![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
erabili.com / Kultura / 2005-12-19 / 07:00
Bertsolaritzak goia jo zuen atzo (2005-12-18) Barakaldon, Bertsolari txapelketa Nagusiko azken saioan:
12 milatik gora bertsozalek zutik eta esku-zarta betean hartu zituzten bertsolariak goizean eta gisa berean agurtu zituzten iluntzean bertso aldiaren bikaina eskertzeko.
Bertsoaren eta bertsolarien indarra behin eta berriro ikusi zen goiz nahiz arratsaldeko bertso saioetan: orain irribarre, gero algara eta hurrena, berriz, begiak malko betean ziren entzuleak bertsoaren esanak eta sortutako giroaren zabalak hunkituta.
Zirrara, gainera, bukaera-bukaera artekoa izan zen: Imanol Lazkanok Andoni Egañari txapela jantzi artekoa.
Zazpi Euskal Herrietatik etorritako jendetza elkartu zuen Barakaldok eta guztiek bertsoa eta euskara zuten elkargune eta ulergune. Euskararen Herria atzo herriago izan zen Barakaldon.
Bertsolaritza gaztetuta dago. Atzo oholtza gainean eta beheko eserlekuetan gazte jendea zen ugari. Bertsolaritzan gaztea ere bultzaka dator: bertsozale eta bertsolari. Atzoko protagonistetako bat, zalantzarik gabe, Bilbao Exhibition Centerren bertsoak entzutera elkartu ziren gazteak izan ziren.
![]() |
Bertso gosea nabari zen goiz-goizetik Bertsolari Txapeketa Nagusiko azken saiora joandako jendartean. Bertso irrika sumatzen zen. Bazkalondokoan ere entzule jendeak otorduko babarrunekin sabela ondo berdindu bazuen ere, bertso goseak amorratzen eseri zen bertsolaritzaren plazako aulkietan. Baina bertso gosea ez zen nolanahikoa: bertsoaren mokofinak ziren nagusi, bertso onaren gose eta egarri.
Zortzikotearen artean buru bakarrak janztea zeukan txapela eta epaileek Andoni Egaña Makazagaren aldekoa hartu zuten azken erabakia.
Andoni Egañak kantatu zuen lehenengo bertsoan, agurreko bertsoan, ongi asko adierazi zuen zertara zetorren: "dena ematera nator eta, hau ez gaizki ulertu". Eta bere hitzak ondorengo zortzi orduetan gertatuko zenaren erakusgarri izan ziren: Txapelketa Nagusiko finalaren bertso aldi osoan, hasi eta buka, Andoni Egañak garbi utzi zuen berak ez zuela txapela oparitan emango, kendu egin beharko zitzaiola eta ondo kostata gainera.
Andoni Egaña bertsolaritzaren historian Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko 4 txapel jantzi dituen bertsolari bakar bihurtu da. Inork ez du lortu sekula horrenbeste txapel janztea.
Baina Andoni Egañak laugarren txapela janzteko bidea ez zuen nekerik gabekoa izan: estu hartu zuen txapeldunen txapelduna Durangoko Unai Iturriaga txapeldunordeak baina atzokoan Bertsolarien finala Gipuzkoatik Bizkaira eraman bazen ere, txapelarekin ez zen gauza bera gertatu eta laugarren aldiz jarraian Gipuzkoako Zarautzen geratu zen.
Honatx finalean kantatu zuen zortzikoteak lortutako puntuak eta azken sailkapena:
Euskararen Herriak erdigune izan zuen atzokoan Barakaldo. Goiz-goizetik eta egunak amaitu artean bertso ale bikainak entzun ziren 12.000 bertso lagunetik ondo gora elkartu zituen Bilbao Exhibition Center (BEC) bertsoaren erakustazoka erraldoian.
Zortziko handiko saioarekin ekin zioten finalari bertsolariek. Lehenengo ekinaldian Igor Elortza eta Andoni Egaña egokitu ziren kantu lagun, urte bi greban eman ondoren lantokiko aldageletan lanean hasteko dauden langile biren larruan jarrita. Gaiak begitartea ilundu eta goibeletik jarduteko gehiago bazuen ere, Andoni Egañak atera zizkion umore printza batzuk.
Jon Maia eta Amets Arzalluz etxea erosi berri duen bikote gazte bihurtuta aritu ziren ondoren. Jon Maiak ale bikainak eman zituen:
| Paper guztiak aurrean daude Amest hurbildu parera, une honetan hastera doa urte luzeko karrera. Ene! hauxe da konpromisoa! sakon-sakon gainera. ez elizatik, ez zibiletik bankotik ezkonduko gera. |
Ondorengo bertsoetan ere arrazoi politak eman zituzten bi bertsolariek baina bereziki gogoangarria da 50 urte luzeko ordainaldian sartu behar zutela-eta "gure harremanak ba al du horrenbeste kreditu?" galdetu zuenean Jon Maiak.
