![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Estepan Plazaola Otadui / Irakaskuntza / 2006-03-02 / 07:00
Ahozko hizkeran eta bereziki haur eta gazteen ahozko jardunean zabalduta dauden hainbat akats gramatikal zuzentzeko asmoarekin programa bat sortu eta garatzen ari dira Bergaran: Gehixago eta Hobeto.
Hizkuntza normalizatuetan gurasoak, nagusiak, izaten dira umeen hizkuntza eredu.
Euskararen kasuan askotan ez da hori betetzen; kasu batzuetan nagusiek jakin ere ez dakitelako eta beste batzuetan beren euskara gutxietsi eta ez dutelako eginkizun hori euren gain hartzen.
Eta, are okerrago, gertatu ohi da batzuetan ondo egiten duten guraso edo aitajaun-amandreek umeen akatsak zuzendu beharrean umeen akatsak berenganatzea ere. Nire zorionak dira, Realak ondo jolastu dau, betiko bezala... ez dira ibili izan oraintsu arte gure inguruko euskaldun onen ahotan, baina gaur gutxien uste denak botatzen ditu.
Egoera horretaz kezkaturik, 1998-1999. urte inguruan Bergarako ikastetxeek, Eibarko Berritzeguneak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak herri mailako programa bateratua abian jartzea erabaki zuten: Gehixago eta Hobeto programa.
Programaren bitartez, ahal den neurrian, bergararren ahozko euskara hobetzea lortu nahi da; eta, batez ere, akats ohikoenak zuzentzea. Eta, Bergaran, normalean, ahozko komunikazioan euskalkia erabiltzen denez, programak ere euskalkia du langai.
Programako hartzaile nagusiak haur eta gazteak eta hizkuntza jarraipenean protagonismo handiena duten giza-multzoak dira: gurasoak, irakasleak, entrenatzaileak, astialdiko begiraleak... Beraz, programaren pisu nagusia eskolak hartzen du baina ahalegin berezia egin dugu hizkuntza transmisioan eragin handiena duten beste taldeengana ere iristeko.
Sarreran esan bezala, 1998-1999. urte aldera ekin zitzaion programa honi eta, harrez gero, baliabide ugari erabili izan dira. Jarraian horien azalpen laburra egiten saiatuko gara.
EGITASMOAREN KOMUNIKAZIO OROKORRA
Programan partaide nahi genituen guztiei berri emanez eta beren lankidetza eskatuz eman zitzaion lanari hasiera:
Gurasoei ikastetxeetan ematen zaie programaren gaineko informazioa, ikasturte hasierako bilerak aprobetxatuz. Horretaz aparte, gero azalduko dugun moduan, hiruhilabetero landuko den unitatearen gaineko informazioa bidaltzen zaie.
AKATSAK LANTZEKO BALIABIDEAK
Programaren helburua adieraztean esan dugu, batez ere, akats ohikoenak zuzentzera bideratua dagoela. Zehatzago esanik, esan beharko genuke akats gramatikalak zuzentzera bideratuta dagoela. Akatsok lantzeko baliabideak sortu eta eskaintzen egin dugu, beraz, lanik handiena. Izan da, gainera, nolabaiteko bilakaera bat, hasierako material solteetatik azken urteetako unitate didaktikoetara:
Unitate didaktiko bakoitzean normalean bizpahiru akats landu ohi dira eta, jeneralean, hiruhileko bakoitzerako unitate bat prestatu izan dugu. Akatsok, batzuetan, elkarren artean loturarik ez dutenak izan dira eta beste batzuetan, ikasturte osoko lanketari batasun bat eman guran, gai bat aukeratu (joko eta jolasak, adibidez) eta gai horretako hizkuntza baliabideak eta hizkuntza akatsak landu izan dira.
Arlo guztietako akatsak jorratu dira: aditzari dagozkionak, morfosintaxiazkoak, lexikoarekin lotuak, gaztelaniazko lokailuak erabiltzea...
Adibide gisa, hona hemen jorratutako akatsetako batzuk:
Programaren sorreratik bertatik, Eibarko Berritzeguneak, Bergarako ikastetxeek eta Bergarako Euskara Zerbitzuak osatutako koordinazio-gune bat osatu zen eta une honetan programa hau eta hezkuntza eta euskararekin lotutako beste hainbat gai EBPNren baitan iaz sortu zen Hezkuntzako azpibatzordean lantzen dira. Azpibatzorde horretan, aurrekoez gain, Udaleko Hezkuntza teknikariak eta herriko euskara elkarteko ordezkariak ere hartzen dute parte.
