Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ospitalean ere lehen hitza euskaraz

erabili.com / Herri-administrazioa / 2006-02-21 / 07:00


Donostia Ospitalera inguratzen diren euskaldun guztiei mezua zabaldu nahi die bertako Euskara Batzordeak: ospitalean ere euskaraz hitz egin; ospitalean ere lehen hitza euskaraz.



2004ko otsailean, orain dela bi urte alegia, sortu zen Donostia Ospitalean euskararen inguruko egitura organikoa. Gaur egun, euskararen inguruko lanak bi talderen artean banatzen dituzte. Alde batetik, Osakidetzaren Euskara Planaren inguruan lanean ari den taldea dago, eta bestetik, berriz, ospitalean bertan euskararen erabilera sustatzeko kanpainak eta era askotako ekimenak antolatu eta bultzatzeaz arduratzen den batzordea.

Alkateentzako gutuna

Iaz ekindakoari jarraipena emanez, Donostia Ospitaleko Euskara Batzordeak aurten ere euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina abian jarri du. Ospitalean ere lehen hitza euskaraz da aukeratu duten leloa, eta helburuen artean, berriz, bat nabarmendu dute kanpainaren arduradunek: ospitaleko gaixoak eta beraien senitartekoak bertan euskaraz hitz egitera bultzatzea.

Helburu hori gauzatu asmoz, eta Donostia Ospitalera arrazoi bat edo bestea dela medio gerturatu daitezkeen herritar guztiengana iritsi nahian, ospitaleko Euskara Batzordeak gutun bat eta kanpainaren zabalkunderako prestatu duen materiala bidali dizkie Gipuzkoako udalerri guztietako alkateei, kanpaina ahalik eta gipuzkoar gehienengana helarazteko.

Aukera ahalbideratu

Udalen laguntza eskatzen dute Ospitalean ere lehen hitza euskaraz kanpainaren sustatzaileek, udalerri bakoitzean bertako hedabide edo zerbitzuen bidez kanpainari zabalkundea eman diezaioten, eta herritarrek Donostia Ospitalera joandakoan euskaraz egiteko aukera kontutan har dezaten.

Euskara Batzordeak alkateei igorritako gutunean azaltzen duenez, "Jakin badakigu, medikuntzak eta ospitaleak irudia hobetu behar dutela eta oraingoz ezin dugula zerbitzu erabat elebiduna eskaini, baina bideari ekin diogu. Horrela, bada, kanpaina honen helburua euskaraz mintzatu nahi duten langileek, pazienteek eta senitartekoek horretarako aukera izan dezaten ahalbidetzea da".

Bereizgarridun langileak

Erabateko elebitasunetik urrun dago oraindik Donostia Ospitalea eta oro har Osakidetzaren zerbitzuak hala daude, eta hori argi daukate Euskara Batzordean, egoera horri buelta eman ahal izateko aurrerapausoak ematen ari direla bezalaxe.

Lehen hitza euskaraz egitera animatzen diren erabiltzaileak ere, askotan jaso ohi duten erdarazko erantzunak atzeratu egin ditzake hurrengo batean euskararen hautua egiterakoan, ospitaleko langileen artean elebakarrak direnak dezente direlako oraindik. Halere, euskaraz dakitenak ere gero eta gehiago dira, eta horri etekina ateratzea pentsatu dute kanpainaren sustatzaileek gaixo eta bisitarien aldetik ere euskararen erabilera bultzatu eta errazteko. Horrela, ospitaleko langile euskaldunen artean bereizgarri bat zabaldu dute, pin erakoa, identifikazio zeinu gisa. Ekimen horrekin, kanpotik ospitalera datozenen aurrean ez ezik, ospitale barruko langileen artean ere bultzatu egin nahi da lehen hitza euskaraz egitearen aldeko apustua.

Inprimatu


Erantzunak


Hori bezain erraz

JJ Agirre / 2006-02-23 / 11:07

Hori bezain erraz. Horren mezu garbi, kargarik gabekoa eta erakargarriaren bidez. Ez da asko gehiago behar. Ikur hori bistan, euskaldunok ez dugu apustutan ibili beharrik: jakingo du? Ez du jakingo? Ez badaki erantzun txarra emango al dit? Euskaraz egiten badut Bin Laden-en taldekotzat joko naute? Jagi-Jagikoa naizela uste izango dute?

EAEko administrazio orokorrean ere eman ahal izango da ba antzeko urratsik; inbertsio handirik ez du eskatzen, inor ezertara ez du behartzen, eta etxeotara sartzen diren euskaldunek pentsatu ahal izango dute, aldi batez baino ez bada ere, erdaldunak bezain hiritar errespetagarriak direla, edo lehen mailako hiritartzat jotzen ditugula guk, administraziootako euskaldunok behintzat.

