Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Bai Euskarari ziurtagiridunentzat aitortza ekitaldi nagusia

Bai Euskarari ziurtagiridunentzat aitortza ekitaldi nagusia

2006-03-01 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   BESTELAKOAK

Gaur, martxoaren lehenengo egunean, Bai Euskarari Ziurtagiria lortuta daukaten guztiei aitortza ekitaldi nagusia egingo die Kontseiluak.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren urteko ekitaldi nagusia martxoaren 1ean izango da Donostiako Kursaal aretoan. Aurten ere Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak aitortza berezia egin nahi die Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten 1.190 enpresa, saltoki eta bestelako entitateei. “2006ko ekitaldi nagusian ziurtagiria lortu dutenak izango dira protagonista, haien ahalegina baita euskarak behar duen bultzada”, adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek. Era berean, idazkari nagusiak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du: “entitateen ahalegina jendaurrean aitortu nahi dugu”.

Nestor Basterretxearen artelana

Ekitaldi nagusian instituzioetako eta gizarte arlo askotako ordezkariak izango dira. Halere, arreta guztia Bai Euskarari Ziurtagiria jaso dutenentzat izango da. Kontseiluko Zuzendaritzak ziurtagiridunei Nestor Basterretxearen artelan baten lamina banatuko die. "Iparralde-Hegoalde" da Nestor Basterretxea artistak espresuki prestatutako lanaren izena. “Iparralde eta Hegoaldean euskararen presentzia areagotu behar dugula ondo dakite Bai Euskarari Ziurtagiriarekin konprometitzen direnek”, azaldu du Mendigurenek.

Nazioarteko gonbidatua

Aurten, hizlari gisa, gonbidatu berezia ekarriko du Kontseiluak Felix Martí, Linguapaxeko Nazioarteko Batzordearen lehendakaria eta UNESCOren Kataluniako zuzendari ohia. Felix Martík elkarteek egiten duten lanaren garrantzia azpimarratuko du, izan ere, eremu sozio-ekonomikoan bidea egiten dutela aipatu du. Gainera, Bai Euskarari Ziurtagiria euskararen normalizazioan aurrera egiteko tresna egokia dela azalduko du Felix Martík.

Publizitate kanpaina aurkeztu

Kursaalean egingo den ekitaldian bertan, Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriaren publizitate kanpaina aurkeztuko du. “Aurten iragarkiaren helburua emandako pausoa aitortzea da eta Bai Euskarari Ziurtagiria aintzat hartzeko deia da”. Izan ere, kanpainaren leloa ‘aintzat hartu’ da.

Elena Irureta aktore da publizitate kanpainaren irudia. Euskal Herrian euskarazko filmak eta telesailak egiteagatik ezaguna da, besteak beste, azkenetako duen ‘Aupa Etxebeste!’ euskarazko pelikulagatik. “Gertutasuna erakusten du Elena Iruretak, euskarak duen hurbiltasuna, alegia”, aditzera eman du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Publizitate kanpaina zabaltzeko Kontseiluak Euskal Herriko komunikabideen laguntza izango du. “Hedabideei eskerrak eman nahi dizkiegu Bai Euskarari Ziurtagiria sustatzeagatik”, eskertu du Xabier Mendigurenek.

Ziurtagiridunen ugalketa

Bestetik, Kontseiluak aurten Bai Euskarari Ziurtagiriak izandako hazkundea aipatu du. Jada 1190 Bai Euskarari Ziurtagiri banatu dira, hau da, 2005ean %43ko hazkundea izan du. “Bai Euskarari Ziurtagiria orain dela bost urte eta erdi sortu zuen Kontseiluak eta garapen egokia izaten ari da”, aitortu du ziurtagiraren arduradunak, Rober Gutierrezek. Gainera, maila goreneko ziurtagiria hedatuz doala aipatu du: “ Dagoeneko ‘Guk zerbitzua eta lana euskaraz’ maila ehun enpresek lortu dute”.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com