Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Herrizaingo Sailak ez du euskara zaintzen

Itxaso Ferreras - Kontseilua / Herri-administrazioa / 2006-02-15 / 07:00


Herrizaingo Sailak 2006an Ertzaintzan 370 plaza betetzeko egin duen lan deialdian derrigorrezko hizkuntza eskakizuna (1. mailari dagokiona) lanpostuen % 30ean bakarrik eskatu du. Oinarri-oinarrizko euskara jakitea hain lanpostu gutxitan eskatuta, herritar euskaldunei aho-idatziz zerbitzua euskaraz emateko aukerak nabarmen murrizten dira eta herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzeko arriskua erabatekoa bihurtzen da.



Behatokiaren aldarrikapena

Behatokiaren aldarrikapena

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2006ko Herrizaingo Sailak argitaratutako lan deialdiri buruzko iritzia agertu du. Behatokiko zuzendariak, Paul Bilbaok, eta kudeatzaileak, Arantza Haranburuk, lan deialdi horren ondorioz hizkuntza-eskubideak urratzeko aukerak zabaltzen direla aldarrikatu dute, ez baita beharrezkoa den hizkuntza-eskakizuna betetzen.

Lan deialdi horretan Ertzaintzan 370 plaza betetzeko oposizio bidezko lehiaketa egin da eta horietatik %29,73ak besterik ez du betetzen derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna, hain zuzen ere, lehen hizkuntza-eskakizuna.

Plangintzaren arabera, 2008rako lanpostuen %40an euskara jakin behar da

Behatokiko zuzendariak gogorarazi du 1998an onartu zen Ertzaintzaren hizkuntza-normalizaziorako dekretuaren arabera, 2008 baino lehen, lanpostuen %40,74k euskararen derrigorrezko ezagutza izan beharko duela. "Eskuartean ditugun datuen arabera, egun %26ak bakarrik du egiaztatua lehen hizkuntza-eskakizuna", azaldu du.

Zortzi urte igaro ondoren, 2. hizkuntza-eskakizuna arautu gabe

Horretaz gain, Ertzaintzaren euskara erabilera normalizatzeko dekretuan bi hizkuntza-eskakizun jaso ziren, baina zortzi urte pasatu eta gero, oraindik ez da bigarren hizkuntza-eskakizuna zehaztu, eta ondorioz lanpostu batek ere ez du gaitasun maila hori. Plangintza amaitu aurretik zehaztu behar ziren lanpostu horiek. "Azken unera arte ez ote dute zehaztuko?", galdetu du Behatokiko zuzendariak, Paul Bilbaok. Behatokiaren arabera, jauzi eskerga egin beharko luke Herrizaingo Sailak plangintzan ezarritakoa epe horretan betetzeko. Paul Bilbao kezkatuta azaldu da plangintzaldia amaituta ez ote den gertatuko Administrazio Orokorrarekin bezala, eta derrigortasuna duten lanpostuen eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatua duten langileen artean. "Hau da, derrigortasuna duten lanpostuak hizkuntza-maila egokia ez duten langileek betetzea".

Hizkuntza-eskubideen beltzune

Behatokiak urteotan egindako diagnosietan Ertzaintza izan dela beltzune handienetakoa gogorarazi du zuzendariak. "Azken urteotan hainbat kasu larri bideratu behar izan dugu ertzainekin euskara erabili nahi eta ezin izan duten herritarrei buruz". Kasu horietatik askotan ‘tratu zakarra’ ere pairatu behar izan dutela azaldu du Paul Bilbaok: "Hor dugu adibidez footing egitera irten eta ertzainei euskaraz egiteagatik komisaldegian amaitu zuen herritarra".

Elebakarrekin eskubide urraketarako arriskua handiagoa

Bestalde, gogoratu dute edozein hizkuntzatan zerbitzua emateko gaitasuna duen langile bakarra langile elebiduna dela. Beraz, herritarrak edozein hizkuntza aukeratzen duela ere, langile elebidunak bakarrik erantzun ahal izango dio hizkuntza horretan. "Hortaz, langile elebakarrak kontrataturik, hizkuntza-eskubideak urratzeko aukerak zabalduko dituzte", azpimarratu du Behatokiko zuzendariak..

Euskara ez dakienarekin ezin erabili

Bukatzeko, Behatokiko zuzendariak euskaldunari euskara erabiltzeko egiten zaizkion deiei buruz gogoeta hau plazaratu du: "euskara erabiltzeko eskatzen zaigu euskaldunoi, nola erabiliko dugu zerbitzua eman behar diguten langileei hizkuntza-gaitasun egokia eskatzen ez bazaie? Nola erabiliko dugu euskara, horrek tratu zakarra, irainak etab. eragingo badizkigu?".

(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1139922871