Sarrera
|
Mapa
|
Kontaktua
|
Guri buruz
|
Gorago
Zeu berriemaile
Bestelakoak
Enpresa
Herri-administrazioa
Hizkuntza
Informatika
Internet
Irakaskuntza
Kultura
erabili.com
RSS
Hemen zaude:
Sarrera
»
Sare-aldizkariak
»
Berri berriak
» Euskararen lagun handia zendu da
Erantzun
Izenburua
Bidaltzailea
Nortasun-txartela
(Ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik)
E-posta
(E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik)
Testua
> Patxi Altuna euskaltzain osoa hil da, Loiolan, 78 urte zituela. Azpeitiko herriaren egun handian, San Sebastian egunean, gizon handi bat galdu du euskarak, Euskal Herriak eta Azpeitiak. > Patxi Altuna (Azpeitia, 1927) ibilbide luzeko gizona izan dugu euskalgintzaren munduan. Hizkuntzalari ezaguna eta nabarmena, euskal filologiaren bultzatzaile nagusienetakoa izan dela esan daiteke, okerrik gabe. > > Euskal filologo eta idazlea, Jesusen Lagundiko erlijiosoa izan dugu Patxi Altuna. Donostiako EUTG eta Bilboko Deustuko Unibertsitateko irakaslea, gerora euskararen munduan eta bereziki euskarazko irakaskuntzan bidea egin duten hainbat eta hainbat ikasleren maisu handia izan da azpeitiarra. > > Hogeita hamar liburu inguru argitaratu ditu Patxi Altunak 1960ko hamarkadatik hona. Euskararen didaktika alorrean, *Euskera hire laguna!* eta *Euskal Aditza* bezalako liburuak, hainbat belaunaldirentzat euskara ikasteko zein irakasteko oinarrizkoak izan direnak, berak idatzitakoak dira. Euskal idazle klasikoen edizio kritikoak ere egin ditu Altunak (Ziburuko Etxeberri, Tartas, Ubillos, Frai Bartolome), Etxepareren edizio kritikoa, eta Mendibururen idazlan argitaragabeak bi liburukitan eman ditu argitara. 1980az geroztik euskaltzain osoa da Azpeitiko irakasle eta egilea. > > Liburuak ez ezik, euskal aldizkaritan ere idatzi ditu hainbat artikulu, *Nornai* eta *Kanpaxa* izengoitiak erabiliz sarri. Olabide, Larramendi, Oihenart, Etxepare, Mendiburu, Aita Arana eta beste zenbait egileren inguruko lanak dira berak idatzitako artikuluetan erabili izan dituen gai nagusiak. Bere jaioterri den Azpeitiko hizkera gaitzat hartuta ere jardun izan da Patxi Altuna prentsan: *Azpeitiko euskerea aztertuz* (1956) eta *Azpeitiko euskal ebakeraz* (1985) dira horren adibide. > > > <b>Seaskatik azpeitiarra: “Kanpaxa”</b> > > > Francisco María Altuna Bengoetxea Azpeitian jaio zen 1927ko irailaren 8an. Bataioko izena Francisco bazuen ere, ingurukoentzat Patxi izan da beti, eta etxekoentzat, berriz, Patxiko. Gurasoak Joaquin Altuna eta Benantzia Bengoetxea zituen. Sei seme-alaba izan zituzten: Patxi bera zaharrena, Inazito —bi urte eta erdi zituela gaixotu eta hil zena—, Sebastian, Javier, Mari Carmen eta Manuel. Azpeitian Kanpaxa goitizenaz dira ezagunak, aitonari halaxe deitzen baitzioten. Harengandik hartu zuen sendiak eta baita etxeak ere goitizen hori. > > Etxetik bertatik ernatu zitzaion Patxiri apaiz izateko bokazioa. Familiako giroak hartara bultzatu zuela esan daiteke. Izan ere, osaba jesuita eta bi izeba moja zituen, aitona eta gurasoak ere oso elizkoiak ziren; Patxi eta senideak hezteko hautatu zuten eskola ere erlijiosoa zen: Azpeitiko jesuitinak, lehen ur-teak egiteko eta maristak orduan *Primera > Enseñanza* deitzen zena egiteko. Ez da harritzekoa, hortaz, Patxi bera ere oso elizkoia izatea. > > Garai hartako umeen ohiko jolasetan ematen zuen denbora eskolatik irtetean. Kalean batez ere pilotan jokatzea zuen gustuko, eta hartan aritzen zen lagunekin, frontoian batzuetan, eta Loiolako Basilikako pareta batean, bestetan. Futbola ere oso gogoko zuen, baina sasoi hartan baloiak urriak izanik, nahi baino gutxiagotan izaten zuen futbolean ibiltzeko aukera. Azpeitian jesuitek okindegiaren gainean zuten lokal batera ere joaten zen jolastera. Hango zaintzaile aita Gordoa gazteak kongregazioetara hurbiltzen saiatzen zen, jokabide onetik abiarazteko asmoz. Kongregazioak santuren bati debozioa erakusten zioten gazte taldeak ziren, eta indar handia zuten orduko Azpeitian. Gazte gehientsuenak ziren kongregazioren batekoak eta Patxi ere bai: San Estanislaorenekoa izan zen sorterrian eman zituen urteetan. > > Hamaika-hamabi urterekin egin zuen komunio handia, ikasturtearen amaian. Maristetako ikastaldia amaitzen ari zenez, erabaki beharra zegoen non jarraituko zituen ikasketak, Patxi bera eta etxekoak ere ikasten jarraitu behar zuelakoan baitzeuden. Azkenean, maristek hala gomendatuta, Xabierra joateko erabakia hartu zuten. > > > **Xabierren nerabe** > > > Hamabi urte zituen Patxik Xabierra joan zenean, 1939ko irailaren 29an. Gogotsu joan zen, bizimodu eta mundu berri-berria aurkitzeko