Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ikasbil: euskara ikasteko ikas-baliabideen bilgunea

Kultura Saila - Eusko Jaurlaritza / Irakaskuntza / 2006-02-16 / 07:00


Euskara ikasleentzat www.ikasbil.net ikas-baliabideen bilgunea jarri du amaraunean Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako (HABE) erakundeak: 3.352 idazki, 2.382 entzungai, 1.988 bideo-pasarte eta 263 ariketa. Daudenez gain, etengabe sartuko dituzte eduki didaktiko gehiago.



Euskara ikasteko baliabideak toki bakar batean bildu

Euskara ikasteko baliabideak toki bakar batean bildu

HABEk berriki www.ikasbil.net proiektua garatu eta martxan jarri du, bi helbururekin. Batetik orain arte sakabanaturik zeuden euskara-ikasleentzako zerbitzuak amarauneko toki bakar batera biltzeko, eta, bestetik, euskaltegi eta ikasleei baliabide egokiz hornitzeko, bitarteko arin eta dinamikoagoa eskainiz.

Atari berri honetan, euskara-ikasleak ikas-baliabide ugari aurkituko ditu, bilatzaile eraginkor baten bidez bere beharren arabera aise eskuratzeko modukoak.

Une honetan 8.000 eduki didaktikotik gora daude atarian (idatziak, entzungaiak, bideoak, ariketak, sekuentziak…), denak irizpide didaktikoz katalogatuak (euskara-maila, helburu didaktikoa…) eta on-line egiteko moduan jarriak, doan beti ere.

Honezaz gain, euskara-ikasleak bere ikas-prozesuan biziki baliagarri izango zaizkion bestelako baliabideak ere aurkituko ditu, HABEk berak sortu edo bideratuak, eta baita euskara-ikasleen komunitateak berak sortuak ere, hala nola, irrati-nobelak, denbora-pasak, ipuinak…

Euskara ikaslearentzat informazio iturri

Atari honek, halaber, informatu egingo du: euskaltegien eskaintza, deialdien ezaugarriak, matrikulazio epeak… Eta euskarazko kultur emanaldi eta ekintzen berri ere emango du atariak, euskara-ikasleak bere beharrak direnak direla erabateko zerbitzua jaso dezan.

Datozen lerro hauetan zerbitzu honek dakartzan berritasun eta abantaila nagusienak azalduko ditugu.

Euskara-ikaslearen beharrei erantzunez

Durangoko azokara joan ziren bisitariek Ikasbil estreinakoz ikusteko aukera izan zuten, behin-behineko hezurduraz eta edukiz han aurkeztu baitzen. Geroztik, ordea, behar bezalako aurkezpen eta adierazpenak egin dira euskara ikasi nahi duen orok sarean berealdiko tresna aberatsa eskura duela jakinarazteko. Ikasbilek izandako harrera onaren erakusle, bi datu: egunero 1.000 kontsulta ditu dokutekak, eta 200 ariketen txokoak.

www.ikasbil.net HABEren web bidezko hainbat zerbitzu bideratzeko gunea da. www.habe.org gunearen adar bat izango da eta euskara-ikasleari eta baita irakasleari ere ikas-materialak, baliabide multimedia ugari eta informazio eguneratua eskaintzea du helburu, eta, hartara, euskara-ikasleek osatzen duten komunitatearen atari nagusi bihurtu.

Atari honen hezurdurak eta mamiak euskara-ikaslearen beharrei erantzun nahi die, eta oro har zerbitzu didaktikoa eskainiko du. www.ikasbil.net, jarraian azalduko dugun bezala, hiru ataletan oinarritzen da:

Ikas-materialak on-line:

Baliabideak

Ikas-baliabideen sarbidean, argitalpen atala (HABEk argitara eman dituen ikas-materialak pdf formatuan), hizkuntza arauak (deklinabide, aditz laguntzailea, Euskaltzaindiaren arauak eta beste hainbat gramatika-eduki), euskara hobetzen saila (euskara hobetzeko zenbait molderen gaineko azalpen eta argibideak) eta euskalkiak (Euskal Herrian barrena jasotako euskalki-laginak entzun eta ezaugarri nagusienak irakurtzeko moduan jarriak) aurkituko ditugu.

Hurbildu atalak, berriz, izenak dioen bezala, euskarara hurbiltzen denari oso oinarrizko hainbat baliabide eskura jartzea du helburu. Horretarako prestatu dira Esaldiz esaldi bilduma (gaika antolatutako oso oinarrizko esapideak irakurtzeko eta entzuteko moduan jarriak, gainera beste hizkuntzatan itzulpena dutela); edota Hasi hizketan saila (kasu honetan, oinarrizko elkarrizketak dira bildu direnak).

Edonola ere, ohiko galderak edo irakasleari galdetu sarbideak ere ikasleak eskura ditu. Baliabide nagusi dira, era berean, HABE Liburutegiko sarbidea eta Hemeroteka, non HABE Aldizkariko, HABEKOMIKeko eta Unesco Albistariko edukiak aurki daitezkeen.

Aisialdirako eskaintza ugaria du www.ikasbil.net atariak. Euskara-ikasleari Ikaslearen gunean eskaintzen zitzaizkion euskara erabili edota gozatzeko eduki guztiak hona ekarri ditugu itxuraldatuta eta beste modu batera antolatuta. Hemen daude, beraz, irrati-nobelak, denbora-pasak, kantu-kantari, ipuinak, txisteak, errezetak, trikimailuak…

Informazioa

Atari honen beste helburuetako bat euskara-ikasle eta irakasleek osatzen duten komunitatea informatzea ere bada. Beraz, hemen agertuko dira euskaltegien eskaintzak, deialdien ezaugarriak, matrikulazio epeak… Eta euskarazko kultur emanaldi eta ekintzen berri ere emango du atariak, euskara-ikasleak, bere beharrak direnak direla, erabateko zerbitzua jaso dezan. Hauek guztiak bista-bistan dauden berriak eta agenda ataletan bilduko dira.

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1140014964