Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Xirriak irudimenez eta euskaraz

Xirriak irudimenez eta euskaraz

2006-01-30 / 07:00 / Yves Matxikote IF   KULTURA

Xirika gazte aldizkariak sexu jarreren marrazkiekin osatutako liburua plazaratu du euskara hutsean: Itzulipurdika: xirri partiden irudimenerako gida askea . Marrazki bakoitza testu batek laguntzen du, sexu jarrera bakoitzaren azalpen xehearekin.

Gazteen artean tiradizo handia duen gaia da sexuarena. Eta Xirika kazeta gazte euskaldunendako egina delakotz, sexu jarreren erakusgarrri diren marrazkiak egin ditu Yves Matxikote IF marrazkilariak eta, argitaratzen hasi zenetik, astero-astero, marrazki bana argitaratu du Xirika Gazte Kazetan. Orain, berriz, marrazki zein testu guztien bilduma egin eta liburua paratu du gazte euskaldunek sexua irudimenez eta euskaraz landu dezaten.

Sorkuntzaren bultzatzaile eta bitarteko

Xirika gazteondako kazeta bat baino gehiago da. Gazteon sorkuntzaren bultzatzailea izateaz gain, sorkuntza horren bitarteko izan nahi du. Orain arte hala erakutsi dugu: Gazte Matxinada liburua, Entsegu Lokala eta Okupazioaren Aldeko Oihuak diskoak, komiki lehiaketa.

Gazte batek bere lan bat argitaratu nahi duenean, oztopoz beteriko bide batetik pasa behar da. Berak baino esperientzia eta baliabide handiagoak dituzten sortzaileekin lehiatu behar du eta askotan, mundu horretan kontakturik ez izateak bere lana anonimatuan uzten du.

Xirikak aintzat hartzen du gazteok literatura, musika edo, molde zabal batean, kulturari egiten ahal diogun ekarpena. Euskal sorkuntzari freskotasuna eta ikuspegi berri bat ekartzen diogu, ikuspegi gazte bat. Gazteon ekarpenik gabe, euskal kultura hanka-motz geldituko litzateke. Gazteok gara etorkizuneko idazleak, musikariak, poetak, marrazkilariak eta eskultoreak. Horrexegatik, Xirikak bere gain hartzen du sorkuntza horren oihartzuna egitea.

Kasu honetan, marrazkiak argitaratu ditu. IF-ek Xirikarentzat marraztutako sexu posizioena. Baina ez datoz bakarrik. Izan ere, posizio horiek azalpentxoak behar dituzte eta marrazki bakoitzak testu bat dakar. Euskara bizi eta gazte batean.

Xirikan astero proposatzen da Itzulipurdika atalean postura berri bat eta orain arte argitaratu ditugunen bilduma bat da liburu hau.

Erran gabe doa, beraz, Itzulipurdika liburua erabat bat datorrela Xirikaren filosofiarekin.

Bikote, talde edo bakartientzat

Urte bat eta erdi pasa da Xirika Gazteon Kazetak lehen alea argitaratu eta banatu zuenetik. Egun hartatik, astero-astero, Itzulipurdika sexu posturen atalak xirri egiteko proposamenak luzatu dizkie irakurleei, irudiekin zein hitzezko azalpenekin baliatuz.

Itzulipurdika, xirri partiden irudimenerako gida askea lan horren lehen bilduma da. Bertan bilduak dira bikote, talde edo bakartientzako posturak eta sexu jokoak. Luzaz giristinoek "bekatu" edo debekatua den joera bat zela hezurretaraino sartu ziguten. Alta, horrek norberaren ongizaterako eta orekarako betetzen duen papera nabarmena da. Sexua gauza ezin naturalagoa da.

Beraz bada garaia tabuak hausteko!

Gazteentzat argitaratua

Xirikak astez aste argitaratutakoak gazteak ditu jomuga baina, batez ere, gida honetan nehor ez da baztertzen, ez neskak ez mutilak, ez heterosexualak ez homosexualak, ez eta xirri festa egiteko taldean aritzea bururatzen zaienak ere.

Hona hemen argitaratutakoaren adibide bat:

LAMIN BAKARTIA

Izenak dioen bezala, ariketa mono-pertsonaikoa da. Laminak ez dago maitatzerik. Beraien xarmaren pean erortzen baldin bagira ezinezko maitasun baten drama ezagutzera eramanen gaitu. Dena den, lamiek ere gozamenerako eskubidea dute!

Kasu honetan, sorgin batek hartzen du laminaren papera. Hori bai, lamin bakartia posturan garbigelak pottoka bat edukitzea garrantzitsua da, ez bada baitezpadakoa… Sorgina pottokaren gainera igotzen da, iturria ideki eta pottotta berotu!