Goiz parteko saiorik bizienetakoa Maialen Lujanbiok eta Unai Iturriagak egin zuten. Hiru ume txikiren gurasoen tokian gertatu ziren eta aspaldiko partez asteburu osoa bakarrik pasatzeko aukeran. Maialen hasi zen zirika:
| Ezta bat eta, ezta bi ere hiru ta hiru, da hiru hiru neke eta hiru lan karga bider hiru, zenbat diru. Umeak nola gainetik kendu pentsatzen gabiltz beti gu, orain bakarrik geratu eta ia zer ein ez dakigu |
Eta Maialenen lehendabiziko zirikaldiari bikain baino bikainago erantzun zion Unai Iturriagak. Gainera, Unaik bertso honetara ekarritako "ejem" baliabide adierazkorra Andoni Egañak erabiliko zuen arratsaldean Unai berarekin izan zuen buruz burukoan eta baita agurreko azken bertsoan ere:
| Hain emankorrak izan gu eta hiru haur etorri ziren presarik gabe behingoagatik elkartu gaitezen hemen igoal aukera dugu gaurkoa zera egiteko: ejem ia ahaztuta daukat maitea gu lehen nondik hasten ginen |
Iturriaga ondorengo bertsoetan ere eroso ibili zen senar eta aitaren kolkoan sartuta:
| Nire laztana, nire maitea etzaitez jarri horrela, zurekiko dut berotasun bat berotasun bat itzela. Ez dakit zer den berago edo berotu zaidan sabela, "caguen la leche" berriz mobila, ziur zure ama dela. |
Ondoren zortziko txikiaren txanda izan zen. Andoni Egañak eta Jon Maiak umore ederrean zukutu zuten gaia: "Igande goizaldean, parrandatik bueltan etxera heldu eta gose zara, Andoni. Sukaldera sartu, eta eguerdirako ziren txipiroiak jaten hasi zara. Bat-batean, Jon ama agertu da kamisoian".
Hona hemen Andoni Egañak kantatutako bi ale zoragarri:
| Pasilluan utzita balantzen aztarna iaupaka hor sartu naiz sukaldean barna, eta ordu hauetan hauxe panorama ze kamisoi polit dakarkizun ama. | Gauean zazpi whiski hor nonbait edanda kolpetik iritsi zait gosearen txanda, ezpainak tintaz dauzkat egia esanda kazuelatik salto egingo zidan-ta |
Lan berean ere, Unai Iturriaga eta Sustrai Kolina elkartu ziren. Esku-zarta ederrak atera zituzten entzuleengandik, izan ere, gaiak ere bide ematen zuen umorerako: "Laneko bilera batera zoaz zu Unai, Sustrai nagusiarekin, haren auto haundian. Azkarregi doa Sustrai autopistan, eta ez dakizu nola esan mantsoago joateko".
Unai Iturriagak bertso honekin ekin zion:
| Hau da hau kotxe zarra hau da hau bainera GPS eta guzti daukazu gainera, Ehunda berrogeian hor dijoa topera, jakin nahi nuke zelan joaten den ehunera. |
Goizeko saioan hamarreko txikian entzundako beste saio gogoangarri bat Jon Maiak eta Maialen Lujanbiok egin zuten, punta-puntako bertsolarientzat gai zailik ez dagoela erakutsiz: "Zu Jon herriko plazan landatu berri duten arbola txikia zara. Maialen, berriz, hazi arte eutsiko dizun makila".
Hauxe kantatu zuen Jon Maiak:
| Nire makil laguna zu nere zaindari nere aldamenean zaude adi-adi eutsi behar diogu hego haizeari ekaitz guztiei eta neguko elurrari sustraiak lotu arte heldu enborrari |
Maialen Lujanbiok botatako ale hau ere ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, batez ere, bukaerako arrazoiari dagokionez:
| Ni inbiriz begira zure loreari ni ere lehen izan nintzen zuhaitz handi baina ebaki ninduten eta jarri adi paradoja bat degu biok argi-argi hildakoak nola eusten dion bizitzari |
Goizeko saioa kartzelako lanarekin amaitu zuten bertsolariek: "Aspaldiko partez bi begiak busti zaizkizu". Gaiaren zabalak mugatu beharra ekarri zuen bertsolarien aldetik eta bide ezberdinetatik joz bertso sorta ederra entzuteko aukera izan zen:
| Sentimentuak batzutan sartzen dira zuzen-zuzenean horrexegatik kantatu nahi dut naizenaren izenean, euforia dago denean baita neure barrenean egun haundia zela zeozerk ematen zidan senean, gure ordua helduta ez naiz erori etsipenean malko txiki bat egin zait beste zazpien aldamenean hona igo garenean. | Sentimentuak halakoetan hartzen du harrapalada hainbeste txalo, hainbeste jende hemen bertatik bertara; disgusto txiki ilada izan dut azkenboladan txaloen hotsak berriro ere sortu dit niri dardara. Ospitalean zaude zaude zu eta Ni nabil hona ta hara, denei begira bidaltzen dizut zuri agur bat osaba, laister ikusiko gara. |
| Ta behin bihotza martxan jarrita noski ezin du gelditu bapatekoak dauzka holako makinatxo bat istripu, sentimenen zirrikitu gure bertso ta prediku jente aurrean kantatzeko nik ba ote dut nahiko meritu, hamaika malko klase badaude horixe dut konprenitu batzutan penaz eta bestetan pozetan ezin kabitu, bizitzak biak behar ditu. |
| Atzo arratsaldez muxu emanda han utzi nitun etxean. «Benga aitatxo, gogoarekin», semeak ate ertzean, andreak berriz irripartxo bat ere semean atzean. «Saiatuko naiz», agindu nien nere aldarte motzean. Hemen eguna igaro eta zortzietan arratsean nere burua hor sentitu dut oso modu narratsean. Izena entzunda, eztenkada bat sentitu dut bihotzean, beti lehena izandako hau zortzigarren geratzean. | Zazpigarrena ta seigarrena esan dituzte xuabe gero zortziok zutitu gara zortzi lagun ta zutabe. BEC-eko hau zen bertsolarien helburu eta aldare besteak haundi, kikara ziran eta ni berriz titare. Nere Olimpo uste nuena bilakatu zait urkabe zerrenda hori entzundakoan ene zenbat atsekabe. Barrun mina sentitu det bai, sentitu det ta halare momentu hori aixe pasa dut malkorik isuri gabe. |
