Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararentzat konponbideak eskatu dituzte Nafarroan

Euskararentzat konponbideak eskatu dituzte Nafarroan

2006-01-19 / 07:00 / Oskar Zapata - Nafarroako Topagunea   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Nafarroan euskarak bizi duen kinka larriari konpobideak aurkitzeko eskaintza egin diote Nafarroako Gobernuari euskararen sustapenean diharduten Nafarroako 21 erakundek. Hauxe adierazi zuten hitzez hitz atzo (2006-01-18) Nafarroako gizarteari eta gobernuari begira egin zuten agerraldian:

Hizkuntza gutxituen berreskuratze lanak eta ardurak herritarrei eta agintariei dagozkie. Hemen bildu garen herritarrok atsegin handiz eta gogotsu heltzen diogu gure ardurei. Nafarroako Gobernuak guk dakigula, egiten duen bakarra diru-laguntzak banatzea da, datuetan argiki azaltzen den bezala gutxi eta berandu. Horrek gure ustez frogatzen du ez duela euskararen erabilpenari bultzada emateko ez plangintzarik, ezta asmorik ere. Eta hori gaitzetsi egin behar dugu.

Tokiko hedabideek euskarazko prentsari eta euskararen normalkuntzari egiten dioten ekarpena ukaezina da, tokian tokiko informazioa euskaraz zabalduz. (Aurten 500.000tik gora ale banatu dituzte)

Euskara elkarteek, oro har Nafar gizarteari euskara erabiltzeko eskaintza zabala luzatzen diote: Merkataritza euskaraz, Kuadrillategi, Pisu-kide, Lan poltsa, Mintzakide, Musika emanaldiak, Antzerkia, Ludotekak, Umeentzako txokoak, jokoak…

Bide hori jorratzeko, azkeneko bost urteetako joerari segituz, Nafarroako Gobernuak 2005ean banatutako diru-laguntzetan murrizketa nabarmena jasan dute hedabideek eta Euskara elkarteek.: 2001etik hona Euskarazko hedabideek % 16inguru gutxiago jasotzen dute (KPI barne) Eta, kultur jarduerak antolatzeko Euskara Elkarteek ezagutu dute diru- sailaren desagerpena: 2001ean, 15 milioi pezeta zirenak (90.000euro), ez dira inon agertzen, jada. 2006rako aurreikuspenak ez dira hobeak, murrizketekin datoz eta kontuak berriro.

Esan gabe doa, lizentzia kontuak direla eta laguntzarik jasotzeko eskubiderik gabe geratzen diren komunikabideak. Euskalerria Irratia, kasu

Nafarroako Gobernuak, euskara sustatu nahi badu, euskarazko hedabideen diru-laguntzen banaketaren politika aldatu behar du. Euskaraz lan egiten duten hedabideen lana errekonozitu, saritu eta babestu egin behar ditu. Horiek Nafar gizartearen eskaerari erantzuten diote, euskaldunon etxeetara tokiko informazioa euskaraz eramanez, ahalik eta etxe gehienetara helduz, euskarazko hedabideak kontsumitzeko ohitura bultzatuz.

Nafarroako Gobernuak euskara sustatu nahi badu, euskarazko kultur eta aisialdi jarduerak garatzeko diru-saila berrezarri eta hornitu behar du.

Medikuntzak pertsonen osasuna neurtzen duen bezala, Soziolinguistika hizkuntza baten osasuna neurtzeko tresna da. Diziplina horretan adituak direnek aspalditik adostuak eta onartuak dituzte ondorengo printzipioak:

  • 1.- Hizkuntza baten biziraupena ziurtatzeko, horren erabilera soziala bermatua egon behar da.
  • 2.- Bermatua ez dagoenean, bere erabilera soziala sustatzeko, babesteko, saritzeko eta bermatzeko tresnak jarri behar dira.
  • 3.- Hori egiten ez duenak, modu kontziente edo inkontzientean, hizkuntza horren desagerpena sustatzen eta bilatzen du, ez besterik.

Ildo beretik esan behar da euskara hutsez argitaratzen diren hedabideak direla euskara sustatzeko eraginkorrak eta, beraz, horiek dira lan hori egiteagatik saritu behar direnak.