itxaropenarekin. Hainbat zereginek betetzen zituzten eguneko orduak: eskolak, ikastorduak, arrosarioa, meza, jolasak, etab. Bizimodu estu samarra zeramaten Xabierko ikasleek, diziplina handikoa. > > Ikasgaiak mota askotakoak ziren: Erlijioa, Latina, Hizkuntza eta Literatura, Geografia eta Historia, Natur Zientziak, Matematika, Frantsesa eta Marrazketa. Patxik hizkuntzak oso maiteak zituen, latina eta frantsesa, bereziki. Horietaz gain, grekoa eta alemana ere ikasi zituen. > > Eguneroko eginkizunek uzten zizkioten tarteak umetan horren gustuko zituen pilotak eta futbolak betetzen zituzten. Horrez gain, euskal dantzak ikasi eta dantzari ere aritu zen taldetxo batean. > > Ikasle ez ezik, irakasle ere jardun zuen Xabierko egonaldian. Beste ikasle batzuekin Irunberrira joaten zen umeei kristau-ikasbidea irakastera. Xabierren bertan ere jardun zuen latina zaila gertatzen zitzaion taldetxo bati laguntzen. Beraz, hantxe egin zituen Patxik lehen irakasle lanak. > > Urteek aurrera egin ahala, berriz ere erabakia hartzeko unea iritsi zitzaion. Ordurako, denbora luzea zeraman pentsatzen jesuita izan edo ez. Zalantzak eta beldurrak hartuta ibili zen Xabierren seigarren urtea, azkena, egiten ari zela. Batez ere etxetik bertatik zekarren bokazioak eta eliz ikasketak gogoko izanak lagundu zioten zirt edo zart egiten: Xabierko egonaldiaren ondoren, jesulagun izateko ikasketak egingo zituen. > > > **Altuna jesuslagun bihurtuta** > > > Garai hartan, apaiztu behar zuten jesulagunek hainbat urrats egin behar izaten > zituzten: Lehen Probantza (Nobiziadoko bi urteak), Bigarren Probantza (Junioradoa, Filosofia, Maisu txikitza edota unibertsitateko ikasketak eta Teologia biltzen zituena) eta Hirugarren Probantza (urtebeteko ikasketak). > > Patxik 1945eko irailaren 1ean hasi zituen Loiolan jesulagun izateko ikasketak. Nobiziadoak iraun zuen bi urteetan, Lagundiaren ohiturak eta arauak, eta San Inazioren irakatsiak ikasi zituen. Halaxe ematen zituzten orduko apaizgaiek eguneko ordu gehienak: otoitzaldi eta irakurraldi luzeetan. Eskola-ordu apurrak, berriz, latina eta grekoa ikasten igarotzen zituzten. > > Xabierren bezala, hemen ere irakasle lanetan aritu zen Patxi. Nobizioen eginbeharretako bat zen inguruko herrietako gaztetxoei dotrina irakastea. Eta horretan jardun zuen, euskaraz gainera, Urrestillan, Errezilen, Oñatzen eta baita Loiolan bertan ere. Gogotsu aritu zen Patxi lanbide hartan, batik bat hura zelako euskaraz egieko zuen aukera bakarrenetakoa. > > Nobiziadoaren amaian botoak egin ondoren, Bigarren Probantzari ekin zion. 1947tik 1961 arteko -hots, apaiztu arteko- urteetan hainbat lekutan ibili zen ikasketak egiten: Urduña, Loiola, Oña (Burgos), Salamanca eta Innsbrucken (Austria). > > Junioradoa egiteko, Loiola utzi eta Urduñara joan zen. Ikasketak antzinako Greziako eta Erromako hizkuntzan eta literaturan oinarrituak ziren, hiru mailatan antolatuta: Gramatika, Humanitateak eta Erretorika. Hizkuntza klasiko horiez gain, frantsesa ere ikasi zuen. Eskolako orduetatik at, bazkalorduetan sermoiak ere egiten zituen, gaztelaniaz edota latinez, eta afalorduetan platikak. Ariketa horiek izan bide ziren gero hainbesteko ospea ekarriko zion hizlari bikainaren ernamuina. > > Loiolan Junioradoa amaitu eta 1950ean Oñara joan zen Filosofia ikastera. Hiru urte geroago, 1953an, Salamancara jo zuen Filologia Klasikoa egitera. Ordurako, Patxik prestakuntza sendoa zekarren hizkuntza eta literaturan, eta *Universidad Literaria de Salamanca* deitzen zen hartan aukera ona izan zuen gai haien azterketan sakontzeko. Lizentziatu ondoan, berriz ere Oñara itzuli zen eta Teologiako ikasketak hasi zituen. Ikasketok Innsbrucken ere egin zituen, Lagundiak hango unibertsitatean duen Teologiako Fakultatean. Hiru urte eman zituen han. > > Azken urtea egin ostean apaiztu zen, 1961eko uztailaren 26an. Azkenik, Hirugarren Probantza egitera Gandiara (Valentzia) joan zen. Urtebete eman zuen han jesulagun izateko ikasketaren azken urratsa egiten. 