Talde horren bileretan abiatzen da, beraz, ikastunitatea. Hain zuzen ere, unitate didaktikoen langaiak (akats solteak, gai jakinen baten inguruko akatsak...) aukeratzea da lehenengo lana. Eta landuko diren akatsez gain, bultzatuko diren hizkuntza formak ere erabakitzen dira.
Bigarren fase batean, Udaleko Euskara Zerbitzuaren ardura izan ohi da unitatearen behin-behineko proposamena osatzea eta batzordekideei bidaltzea hurrengo bilera aurretik aztertu ahal izateko. Unitatea sortzeko lan hau ere era batean baino gehiagotan bideratu izan da eta azken urteetan AEK-k gauzatu izan du Udalaren enkarguz.
Lehenengo unitate-zirriborroari egokitzat jotzen dituzten proposamenak egiten dizkiote ikastetxeek eta Euskara Zerbitzuak behin betiko proposamena osatu eta behar beste kopia egin eta banatu ohi die ikastetxeei bai paperean eta baita formatu digitalean ere. Tamaina desberdineko unitateak egin izan dira baina, batez beste, 35-40 orrialde ingurukoak izan ohi dira. Ikastunitatea eta dagokion materiala eskuan izanda, ikastetxeen lana hasiko da: normalkuntza arduradunek ikastetxean unitatea aurkeztea, lanketa...
Hurrengo koordinazio-bileran jasoko dira gauzatzean jasotako iritziak eta balorazioak: irakasleek esandakoa, ikasleen harrera...
Edukiari dagokionez, unitate didaktiko guztiek, eduki bertsua izan ohi dute, 3 atalotan labur dezakeguna:
Adin-tarte guztiek ez dute hizkuntzarekiko eta hizkuntzaren jabetzarekiko harreman bera. Beraz, bai adin bakoitzean erabiliko diren zuzenketa estrategiak erabakitzerakoan eta baita horretarako sortuko diren ariketak sortzerakoan ere kontuan hartu beharrekoa da harreman hori. Mugak zehaztea oso zaila bada ere, hona hemen adin-tarte bakoitzaren ezaugarriak (Nora Palmitano, hasierako unitate didaktikoen sortzaileak prestatua):
Horregatik, adin honetan, jasotzen dituzten ereduek dute garrantzia: irakasleen eta gurasoen hizkera, eta erabiltzen duten materiala (ipuinak, jolasak, abestiak...). Honen kalitate eta kantitatea zaindu behar dira, eredu zuzenak eta ugariak maiz, etengabe, eskainiz.
Adin honetan beraz, aurrekoak baztertu gabe, akatsak identifikatu eta zuzentzera bideratutako materiala ere erabili beharko da. Bide egokiak erabiliz etxean duten jarrera berbidera daiteke.
Adin honetan, hausnarketa egiteko gaitasuna dute, beren nortasuna definitzeko saioak egiten dituzte, gizartean eragiten hasten dira. Gazte hauek euskara eta herriko hizkeraren arazoa azter dezakete, zein den akatsen jatorria eta nola zabaltzen diren. Gazteek, ahozkoaren akatsak eta galera herri arazotzat hartuz, horren aurrean beraien rola definitu beharko lukete.
Beste autore batzuk ere nahikoa bat datoz planteamendu honekin. Adibidez, Roy Lister eta Leila Ranta ikerlariek LHko 4. eta 5. mailako umeekin egindako azterketa baten arabera, adin-tarte horretan estrategiarik emankorrenak bost hauek lirateke:
Akatsak lantzeko gune nagusia eskola da. Edozein modutan, eskolaz gain, beste eremu batzuetara ere helarazten dira programako materialak:
Eskola eta etxearekiko lotura hori sendotu eta gurasoen protagonismo hori indartu nahian, hilean behin, herri aldizkariaren gehigarri gisa banatzen da Apatxi aldizkaritxoa, 4 orrikoa, Eskolaurreko eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloetakoei zuzendua. Unitate didaktikoetan aztertu diren edukiak eta beste batzuk lantzen dira bertan, modu ludiko batez: azalpenak, jokoak, ipuina, inkestak, magia jokoak...
