![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Kultura Saila / Enpresa / 2006-01-12 / 07:00
Heldu-aroko esparrurik garrantzizkoena dugu lan mundua, eta gaur egun lanerako prestatzen ari diren gazte euskaldunen belaunaldiek hortxe neurtuko dute euskararen benetako balioa. Ondorengo urteetan Euskal Herriaren historiako gazteriarik euskaldunena eta prestatuena iritsiko da lan mundura.
Euskaraz bizi nahi duten herritar euskaldunek lan-harremanetan ere izan behar dute euskara erabiltzeko aukera. Bide horretan aurrerapausoak ematen hasteko eta euskara lan-harremanetan txertatzeko ekimenak modu sistematiko eta egituratuan planifikatu behar dira. Euskararen iparrorratza lan-harremanei begira jarri behar da. Hori guztia aztertze aldera, Kultura sailburuak, Miren Azkaratek, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak eta Miren Mateok, Koordinaziorako zuzendariak lan bilera izan dute (2006-01-11) ELA sindikatuarekin, Bilboko sindikatuaren egoitzan. ELAren ordezkaritzaren buru Jose Elorrieta, ELAko Idazkari nagusia izan da eta berarekin sindikatuko buruzagiak diren Leire Txakartegi eta Fernando Iraeta.
Bilera honekin, Kultura sailak hasiera eman dio eremu soziolaboraleko agente nagusiekin datozen asteotan izango dituen lan-harremanei, bizitza sozialean eta laboralean euskararen normalizazio-prozesua aztertzeko. Gaur ELArekin izandako lan-saioaren ostean, hainbat bilera izango dira gainerako sindikatuekin eta enpresari-elkarteekin, lan-munduan euskararen erabilera areagotzeko estrategiak eta lan-lerroak elkarlanean aztertzeko.
Euskararen sustapena alor sozio-ekonomikoan legealdiko lan ildo nagusia da Hizkuntza Politikarako sailburuordetzarentzat. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak dioenari jarraiki, etorkizun hurbileko erronka nagusia euskararen erabilera areagotzea da. Norabide horretarantz areagotu nahi ditu ahaleginak Kultura Sailak, eta, are garrantzizkoagoa dena, ildo horri begira sustatu nahi ditu elkarlana eta ekinbide kontzertatua.
Euskararen aldeko politikekin bat egingo duen kontsentsu sozial, politiko eta kulturala sendotzea eta areagotzea ezinbesteko baldintza da esandako helburuak erdieste aldera.
Arlo sozio-ekonomikoan jorratzen diren eta sakondu nahi diren xedeak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian aurreikusitakoak dira. Esparru sozio-ekonomikoa (pribatua zein publikoa) da, agian, heldu-aroko esparrurik garrantzizkoena, eta hortxe neurtuko dute laster euskalduntzen ari garen milaka gazteek euskararen balioa; halaber, euskaraz bizi nahi duten elebidunek ere hor izan behar dute euskara erabiltzeko aukera. Horrexegatik planifikatu behar ditugu gure ekimenak modu sistematiko eta zabalagoan.
Azken finean, eskenatoki honetan herri-administrazioek eta eragile sozio-ekonomikoek, sindikatuek eta enpresari-elkarteek bereziki, trakzio-lana egin behar dute euskara gero eta gehiago erabil dadin lan-munduan. Izan ere, euskal gizartearen ahaleginari eta egin den hizkuntza-politikari esker, belaunaldi berrietan -lan-munduan sartzen ari direnak eta sartzear direnak- gero eta gehiago baitira elebidunak.
Azken 20 urteotan euskarak hazkunde demografikoa, geografikoa eta funtzionala ezagutu du Euskadin. Horren erakusgarri, 1981ean bost lagunetatik batek zekien euskaraz. 20 urte beranduago, biztanleen herenak daki euskaraz: euskarak 200.000 hiztun potentzial irabazi ditu.
Euskara, halaber, tokia irabazi du hiriguneetan eta adin-tarte guztietan. Gaur egun, 25 urtetik beherako gazteen artean, gehienak, %50 baino gehiago, elebidun dira.
Hazkunde demografiko eta geografikoarekin batera, funtzionalki ere hazi da. Egun, duela 20 urte baino gehiago egiten da euskaraz eta esparru gehiagotan (hezkuntzan, unibertsitatean barne, hedabideetan, kultur sorkuntzaren adierazpideetan, IKTetan edo administrazioan).
Nola nahi ere, egiteko eskubete lan daukagu euskararen etorkizuna bermatuko badugu. Zehazki esateko, erabileraren erronkari modu eraginkorrean aurre egin beharra daukagu. Lan mundua da, erabilera bultzatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak ondorengo urteei begira begiz jotako lehentasun eremu nagusietakoa. Argi dugu, une honetan lan-munduan eta hezkuntza-sisteman badugula behar adinako heldutasuna eta baditugula oinarrizko baldintzak egindako inbertsioei etekina ateratzeko eta euskararen presentzia eta erabilera gero eta enpresa eta organizazio gehiagotara zabaltzeko. Halere, horretarako, ezinbestekoa da sektoreko agenteen eta, bereziki, sindikatuen eta enpresari-elkarteen partehartzea eta lankidetza.
Eusko Jaurlaritzatik beharrezko ikusten dugu modu sistematikoan eta eraginkorrean jarduteko bide emango diguten estrategiak kontsentsuatzea eta adostea. Horretarako, eragile sozioekonomiko eta laboral nagusiekin kontzertazioan jarduteko, abian jartzen ari gara ekintza-plan orokorra lan-munduan euskararen erabilera modu eraginkorrean sustatzeko.
Ekintza-plan horren baitan, besteak beste, erreferentzia-marko estandar batean oinarriturik, organizazioen errealitate, helburu, behar, baliabide eta borondateetara egokituriko erabilera-planak hedatzera helduko diogu; halaber, aholkularitza, laguntza teknikoa, baliabideak, erremintak eta material osagarriak eskainiko dira euskaraz ere lan egin ahal izateko.
Horretarako diru baliabideak ere areagotuko ditu Eusko Jaurlaritzak aurtengo urtean, euskararen erabilera planak koofinantzatzeko helburuarekin. 2006ko aurrekontuan nabarmen hazi da helburu horretara jarritako diru kopurua.
Eusko Jaurlaritzatik azpimarratu nahi dugu kontzertazioaren eta kontsentsuaren bideak duen garrantzia euskararen erabilera areagotzeko politika aktiboaren arrakasta bermatzeko.
Euskarak dena du irabazteko elkar ulertzearen bidean eta, ostera, dena galtzeko konfrontazioaren bidean.
(EUSKAL ATONOMIA ERKIDEGOKO EUSKO JAURLARITZAREN KULTURA SAILA)
![]() | Inprimatu |