|
Erabili.com-ek irakurle edo bisiten marka berria ezarri du 2006ko lehen hilabetean. 2005eko urrian hileko 30.000 irakurleren muga gainditu ostean, joan den urtarrilean 43.000ra iritsi da gure webgunea, eta jauzi handia eginez gainera, hilabete bakarrean 9.000 irakurle gehiago bereganatu baititu.
Orain arteko jauzirik handiena
Orain arteko jauzirik handiena
2005eko abendutik 2006ko urtarrilera ezagutu dugun irakurle gorakada gure hiru urte eskaseko ibilbidean (2003ko apirilean sortu zen erabili.com) izandako jauzirik handiena izan da.
Joan den 2005eko abenduan 34.000 irakurle izan zituen erabili.com-ek, eta amaitu berri den 2006ko urtarrilean, berriz, 43.000ra iritsi da. 9.000 irakurle edo bisita gehiago izan ditu beraz webguneak, hilabete batetik bestera. Orain arteko ibilbidean batez beste hilero 1.000 irakurle
irabazi izan ditugula kontuan hartuta, ez da ez batere marka txarra.
1.350 batez beste
2006ko lehen hilabete horretan batez besteko irakurle kopurua eguneko 1.385ekoa izan da. Erabili.com-ek erabiltzaile gehien erakarri zituen eguna, berriz, urtarrilaren 16a izan zen. Egun horretan 1.905 bisita izan zituen webguneak.
4.600 orrialde baino gehiago
Irakurle kopuruarekin bat egin du gora, era berean, bisitaturiko orrialdeen kopuruak ere. 2006ko urtarrilean guztira 150.071 orrialde ikusi dituzte webgunean sartu diren irakurleek, eguneko 4.841 orrialde, batez beste.
Asteburuetan ere gora
Erabili.com gehiago irakurtzen da astegunetan asteburuetan baino. Astelehenetik ostiralera bitarteko egunetan jasotzen ditugun bisiten batez besteko kopurua 1.500ekoa da. Irakurle gehien batzen dituen ordua, berriz, eguerdiko 12:00ak dira.
Asteburuetan behera egin ohi du kopuru horrek. Baina 2006ko lehen hilabeteak larunbat eta igandeei dagokienez ere markak hausteko balio izan du. Orain arte asteburuetan 700-800 irakurle artean bazebilen, joan den urtarrileko asteburuetako irakurleen batez bestekoak lehen aldiz gainditu du erabili.com-en 1.000 irakurleren marka.
Herri Potter?
Interneteko bilatzaileak baliatuz erabili.com-era iristen diren irakurleak asko dira. Google erabiliz, esate baterako, 10.000 lagun sartu ziren 2006ko urtarrilean erabili.com-en. Bilatzaile beraren bidez, baina irudiak arakatzeko zerbitzua erabiliz, 2.000 lagun iritsi dira erabili.com-era.
"Erabili", "euskara" edota "erabili.com" bezalako sarrerak dira bilatzaileetan gure webgunera iristeko erabili izan dituzten ohikoenak. Badira, ordea, bitxikeriak ere. Horrela, ez dira gutxi izan erabili.com bisitatu dutenak, "herri potter" sarreraren bidez. Magia kontua edo...
Iturriaren iturri
Irakurle kopuruak gora egitea beti izango da seinale ona, eta erabili.com-en euskararen normalizazioaren bueltan argitaratzen ditugun artikuluek gero eta oihartzun handiagoa dutenaren adierazgarri ere bai.
Erabili.com albiste iturri eta elikatzaile ere bada, gainera, hainbat kasutan. Esaterako, Europa Press agentziak eskaintzen duen albisteen zerbitzuak behin baino gehiagotan jaso ditu erabili.com-en argitaratutako artikuluak. Adibide gisa, eta 2006ko urtarrilean izandako berrikuntzetaz ari garela, hona hemen gurean plazaratu ostean Europa Pressek bere teletipoen bidez komunikabide guztietara zabaldu dituen berriak:
Bost irakurrienak
Jarraian doazenak dira 2006ko urtarrilean gurean irakurrienak izan diren bost artikuluak. Guztiek ondo baino hobeto gainditu dute mila irakurleren muga:
|