Aholkua: Urak xirrixtatzea laguntzen du. Horri esker eskuak gorputz gainean, hanketan eta hankartean lerratzen dira… Bi esku ditugu beraz biak erabili askatasun osoz! Pottokaren iturriaren berotasuna zein indarra neurtzen ahal da. Ondorioz, norberak gustatzen zaiona hauta dezala, ur-jauzi tropikala ala dutxa eskoziarra, dena libre!

Kamasutra oinarri

Jatorrizko Kamasutraren sexu atalak 5.000 postura proposatzen ditu. Jakin behar da postura guzi horien artean, deklinazio anitz badirela. Horrela, postura batek bertze bortz sor ditzake gorputzaren mugimendu ttipi baten ondorioz, horrek sentsazioetan aldaketa bat eraginen duelarik. 5.000etatik urrun baldin bagira ere, irudimenerako lehen gida honek pistak eman nahi ditu. Horrela, bereziki postura heterosexual eta akerren artekoentzat, egokipenak egin daitezke. Harpe iluna adibidez, denok izaten dugun gauza bat da (harroputzek ere bai, e!). Jakin behar da ipurtxiloko sarketa horiek homosexualen praktika hutsarekin lotzea gezur historikoa dela, sorgin emeei ere gustatu litzaiekeelako. Hori horrela izanik, aker bikoteentzat proposatzen den postura bat bikote heterosexualentzat ere baliagarria litzateke adibidez.

Orrietan zehar atxemanen diren proposamen anitz koitoarekin lotuak dira, pottotta edota xilo beltzeko sarketak dira. Xirri kidearen edo norberaren sexuarekin jolastea dator bigarren lekuan. Maitasuna eta xirri egitea, koito edo sarketa "sinple" bat baino gehiago da. Horregatik hemen proposatzen diren posturak testuinguru zehatz batean egitekoak direla azpimarratu nahiko nuke. Gutti batzuek, igelbelarra edo baredantza bezalakoek, gorputza hunkitzea eta laztantzea hobesten dute. Horiek momentu goxo-goxoak pasatzeko proposatzen dira, koitorako aukera edo gogo berezirik ez denerako. Aldiz, xirri partida aztoratuentzako oinarrizko osagai izan beharko dute. A zelako gauza tristea biluxtea eta segidan sarketan aritzen hastea! Beraz, jolas hau norberaren abileziaren gain egoten den kontu bat da; espero dut hamaika orriko gidarik ez dela behar ferekatzen ikasteko, ezta?

Xirriak begirunez, seguru eta euskaraz

Xirri egitea, bakarlari jolasa ez ezik, jentil ezberdinen arteko harremana da. Izan bedi beraz horrela! Berekoikeriak ez du lekurik eta norbere burua asetzeko norbait erabiltzea bere iritzia kontutan hartu gabe, Itzulipurdika-k duen filosofiaren aurka doa. Neska ala mutil izan, xirri egiteak begirunean oinarrituriko ekimen bat izan behar du. Maitasuna izan ala ez, bainan beti elkar adostua! Batzuk maitale izanen dira, bertze batzuk lagun onak eta elkar asetzeko irrikan daudenak, baina otoi, ez bedi gida hau bortxaketarako erabilia izan!

Bereziki harreman aldakorrak dituztenek edota xirrikidearen osasunaz gutti dakitenek neurri prebentiboak hartzea ere oinarrizkotzat jotzen dugula azpimarratu nahi dugu. Izan ere, sexu bidez transmititu daitezkeen kutxaketa biralekin edo infekziozkoekin askatasuna lapurtzea onartezina da. Beraz xintxo ibili, kondoia erabili.

Bukatzeko gida honek azken ohar bat eman nahi die Euskal Herriko belaunaldi ezberdinei. Norberaren sexua, sexualitatea eta pertsona bera begirunez hartzeaz gain, xirria ere euskaraz egin daitekeen eta egin behar dugun bizitzako jolas bat da. Beraz, Herriko gaueroko milaka akelarretxoak bizi bitez, aske eta euskaraz!

(YVES MATXIKOTE JORAJURIA IF marrazkilaria Itzulipurdika liburuaren egilea da)

  • Argazkian: Goizeder Taberna Xirika kazetaren zuzendaria eta Yves Matxikote liburuaren egilea.

Inprimatu


Erantzun

 
Itzulipurdika non erosi
2006-01-30 / 07:00 / Xirika Gazteon Kazeta

Itzulipurdika: xirri partiden irudimenerako gida askea Euskal Herriko hainbat tokitan eskura dezakezue. Salmenta tokiak ikusteko, ikusi gure web gunearen orrialde hau

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com