Igoal bereago, hurrekoago ere somatu ahal izango dute, ustez eurena den administrazio "publikoa".

Nago, III. Plangintzaldia bukatu orduko, antzerako zeozer abian jar daitekeela hemen ere.

Hala bedi.


(JONJO AGIRRE MARTÍNEZ euskara teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)


Txanponak beti bi alde

Jon Artola Artano / 2006-02-23 / 17:27

Txanponak beti bi alde.

Eta hori guztia, “erdarazko erantzunak atzeratu egin ditzakeelako hurrengo batean euskararen hautua egiterakoan”? orain arte “euskaldunok apustutan ibili behar izan dugulako”?........... hau da, EUSKALDUNON KONPLEXUENGATIK? EZ AL DAGO ARAZOA NEURRI BATEAN GUGAN? (elebakarrak beraiek direla kontutan hartuta, noski).

Bizi dezagun euskara NATURALTASUNEZ, egin dezagun beti lehen hitza euskaraz, esango dutenaren beldurrik gabe. NATURAL. Kontura daitezela euskaraz bizi garen (nahi dugun) jende asko gaudela.

Euskara naturaltasunik gabe erabiltzen dugulako sortu behar al ditugu “pingabeak”? Bereizketa al da euskararen erabilera bultzatzeko biderik egokiena?

A! eta orduan zer, erdaldunei lehen hitza erdaraz?

(“Yo, que sabeis, soy un maverick” zioen Oteizak.)


Euskaldun gehienak akonplexatuta

Jonjo Agirre / 2006-02-24 / 09:38

> Arrazoirik ez zaizu falta, baina errealitatea horixe da, hain zuzen, euskaldun gehienak akonplexatuta daudela, gaudela..., oraindik ere.

> Errealitatea da jendea lehen hitza euskaraz egiteko beldur dela, batez ere, nire ustez, ez dakizulako zein erantzun jasoko duzun aurreko horrek euskaraz ez badaki. Askotan erantzun zakarra jasotzen baita, eta esperientziaz diot hori, ni neu lehen hitza euskaraz egiten duten horietakoa bainaiz, eta segun eta non (tabernan adibidez) hurrengoak ere bai, tabernako elkarrizketak ulertzeko (ardo bat, kafesne bat, zenbat da?, eta abar) borondatea besterik ez baita behar.

> Baina errealitatea da herri asimilatua garela, akulturizatua maila handi batean eta hortik abiatuta beharra dugula, diskurtsoak diskurtso eta mozorroak mozorro; eta errealitatea da hipokresiak inguratzen gaituela, eta lotsak eta beldurrak, oro har; batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago, diskurtsoaren ozena zein den ere.

> Horregatik iruditzen zait ona ospitaleko ekimena; euskaldun askok oraindik ere makulua (batzuek biak) behar duelako kalean ere, euskaldun jokatzeko.

Gehiago ere, esango dizut. Ikurra bera jartzeko ausardia falta zaio asko eta askori, han hemenka. Dugun errealitatetik abiatzea beste erremediorik ez dugulako, horrelakoak eta beste hamaika egin beharko ditugu.


(JONJO AGIRRE MARTÍNEZ euskara teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)


Irtenbideak

Jon Artola Artano / 2006-02-24 / 17:46

Nire ustez egokiagoa litzateke ondoko hau (adibidez):

Guzti hauek edonork onartuko lituzkeen kontuak direlakoan nago. Era honetan, nahi lukeenak lehen hitza euskaraz egingo luke eta ospitaleko langileak ere jakingo balu, bien, ta sino también (eta ez da ezertxo ere pasatzen).

Bestelako soluzio gehiago ere egon litezke…

Ez dakit, baina niri, jendeak ikurrak emate horrek, jendea “markatze” horrek, ez dit grazia handiegirik egiten.


Hamaika bereizgarri

Igor Murua / 2006-03-02 / 16:31

Ez dakit ze pega ikusten diozun markatze kontuari. Ikusi bestela zenbat marka erabiltzen ditugun: minbiziaren aurkako pultserak, kolore guztietako lazoak, mila aldarrikapeneko kamisetak...eta zenbat lekutan on parle francaise edo english spoken? Euskarazko zeinu bereizgarriak plantetatzen diren bakoitzean agertzen dira kexu edo beldurrak, beti ere pentsatuz euskaldun ez direnek zer pentsatu edo zer esango duten. Azken finean, nahi duenak emango du pin edo dena delako hori, ala?


Igor Murua Mujika


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1140425820