| Jende aurrean al dan moduan mantendu dut bai kontrola horren gogorra izango zenik ez nuen uste inola gerta liteke haundi usteko kaxkarraren parabola. Zarautza joan naiz, burumakurka, erdi etsirikan hola pentsatzen nuen, hau kultura da, gurea ez da kirola, eta horrekin baretzen nuen barrunpeko bihotz zola. Lehenen ttantta bat, gero bi ttantta azkenik malko uhola nere semeak hala esan dit: «Aita ez dio ajola». |
| Langile ohia nauzue gaur BECera natorrela labe garai zahar haietan soldadoreen papela bizitza osoan borrokan, borroka zen erregela, kalera bota gintuzten ze sentsazio zimela. Orduko oroitzapena jauzi da orain orbela finalera etorri naiz ta ez da gauza ustela, pozten nau hau ikusteak euskaldunaren ergela orduko basamortua euskerak bete duela. | Guri pasa zitzaiguna juzga genezake grabe, dena kontatu nahi nuke orain xuabe-xuabe. Enpresa usteldu zuten hori ez da nobedade hortako enpresarioek ai zenbat abilidade. Gaur BECen senti ninteke halare guztien pare, lehengo borroka haietan ginen arrazoien jabe ez dezala inork ahaztu, memoria da zutabe, guk botatako harriak oholtzaren azpian daude. |
| Begirada ipini zait umela baina ez iluna neure herrian ikusiz bertsolarien jarduna. Hau ez da izan sekula herri hontan ezaguna nola hau beti izan den industriaren erresuma, asko euskaldundu gera zer ikasi eta zer suma jadanik bertsolaria da gure bidelaguna, begiak dauzkat malkotan, hau da hau ikuskizuna, gaurtik hasten da biharko Barakaldo euskalduna. |
| Arratsaldeko zortziak dira txapelketaren aitzaki nere aulkitik altxatu eta begirada bota BECi, epaia ere eman digute zeinen ongi, zein ederki, txapeldunaren izena ere jakina izango da aurki ta nik iztarrak ia itsatsiak nere galtza eta aulki. Puntuak mila ta zazpi garaitzeko ez zen aski malko txiki bat atera zaio begiko iturri bati, BECek jo didan txalo aldia gogoratuko dut beti. | Eta jendea epaiaren zai zer etorriko zer suma aurkezlearen mintzaera da hain mantsoa, hain astuna hirugarrena ta bigarrena, ene bai gizon kuttuna, zarauztarrari eman diote bigarren postu txukuna. Bihotza daukat esku batean begirada dut zurruna lehen gure ezaguna egunez egun laguna ene Andoni gaur bigarrengo bukatu duzu eguna baina betiko izango zara zu Ametsen txapelduna. |
| Ta aurkezlea izenez izen tirri tarra, tirri tarra txapelduna nor esan behar du orain gainditu du marra izango al da gipuzkoarra izango al da bizkaitarra izena esan eta saltoka hasi zait barneko arra. Lasai nik zein den ez dut esango suspentsearen indarra azken orduko hausnarra ta denen txalo aparra txapeldun berri, txapeldun haundi eta txapeldun bakarra neri ezkondu dizkidazuna malkoa ta irriparra. |
| Euskal Herria da inor nahi ez duen erresuma lagun batek amesten zun herrian askatasuna hargatik ospa egin zun utziz gomu ta bilduma Guardia Zibilek atzetik egin zioten jarduna. Zoritxarrez dula gutxi, preso harturik laguna, lagun oro egon gara zer pentsa eta zer suma. Gaurko honetan jaso dut malkozko opari kuttuna, ziegatik bidali didan lehendabiziko gutuna. | Aupa Colina, ze moduz, ongi al doa bizitza? Hemen jasaten gabiltza errepresio bortitza kartzela beti izan da bizitzeko toki hitsa ta ukatu dizkigute patioa eta hitza. Horri erantzun nahiean gu gose greban gabiltza dukaguna ez delako nor izateko baldintza, deus baino nahiago nuke hauxe izango balitza hemendik idazten dudan, azkeneko eskutitza. |
| Toneladako malkoak dauzkadanean begitan memoria iltzatzen zait Donostiko afaritan nun luze ibiltzen ginen eztabaidan, ika-mikan sexuan, kirol kontuan eta gero politikan. Baina kondena luzea daukadanez oraindikan jarraitu beharko dugu garai zaharren inbiritan, agur bat eta bi muxu La Santeko ziegatikan, ta ea txapel ta guzti etortzen zaren bixitan. |
| Zenbait egunez lanetik ere hartu genuen erdi jai etxean bertan egon nahi nuen, ahal nuen artean lasai. Hasi aurrera begira eta ustezko hamaika dohai banituela pentsatzen nuen bila joan nintzen, baina ai, ilusioa izan daiteke halakotan geure etsai, ez nintzen sinisteko gai ez nuen sinisterik nahi ez zetorren nahiz eta luzaro egon ginen gu bere zain, zoritxarrean ez nuen egin gero zorionean bai. | Aita bakarrik izan nahi nuen helburu haundia bera amagaia ere pronto zegoen ta jo genuen aurrera, ustekabean erdi bidean eten zen gure karrera, mediku batek hala esan zigun eta ametsak gainbehera. Aurretik egin genituenak ondoren geure kaltera pentsatuz beste aukera nola irtengo ote da, bigarrena ere galdu genuen ilusioaz batera baina orduan ere zergatik ez zen malkorik atera. |
| Halere Idoia animatzeko hartu nuen nahiko kemen bere gogoa, bere indarra, akitu baitzuen nabarmen holakoetan aitaren lana babes ematea omen eman nuen bai, baina neuk ere beharra sentitu hemen, pasa zaionak ondo badaki haurtxo bat galtzea zer den, baina bi galdu ondoren horra Jontxu non dagoen eta malkoak atera zaizkit eskuz estali baino lehen, zuk lasai seme, utzi negarrez, aspaldi egin nahi nuen. |
| Animoak ta eupadak luzatu elkarrena ta oholtzara gindoazen eskaileran barrena saioan eman nahi gendun bakoitzak ahal zuena baina Donostin izan nun alderdirik txarrena (bi aldiz) gaur heldu da galdu nuen finalerako trena, hor doaz bertsolariak Elortza da aurrena ze emozio, ze tentsio finalak dakarrena pena ni izan nintzela bederatzigarrena (bi aldiz). | Publikotik ikusten det zortzi nere antzerako noiz bertso ona botako ta saio ona aterako hamahiru mila lagun hintxada aukerako lan ona egin dezaten eurak bultza beharko (bi aldiz) eta ni oholtza gain hortan egona naizelako inbidi ta emoziorik ez dut ukatu ahalko ta txalo zaparradako jausten zaizkit bi malko publikoak danak berdin txalotzen dituelako (bi aldiz). |
