|
Komikigintza oro har, eta euskarazkoa are gehiago, kultur produkzioaren ertzeko bizilagun gisara hartua izan da sarri. Baina komikiek, baita euskarazkoek ere, publiko fidela dute oso eta ez zaie inoiz harrerarik faltatzen. Horixe frogatu dute, besteak beste, Saure argitaletxekoek.
Saure argitaletxean komiki liburuak argitaratuz eta salduz egiten dugu lan. 2002tik hona hainbat komiki eta komiki bilduma plazaratu ditugu eta, gaztelaniaz eta katalanez lanak egiteaz gain, euskararen aldeko apustua ere egin genuen haseratik. Argitaletxea bera eratu aurretik eta erdi-zaletu gisara eman genituen euskarazko komikigintzaren barruan lehen urratsak. 1996a zen eta esperientzia hark erakutsi zigun euskarazko komikiek harrera ona zutela.
Boom-a eta gero, barealdia
Euskarazko komikien historia ez da ordea oraingo kontua. Euskal Herrian komikigintzak halako boom handi bat ezagutu zuen orain dela hogeiren bat urte, baina loraldi harek ez zuen jarraipenik izan. Are gehiago, eta ale bakan batzuk alde batera utzita, komikien argitalpenak ia desagertu egin ziren.
Puri-purian zegoen mugimendutik ia ezerezera eginiko jauziaren arrazoiak zein diren azaltzea ez da erraza, zehatz-mehatz esateko. Logika handirik ez zuen horrenbesteko gainbeherak, baina halaxe suertatu zen.
Tradizioa hor zegoen baina. Egileak hor daude, eta gure argitaletxearen ibilbidean ikusi dugun bezala, irakurleak ere hor zeuden, komiki gosez. Sauren argitaratzen ditugun komikiak gehienbat gaztetxoei eta ikasleei zuzendutakoak dira, eta eragin eta harrera garrantzitsua izan ohi dute batik bat ikastetxe publikoetan eta ikastoletan. Komikia, izan ere, ipuinaren eta eleberriaren arteko zubi lana egiteko genero aproposa izan daiteke.
Egileak eta lanak
Gaur egun hamabosten bat egilerekin egiten dugu lan, idazle eta marrazkilariak batuta. Horietatik dozena bat, ia guztiak beraz, Euskal Herrikoak dira. Euskal Herrikoen artean batzuk euskaraz sortzen dituzte beren lanak eta beste batzuk gaztelaniaz, baina azken hauek (beste hizkuntzetan eginda iristen zaigun lan gehiagorekin batera) euskarara itzuli eta argitaratzen ditugu, era berean.
Gaur egun jatorriz euskaraz sortutakoen eta euskaratutakoen artean guztira 24 komiki lan ditugu katalogoan. Bildumen esparrua lantzen dugu nagusiki: Pirata, Egiptoarrak espazioan, Txanoa... Hainbat bilduma ditugu abian, aldizka ale berriekin hornitzen direnak, eta irakurleak horrelakoetara gustura lotzen dira normalean. Komiki berrien ekoizpenari dagokionez, urtean euskarazko zazpi ale berri argitaratzen ditugu batez beste, kopuru ona da gure aburuz.
Numenak
Saure argitaletxearen katalogoko azken berrikuntzetako bat euskaraz egindako komiki liburua dugu, hain zuzen: Numenak.
Unai Busturia eta Julen Ribas dira bilduma berri honen sortzaileak, eta horixe da hain zuzen ere argitaratu den beraien lehendabiziko lana. "Gauaren kondena bizi duten izakiek ezin dute euren existentzia osotasunean bizi, nahiz eta dagokien lekua aurkitu. Beti faltako zaie eguzkiaren zirria". Hitz hauekin aurkezten da Numenak: Aita bildumaren lehen alea. Arrasaten girotutako kontakizunean, garai bateko istorioak, mitologia eta gaueko izaki bereziak nahasten dituzte beraien lehen lan honetan Busturiak eta Ribasek.
Fikzioa eta imajinazioa euskal tradizioarekin uztartuta agertzen dira nolabait Numenak lanean, gainerako bilduma gehienen ildoari eutsiz bestalde. Eremu didaktikoagoa jorratzen duten zenbait bilduma ere argitaratu ditugu, hala nola Nafarroan zehar euskararen ibilbidea (Orreaga eta Gallego) eta Euskal Herriko kostaldea (Lugaresaresti eta Garces). Euskal Herriko gazteek gure itsasegiko ingurune biologiko, fisiko-geografiko eta historiko-kulturalaren berri jakin eta kostaldeko ekosistema guztiak ezagutzea litzateke azken argitalpen horren helburu nagusia.
(FRAN SAURE Saure Argitaletxeko arduraduna da)
|