1962 zen. > > > **Euskararekin zaletu** > > > Loiolatik kanpora irten zenean, Patxik gaztelania arnastu zuen, batik bat Filosofiako hiru urteetan. Oñan debekatua zuten euskaraz egitea, baina Patxik gelan sartu eta orduak ematen zituen euskal liburuak irakurtzen: Axular, Mendiburu, Lizarraga, Orixe… Garai hartan ondu zuen Tomas de Kempis idazle holandarrak latinez idatzitako *Imitación de Cristo* lanaren euskarazko itzulpena. Ariketa moduan egunkarietako berriak itzultzen ere aritzen zen tarteka. > > 50eko hamarraldian oso lan gutxi ziren euskararen ingurukoak, Francok euskaraz argitaratzeko jarria zuen debekua eta urteetako zentsura gogorra zirela-eta. Gainera, euskalgintzan Filologia ikasitako jende gutxi zegoen, eta horrek ere ikaragarri moteltzen zuen euskararen gaineko edozein lan egitea. Jende trebatua eta filologia gaietan jantzia behar-beharrezkoa zen. > > Haizeak alde baino gehiago kontra jotzen zuen garai hartan, Patxi gero eta euskarazaleagoa zen, eta zaletasun horrek aurrera egin zezan erabakigarriak izan ziren Salamancan eman zituen urteak. Hango ikasketek hizkuntza eta literatura aztertzeko tresna berriak erakutsi zizkioten; hura guztia euskararentzat ere nahi zuen Patxik. > > Salamancan ezagutu zituen irakasleetako batzuek euskara eta euskalgintza ezagunak zituzten. Jantziena Antonio Tovar zen (1911-1985), euskara aztergai duten hainbat lanen egilea: *La lengua vasca, Mitología e ideología sobre la lengua vasca*, besteak beste. Ohorezko euskaltzain ere egin zuten. > > Irakasle honek *Manuel de Larramendi* katedra sortu zuen Salamancako Unibertsitatean, eta horrek euskararen gaineko eskolak sortzea ekarri zuen, aukera askeko ikasgai gisa. Euskaltestuak aztertu eta itzultzen zituzten eskola horietan. > > Egin dezagun kontu orduan Euskal Herrian ez zegoela unibertsitate publikorik; hortaz, ikasi nahi zuten askok kanpora jo behar zuten ezinbestean: Zaragozara, Salamancara… Salamancan ezagutu zuen, hain zuzen, Patxik Koldo Mitxelena. Hango irakasle Martín Ruipérezek antolatutako hitzaldi batzuetara eraman zuen hizlari Mitxelena. Patxi entzule gisa izan zen hitzaldi haietan. Han ezagutu zuten elkar azpeitiarrak eta errenteriarrak eta ordutik aurrera biak elkar hartuta ibili ziren urte askotan euskararen inguruko kontuetan. > > Esan bezala, garai hartan jende euskaldun ikasirik bazegoen, baina arras gutxi ziren euskarak kezkatuak eta euskararen azterketa zientifikoan trebatuak. Patxik beragan biltzen zituen bai euskararako gogoa bai unibertsitateko ikasketak. Ikusiko dugun bezala, bilkura hori ez zen antzua gertatu. > > 1936-1939ko gerra amaitu ostean, Euskaltzaindiak antolatu zuen lehen biltzarra Arantzazun egin zen, 1956ko irailaren 14tik 16ra bitartean. Hizlari izan ziren, besteak beste, Luis Villasante, Jose Miguel Barandiaran, Bitoriano Gandiaga, Koldo Mitxelena, Jose Maria Lojendio… eta Patxi Altuna. «Azpeitiko euskerea aztertuz» izenburuko hitzaldia egin zuen Patxik, eta *Euskera* aldizkarian -Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala- eman argitara. Urtebete geroago argitaratu zuen bigarren artikulua, «Euskaldunak Salamanka’n» izenekoa, *Egan* aldizkarian. Hasiak zituen, beraz, lehen urratsak euskara aztertzen. > > Filologia Klasikoan lizentziatu ondoren (1957), beste urtebete eman zuen Salamancan doktoretza ikastaroak egiten, eta hango bi unibertsitateek -*Universidad Literaria* eta *Universidad Pontificia* direlakoek- eskaini zizkioten irakasle lanpostuak betetzen. Urte horretakoa da, 1958koa alegia, hirugarren artikulua, *Euzko-Gogoa*-n argitaratua: «Olabide A. Ta Kisto’ren Antz-bidea»; Raimundo Olabide jesulagunaren > <i>Kisto´ren Antz-bidea</i> laneko joskera aztergai zuena, hain justu. > > > Salamancan jadanik sendotu zuen Patxik euskal munduarekin zuen harremana. Oñara itzuli zenean, aspaldiko lagun euskaldunekin egin zuen topo eta haiekin jarduten zuen euskaraz. Euskaldunen taldetxo bat sortu zuten; talde horretako gehienek etxeko euskara soilik zekartenez, ahalegin handiak egin behar izan zituzten euskaran trebatzeko. Garai hartan bazen erlijiozko gaiak jorratzen zituen aldizkari bat, <i>Jesusen Biotzaren Deya</i> (1917an sortua), baina etena izan zuena Francoren zentsura zela medio. Aldizkari hori berriz ere abian jartzeko euskaraz idazten zuten teologoak behar ziren, eta horretan saiatu ziren. Halaz ere, ez zuten gauza gehiegi argitaratzerik izan, ikasketek eta giroak ez baitzuten lagundu horretan. > > Ahaleginak ez ziren horretan amaitu, ordea. 1959ko udan, opor egun batzuk eskatu eta Mundakara abiatu ziren han egun osoan euskaraz aritzeko asmoarekin. Ondoren, Loiolara joan ziren eta han Euskal Etxe zeritzon akademia antzekoa sortu zuten. Hilabete osoan aritu ziren euskarako eskoletan. Hainbat hitzaldi ere antolatu zituzten, eta han aritu ziren hizlari Koldo Mitxelena, Jose Luis Alvarez Enparantza <i>Txillardegi</i> (biak euskal literaturaz aritu ziren) eta Inazio Eizmendi Manterola <i>Basarri</i> (ahozko literaturaz eta bertsolaritzaz). > > Gogor aritu zen Patxi jardun horiek etenik izan ez zezaten. Kanpoan izaten zen orotan, etxera itzuli eta Euskal Etxekoekin elkartzen zen euskara jorratzen jarraitzeko. > > > **Donostian** > > > 1963an iritsi zen Patxi Donostiara, eta