| Ezagun ta ez ezagun nere eskubi ezker, gainezka bete zaizkigu erdigune ta bazter, saioaren azkenean baietz BEC berbera leher. Hemen zerk biltzen gaituen ezin da ondo uler (bi aldiz) igual bereizten gaituen politikari esker honek batu egiten gaitu eta ze egun eder, gauza haundia ez gera hortan ez nago oker gauza haundia ez gera baina bagara zeozer (bi aldiz) |
| Beti izan naiz tipo bat gogorra eta suharra zenbaiten gustorako igual baita apur bat makarra, nik ere ez dut gustoko ez jendetzaren marmarra baina barruko indarra lehertu zait barra-barra nahiz ta pentsatu geratu naizela triste xamarra, pentsatu eta oraindik daukat ebatzi beharra tristurak edota pozak sortu didan gaur negarra. | Sentimentuek horixe dute bere erregela ebidentzien aurrean ezin bota errezela egun luzea izan da, saioa eta kartzela, baina guztiok nibela uste genuen bezela eman dugu ta sinesten dugu merezi zuela, malko leun batek gozoki zeharkatu dit mazela hamasei urte ta gero Bizkaian dago txapela. |
| Ai txapel beltz horrek badu nahiko karga, nahiko pixu urrunetik begiratu ze dardara ta ze izu ostetik ekarriko du makina bat konpromisu. Lehengoa genuen maixu Egaña kristona aizu, baina denborak kentzen du agian ematen dizu eta zorionak Igor ta utzi ezkero bi muxu, denok merezi genuen baina zeuk eraman duzu. |
Goizean baino apalago aritu ote ziren ustea nagusitu zen arratsaldekoan. Dena dela, bikainetik kaskarretik baino askoz gehiago izan zuen arratsaldeko saioak.
Lehenengo lana binaka egin zuten, Aizak hi mutil mainontzi doinuaren neurrian, 3na bertso kantatuz.
Unai Iturriaga eta Amets Arzalluz soldadu bihurtuta aritu ziren: "Zu Unai soldadu zaharra zara eta Amets soldadu gaztea. Lubakian zaudete eta etsaiak hubiltzen ari dira. Gerra galtzear zaudete. Zuk Unai, etsita ikusten duzu Amets".
Unai Iturriagak gaia ongi ulertu ez ote zueneko ustea nagusitu zen entzuleen artean. Amets, berriz, Unairen gaizki ulertuaz konturatu zen eta paperak aldatuta jardun zuten bi bertsolariek. Horrela hasi zen Unai Iturriaga:
| Gurea patu kaskarra lurrean tirri ta tarra zer dala-eta bihurtu ote nintzen militarra? zuk aditu ondo, zaharra ez ezazu pasatu marra hildako ausarta baino hobea da bizi koldarra (bi aldiz) |
Amets Arzalluz:
| Poesiarik ez bota gerra erdian nago-ta ikusten zaitut erdi dardarka dudatan koloka segitu zazu tiroka segi edozeinen kontra hemen galdutzat emate hutsa delako porrota (bi aldiz) |
Unai Iturriagak:
| Porrota da garestia garaipena ez da eztia ez zaite horrela piztu laguna ez izan piztia zer tiro ta zer hostia hau da muduan uzkia bulego on baten erabakita daukate guztia (bi aldiz) |
Amets Arzalluz:
| Petxu ondoan zauria odol tantatan euria baina ez al da okerragoa malko isuria bulegoko irudia har zazu, berdin du ia zapia baino nahiago dut nik maindire zuria (bi aldiz) |
Unai Iturriaga:
| Ba, tira maindireari ikus dezatela argi ez gaitezela bihurtu biok inoren afari badator bat, badatoz bi etzan ta eutsi lurrari egin hildako baten itxurak ta eutsi arnasari (bi aldiz) |
Amets Arzalluz:
| Ez zazula egin tranpik nik ez daukat arnas faltik itsu-itsuan aurrera segi nahi nuke haatik galtzen badugu, zergatik? badakizu ta badakit koskabilorik ez daukazuen soldaduengatik (bi aldiz) |
Andoni Egaña eta Mendiluze larunbat gauean taberna batean elkarrekin topo egin zuten bi lankide izan ziren. Hizketan hasi eta ohean bukatu zutenak. Astelehena iritsi eta lantokiko kafe makinaren ondoan elkatutakoan hasi ziren gertatutakoaz hizketan. Andoni Egañaren lehenengo arrazoia "ni bezalaxe kalbo, sexu joera lehen argi neukan, orain dudan nago". Hurrengo bertsoan ere horrela jarraitu zuen Andonik: "sexu joerak joera, guk zer egin behar dugu hemendik aurrera'" eta Mendiluzek erantzun zion: "gau hortan zerbait pasa da baina ez da ezer pasa. Eta Andoni Egañaren erantzuna gogoangarria izan zen:
| Gauri jarri kandela ez nuen espero bela nik pentsatzen det errepikatu behar litzakela eskatzen dizut horrela beste saio bat itzela al bada luze ta gozoa kafe hau bezela |
Ondoren puntuka aritu ziren eta lan horretan Amets Arzalluz eta Andoni Egaña nabarmendu ziren: "Bi neska zarete. Barraketara joan zarete zuen mutil-lagunekin. Han hasi dira bi mutilak indarra neurtzeko tramankulu bati ukabilkadaka elkarrekin lehian. Zuek begira zaudete". Ekinaldi honetan umorea eta ironia gainezka izan ziren:
| Amets: Zure nobioa bai, inteligentea! Andoni: Ta zurea ez degu bat ere betea. Amets: Zureak besotan du indar dexentea Andoni: Zurea bestetikan al da potentea? |
Andoni Egañari ere beste gai hauxe egokitu zitzaion bakarka aritzeko: "Madrilera egin duzu opor-bidaia koadrilan. Hango kaleen bizitasunaz liluratuta, besteengandik bereizi eta galdu egin zara. Taldearen bila zenbiltzala, Auzitegi Nazionaleko eskailerekin egin duzu topo". Hauxek Andonik botatako arrazoiak:
Arratsaldeko saioko bertsoak aletzen joan ziren banan-banan buruz burukoa Andoni Egaña eta Unai Iturriagaren artean izango zela jakin zen arte.
