|
Euskara ezkutuko komunikazioetarako tresna gisa erabili zuen AEBetako armadak II. Mundu Gerran. Gure hizkuntza gerra espioi ipar amerikarrentzat aproposa bilakatu zen, AEBetako zenbait indiar hizkuntzarekin batera, japoniarren aurkako guduetan.
Euskararen erabilera oso garrantzitsua izan zen II. Mundu Gerran AEBtako armadarentzat. Are gehiago, Daniel Arasa historiagileak jakinarazitakoaren arabera, Guadalcanalgo (Pazifikoko Solomon Uharteetako bat) bataila hasteko agindua euskaraz eman zen, 1942ko abuztuan. Asiako frontean, hain zuzen, erabakigarria izan zen euskararen erabilera estatubatuarrentzat, gure hizkuntza guztiz arrotz egiten baizitzaien japoniarrei eta ezinezkoa egin zitzaien estatubatuarren mezuak itzultzea.
Euskal jatorriko militarrak
AEBetako espioitza zerbitzuek Frank D. Carranza izeneko kapitainaren bidez bereganatu zuten euskararen erabilera, japoniarrek beraien ezkutuko mezuak deszifratzeko erabiltzen zuten sistema eraginkorrari muzin egin asmoz. Eta emaitzak ikusita, amerikarrek helburua lortu zutela esan daiteke.
Frank D. Carranza euskal emigratzaileen semea zen, eta besteak beste euskara erabiliz Japoniako armadarentzat ezin ulertuzkoa zen komunikazio sistema gauzatu zuen berak. Carranza AEBetako armadaren transmisio sailean aritu zen II. Mundu Gerran, eta berak sortutako telekomunikazioetarako kodea erabakigarria izan zen AEBek Pazifiko aldean Japoniako armadaren kontra burutu zuten kanpaina luze eta zabalean, eta oso bereziki gerora hain ezaguna bihurtuko zen Guadalcanalgo guduan.
Japoniarrek kode sekretuak deszifratzeko zuten erraztasuna nola gainditu zebiltzala, Carranza kapitaina jabetu zen marineen artean bazirela euskal jatorriko 60 gizon, euskara zein ingelesa ondo menperatzen zituztenak, eta hori baliatuz ekin zion komunikazio kodea eratzeari. Komunikazioaren alde bietan euskaldun bat jartzea nahikoa zen mezuak erraz eta denbora aurreztuz batetik bestera zabaltzeko.
Carranzaren sistemaren eraginkortasuna areagotzeko edo, AEBetako Pazifiko aldeko itsas-armadaren almiranteak, Nimitzek, beste hiru ofizial euskaldun jarri zituen bere alboan: Nemesio Agirre, Fernandez Bakaikoa eta Juanna.
Jatorrizko amerikarren hizkuntzekin
Estatubatuarrek japoniarrak jokoz kanpo harrapatzeko osatu zuten komunikazio sistema horretan euskara ez zen izan erabili zuten hizkuntza gutxitu bakarra. Hain zuzen ere, Ipar Amerikako jatorrizko zenbait herrien hizkuntzak ere oso baliagarriak izan ziren AEBetako militarrentzat. Navajoa, irokesa edota komantxea euskararekin tartekatuta, edota nahasian ere bai, erabiltzen zituzten, Japoniako espioiek hizkuntza horien arrastorik ere ez zutela sinetsita, eta hala zen gainera.
Asteko egun bakoitzerako hizkuntza ezberdin bat erabiliz, eta tarteka hizkuntza ezberdin horiek nahastuz, arerioentzat benetan ezkutukoa zen gerrako komunikazio kodea sortu zuten horrenbestez AEBetako armadakoek.
Egon arretaz egunari
Aipatutako kode horretan erabiltzen zituzten hitz eta esamolde jakin batzuk bildurik ditu Daniel Arasa historiagileak. Hona hemen batzuk:
- Egon arretaz egunari: Esaldi hau Guadalcanalgo guduaren hasera egunaren berri emateko zabaldu zuten, AEBetako soldaduak Solomon Uharteetako irla horretan lurreratu baino egun batzuk lehenago.
- Segarra erragiza zazpi: Hitz horiekin abiarazi zuten japoniarren aurkako erasoa, 1942 abuztuaren 7an. Guadalcanalgo bataila 1943ko otsailaren 1943ra arte luzatu zen.
- Arreta zuhaitzari: Arerioak zuhaitzetan ezkutatuta zeudela adierazteko.
- Egalari lagundu: Abiazioa abisatu.
|