Urte bukaeran urtean argitaratutako Apatxi aldizkaritxoaren bilduma egin eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei banatu ohi zaie.
IGORLEEN FORMAZIORAKO BALIABIDEAK
Programa honen barruan garrantzi berezia du, bestalde, haur eta gazteei hizkuntza transmititzen dietenen eredua ona izateak. Hori dela eta, hizkuntza transmititzaile horiek formatzeko bideak eskaintzen saiatzen gara eta, horretarako, orain arte, honako bideak erabili izan ditugu:
Programarekin zer ikusia duten giza-multzo guztientzako ikastaroak antolatu izan ditugu:
![]() |
| Liburua HEMEN eskura dezakezu |
Adin-tarte bakoitzerako zuzenketa-estrategiak aztertzerakoan (3.2.1.d. atala) komentatu dugu nerabezarotik aurrera garrantzitsua dela akatsaren beraren azalpen argia izatea.
Unitate didaktikoak sortzen joan garen heinean akats askoren azalpenak gertatu izan dira eta azalpenok eta akatsok lantzeko hainbat ariketarekin Ahozko Jarduna Hobetzeko Proposamenak liburua osatu eta Badiharduguk argitaratu zuen (Liburua HEMEN eskura dezakezu).
Ezeren aurretik esan dezagun Gehixago eta Hobeto programa honen langaia (hizkuntza kalitatearena) gai korapilotsua dela hainbat arrazoigatik:
Gehixago eta Hobeto programan nagusiki gaitasun gramatikala hartu dugu langai: hizkuntza zuzentasuna eta hizkuntza akatsa. Gure ume eta gazteek euskara bizia, euskara malgua, azkarra... erabiltzeko gai izan daitezen zenbait akats zuzentzea baino askoz gehiago behar dute.
Bestalde, guk lantzen ditugun akatsak ere ez dira guztiak maila berekoak. Nire urtebetetzea edo nire eguna-ren ordez nire zorionak erabiltzeak ez dio, gure ustez, euskarari ezelako ekarpenik egiten. Gaztelaniatik jasotako zenbait lokailu (eske, adibidez) edo euskararen baitako bilakaeratik sortutako beste egitura batzuk (kristoren ona) lagunarteko erregistroan onartu beharrekoak izan litezke, ostera.
Beraz, behar-beharrezkoa dugu adostea zer zuzendu eta zer ez, "zuzentzaileok" koherentziaz jokatzeko.
Hiperzuzenketarako arriskua ere badugu. Hainbat urtetan baztertu egin izan da eta gaur ere askorentzat ez da zuzena, esaterako, zergatik lokailu gisa erabiltzea, nahiz eta adinekoetan oso normalak diren hau bezalako esaldiak: Etzaittez biar etorri, zegaittik eze biar illan azkena da ta jente asko egongo da. Gaur Euskaltzaindiaren gramatikan ere onargarritzat jotzen da.
Bestalde, ez dugu ahaztu behar hizkuntzaren helburua komunikatzea dela eta proposatzen ditugun irtenbideak komunikazio aldetik egokiak, bideragarriak, arrakasta izateko modukoak, izan behar dutela. Euskaraz aurreko lokailuen gabezia dugu. Horregatik sartu zaizkigu eske, yake, osea, incluso... Askotan ez da batere erraza horien ordain bideragarriak bultzatzea.
Bestalde, gure indarrak bereziki eredu onak ematen eta alderdi positiboak nabarmentzen jarri beharko ditugu: ondo esanak baloratu eta errefortzatzen.
LORPENAK ETA HOBETU BEHARREKOAK
Beraz, balorazio orokor bat eginez, guk ondorengo lorpenak eta hobetu beharrekoaak aipatuko genituzke:
(ESTEPAN PLAZAOLA OTADUI Bergarako Udalaren Euskara Zerbitzuaren arduraduna da)
![]() | Inprimatu |
Erramun Gerrikagoitia / 2006-03-02 / 01:19
Zer dauka txarto eta zer da zuzendu behar dena an esaldia: praka gorrixak jantzi biot?
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)