han egin zuen bere bizitzako egonaldi luzeena, 2001 artekoa, alegia. Eliz ikasketak eta hizkuntzazko gaietan lortua zuen prestakuntzak agerian uzten dituzte aurrerantzean Patxi Altunaren ibilbidean uztartuko diren bi alderdi: jesulaguna eta irakaslea izatea aldi berean, baina oroz gainetik, lehena. > > Apaiz jesulagunari dagozkion egitekoak izan zituen Donostian. Garibai kaleko <i>Residencia de los Padres Jesuitas</i> delakoan ematen zuen meza, euskaraz, eta egiten zituen sermoiak sona handikoak izaten ziren. Hitz-jario apartekoa zuen, eta hizpide hartzen zituen gaiak ere ez ziren edonolakoak: diktaduraren garaian bizi zen Euskal Herria eta bidegabekeriak salatzen zituen pulpitutik. Hor eta beste hainbatetan ere erakutsi zuen Patxik gizartearen arazoak hurbildik jarraitzen zituela, haiekiko konpromisoa inoiz ere bazter utzi gabe. > > 1974ko abenduaren 8an, poliziek ETAko kideak zirelakoan atxilotu zituzten gazte batzuk ahotan hartu zituen Patxik igandeko mezan. Horren ondorioz, Patxi atxilo eraman zuten Madrilera, Espainiako Auzitegi Gorenera eta zigorra ezarri: edo 400.000 pezetako isuna edo laurogeita hamar eguneko kartzela. Ordaintzeko dirurik ez eta Carabenchelera eraman zuten. 1974ko abenduaren 10a zen. Donostiako jesuiten etxeko errektorea isuna ordaintzeko prest egon arren, Patxik nahiago izan zuen han geratu, dirutza handia baitzen pagatu beharrekoa. > > *90* eguneko zigorra bete ondoren, kalera atera zen, 1975eko martxoaren 10ean. Nolanahi ere, kartzelaldi hura ez zen alferrikakoa izan Patxirentzat: hiru hilabete haietan bestela eskolek galarazten zioten hainbat lan egin zuen, meza emateko aukera ere izan zuen ilunabarretan. > > Mintzagai dugun garaian, jesulagun predikaria izatearekin batean, Patxiren bi alderdi ziren ezagunenak: irakaslea eta euskaltzaina. Baina ez dugu ahaztu behar hirugarren alderdi bat ere guztiz lotuta dagoela: ikertzailearena, alegia. > > > **Patxi irakaslea eta ikertzailea** > > > Estudios Universitarios y Técnicos de Guipúzcoa, EUTG, 1956an sortu zuten jesulagunek Donostian. Aita Ignacio Errandoneak Unibertsitatea sortzeko asmoaren gidaritza hartzearekin batera irakasleak bilatzeari ekin zion. Hainbat irakasle ekarri zituen Donostiara; horien artean Patxi. > > 60ko hamarkada hartan Donostian ez zen aukera handirik euskaraz ikasteko eta jesuitek, hori ikusita, Patxiren gain utzi zuten Hizkuntza Eskola sortzea. > > Hizkuntz Eskola sortu eta hizkuntzak ikasteko baliabide berriak lortzea zen Patxiren kezketako bat. Ikus-entzunezko tresna berrienak ere ekarri zituzten Estatu Batuetatik. Hizkuntz Eskolan euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak ematen ari zela, geroz eta garbiago ikusten zuen Patxik euskaraz ikasteko metodo berri baten beharra, garai hartakoek ez baitzuten asebetetzen. Hutsune hura bete nahian, Patxik berak ipini zuen abian bere metodoa, *Euskera, ire laguna*, E. Frank Cadlin-ek ingelesa ikasteko sortu zuen *Present day English for foreign students* metodoan oinarritua. 1967an eman zen argitara lehen aldiz eta, ezbairik gabe, izugarrizko arrakasta izan zuen, ikasle asko eta asko erakarri baitzituen Hizkuntz Eskolara. Han aritu ziren irakasle, Patxirekin batera, Joxe Austin Arrieta, Mari Karmen Garmendia, Mikel Arregi eta beste asko. > > Ospe handia hartu zuen Patxik garai haietan. Loiola Irratitik ere dei egin zioten, Jose Mari Iriondok zuzentzen zuen *Beti jai* saioan euskararen hainbat erabilera okerren inguruko oharrak egiteko. Eta Patxik onartu. Ez da hau Patxik hedabideetan izan duen agerraldi bakarra; handik urte batzuetara Miren Azkaratek eta berak *Berbetan* izeneko telebista saioan ere (1985ean) gai horixe izaten zuten jorragai. Horrek erakusten digu Patxiren beste ezaugarri bat: euskara gizarteratzea, zaintzea, aberastea tarteko izanez gero, Patxi beti prest aurkituko du. Berak esana da: «Ni euskaragatik, baita deabruarekin ere!». Irakaskuntzan murgilduta zebilela, Hizkuntza Eskolan euskaraz ez ezik, Filosofia eta Letretako Fakultatean Latina ere erakutsi zuen. Latin Klasiko eta Arrunteko irakasle Koldo > > > Mitxelenak eskola ematerik ez zuenetan Patxik ordezkatzen zuen. 1964an Mitxelenak Torrelavegako Institutuan irakasle izateko oposizioa gainditu eta hara alde egin zuenean, Patxiren esku gelditu ziren latineko eskolak. > > 1967an aita Gotzon Goenaga irakaslea Estatu Batuetara joan zen, eta hark ematen zuen ikasgaia, «Lingüística Española», Patxik hartu zuen. Ikasgai horrek eman zion bide gerora horren maite izango zituen euskal idazle klasikoak aztertzen hasteko. > > Urte batzuk geroago, 1976an, Euskal Filologia