Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskal literaturaren altxorrak Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegi Digitalean

Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegia / Internet / 2006-05-25 / 07:00


Bizkaiko Foru Liburutegiaren literatur ondarearen zati handi bat interneten eskuragarri, horixe da Aldundiaren Liburutegi Digitalak eskaintzen duena. XV eta XVIII. mendeen artean sortutako literaturaren bilduma garrantzitsua topa dezakegu bertan, tartean euskaraz sortutako 27 idazlan.



Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegiko bibliografia ondare aberatsa munduko edozein bazterretako erabiltzaileengana hurbiltzea da Liburutegi Digitalaren helburu nagusia. Bizkaiko Liburutegi Digitalean kontsultak lau hizkuntzatan egin daitezke: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Erabiltzaileari kontsultak erraztu, arindu eta bilaketak era dinamikoagoan egin ahal izateko pantaila lagungarriak eskaintzen ditu. Foru Liburutegiko katalogo orokorraren orritik du sarbidea Liburutegi Digitalak.

Ia 9.000 lan

Liburutegi Digitalean jasotzen dira Bizkaiko Foru Liburutegiaren biblioteka-fondo zabaletik apika-apika digitalizatuz joan diren aleak. Erreserba-ondare horren digitalizazio proiektua 2000. urtean jarri zen abian, eta ordutik hona ia 9.000 ale Liburutegi Digitalean kontsultagai jartzea lortu da. Zehatz esateko, gaur egun XV eta XVIII. mendeen artean inprimatutako 8.923 monografia-lan aurki ditzakegu bertan, 4.221.192 iruditan gauzatuta.

Digitalizazio prozesua 35 mm-ko mikrofilma oinarrian hartuta gauzatu da, mikrofilm mota horixe erabili baitzen, hain zuzen ere, 10 urteko epean erreserba-fondo osoa gordetzeko, bere kontserbazioa bermatu asmoz. Koadernatutako inprimakiak izaki, mikrofilmazioa liburu irekiaren gainean egina dago. Horrela, digitalizatzerakoan, fotograma bakoitza bi iruditan banatzen da. Irudi guztiak modu berezian landuak izan dira, prozedura digitalaren algoritmoak erabiliz, ertzak kendu eta, oro har, irudiak ahalik eta txukunen aurkeztu ahal izateko.

Euskarazko altxorrak

Bizkaiko Foru Liburutegiaren biblioteka-fondoan XVI (883 ale), XVII (2.268 ale) eta XVIII. (8.022 ale) mendeetako argitalpen inprimatuak gordetzen dira nagusiki, baina tartean badira 1501 urtea baino lehenagoko 37 inkunable ere. Liburutegi digitalak duen lanik zaharrena 1483ko inkunable bat da, hain zuzen, Pamphilus Eusebius-en El Chronicon a S. Hieronymo latine versum et continuatum.

Fondo honetan euskaraz, latinez eta gaztelaniaz idatzitako lanak daude. Liburutegi Digitalean euskaraz idatzitako 27 lan aurki ditzakegu. Euskaraz idatzitako lan sorta oparoaz gain, euskal kulturari buruzko eta euskal autoreek idatzitako makina bat lan aurki ditzakegu bertan. Euskal kulturaren gaineko ikerlanak egiteko iturri pribilegiatua da beraz. Bilduma honetan oso izenburu garrantzitsuak daude, esate baterako, lehen euskal gramatika inprimatutzat hartu izan den Manuel Larramendiren El impossible vencido: arte de la lengua bascongada lanaren 1729ko jatorrizko argitalpena (Ezina egina izenez ere ezaguna).

Jarraian datorrena da Bizkaiko Foru Liburutegi Digitalean aurki ditzakegun euskaraz idatzitako lan guztien zerrenda:

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1144146416