Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Federico Barrenengoa euskaltzain ohorezkoa hil da

Federico Barrenengoa euskaltzain ohorezkoa hil da

2005-12-30 / 16:30 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Federico Barrenengoa euskaltzain ohorezkoa hil da 2005eko azken aurreko egunean. 2005a urte beltza izan da Akademiarentzat, izan ere, 3 euskaltzain oso, bi ohorezko eta euskaltzain urgazle bat galdu baititu.

Federico Barrenenegoa euskaltzain ohorezkoa hil da, 89 urte zituela. Federico Barrenengoa ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak, 2004ko azaroaren 26an. Haren aldeko hileta elizkizuna bihar izango da, abenduak 31, Amurrion.

Federico Barrenengoa Arberas Amurrion (Araba) jaio zen, 1916ko urriaren 18an.

Irakasle eta Filosofia ikasketak egin zituen. Euskaldun berria zen -18 urte zituela ikasi zuen euskara- eta AEKn eta Ikastolen munduan ibilia, beti ere euskararen alde lan eginez.

Toponimian eta onomastikan aditua. Ikerketa-lan asko egin zituen, Aiarako toponimiaz bereziki. Amurrioko euskal toponimia berreskuratzeko eratu zen lehenbiziko batzordeko kidea izan zen eta gaixotu arte, parte hartzen aritu zen, Euskaltzaindiko Onomastika batzordearekin batera, herri horretako toponimia finkatze-lanetan.

Jose Paulo Ulibarri arabar euskaltzalearen biografia idatzi zuen.

Firestone lantegiko liburuzaina izan zen, jubilatu arte.

1979ko abenduaren 20an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta 2004ko azaroaren 26an, ohorezko euskaltzain. Azkue Bibliotekako batzordekidea ere izan zen.

  • Argitaratutako lan nagusiak:
    • El euskera de la tierra de Ayala. 1976
    • Onomástica de la tierra de Ayala. 1988
    • Toponimia de la tierra de Ayala. 1989
    • Índice General y Etimologías de los apellidos y topónimos de la Tierra de Ayala. 1990
    • El valle de Ayala (I): de la prehistoria al siglo XVI (2003, Arabako Foru Aldundia).

Henrike Knörr: “Ezin idatz daiteke deus ere Aiaraz Federico Barrengoaren artikuluak eta liburuak kontuan hartu gabe”

Henrike Knörr euskaltzain osoaren aburuz, “Federico Barrenengoa Arberas euskaltzain ohorezkoaren ekarria handia izan da, zalantzarik gabe. Lanbidez eta ogibidez euskal eremutik (beste askoren antzera) urrutixko ibili bazen ere, gogotik ekin zion euskara ikasteari eta irakasteari, bai eta bere Herria errotik ezagutzeari. Hizkuntzari dagokionez, euskara ongi menderatzera iritsi zen. Eta haren lanak, gehien bat Amurrio jaioterriaz eta Aiaraz oro har, ezagutza sakonaren ispilu garbiak dira. Aspaldiz gero ezin idatz daiteke deus ere Aiaraz Federico Barrengoaren artikuluak eta liburuak kontuan hartu gabe”.

Ondokoa ere gaineratu du Arabako euskaltzain osoak: “89 urterekin hil zaigu Barrenengoa, eta zinez esan daiteke ez duela denborarik galdu, beti ere euskaltzaletasunak eta kulturarako isuriak eraginik. Euskaltzaindiak haren merezimenduak aitortu zituen: 1979an egin zuen urgazle, eta 2004an euskaltzain ohorezko. Ez dira ahaztekoak Euskaltzaindiarentzat egin zuen lana, Azkue Bibliotekako kide izanik; alor horretan, jakina, bazuen Barrenengoak esperientzia luzea, Firestone enpresako liburuzaina izan baitzen urtetan”.

“Agian haren fruiturik umotuena Onomástica de la Tierra de Ayala liburua da, hiru liburukitan (1988). Hor bildu zituen Aiarako leku izenak, batetik, zein bere dokumentazioarekin, eta, bestetik, deiturak. Etimologiak bilatzen saiatu zen, eta esan behar da zuzen zebilela gehienetan”.

“Europako hainbat hizkuntzari buruz bazuen argibide zabala. Asko irakurri zuen haietaz, eta konparaketak egitea atsegin zuen.

Betiko bakean gerta dadila Federico Barrenengoa adiskide ona eta langile porrokatua.”

Jose Luis Lizundia: “Aiarako euskalgintzak asko zor dio”

Jose Luis Lizundia euskaltzain osoaren esanetan, Federico Barrenengoaren lana oso inportantea izan da, “bere eskualdeko euskara, Aiarako euskara, horko toponimia eta onomastika oro har, modu sakonean ikertu duelako. Gainera, oso pertsona inportantea izan da euskalduntze eta alfabetatze munduan”.

Amurriokoa ez ezik, Aiarako euskalgintzak ere gauza asko zor dizkio Barrenengoari, Lizundiaren aburuz, “eta esan dezakegu, Aiaran bezala, Euskal Herriko eremu erdaldun guztietan bera bezalako pertsona bat izan bagenu, euskara beraren eta euskararen ikerketaren egoera askoz hobea izango litzatekeela gaur egun”.

2005a urte beltza

Heriotzak 6 aldiz jo du aurtengoan Euskaltzaindiaren atea:

Inprimatu


Erantzun

 
Hileta
2005-12-30 / 17:33 / Euskaltzaindia

Federico Barrenengoaren aldeko hileta bihar, abenduak 31, izango da, arratsaldeko 17:30etan, Amurrioko Andre Mariaren Parrokian.

Bestalde, datorren astelehenean, urtarrilak 2, haren aldeko meza izango da Bilboko San Felicísimo elizan (Deustun). Ordua: iluntzeko 19:00etan.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com