sortu zen. Euskaltzaleen urteetako ametsa, euskararen azterketa zientifikoa unibertsitatean sartzea, ezinezkoa izan zen harik eta Franco hil zen arte. Orduan hasi zuen ibilbidea Euskal Filologiak Deustuko Unibertsitatean lehenbizi eta Euskal Herriko Unibertsitatean, geroxeago, besteak beste, baina buruen-buruenik, Patxiren eta Koldo Mitxelenaren ahaleginei esker, hurrenez hurren. Asko dira EUTGetan Patxiren ondoan lanean jardun dutenak: Jesus Maria Lasagabaster, Patxi Goenaga, Txillardegi, Miren Azkarate, Joan Mari Irigoien, Mari Jose Azurmendi, Joxe Azurmendi, Jesus Arzamendi… Ikasketak eta ikasgaiak hutsetik sortu behar izan zituzten. Patxik bi ikasgai hartu zituen bere gain: Euskal Hizkuntzaren Historia eta Euskal Testuak, XVI. mendetik XVIIIra artekoak. > > Unibertsitateko irakasle izateak berarekin dakar ikerketa. Eta Patxi ere bide horretan abiatua zen; tesia egin behar zuela garbi zuen. Aspaldi batean Azpeitiko euskara hautatua bazuen ere tesi-gai, eskoletan Bernard Etxepareren obra aztertzen ziharduela eta, idazle horixe jo zuen begiz. Koldo Mitxelena izan zuen tesi-zuzendari, eta hark eman zion izena Patxiren tesiari: <i>Versificación de Dechepare: métrica y pronunciación</i>. Denboraldi batean eskolak emateari utzi eta tesia egiten aritu zen Salamancan, hango unibertsitatean ari baitzen orduan Koldo Mitxelena. 1978ko martxoan aldeztu zuen tesia Salamancan, epaimahaian Antonio Tovar, Martín Ruipérez, José Antonio Pascual, Carmen Codoñer eta Koldo Mitxelena bera zituela. Bikain <i>cum laude</i> nota eman zioten eta doktore izendatu. Garai hartan Euskaltzaindian bi doktore besterik ez zeuden: Koldo Mitxelena eta Jean Haritschelhar. Patxi Euskaltzaindian sartu zenean (1981ean) hirugarren euskaltzain doktorea izan zen. > > > **Patxi euskaltzain eta ikertzailea** > > > 1965ean Euskaltzaindiak 32 euskaltzain urgazle izendatu zituen, horietako bat Patxi. > > Jose Maria Lojendio euskaltzaina hil zenean, ohiko prozedurari ekin zion Euskaltzaindiak hutsa betetzeko. Bi hautagai ziren:Txillardegi eta Patxi Altuna. Patxiren aldekoa izan zen bozketa. > > Euskaltzain oso berriak bere sorterrian hartu ohi zuen kargua, eta halaxe egin zuen Patxik ere. 1981eko urtarrilaren 24an Azpeitian bildu zen Euskaltzaindia Patxiren izendapena ospatzeko. > > Orduko alkate Luziano Lazkanok eman zion hasiera ekitaldiari. Jarraian Euskaltzaindiaren buru aita Luis Villasante Patxiren jardueraz mintzatu eta ondoren, ongietorria egin zion euskaltzain berriari. Segidan, Patxik sarrera hitzaldia irakurri zuen: Ziburuko Ioanes Etxeberri izan zuen hizpide. Erantzuna, berriz, Koldo Mitxelenak egin zion, kargua hartzeko merezimenduak aipatuz eta goraipatuz. Ekitaldiaren amaian, euskaltzainburuak Patxi euskaltzain aitortu zuen. > > Patxiren egitekoa eta ekarria euskaltzain oso denetik ezagunagoa bada ere, ez dira inondik ere gutxiestekoak aurretik lanean eman zituen urteak: urgazle zenean eta are lehenago ere. > > 1918an sortu zenetik, Euskaltzaindiak euskara batua sortzea zuen asmo nagusia. Baina arrazoi batzuk eta besteak zirela medio, 60ko hamarraldia arte ez zen egokieran egon batasun bideari serio eta irmo heltzeko: ikastolen sorrerak, euskalduntze-alfabetatze ikastaroek, euskal prentsak, etab.ek hizkuntza batuaren behar hori areagotu egin zuten. Eta, hain zuzen ere, premia horren erantzuna izan zen Euskaltzaindiak 1968an Arantzazun egin zuen biltzarra. > > Akademiaren 50. urteurrena betetzen zela eta, Euskaltzaindiak biltzarra egitea proposatu zuen euskara idatziaren batasun bidea aztertzeko asmoz. Batzorde bat eratu zen horretarako, eta Koldo Mitxelena hautatu batzordeburu. Biltzar horretan batzordeak aurkeztu zituen lanak bost txostenetan jaso baziren ere («Batasun bear au zergaitik eta zertarako», «Ortografia», «Itzen formak», «Itz berriak» eta «Deklinazioa»), eztabaida eta tirabira ugarien sorrarazi zituena Koldo Mitxelenaren ortografiari buruzkoa izan zen, bereziki <i>h</i> letraren auziari zegokion puntua. Mitxelena <i>h</i>-aren aldekoa zen; Patxi ere bai. > > Euskaltzaindiak euskara batuaren alde egitea erabaki zuen biltzar hartan, baina erabakihura onartu ez zuenik ere izan zen euskaltzaleen artean. Patxik berak ere baten baino gehiagoren haserrea jasan behar izan zuen Arantzazun horrenbeste zalaparta sortu zuen <i>h-</i>a <i>Euskera, hire laguna</i> metodoan sartu zuenean euskara batura egokitzean. > > Eztabaidak eztabaida, Euskaltzaindiak hasia zuen euskara batzeko ibilbide luzea, eta ekin horretan, artean euskaltzain oso ez zen Patxik ikuskizun zuzena izan zuen bai zeregin teknikoetan -bereziki 1971n baturako aditza