|
Play-Station, Nintendo edo Game-Boy bezalakoez haratago haurrek jolasteko mila aukera dituztela, eta jolasak taldean eta euskaraz egiteko ere bai. Horixe gogora ekarri, erakutsi eta aldarrikatu nahi izan dute Oiartzungo hiru gurasok. Haseran beraien herriko familiei zuzendutako lanak oihartzun zabalagoa izan du, eta Betiko Jolasak izeneko liburua Euskal Herriko hainbat saltokitan ere eskura daiteke jada.
Lan hau kalean gure garai bateko jolasetan haurrak jolasten ikusten ez genituelako otu zitzaigun. Askotan modaren arabera, txibarekin adibidez, ikusten dira haurrak kalean, baina dantzatzen besterik ez dakite eta txibak baditu jolas bat baino gehiago. Beraz, galera hau ikusirik zerbait egitea pentsatu genuen.
Gure asmoa Oiartzungo haurrei liburua doan banatzea zen, ahalik eta herriko etxe gehienetara iristea. Eta euskaraz jolastea bultzatzea, abestiak erakustea.
Bilketa lana
Betiko Jolasak libururako lana hiruron artean egin dugu. Batetik liburuak begiratuz, bestetik bakoitzak gogoratzen zituen jolasak idatziz eta inguru hurbilekoei galdetuz, eta herriko bi eskoletan inkesta bat pasatuaz. Interneten ere aurkitu dugu zertxobait.
Argazkiak egiteko larunbat arratsaldetako ludoteka ibiltariak, guk noizean behin antolatutako aintzinako jolasak, herriko udaleku irekiak, herriko jaietan Gaztetxekoek antolatutako jolasak eta eskoletako jolas garaiak aukeratu ditugu. Behin gure ustez dena idatzia genuenean marrazkilari eta itzultzailerarekin elkartu eta hauek egin zuten beraien lana, diseinuaren azken urratsa arte.
Egia esan, lan asko eta ordu ikaragarri pila sartu ditugu lan honetan. Ezin dira lan orduak kontatu. Liburuak irakurri, jolasak aukeratu, zein sartu eta zein ez erabaki (burla edo biolentzizkoak ez ditugu sartu), argazkiak atera eta aukeratu, inkestak egin eta gero jaso ondoren
irakurri eta zerbait berria bazegoen liburuan sartu, adineko jendearekin hitz egin, antzinako jolasak antolatu, jostailuak egin... 2004ko irailean hasi ginen honekin eta inprimategitik 2005 eko abenduaren 30ean atera zen.
200dik gora
Ondorioa 200dik gora jolas eta joko biltzen dituen bilduma dugu. Betiko Jolasak liburua hamar ataletan banatzen da:
- Zozketa jolasak eta formulak
- Antzinako jolasak
- Harrapaketa eta kukuka jolasak
- Soka saltoan, goman, borobilean eta kulunkan aritzeko kantuak eta jolasak
- Jostailu txikiekin aritzeko jolasak.
- Baloia eta pilota jolasak
- Jaurtiketa eta zehaztasun jolasak
- Beste hainbat jolas
- Lasterketa jolasak
- Munduko jolasak
Uste dugu euskaraz soilik egindako betiko jolasen lehen bilduma dela. Gainera munduko jolasen atala ere hor dago. Liburu honetan etnografia lan bat ere egina dago eta jolas askotan jolasaren historia piska bat ere aipatzen da, beraz ez da jolasaren azalpen soila.
Berreskuratze lana
Azken 15-20 urtetan galdu egin da guk orain bildu ditugun jolas askoren informazioa edo jolastea bera, eta horri buelta eman asmoz berreskuratze lana egin dugu. Gure ustez, aipatutako galera horrek azken urte hauetako bizimodu aldaketarekin du zerikusi handia. Ez dago kaleko bizitzarik, honek suposatzen du lagunartea, imajinazioa, soziabilizatzea, eta zenbait balore gehiagoren galtzea.
Honetaz gain, gurasoek ere ez dute haurrekin jolasteko denborarik eta askotan gogorik ere ez. Guraso askok gure garaiko jolasak edo jostailuak seme-alabei ez zaizkiela interesatzen ere pentsatzen dute. Haurrak pikutara bidaliko dituztela edo, baina guk konprobatu dugu hau ez dela horrela. Adin bateko haurrak erabat pozik jartzen dira gurasoak beraiekin jolasten ikusten
badituzte. Guk noizean behin herrian antzinako jolasak antolatzen ditugu eta, egia esan, ikaragarrizko arrakasta izaten dugu. Haurrak, gurasoak eta zenbait aiton-amon ere ikusten dira gurekin jolasean.
Antzinako hainbat jolas ditugu eginak: toka, potea, trainerak, boloak, igela, goitiberak, zinta karrera, aroak, zaku karrerak, txikorta apostuak, eltze haustea, sokatira, kanikak, txapak, txibak... antolatzen ditugu.
Oiartzundik Euskal Herrira
Liburu hau Oiartzunen 3-12 urte bitarteko haurrak dituzten famili bakoitzeko senide txikienari oparitzea eskatu genuen eta halaxe egin da. Honela, ia 800 familietara iritsi da liburua. Honetaz gain herriko irakasle bakoitzak bat jaso du, ea praktikan jartzen duten, eta eskoletako liburutegietan ere utzi ditugu. Liburua euskararen biziberritze planaren barruan sartu da,
guraso eta haurren transmisio kanpainaren barruan.
Haserako asmo horiek bete ondoren, Euskal Herriko beste hainbat lekutatik ere eskaerak jasotzen hasi ginen, gure lanak interesa piztu zuela jabetu ginen eta, horrela, Zabaltzenen bidez hainbat saltokitan eskura daiteke dagoeneko.
(NEKANE MARTIARENA, XABIER SUSPERREGI eta IŅIGO IZARGARAI Betiko Jolasak liburuaren egileak dira)
|