Gaia: Unai Iturriaga, Maritxu zara. Aitak iturrira bidali zaitu han freskatzen utzitako ardo txuriaren bila. Iturrira iritsi eta Andoni Egaña, Bartolo, aurkitu duzu mozkor mozkor eginda. Hiruna bertso Unai Iturriaga hasita".
| Iturrira nentorren aitak bialduta niretzat ze ezustea zu hemen aurkituta aukera bat genuen eta zuk galduta behin egongo bakarrik ta zu mozkortuta (bi aldiz) |
| Tentazioa neukan ardoa tarteko pittinka hasi naiz ta gero edan lepo trago batzuk egina neronen kalteko baina oraindik kapaz naiz ejem egiteko (bi aldiz) |
| Holako erantzunik bizitza guztian mozkorrik baina hartu hain modu eztian ejema joan ez dadin halako hostian sartu zazu burua iturri azpian (bi aldiz) |
| Hau esatera ere al nauzu behartu erdi piripi nago ta ez odol txartu Maritxu hurbiltzera pittin bat ausartu ta neuk ikusiko det burua nun sartu (bi aldiz) |
| Hara mozkorrik baina zaude bero-bero biok gaude gogotsu ba tratua bego ikusi nahi baduzu hamaika genero ostadarra ikusten da makurtu ezkero (bi aldiz) |
| Makurtu egin naiz ni asmo onez beteta ia Maritxu honek zer zeukan gordeta ostadarrik ez dago caguen la puñeta eguna argi zen baina ilundu du eta (bi aldiz) |
Gaia: "ikuspegi desberdina duzue etorkizunari buruz. Andoni, zuretzat beltza da mundu honen etorkizuna. Unairentzat, zabalik dago geroa. Hiruna bertso Andoni hasita".
| Abiadura Haundiko Trenaz egin liteke zenbait marmar eta presoen egoera horrek nauka arduratu xamar; lehen lantokiak komertzio gune berrogei metroan hamar, etorkizuna aurrikustean ia egiten dut dardar horrenbesteko ongizateak gaizki bizitzea dakar (bi aldiz) |
| Desarrollismo madarikatu hori ibili arren mugan, nik ikusten dut etorkizun bat ta mantentzen nau liluran, ez nago ziur zu kutsatzerik Andoni lortuko dudan, baina utopia etzazu bila ez Europan ta ez Kuban konponbidea egon badago bilatu dezagun gugan (bi aldiz). |
| Gu oso gauza txikia gera hartzazu geure neurrira nik onartzen det etorkizuna orain egosten ari da Euskal Herriko politikaren egoeraren harira sukalde lana ein omen dute hori ondo dago tira baina egongelan sartu aurretik logelara joan dira (bi aldiz). |
| Euskal Herriko egoera zuk nahi zenuen nabarmendu zuretzat antza egoera honek logurea ematen du ba ni pozten naiz ta alde onak nahi nituzke nabarmendu herriak dira pertsona multzo berez ohi dira baimendu hitza pertsonen dohai bat da ta hori ezin digute kendu (bi aldiz). |
| Halare hitza eduki arren ogia lortzeko lana konparazioz joan nahi nuke Afrikako batengana. Gure asea haien gosea ta bizitzeko zer zama bere herritik bere tributik iparralderantz joana, galdetu hari geroa ez den beltza edo beltzarana (bi aldiz). |
| Bai nahi ezkero haserretzeko nahiko motibo da hemen zu hor zabiltza denak zerrendan orain amen orain omen dena tristea ta dena beltza noski Afrika ondoren nahiz ta goseak nahiz ta hiesak agertu zaite Sudanen ta esaiozu bere barruan argirik ikusten duen ( bi aldiz). |
| Izan aulki bat fashion edo miserable ipurdiak eiten du sarri bere alde; izan leike larrua edo sare-sare jezertzeko ona da noski, alafede, bertan bare-bare Jesukriston pare patxadaren jabe baina hala ere gaur seinale ona da hutsik bazaude. (bi aldiz) |
| Berriro ere klasean bueno zer moduz gabiltza? Kaixo Omar aspaldiko, etorri zara Haritza. Klaseak nahiz eta dugun igual kutrea ta hitsa zuen begietan dago ikasi nahiaren printza; zein etxeko lan gogorrak fabrikakoa bortitza lanak bukatu ta gero hona praktika ta mintza, euskeraz egin nahi hori zuen geroko bizitza hori ez da subjuntibo bat, hori da lehen baldintza. |
| Astean bost egunetan eta bi ordu gainera zuek ekartzen nauzue sarritan neure onera, guk beti pentsatzen dugu hor goazela gainbehera nahiz batzui ahoa bete euskera eta euskera; nahiz administrazioan erantzungo duten zera: zuek zeuen poltsikotik Ordaindu eta klaseraa. Batzuk lanetik besteak lanera doaz ostera, eskertu behar dizuet etorri izana bera. |
