|
Zumaiako Ludotekan haur etorkinak euskaran murgiltzeko ekimen berri bat abian da 2006ko urtarrilaz geroztik: herrira bizitzera etorritako haur atzerritarrentzako egitasmoa, hain zuzen ere. Zumaiako Udala, Zumaiako ikastetxe eta Gipuzkoako Urtxintxaren arteko elkarlanaren fruitua da Alea Tita Konba, haurrek euskaraz jolas eginez mintzatzen ikasteko egitasmoa.
4-8 urte bitarteko neska-mutilak dira astean hiru egunez Zumaiako Ludotekan elkartzen direnak. Zortzi dira guztira, bost neska eta hiru mutil. Beraien jatorriak oso dira ezberdinak: Bulgaria, Mallorca, Kolonbia, Peru, Txile, Errumania, Mexiko eta AEB.
Ludotekako jostailu eta material ezberdinez baliatuz, Nekane, aisialdiko hezitzailearen laguntzarekin, arratsaldeak euskaraz jolastuaz pasatzen dituzte.
Euskara eskolaz kanpo
Neska-mutil hauek Zumaiako ikastetxeetan D ereduan eskolatuak dauden arren, beraien inguruan euskaraz bizi ahal izateko aukera gutxi dute.
Beraien bizitzako arlo ezberdinak euskaraz bizitzen hasteko, adin honetan haurrek gehien egiten dutenarekin hasi gara: jolasarekin. Jolasez, ipuinez, kantaz eta eskulanez osaturik baitago Alea Tita Konba. Ekintza dibertigarriak eginez haur hauek gustura sentitzea da helburua, euskaraz jolas eginez, hizkuntza, jarduera dibertigarriarekin lotzea. Honela, haur hauen euskara ikasteko motibazioa areagotzea lortzen dugu.
Jolasen altxorra
Asteartero, Nekanek, bere aitona Patxik bidalitako eskutitz bat irakurtzen die Zumaiako Ludotekan elkartzen diren haurrei. Aitona Patxi Zumaiako pirata bitxia da. Bere itsasontzia hartu eta, Kantauri itsasoan zehar nabigatuz, altxorrak bilatzen urtetan ibili ondoren, kostaldeko herrietan zabalduaz doa bere azken aurkikuntza: jolasez, kantuz eta ipuinez beteriko altxorra.
Getarian, Zarautzen, Orion, Deban eta Mutrikun ibili ondoren, Bizkaia aldean dabil azken asteetan Patxi pirata, Ondarroan eta Lekeition hain zuzen ere.
Eskutitz hauetan bere abenturak kontatzeaz gain, asteazken eta ostegunetan euskaraz jolasteko proposamena egiten die aitona Patxik umeei. Pixkanaka jolasen altxorra ezagutuz doaz eta asteartero eskutitza berria noiz iritsiko irrikan egoten dira Zumaiako Ludotekan.
Ezagutza eta erabilera
Jolas mordoa ikasi dute jadanik haur hauek. Abesti ugari kantatzen dituzte eta aitona Patxik proposaturiko eskulanetan oso trebeak dira dagoeneko. Gainera, Zumaia eta inguruak ezagutzeko aukera paregabea dute, aste bakoitzean Nekanek herri ezberdinei buruzko gauza bitxiren bat kontatzen baitie.
Egitasmoa martxan jarri zela bi hilabete beteko direnean begi-bistakoak dira emaitzak: haur etorkinek euskara darabilte ahoan eta euskararekin gozatu egiten dute neska-mutil hauek. Guraso eta irakasleak oso pozik daude, baita Nekane ere eta, noski, baita aitona Patxi ere.
(IZARO SUSPERREGI OLAIZOLA Urtxintxa Eskolako kidea da)
|