|
Oihu egiteko gogoa eta isilik gelditu behar! Bai, arduradun politikoen arduragebekeria ikustean oihu egiteko gogoa heldu zait, hain erreski iritziz aldatzen dutelarik, gorrotatzen zutena sostengatzen hasten direlarik, hondatzerik ez balute sortu bezala, dena ahantzia balitzaren irudia. Alegia gauzak aldatzen direla, iritzi publikoa beste begirada bat botatzen duela eta beste urrats batzuk eman nahiaren itsuran dabiltza.
Hor tartean azken egun hauetan Lamassoure eurodiputaua, Ipar Euskal Herriko hautetsien biltzarraren lehendakaria itzultzen zaigu, hizkuntz guttituen aldeko lege proposamen bat prestatzen hasten dela. Denbora beharko omen da , denbora badute horrelako kasuetan, ez badira entzunak, lehendakaritzarako hautagaiei proposamena entzunarazi omen diete. Hasten zaigu mehatsu beldurgarriekin noski.
Zertaz hitz egiten digu Lamassourrek, nora joan nahi du lege proposamen honekin ez bada bere buruari publizitatea egitea. Ez baitugu sinesten bere proposamena bururaino eramateko determinazio izpirik duenik. Ez baitzuen denborik galdu frantsesa estado osoko hizkuntz ofiziala bakarra frantsesa zelaren legearen bozkarazteko. Orai denbora behar omen da.
Euskal nortasunari ezagupen mota baten emateko bidean omen dira, legearen bitartez bide hori prestatzen ari omen dira. Nola sinetsi Euskarari iruzur egin zuena. Horrelako praktika politiko bat nola ulertu? Horrelako arduradun politikoak noiz arte onartuko ditugu? Zer gertatu zaigu gure geroa horien eskuetan uzteko? Zer konfiantza egin geniezakeen? Hain garrantzitsua den gure hizkuntza erasotzeko gai izan denari nola onar geniezaokeen hemengo ordezkari izatea? Zer babes dugu horrelako harrokeriaren aintzinean?
Sartuak beren proiektu politiko pertsonaletan, hauteskundez hauteskunde irauteko helburuetan ez zaie euskararen egoera importa, Euskararen ofizialtasunaren garrantziaz hitz egiteko gai dira gaur egun, martxan noiz emanen dutenerako datarik sekulan eman gabe. Debatearen proposamenaren aldekoak bihurtu dira, hau da egin duten aurrerapausua. Horrek ez du euskararen gibelapen urratsik geldituko. Ez dute presiorik jasaten, hitza libro denez oraindik hitz eginen dute. Egin? Prest izanen direlarik.
Prefetak? Bai, prefetek beren iritzi politikoak ematen baitituzte! Orai arte uste nuen estadoaren lekuko hutsak zirela, baina gaur egun gero eta gehiago hitz egiten dute. Ez dute noski aldaketarik proposatzen. Lehenik ABrekin antolatutako biltzarrean euskararentzat ez dela ofizialtasunik izanen erran zuten, Lamassourren hitzak hutsak direla frogatuz. Ondotik laborantza ganbara, presoen hurbiltzea, hori dena zakar untzira bidali zituzten. Hau al da elkarrizketa bat? Politikaren bidea hartu dugu, hori egin behar omen genuen egoeraren aldatzeko. Aldaketarik izan al da benetan. Oinarrizko eskubideak bermatzeko bidean al gara? Jartzen dizkiguten trabak oso altuak dira. Sekulako indarra beharko dugu. Oihu gehiago bota beharko dugu, entzun dezatenaren esperantzan.
(IXABEL ETXEBERRIA irakaslea da)
- Estreinakoz Garan argitaratua, 2006-01-16an.
|