| Beti baldintza txarretan hori da gure problema, hizkuntza politika honek ezarri digun kondena, azalduko dute gero txosten polit baten dena; hona etorri behar da hori da baina lehena. Gero etorriko dira horrenbeste teorema euskara eskasten dabil batzutan ez da zuzena eta ez da egokia, erdalgunean txarrena, egokia da ikasi eta erabiltzen dena. |
| Atsedena hartzea ez degu kalteko eta hori lortzen da bera tarteko; aulkia gauza ona da bila joateko nahiz aspaldian hemen gu gauzkan menpeko, hainbat ikusteko edo erosteko Ikean bai lepo desberdinak seko baina ezetz txikirik behiak jeizteko. (bi aldiz) |
| Ordiziarra naiz baina Santurtzin hautatu nuen langintza izan nintekeen zenbaitentzako behar zuten argi printza. Ezkerraldea erdalduna zen neretzat a ze desditxa euskaldun izan nahi zuten haiek behar nituen zerbitza. Ia hamarrak jo dute eta nekarturikan gabiltza halare eutsi pixka batean eta dantzatu lapitza, ia euskeraz pentsatu eta euskeraz luzatu hitza ez al da hori euskaldun baten lehendabiziko baldintza? |
| Ia, Edurne, etorri zaite orain pizarra aldera, ahal dan goxoen egingo dizut ikasgaiaren galdera. Bueno, mesedez, ez hainbat neka ez al zintezke hor gera? Kontatuko dut nik zenbat amets egingo dudan aurrera. Hau sumatzen det zonalde dena euskalduntzeko bezpera, ahalegin hortan zuek eta nik lana daukago ospera. Eta gauza bat bururatu zait nor nori nork hau nabarmena da: zuek, ni eta euskera. |
| Ekarri ditut pastaren batzuk gainera hainbat kutizi, ari den harek nola gustora ari behar dun lehenbizi. Zatoz Leandro alde hontara zure kuaderno ta guzi, atzo idazlan oso politik nola ez nizun ikusi. Aizazu, Mertxe, etzazu egin gela hontan aharrausi, ez ezazula logurea ta gure helburua nahasi. Lortzen badegu hiru hitzetan hau egingo dugu kasik, ordu mordo bat galduta, ordea, mundutxo bat irabazi. |
Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioak izan zuen orban bakarra bukaerako sari banaketan hainbat bertsozalek izandako jarrerarekin gertatu zen. Bertsolaritza laguntzen dabiltzan hainbat erakudetako ordezkari (Bilbao Bizkaia Kutxakoa, Bilboko Udalekoa, Bizkaiko Foru Aldundikoa, Eusko Jaurlaritzakoa...) txistuka hartu zituen entzulegoaren zati handi batek.
Hainbat bertsozale egun ederra baino ederragoa igaro ondoren azken irudi ozpindu horrekin atera zen bertso aretotik. Bertsozale azpeitiar batzuk zera zioten: "txistu egiten duten horiek zergatik ez dute errespetu piska bat erakusten bertsolaritza saritzen eta laguntzen ari diren erakundeekin? Ados ez badaude, errespetuak agintzen du, gutxienez, isilik geratzea. Tamalez, Bertsozale elkarteak ere, txapelketa etorri eta txapelketa joan, ez du ezer egiten horrelakorik gerta ez dadin eta ohitura ere bihurtzen ari da zenbait bertsozaleren artean diruz laguntzen duten erakudeetako ordezkariei egiten duten ahalegina txistuka eskertzea".
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
Joseba Huarte Garate / 2005-12-19 / 20:15
Gogoan iltzatuta geratuko zait igandekoa betiko: itzela izan zen. Zorionak Bertsozaleen Elkarteari eta bertsolariei, bereziki, Egañari.
Zorionak ere Erabili.com-ekoei finalari buruz egin duzuen kronika bikainarengatik (nire ikasleekin eredu bezala erabiltzeko asmoa dut) eta erabat ados nago txistuen kontuarekin. Hori zuzendu beharrekoen artean jarri beharra dago. Ni ere han izan nintzen eta ingurukoak txistuka ari zirenean, nik txalo egin nuen.
(JOSEBA HUARTE GARATE irakaslea eta bertsozalea da)
erabili.com / 2005-12-20 / 11:12
Harrituta zebilen atzo laugarren txapela jantzi duen Andoni Egaña finalak izan zuen oihartzunarekin. Dozena bat elkarrizketatik gora egin zituen egunean zehar, eta tarte bat aprobetxatuz kafe bat hartzera zihoala, eskale batek zorionak eman zizkion Zarautzen. IKEAtik, berriz, mezua bidali zuten behiak jezteko aulkiak bazituztela esanez.
![]() |
Ikusgarria izan zen sarrerakoan jendeak egin zizuten pasiloa eta harrera.
