|
Euskararen soroan gaur erein behar da biharko uzta jaso ahal izateko. Euskararen ondorengoetaratzean familia bidezko transmisioa ezinbestekoa da. Arlo hori jorratzeko ekimenen artean tresna berriak izango dituzte aurrerantzean Debagoienan, bertako Mankomunitateak sustatuta: haurrentzako kantu eta jolasekin osatutako DVDa eta gurasoentzako aholkuak jasotzen dituen liburuxka.
Kantu eta Jolasak DVDak, umeentzat zein gurasoentzat izango den argitalpena, kaxa barruan bi liburuxka dauzka, DVD beraz gain. Liburuxka bat grabazioan jasota dauden jolas eta kantuen gaineko informazioarekin osatu da. Bestea, ordea, espreski gurasoei bideratutako liburuxka da. Ele bitan, Biharko euskara gaur-Su futuro euskara desde hoy argitalpenean hizkuntzarekin lotutako aholkuak jaso dira.
Proiektuaren nondik norakoak
Ondorengoetaratzean eragiteko, garrantzitsua eta ezinbestekoa da haurrak jaiotzen denetik euskararen iturritik edatea. Hau kontuan hartuta, haur jaioberriak dituzten gurasoentzat Zorionak! deitutako material bilduma banatu izan dugu orain arte eta aurrerantzean ere banatzen jarraituko dugu. Aipatutako material sorta honako elementuek osatzen dute:
- zorion gutuna (hizkuntzaren garrantzia azpimarratuz eta herriko oinarrizko datu soziolingustikoak emanez)
- gurasoentzako aholkuak biltzen dituen eskuorria
- umeekin erabiltzen diren hitz goxoen zerrenda
- kantuen CDa
- autoan jartzeko pegatina
Oraingo honetan, berriz, Debagoieneko Mankomunitateak argitaratu berri duen produktua, Kantu eta jolasak alegia, 5-8 urte bitarteko haurrei eta beraien gurasoei zuzenduta dago, eta jaioberriekin egiten den lanari jarraipena eman eta berau osatzeko bideratu dugu.
Ikastetxe eta aisialdi taldeak
Adin tarte honetan dauden haurrak modu naturalean euskaraz hezi, erlazionatu, eta jolastu dezaten, lagungarriak izango diren hainbat aholku eta jolasteko abestien DVDa beraien eskura jartzea izan da helburua.
Material hau Debagoieneko ikastetxe guztietan banatuko da, 4, 5, 6, 7 eta 8 urteko haurren artean, eta datorren ikasturte hasieran orduan 4 urte dituztenei banatuko diegu. Aurrera begira ere hala jarraitzeko asmoa daukagu. Urte pare batean 3.100 sorta banatuko dugu. Eskoletan ez ezik, gure herrietako aisialdi taldeen esku ere jarri dugu sorta hau.
Edukiei buruz
Ondoren datozenak gurasoentzako aholku liburuxkan zein kantu eta jolasen DVDan jasotakoen xehetasunak dira:
- Biharko euskara gaur-Su futuro euskara desde hoy liburuxka
Biharko euskara gaur-Su futuro euskara desde hoy izeneko liburuxkan 4-8 urteko haurrak dituzten gurasoentzako hizkuntzaren inguruko aholkuak jaso ditugu.
Kike Amonarriz filologo eta soziolinguista da egilea. Lan hau espreski gure proiekturako egindakoa da, guk hala eskatu eta berak egin. Liburuxka euskaraz eta gaztelaniaz dago, baina ez dira bata bestearen itzulpenak.
Biharko euskara gaur izeneko atalean, guraso euskaldunentzako aholkuak azaltzen dira. Guraso euskaldunek hizkuntzaren inguruan izaten dituzten zalantzak argitu nahi izan dira eta horretarako jokabide egokienak azpimarratzen dira.
Su futuro euskara desde hoy, berriz, guraso erdaldunei dago zuzendua: euskaraz jakin gabe haurrari hizkuntza lantzen nola lagun diezaioketen, eskolako lanekin nola lagundu... azaltzen dira bertan.
Guraso mistoentzako ere (bietako batek euskaraz jakin eta besteak berriz ez) aholkuak eskaintzen dira etxeko eta familiako hizkuntzaren inguruan.
- Kantu eta Jolasak DVDa
DVD honen helburua gurasoei umeekin euskaraz jolasteko aukera eskaintzea da. Normalean gaur egun adin horretako umeak dituzten gurasoek, nahiz eta euskaldunak izan, jolas eta abesti gehiago ezagutzen dituzte gaztelaniaz, eta gabezia horri aurre egiteko aukera eskaini ahal izateko egin dugu DVDa. Abestiak, laburrak direnez, guraso erdaldunek ere ez dute zailtasun handirik izango hauek ikasteko.
Edukiari dagokionez, 4-8 urteko haurrentzako aproposak diren 21 abesti aukeratu ditugu. Aukeraketan gure eskoletako adituek ere parte hartu dute. Kasu gehienetan eskoletan jolastu eta kantatzen diren jolasak dira, hala ere badago kantu eta jolas zaharren bat ere.
Abestiak bost talde edo multzo nagusitan banatu ditugu:
- zotz egitekoak
- soka saltokoak
- erritmo jolasak
- esku-jolasak
- gomarako jolasak
DVDan ere horrela daude jasota abestiak. DVDa martxan jartzean menu nagusian bost multzo hauek azaltzen dira. Zein multzo ikusi nahi den aukeratzen denean, bertan dauden abestiak azaltzen dira eta ikusi nahi dena aukeratu behar da. Abestia bukatzen denean, talde horretako hurrengo abestiarekin jarraitu edo menu nagusira itzultzeko aukera dago.
Aipatu beharra dago, kasu batzuetan premiazkoa iruditu zaigula jolasa bera nola den azaltzea. Kasu hauetan grabatutako irudiak zuri-beltzean ikusten diren bitartean ahots batek off-ean azaltzen du nola jolastu behar den eta azalpena bukatu ondoren jolasa hasten da. Azalpenik behar ez denean berriz, abestia aukeratzen den momentuan jolasa ikusten da. Abestien letrak DVDan bertan daude jasota, diptiko batean.
Grabazioetan bailarako herrietako ikastetxe guztiek hartu dute parte. Aukeratutako abesti bakoitza ikastetxe batek landu du eta ondoren grabazioak egin dira ikastetxe bakoitzak aukeratutako lekuan. Grabazioetan parte hartu duten haurrak 5-9 urte bitartekoak dira eta abesti bakoitzean 15 bat haurrek parte hartu du. Grabazio gehienak eskolatik kanpo egin dira, eskolek hala egoki ikusi dute eta. Irakasleen balorazioa positiboa izan da esperientzia honen inguruan.
Proiektu hau osatuz joango garen zerbait da. Aurrera begira batez ere gurasoentzako aholkuetan eragin nahi dugu eta gure herrietan gaia sakontzeko gurasoentzako hitzalditxoak antolatzeko asmoa ere badaukagu.
(AMAIA AXPE AXPE Debagoiena Mankomunitatearen euskara arduraduna da)
|