taxutzeko sortu zen batzordean idazkari lanetan jardun zuenean-, bai euskararen eredu estandarra gizarteratzean. Esate baterako, Azpeitian, beste hainbat herritan bezalaxe, euskararen aldeko mugimendu handia sortu zen 60ko hamarraldian. Mugimendu horren eragileetako bat Luistarren Kongregazioa zen, eta bazuen euskararen kezka. Hango kideek antolatutako alfabetatze ikastaroak eta aurrerago sortu zen ikastolak abian jarri zuten euskara batua Azpeitian. Nolanahi ere, une garratzak bizi izan ziren Euskaltzaindiak Arantzazuko Biltzarrean hartutako erabakien ondoren. Euskara batuaren aldeko eta kontrako hitzaldiak izan zituzten herrian; alde mintzatu zenetako bat Patxi izan zen. 1975ean erreferenduma egin zen eta batuaren aldekoek irabazi zuten. Erabakigarria izan omen zen Patxiren hitzaldia. > > Arantzazuko Biltzarrean hartu ziren erabakiek gizartean harrera ona izan bide zuten. Halaxe ondorioztatu zuen Euskaltzaindiak 1978. eta 1979. urteetan Bergaran eta Arrasaten egindako biltzarretan. > > Bide berriak ere urratzen hasi ziren. Arantzazun hartutako erabakiak neurtzeko epea amaitu ondoan, Gramatika batzordea sortu zen (1980), gramatika gaiak bildu eta prestatzeko. Batzorde horretako kide izan zen Patxi, eta 1985ean, euskaltzain oso izanik, batzordeburu izendatu zuten. Eta heriotza iritsi zaion arte hala jarraitu du izaten. > > Euskaltzaindiak eratutako beste hainbat batzordetan ere aritu da lanean: Maileguzkoen batzordean (1985-1986), Lexiko Erizpideak Finkatzeko Batzordean (LEF) (1987-1995) eta Euskara Batuko batzordean (1991-). > > Eten luze baten ondoren etorri zen Leioako biltzarra, 1994an. Euskaltzaindia idazle, irakasle, ikertzaile, kazetari, administrazioko langile eta beste hainbat euskaltzalerekin bildu zen euskara batuak ordu arte egina zuen bidea aztertzeko. Aurreko biltzarretan egindakoa zuzentzea edota berrestea izan zuen eginkizunetako bat. Orduan Patxiren ardura Euskaltzaindian handiagoa zen: Gramatika batzordeburua ez ezik, Euskara Batuko batzordeburua eta Iker saileko burua ere bazen. Batzorde horiek hainbat txosten aurkeztu zituzten biltzar hartan, Patxiren ardurapean. > > Euskaltzaindiaren gomendio-erabakiak gizartean errotzea eta eguneroko jardunean haietaz baliatzea baldintza ezin baztertuzkoak dira euskararen normalizazio bidean. Halaber, euskara ikasi eta hartan trebatzea ere funtsezkoak dira hizkuntzak aurrera egingo badu. Eta hain justu, asmo horri eutsi nahi izan zion Euskaltzaindiak 60ko hamarkadan alfabetatze-euskalduntzea abian jarri zuenean. Hartarako eratu zen batzordean aritzeko ezin inor aproposago Patxi baino, ordurako eginak baitzituen urte mordoxka euskara irakasten, irakasteko metodo berri bat sortua zuela gainera. 70eko hamarkadaren erdi aldea arte aritu zen eginkizun horretan, gerora AEK eta HABE erakundeen esku gelditu zen arte. > > Euskal irakasleen prestakuntzan Irakasle Gaitasun Tituluaren sorrera ere erabakigarria izan zen. Ardura hau ere Euskaltzaindiak bere gain hartu zuenez, Patxiri egokitu zitzaion hartan aritzea, titulu hori eskuratzeko azterketak prestatzen eta zuzentzen.Titulu hori Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) bihurtu zen, eta Eusko Jaurlaritza osatu ondoan, Hezkuntza eta Kultura Sailaren esku gelditu zen 1983an. > > Era berean, Patxik ordezkatu izan du Euskaltzaindia hainbat saritako epaimahaietan; besteak beste, Espainiako literatura sarietan, saiakeraren eremuan. > > > **Donostiatik Loiolara** > > > Donostian denbora luzea egin ondoan, 2001eko uztailean Patxi Loiolara itzuli > zen. Horren maitea duen Euskal Filologiaren azken urtea izan zen hura Donostiako campusean. Patxik berak eman zion hasiera, eta baita amaia ere. Erretiroaren ordua iritsi eta urteetan bildutako paperak eta liburuak hartuta itzuli zen Loiolara. Han ere ez zitzaion egitekorik falta, iritsi bezain laster Loiolako Artxibo Historikoaren ardura bere gain utzi baitzuten. > > Azken urteotan ere euskalgintzarekin lotzen duen haria ez da eten, eta horren adierazle dira azken urteotan ondu dituen lanak: «Errexilko euskara duela 200 urte» artikulua (2002) -duela berrehun urte Errezilgo apaiz batek egindako sermoi baten transkripzioa-, San Inazioren gogo-jardunen itzulpena (2003), Agustin Kardaberazen <i>Eusqueraren Berri Onac</i> liburuaren edizio kritikoa (2003)… > > > **Argitaralanak** > > 1956an argitara eman zuen «Azpeitikoeuskerea aztertuz» lanak eman zion abia Patxiren argitaralanen zerrenda luzeari. Ezinezkoa zaigu ia berrogeita hamar urtetan argitaratu dituen lan guztien berri zehatza hemen ematea, baina merezi du, arloka bada ere, lan esanguratsuenak