Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskarak ba al du sexurik?

Euskarak ba al du sexurik?

2006-01-13 / 07:00 / erabili.com   INTERNET

Sexu eta porno orrialdeak milaka eta milioika aurki ditzakegu amaraunean. Sexua eta pornoa euskaraz aurkitzea, ordea, Eguberritan udaberriko zizak topatzea baino zailago da. Halere, badira ale batzuk, eta batik bat blog mugimenduaren baitan.

Euskara eta pornoa

Euskara eta pornoa

"Euskararen normalizazio erabatekoa lortzeko sexuaren alorrean ere aitzurrean egin beharra dago". Hala aldarrikatzen dute Lizundia blog zabaldu berrian.

Hauxe diote hitzez hitz euskara eta sexua lotu dituen amarauneko txoko horretan: "Lizundia euskara salbatzera dator. Lizundiak ez du sexua maite, ez ditu titi ederrak maite, ez ditu aluak eta zakilak idoro, baina euskarak behar ditu horiek guztiak, eta euskararen mesedetan hartuko ditu Lizundiak lan nazkagarri hauek".

Amaraunean ere euskara eta sexua, apenas

Pornoa edota sexu argazki esplizitoak eskaintzen dituzten web guneek hizkuntzaren normalizazioarekin lotura urria edo inongo loturarik ez dutela pentsa daiteke agian.

Hitzak ez, irudiak bilatzen dituzte horrelako orrialdeak bisitatzen dituztenek, argi dago. Esparru horretan ere, ordea, Interneten oro har erabilera aldetik indartsuenak diren hizkuntzen zerrenda bera ezarri genezake. Porno orrialde gehienak ingelesez topatuko ditugula, alegia.

Euskarazko orrialdeak eta web guneak ingelesezkoekin alderatuta askoz gutxiago dira edozein esparrutan, baina are gehiago, agian, pornoari dagokionez. "Interneten pornografiak miloika gune eta blog dituenean, non daude euskarazko gune pornoak? Non blog pornoak euskaraz?". Galdera hori botatzen du Lizundiak bere blogean.

Lizundiarena euskarazko lehen orrialde pornoa dela esan daiteke. Era horretako orrialdea izaki, argazkiak dira nagusi, eta emakumeenak ia denak. Alde horretatik nobedade gutxi. Lizundiaren blogean, baina, argazkiok euskarazko testuekin hornituta ageri zaizkigu. Egile beraren iruzkinak ez ezik, euskal kanta, bertso, atsotitz eta erreferentzia ezagunak tartekatzen dira, eta argazki bilduma bakoitzari nolabaiteko batasun ildoa emanez sarri, modu bitxian.

Egon badaude

Argazki pornografikoekin hornituta eta euskaraz eginda dagoen gune bakarra dugu momentuz Lizundiarena.

Sexuarekin eta erotismoarekin lotuta, baina irudietan oinarritu beharrean testuetan oinarritzen diren euskarazko webak ere ez dira askoz gehiago ageri amaraunean, baina egon badaude. Hauek ere azkenaldian horrenbesteko arrakasta izaten ari den blogen mugimendutik datozkigu.

Horietako bat Zakilatente izenekoa da. Bertan sexuarekin eta sexu harremanekin lotutako hainbat gai jorratzen dituzten testuak aurki daitezke nagusiki, tartean kontaketak. Lizunen Topagunea izeneko atala ere badu blogak, eta telebista kate ezberdinetan sexu edukiak dituzten saioak non eta noiz ikus daitezkeen adierazten duen agenda modukoa ere bai.

Kontaketa erotiko eta pornografikoak irakurtzea gustuko dutenentzako beste aukera bat, hau ere erabat euskaraz, Alukiss da. Kontaketak dira, hain zuzen, orrialde horren oinarria. Aurrekoak bezala, bloga dugu.

Aipaturiko blog hauek denbora gutxi daramate amaraunean. Orain arte euskaraz horrelakoak aurkitzea ezinezkoa bazen, orain posible da. Gutxi dira momentuan, baina hortxe agertu dira, euskarak amaraunean orain arte ukitu ez zuen esparru batean lehen urratsak emanez.

Inprimatu


Erantzun

 
Dagoentxoa heterosexuala eta gizonendako
2006-01-13 / 08:50 / Martix

Sexurik ez apenas.

Eta dagoentxoa heterosexuala.

Eta gizonentzako noski.

 
Sexu ugari euskal blogetan!
2006-01-18 / 19:53 / Zakilatente

>Sexurik ez apenas.

>Eta dagoentxoa heterosexuala.

>Eta gizonentzako noski.

Aurrekoari erantzunez: Zergatik diozu sexu gutxi dagoela? Lizundiaren blog-ean argazki ugari dituzu eta nere blog-ean testu ugari. Biak sexuari buruz.

Zehazki zer eskatzen diozu sexuari buruzko webgune bati? Eta serioski galdetzen dizut, ahal izan ezkero eskatzen duzuna eskeintzen saiatuko bainaiz.

Heterosexual edo homosexual, eta gizonezkoei edo emakumezkoei zuzenduta dagoen... tira, ni heterosexuala eta mutila naiz, eta blog hori nere denbora librean, nere gogoko gauzei buruz idazten igarotzen dudan heinean, normala da sexua nere ikuspegitik lantzea.

Egoera ezberdina izango litzateke, nere aburuz, webgune horiek entrepresa batek egingo balitu, adibidez.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com