|
Euskararen transmisioan eragiteko ekimenak abian dituzte Zarautzen ere, beste hainbat herritakoen ildo beretsutik. 2005etik indarrean dute udalerrian EBPN, eta Zarautzen euskaldunen kopurua handia izan arren, familian eragiteko beharra somatu dute bertako arduradunek.
Jakina denez, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) lehen helburu estrategikoa euskararen transmisioa da, eta irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea eta familia bertako esparru nagusiak. Zarautzen 2005ean EBPN martxan jarri zenean familian eragin behar zela konturatu ginen, arlo hau ez zegoelako besteak bezain landua.
Gurasoengan eragin beharra
Bestalde, 2005ean euskara mintzatuaren kale erabileraren neurketa ere egin zen herrian eta besteak beste honako datuak kaleratu ziren:
- Oro har, euskararen ezagutza handia da herrian (%71,41).
- Haur eta gaztetxoek euskara dexente erabiltzen dute, %79,1 eta %72,9 hurrenez hurren.
- Helduek, jakin badakite eta haurrekin erabiltzen dute (%70,9) baina euren artean ari direnean gaztelania erabiltzeko joera handia dute (%41,7).
Horiek horrela, gurasoengan eragin beharra ikusi genuen, helduak haurren eredu baitira. Esaerak dioen bezala: zer ikusi, hura ikasi.
Eragiozu euskarari etxean
Gainerako udaletan arlo honetan egindakoak aztertzen aritu ginen eta bi egitasmo hauek jarri genituen abian:
- Haurrak izan edo ekartzen dituzten gurasoei sehaska-kantak biltzen dituen CDa eta umeentzako ipuin-liburua bidaltzen dizkiegu, euskararen transmisioan beraiek duten garrantziaz jabetzeko idatzitako eskutitzarekin eta jarraian aipatuko dugun esku orriarekin batera.
- Lasarte-Orian antolatutako Etxetik hasten delako egitasmoaren berri izan genuen eta horren ildotik Eragiozu euskarari etxean, Que suene el euskara en casa antolatu genuen, honela banatuta: alde batetik esku orriak, eta bestetik gai honi buruzko hitzaldiak.
Gurasoentzako gomendioak
Esku orrietan gurasoei zuzendutako aholkuak datoz, zer egin dezaketen eta zer ez luketen egin behar azaltzen dutenak. Gomendio hauek gurasoen hizkuntza gaitasuna kontuan hartuta hiru ataletan prestatu dira:
- Biek dakite euskaraz.
- Bietatik bakarrak daki.
- Bietako inork ez daki.
Gurasoen hizkuntza gaitasunaren araberako banaketa egin bada ere, hona hemen laburbilduta esku orriak jasota dituen ideia nagusiak:
- Euskararen transmisioaren ardura ez da eskolaren esku bakarrik utzi behar.
- Zeregin honetan familiak duen garrantzia azpimarratzen da: dakitenek haurrekin zein helduekin euskaraz egitearena, eta ez dakitenek jarrera baikorra adierazi (haurraren ahalegina txalotu, indartu eta bultzatu) eta ahal izanez gero eurek ere ikastearena.
- Eskolako hizkuntza bakarrik izan ez dadin aisialdian ere euskara kontuan hartzeko gomendioa egiten zaie.
- Haurrari euskarazko produktuak, jokoak, liburuak, diskoak, ekitaldiak eskaintzea lagungarri da.
Esku orriak etxe guztietara hel zitezen ikastetxeetan, haurtzaindegian eta euskaltegietan banatu ziren. Edukia osorik ikusteko, HEMEN sakatu.
Horrez gain bi hitzaldi (gaztelaniaz bata eta euskaraz bestea) eman zituen Iņaki Arruti Lasarte-Oriako euskara teknikariak, esku orrietan ageri diren ideia nagusien inguruan.
(ZARAUZKO EUSKARA ZERBITZUA)
Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)
|