aipatzea. Guztiarekin ere, garbi dago atze-oihalean euskararen kezkak bizi duela Altuna. > > Hizkuntzaren didaktikaren alorrekoa da arestian aipatu dugun 1967ko <i>Euskera, ire laguna</i> (lehenengo liburua), hurrengo urteetan beste liburuxka batzuekin osatu zuena: <i>Ariketak, euskera ire laguna</i> (1968), <i>Euskera, hire laguna, bizkaieraz</i> (1969) eta <i>Euskera, hire laguna: bigarren liburua</i> (1969). > > Euskara batuaren kezka bizia izan zuen oso, normalizazioaren lehen urratsetan. Horren isla dira garai hartako <i>Zeruko Argia</i> aldizkarian argitara eman zituen artikuluak, eta baita -aurrerago Euskaltzaindiak kaleratuko dituen gramatiken aurrekari gisa-edo- euskararen morfologiazko punturen batzuen ingurukoak ere, bereziki euskal aditz batuari zegozkionak. > > Ildo berean, ezin aipatu gabe utzi Euskaltzaindiak 1985etik aurrera ondu eta plazaratu > dituen euskal gramatikak, <i>Euskal gramatika: lehen urratsak-I, II, III, IV, V</i> eta <i>VI</i>, edota 1993ko <i>Euskal gramatika laburra: Perpaus bakuna</i>. Auzolanean eginikoak izanik ere, ez da gutxiestekoa Patxiren ekarria eta eragina, ordurako ondotxo irabazia baitzuen maisutza euskararen azterketetan. > > Bereziki unibertsitatean egokitu zitzaion egitekoak eraman zuen idazle klasikoen lanak aztertu eta ezagutaraztera. Euskal Filologiako ikasketetan funtsezkoak diren <i>Euskal Hizkuntzaren Historia</i> eta, batik bat, <i>Euskal Testuak</i> -XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako euskal idazle klasikoen azterketa- irakatsi zituen urte askoan, eta bistan da ezin izango zuela halakorik egin aurretik idazle horien lanak berreskuratu eta xeheki aztertu izan ez balitu. Idazle horien lanak aztertu, bibliografiaz hornitu eta edizio kritikoetan plazaratzea izan du egiteko nagusia. > > Altunaren egin sakon eta trebeari esker, denon eskura ditugu egun euskal idazle asko. Lan horietako batzuk berak bakarrik egin ditu; esate baterako, Bernard Etxepare, Ioanes Etxeberri Ziburukoa, Ioanes Haraneder, Sebastian Mendiburu, J.B. Duvoisin, Fray Bartolome, Juan de Tartas eta besteren lanen edizio kritikoak. > > Beste idazle batzuenak, berriz, auzolanean egin ditu: Manuel Larramendiren euskal testuena (1990) J. A. Lakarrarekin batera; A. Oihenartena (2001) J. A. Mujikarekin batera; edo Agustin Kardaberazena (2003), Esther Zulaikarekin batera. Ia idazle klasiko guztien lanetan aurkitu ohi du Patxik zer aztertu eta zer esan, baina egia ere bada, batzuk besteak baino maiteago dituela eta haiei eskaini dizkiela makina bat > ikerlan. Etxepare, Oihenart, Larramendi eta Mendiburu ditu gogokoenetakoak, eta idazle berriagoen artean, Orixe eta Koldo Mitxelena. <i>Mitxelenaren idazlan hautatuak</i> (1972), garai hartako euskaltzaleek irrikaz hartu zuten eta Mitxelena bertagotik ezagutzeko ezin utzizko pasabidea den artikulu bilduma izan zen, hain justu, Patxik plazaratutako lehen liburuetariko bat. > > Euskal testu zaharrak aztertzean behin baino gehiagotan egiten zuen topo gaurko euskaldun batek nekez ulertuko lituzkeen molde ugarirekin, eta zoko ilun horietan murgildu eta atsedenik gabe argitasun bila ibiltzen zen. Asmo horrekin onduak ditu euskararen morfologiari eta sintaxiari buruzko azterketa asko eta asko, aipagarrienetako bat, akaso, Miren Azkaraterekin batera prestatutako <i>Euskal Morfologiaren historia</i> (2001) liburua. Euskararen beste eremu batzuk lantzen ere ibilia da; euskal bertsogintza, esaterako. Etxepareren bertsogintzaren legeak edota Oihenarten metrika maizkara izan ditu hizpide han eta hemen argitara emandako artikuluetan. Gai beraz mintzatu da berriki argitaratutako <i>Euskal bertsogintzaz: XVIII, XIX, XXgarren mendeetako jesuita gazteek egin neurtitzak, azterketa metrikoa</i> (2000) izeneko liburuan. Esana dugu lehendik eta ez dugu ahaztu behar Patxi Altunaren baitan hainbat alderdi uztartzen direla, baina bat gailentzen oroz gainetik: jesulagunarena. Ez dira argitaralanen artean falta, beraz, jesuiten gainean egindakoak: Jose Maria Aizpitarte, Jose Inazio Arana, Raimundo Olabide, Orixe, Jose Maria Estefania Zabala, Jeronimo de Aguirre, Patxi Etxeberria izan ditu hizpide liburu zein artikuluetan. Azkenekotakoa dugu, berriz, lehen ere aipatu dugun San Inazioren Gogo-jardunen itzulpena (2003). > > > **Aztarna eta eragina** > > > Jesulagun, irakasle, ikertzaile, maisu… eta, oro har, euskaltzale dugu Patxi Altuna. Urteetako ibilbide luzeak aski frogatzen du merezia duela lekurik gorenetakoa euskal gizartearen -eta bereziki, euskararen- alde lan egin duten beste hainbaten artean. > > Hastapenak hizkuntzaren didaktikan egin