Emozio sakon asko pilatu ziren. Kanpoko batentzat esplika ezina dela dirudi, eta geuretzat ere ez da erraza. Jende artetik sartuko ginela erabakita genuen, gu jende horri zor baikatzaio. Pasiloan aurkitu nituen asko eta asko ezagutu egiten nituen, kaletik edo bertso saioetatik. Zergatik joan behar dugu oholtzara zuzenean jende horren lagunak bagara? Atera ginen unetik oso garbi ikusten zen festa batean geundela, ez ginela ari kalkulu hotzak egiten txapelaren bila. Poz kolektibo bat sumatzen zen. Mezatan baino gehiago zutitu eta eseritzen zineten. Belauniko jartzea soilik falta zitzaizuen. Liturgia moderno eta autogestionatu bat izan zela esan daiteke. Gauza txiki asko elkartu ziren han. Euskaldunak harro sentitzen ginen erdaldunengana hurbildu garelako. Finaletan askotan izan diren taldeak harro sentitzen ziren, «ongi etorri gazteak, baina gu antzeko askotan egonak gara», esango balute bezala, eta lehen aldiz joan ziren gazteak ere gustura zeuden, lehen aldia zutelako. Lekuak berak ere asko lagundu zuen. Belodromoa askoz nabariagoa da, beldur eszeniko gutxiago genuen BECen. Eta, azkenik, Barakaldon geundela ere ezin da bazter utzi.
Zeure buruaz adina besteenaz arduraturik ikusi zintugun, batez ere arratsaldean. Taldearen gidaritza eramanez.
Hori zen nire egitekoa. Hori zen nire buruari jarritako lana. Irteeran esan nien besteei oholtza gainean bildu eta jendeari txalo egin behar geniela, eta eskuak gora bazen, hobeto. Futbolariak astean behin egiten dute, eta ea guk zergatik lau urtez behin hori egingo esan nien. Banekien zortziok talde bezala saio on samarra egin genuela, eta gustura geunden; arratsaldean zehar ere saiatu nintzen animatzen.
Dena harrapatzen zenuen, dena kontrolatzen. Eskarmentua edo zakurkeria da hori?
Oso lasai nengoen, burua argi. Jendeak ez du sinesten, baina nik saio ona egin nahi nuen, berdin zitzaidan txapela galdu edo irabazi. Ondo nindoala ohartu nintzenetik, ez nuen ezeren kezkarik. Unai eta biok geratu ginenean, pixka bat deskolokatuta ikusi nuen, eta animatzen saiatu nintzen; irabaz zezakeela esan nion. Txapela jokoan jarri zen une horretan, deszentratu egin zelako inpresioa izan nuen.
Buruz bururako bikotekide ona zen Unai. Antzekotasunak ere badituzue.
Badugu antza gauza batzuetan. Nik, gainera, asko ikasi dut haiengandik. Maialenengandik asko ikasi dut, eta Unairengandik ere bai. Horiekin ibiltzeko horiengandik ikasi beharra daukat.
Zein izan zen unerik hunkigarriena, Imanol Lazkanok txapela jantzi zizunekoa?
Denontzat uste dut izan zela hunkigarria une hori, eta beretzat ere bai. Ederra izan zen. Izan ere, bertsolaritzaren azken urteotako historian giltzarria izan da.
Noiz izan zenuen ondo ari zinen sentipena?
Goizean banekien gaizki ez nintzela ari, baina distirarik gabe ari nintzela ere bai. Halere, banekien punta harrapatzen hasten nintzen unetik gora egingo nuela. Hasten beti naiz hotza. Bata eta bia egokitu zitzaigun Igorri eta niri, eta gaia ere, 8ko handian, bi urteko grebak ez zigun lagundu. Maiarekin 8ko txikian txipiroien kontuarekin bidea egiten hasi ginen. Baina hasiera grisak kalte egiten du.
Igorrek berak aipatu zuen lo gutxi eginda joan zela. Zeu deskantsaturik joan al zinen?
Ez dakit zenbat den lo gutxi. Nik bost bat ordu egin nituen. Gaur (atzo) gutxiago egin dut.
Kartzelakoan oso ondo iritsi zinen jendearengana malkoen gaiarekin.
Zalantzan ibili nintzen. Beste istorio bat etorri zitzaidan burura, baina konplikatzeko arriskua nuen, eta egiazko kontu bati heldu nion. Amak esaten dio semeari «Julen, gogoarekin!» eta berak gauza bera esan zidan etxetik irten nintzenean.
Barraketan ondo moldatu zineten Amets eta biok.
Oso ondo. Ametsi beldurra zioten puntuka, abiadura izugarrian erantzuten duelako, eta ondo moldatu ginen. Ez naiz alferrik ibili ni Sebastianekin puntuka plazarik plaza.
Zein ikusten zenuen buruz bururako?
Unai distiratsu ikusten nuen, baina oholtzatik ez da erraza kontaduria eramaten. Neure burua ere ez nuen seguru ikusten. Ondokoek esaten zidaten baietz.
Maritxu eta Bartolorekin ere, primeran.
Han hasi nintzaion gaina hartzen. Deskontzentratuta ikusi nuen pixka bat Unai.
Aulkia txiste batekin bukatu zenuen ia-ia.
Ez zen txistea. Hori da egungo bertsolaritza. IKEAk erantzun egin du. Sustatu.com-en dago mezua. Atzo Andoni Egañak hori esan zuen, baina ikusten da ez dela pasatu gure dendatik. Badaukagu modelo hori. Aitari erakutsi diot, eta esan dit lau hanka dituela eta behiak jezteko aulkiak hiru behar dituela. Baina multinazional batek euskaraz erantzuteak erakusten du finalak zer-nolako oihartzuna izan duen.
Agurrean amak aipatu zenituen. Esker oneko gaia da.
Gure ama aipatu nahi nuen, baina bakarra aipatzea ez nuen nahi.
«Ejem!» izan hitz magikoa.
Hori izan zen finaleko aportazio handiena. Horri esker jantzi nuen txapela. Genialtasun bat iruditu zitzaidan. Maritxurenean Unaik ezin zuen erabili hitz hori, autoerrepikatzea zelako, nik bai ordea, eta puntu asko irabazi nituen hor.
erabili.com / 2005-12-20 / 13:06
Dena atera zitzaion borobil, 8ko nagusian Maialen Lujanbiorekin hiru haurren aitaren paperean kantatu zituenetatik hasi (orduan bota zuen atzoko hitz talismana bihurtu zen lehen «ejem!»a), eta Maritxuren ahotik buruz burukoan kantatu zituenetara arte. Bere bi aurpegiak erakutsi zituen: istorio asmatzailearena batetik, eta gai sakonetan, sakona bestetik.