Gaitzetsi nahi dugun beste puntu bat banatzen duen diru horren atzerapena da. Urte bukaeran jakiten baitugu zenbat eta noiz jasoko dugun. Laguntza horiek urtean garaturiko egitasmoak laguntzeko dira. Ebazpena abenduan ezagutuz euskarazko hedabideak eta Euskara Elkarteak behartuta daude urte osoko gastuei nola edo hala aurre egin, laguntza egongo ote den jakin gabe. Hainbat kasutan maileguak eskatzera beharturik gaude honek dakarren arazo eta gastuekin.

Esan gabe doa, lizentzia kontuak direla eta zenbait komunikabide laguntzarik gabe geratzen dela. Euskalerria Irratia, kasu.

Unibertsitate eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzatik bidaltzen duten ebazpenaren bidez ezagutzen ohi ditugu datu horiek. (Bide batez “Ayudas para la utilización del vascuence en los medios informativos de prensa, radio y televisión gaztelera hutsez bidaltzen dutena). Ebazpenak, diru-laguntzak kobratzeko aurkeztu behar den dokumentaziorako epea zehazten du eta aurten, esaterako, aste beteko epea izan dugu tartean “zubi forala” zela.

Azken bost urteetan Nafarroako Gobernuak ezarri duen hizkuntza politikak euskararen eta euskaldunen osasunerako, biriketako minbizia duenarentzat tabakoa bezalakoa da. Diru-laguntzak murriztuz, euskara sustatzen ari garen eragileen egoera ekonomiko eta laborala itogarria bihurtu du hizkuntza politika horrek.

Hau guztia esanda, honakoa da Nafarroako Gobernuari egiten diogun eskaera:

  • Euskararen erabilera sustatuz, euskarazko hedabideek eta Euskara Elkarteek Nafarroako gizarteari egiten dioten zerbitzua eta ekarpena aitortzea eta babestea.
  • Erabilera sustatzeko diru-sailak aurrekontuetan modu nabarmenean igotzea.
  • Diru-laguntzak banatzeko irizpide zehatz eta neurgarriak erabiltzea.
  • Diru-laguntzak ebazteko eta banatzeko datak urte hasierara aurreratzea.
  • Diru-laguntzen esleipenak egiteko epeak errespetatzea.
  • Diru-laguntzak zuritzeko aurkeztu beharreko dokumentazioaz argibideak eta erraztasunak ematea.
  • Euskalerria Irratiaren lizentziaren afera behin betiko konpontzea.
  • Euskaldunekin errespetuz jokatu eta informazioa euskaraz bidaltzea.

Azkenik, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzak nahi badu, euskarazko hedabideok eta Euskara Elkarteok prest gaude, beti bezala, egoera aztertu eta irtenbidea elkarrekin aurkitzen laguntzeko.

Prentsa aurrekoaren deitzaileak:

  • 1.- Aizpea Kultur Elkartea (Irurtzun)
  • 2.- Ametza Kultur Elkartea (Ultzama- Basaburua Imotz):
    • Pulunpe aldizkaria
    • Esan-erran irratia
  • 3.- Axular aldizkaira (Burlata)
  • 4.- Berria egunkaria (Nafarroa)
  • 5.- Bierrik Elkartea (Sakana)
    • Guaixe astekaria
    • Beleixe irratia
  • 6.- Indaia Fundazioa
  • 7.- Euskaldunon Biltoki Txantreako Euskara Elkartea
  • 8.- Euskalerria irratia (Iruñerria)
  • 9.- Gu geu aldizkaria (Sakanako Mankomunitatea)
  • 10.- Karrape irratia (Leitza)
  • 11.- Karrikaluze Elkartea (Atarrabia)
    • Xuka aldizkaria
  • 12.- Karrikiri Elkartea (Iruñea)
    • Karrika aldizkaria
  • 13.- Laisterkan aldizkaria (Sakanako Mankomunitatea)
  • 14.- Mailope Elkartea: (Araitz-Larraun)
  • Mailope aldizkaria.
  • 15.- Marmari aldizkaria (Iparraldeko Mankomunitatea Leitza)
  • 16.- Nabarra aldizkaria (Nafarroa)
  • 17.- Nafarkaria astekaria (Nafarroa)
  • 18.- Nafarroako Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
  • 19.- Ttipi- Ttapa Fundazioa:
    • Ttipi-Ttapa aldizkaria
  • 20.- Xapo aldizakaria (Iparraldeko Mankomunitatean Goizuetan)
  • 21.- Zaldiko Maldiko Kultur Elkartea (Iruñea)


(OSKAR ZAPATA SOLANO Nafarroako Topagunea Euskara Elkarteko teknikaria da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com