zituen, hizkuntzen irakaskuntzari buruzko teoria modernoenak euskararen irakaskuntzara ekarri zituenean. Lehen urrats horietatik abiatuta, gure hizkuntza, euskara, izan du zutabe nagusia eguneroko jardunean, irakasle lanetan zein ikerkuntzan. > > Irakaskuntzan bide berriak zabaltzeaz gain, euskararen estandarizazioan eta normalizazioan ikuskizun zuzena izan duela ukatzerik ez da. Euskaltzaindian izan dituen egitekoek eta horien ondotik etorri diren argitalpenek garrantzi handia izan dute gizarteko eremu askotan -eskolan, unibertsitatean, hedabideetan, administrazioan…-, euskara haietara heltzea premiazkoa eta ezinbestekoa izan baita gure hizkuntzak irauteko eta zabaltzeko. > > Estreinakoz euskararen azterketa zientifikoa unibertsitatera eraman izana ere Patxiri zor diogu neurri handi batean. Koldo Mitxelenarekin batera, Euskal Filologiako ikasketak sortu eta gainerako hizkuntzetan egin ohi den ikerkuntzaren mailara jaso zuen euskararena ere. > > Ikerlanetara jo besterik ez dago ohartzeko urte eta lanordu ugari igaroa dela euskararen ikerketan: zenbaitetan euskararen inguruko korapiloak askatzen, eta egun hizkuntzaz baliatzen garenontzat adierazpide txukun eta duina lortzeko bideak erakusten; bestetan euskal idazle klasikoen lanak euskaltzale guztiongana hurbiltzen, eta haien hizkeraren alderdi ilunenetan argi pixka bat ematen. > > Patxi Altunak euskal letretan izan duen eragina harantzago doala ere esan daiteke. Izan ere, urteetako etengabeko lana bokazio berrien sortzaile eta eragingarri izan da. Horren lekuko zuzenak ditugu, besteak beste, egun euskal hizkuntzaren eta literaturaren ikerketan ari diren askoren doktore-tesien zuzendari eta beste askoren epaimahaiko izatea. Baina zeharkakoak ere ez dira gutxi: urrutirago gabe, plazaratu duen bibliografia oparora jotzen duten hamaika ikertzaile. > > Horrenbestez, Patxi Altunak merezimendu aski egina du euskararen eta euskal gizartearen alde, eta horren isla zuzena ditugu egin zaizkion omenaldiak. > > Deustuko Unibertsitateak 1990ean egin zion lehena, irakaskuntzan beteak zituen zilarrezko ezteiak ospatzeko. Hartan, Elixabete Pérez Gaztelu eta Patri Urkizu irakasleek <i>Patxi Altunari omenaldia</i> liburua eman zuten argitara, Patxiren hainbat lagun eta lankidek ondutako lanez osatua. > > Unibertsitate girokoa izan zen, halaber, 2002ko otsailaren 16an Euskal Irakasleen Elkarteak (EIRE) egin ziona, unibertsitatetik erretiratu berriak ziren beste sei irakaslerekin batean. Guztiak <i>emeritu</i> izendatu zituen Durangon egin zen ekitaldi batean. > > Urte berekoa da, halaber, Deustuko Unibertsitateak eskaini dion azken omenaldia, Elixabete Pérez Gaztelu eta Esther Zulaika irakasleek paratutako <i>Haizeak ez eramango!</i> liburuarekin. Lan guztiak liburu bakar batean biltzea ezinezkoa zenez, Patxik berak hautatuak jasotzen ditu bildumak, bi multzo nagusitan antolatuta: klasikoak eta jesulagunak. Multzo horiek, hain zuzen ere, ederki asko ispilatzen dute Patxiren izaeran betidanik uztartuta bizi izan diren bi alderdiak. > > Omenezko gainerako ekitaldiak ere erretiroa hartu eta Loiolara bildu ondoan egin dizkiote. Sorterria izan du omenaldi horietako batzuen eragile eta lekuko. 2001eko urriaren 20an Azpeitiko <i>Baite</i> Euskara Elkarteak «Ohorezko bazkide» izendatu zuen Patxi, Joxe Lizaso bertsolariarekin batera, bataren zein bestearen euskararen aldeko jardun luzea saritzeko. Urte horrexetan, abenduaren 2an, Azpeitiko Udalak ere bi azpeitiar omendu nahi izan zituen: Patxi Altuna eta Patxi Goenaga; euskaltzain osoak biak. Hainbat eta hainbat omenaldi, gutxitxo hala ere, euskaltzale guztiok Patxirekin dugun zorra kitatzeko. Umetan Azpeititik irten eta Loiolara itzuli bitartekoak ez ditu, ez, haizeak gure artetik erraz eramango. > > > - Artikulu hau egiteko Elixabete Pérez Gaztelu, Ana Toledo Ezeta > eta Esther Zulaika Ijurko-k *Bidegileak* bildumarako Patxi Altunari buruz egindako lana erabili dugu. > > > > **Ildo bereko artikuluak** (irakurtzeko gainean sakatu) > > - "Patxi Altunak Euskara zuen lagun eta adiskide":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1137810230 > > - "Patxi Altuna, in memoriam":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1137974231 > > > > > <table class="taula"><tr><td><img src="http://www.erabili.com/zer_berri/argazkiak/inprimatzeko.gif"></td><td><a href="http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1137809996/inprimatzeko">Inprimatu </a></td></tr></table>
Galdera garrantzitsua, spammerren kontra
Zenbat dira hiru gehi lau? (zenbakiz idatzi)
Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com