urtez zabalduko da aurten. Iaz, Athletic-eko jokalari Luis Prietok animatu zituen gazteak euskaraz ikasten segitzeko, eta aurten, Alex Sarduiren laguntzaz, kirolaren esparrutik musika arlora jo dugu.

Liburuxkaz gain, sakelako telefonoa gordetzeko zorrotxoa -kanpainaren leloa idatzita daukala- jasoko dute kanpainaren hartzaile diren neska-mutilek.

DBHtik aurrera, gaztelaniara errazago

Gazte askok DBHra arteko ikasketak euskaraz egin arren, batxilergoan eta, batez ere, Lanbide Heziketan gaztelaniazko ereduetara jotzen dute. Erabaki hori hartzeko arrazoi ugari daude: eremu ez euskaldunetan bizi diren asko beldur izaten dira, uste dutelako euskarazko ereduetan ez direla aurrera egiteko gai izango; beste batzuek, aldiz, euskarazko irakaskuntza ez dela kalitate handikoa uste dute, datuek bestelakoa erakusten badute ere.

Irakaskuntza ereduaren araberako ikasle kopurua

Datuek argi erakusten dute gaztelaniarako dagoen joera. Bizkaiko datuei gagozkiela, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) 36.750 ikasle daude; horietatik 15.572 (% 42,40) D ereduan ari dira, 7.524 (% 20,50) B ereduan, 13.130 (% 35,70) A ereduan eta 524 (% 1,40) X ereduan.

Batxilergoan, berriz, 15.911 ikasle matrikulatu dira aurtengo ikasturtean; horietatik 6.367k (% 40) D ereduan jarraitzen dute, 194 (% 1,20) B ereduan ari dira, 9.247 (% 58,10) A ereduan eta 103 (% 0,70) X ereduan.

Lanbide Heziketan, ordea, erdi mailan, 5.799 ikasle daude matrikulatuta, horietako 590 (% 10,20) D ereduan ari dira, 109 (% 1,90) B ereduan eta 5.100 (% 87,90) A ereduan. Goi mailan erdi mailan baino ikasle gehixeago dago; guztira, 8.335 ikasle daude, horietatik 7.444 (% 89,30) A ereduan ari dira, 188 (% 2,30) B ereduan eta 703 (% 8,40) D ereduan.

Sustatzaileak

Kanpaina Bizkaiko 36 udalerritan zabalduko da. Hogeita hamasei udalerri horietan, 665.000 lagun bizi dira; kanpainaren zuzeneko hartzaileak, baina, udalerriotan bizi diren 7.200 gazte izango dira.

Kanpainaren sustatzaileak: Bizkaiko 15 udalerri eta 3 mankomunitate (guztira, 36 udalerri):

Oraintsu abiatu den kanpaina hau DBHOko matrikulazio aldia hasi orduko zabaldu da, eta indarrean egongo da matrikulazioak iraun artean, hau da, 2006ko apirilaren 24tik maiatzaren 5era.


(ALKARBIDE Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilgunea da)


Agiri interesgarriak (ikusteko gainean sakatu)


Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1145872139