![]() |
Zer gogoeta eragiten dizu atzo BECen sortu zen erritualaren giroak?
Izugarria izan zen. Ez dugu asmatzen zer den azaltzen. Saioa bukatu ondoren, Joxe Anjel Irigarairekin egon nintzen horretaz hizketan, eta horixe esaten zuen. Gure jarrerak eragindako zerbait zela esaten zuen. Lehia hor dago. Gu lehiatzen ari gara, eta bakoitzak bere zaleak ditu, baina lehia hori gure artean nola eramaten dugun da polita. Eta, bestalde, jendea oso kontziente da bera ere protagonista dela, badaki. Publikoa da bederatzigarren finalista. Norbaitek komunioa aipatu du, baina ez da ezer pasiboa, ez da guri amen esatera mugatzen den masa bat gure publikoa. Askotan, berak agintzen du saioa nondik nora joango den.
Sarrerakoan izan zenuten harrera ikusgarria izan zen.
Itzela izan zen. Pasilo hartan pasakeran oso jende ezberdina ikusi eta agurtzen duzu.
Belodromotik desberdina.
Bai, bai. Atseginagoa da. Belodromoan tenplu baten itxura du, sabaiagatik, beharbada. Hau bilduagoa da. Goitik betekada ikusten zen, baina ez zuen ematen 13.000 lagun zeudenik.
Eman diezaiogun gainbegirada saioari. 8ko nagusian hasi zinen ondo Maialenekin. Lehen «ejem!»a hantxe esan zenuen. Askotan erabili al duzu talisman bilakatu zen hitz hori?
Atzoko baliabide bat izan zen. Adonik eguerdian komentatu zuen hitz horrek jokoa emango zuela, eta finaleko hitz bezala geratuko zela. Badirudi neurri batean hala izan zela.
Andonik bertsotan egiteaz gainera, taldeko gidaritza egiten du horretan eta beste gauza askotan.
Harriagarria da indibidualki egiten duen lanaz gainera, taldearekin atzo egin zuen lan guztia.
Zortziko txikian bertsoaldirik politenetako bat Colina eta biok nagusia eta langilea autoan zindoaztela. Kolpe askoko saioa egin zenuten.
Nik zabaltzen nituen bideetan berak erantzuten beti asmatu zuen. Eta hori da 8ko txikiko klabea. Saio borobila izan zen. Gogoratzen «botaka» eta «botata»rekin egin zuen hitz jokoa.
Lubakian Ametsekin ere, bikain.
Amaieran gaizkiulertu bat izan genuen, baina ondo moldatu ginen. Zapiarena eta maindirearena ez nion ulertu. Gauza horiek gertatzen dira. Hirutik bitan asmatzea ez dago gaizki.
Neuri urtebetetze egunekoak gustatu zitzaizkidan gehien. Pertsonaia ziniko bat eraiki zenuen. Beharbada zeu antzekoa izango zara.
Espero dut ezetz. Ni ez naiz hain kabroia eta zinikoa. Inoiz ez diet nobiarik kendu nire lagunei. Beldurra baneukan. Ideia nagusi hori hartu nuen, eta beldurra nuen ez ote nintzen gai izango matizatzeko, pertsonaia bat osatzeko eta zinikoa nintzela-eta, gainera, harro nengoela adierazteko.
Forma aldetik, badirudi ez zaizula hainbeste axola, baina istorioak eta pertsonaiak eraikitzen dituzu.
Zalantza horrekin geratu nintzen, nigandik bereiztea lortu ote nuen. Bertso munduan gutxi agertzen den pertsonaia da, nahiz eta beste genero batzuetan asko erabiltzen diren.
Buruz burukoa seguru ikusten al zenuen?
Nik ez. Igor ari zitzaidan esaten eta gehiagok ere esan zidaten. Nik Amets eta Maialen ere oso ondo ikusten nituen. Han goitik zaila da ezer seguru ikustea, bertsoak ere modu intermitenteak entzuten ditugu. Banekien ondo ari nintzela, baina xehetasunik ez da atzematen.
Oso desberdinak izanik ere, badituzu Andonirekin gauza komunak, istorioak eraikitzeko joera, esaterako.
Andonik nahi izanez gero edozeinen antza hartzen du. Baditugu antzekotasunak. Ni narratsagoa naiz. Ez dut nahita egiten, baina poesia egiten hasiko banintz, erridikulo sentituko nintzateke.
Buruz burukoa ez zen izan orain lau urtekoa bezain distiratsua.
Ni nekatuta nengoen eta lehen aldiz beldurra sentitu nuen atzo. Bederatzikoa bota behar nuen, baina ez nuen egin. Andoni azeleradorea zapaltzen hasiko zela banekien, eta, gainera, nik amets nezakeen posturik onena bigarrena zen. Hortik gorakoa hobe Andonirentzat.
Beti zure alderdi minimalistarekin ibiltzen gara. Atzo gai sakonetan sakon ibili zinen. Ametsekin gizon alargundu berriaren paperean, esaterako.
Gustura ari zarenean, dena errazago da. Nik oso garbi ikusi nuen gizon hori eta erraz irudikatu nuen.
Gorabehera handikoa al zara, artista asko bezala?
Artista izateko gorabeherak izan behar badira, ni oso artista naiz, bai bertsotan eta bai bizitzan. Baina azken pare bat urtean oso gustura nabil bertsotan, Egunak ere izaten dira. Atzo Hendaiako antzeko sentipenak nituen, eta Donostian ez nituen sentipen horiek.
Behetik begiratuta oso gogorra dirudi zortzi orduko lan bati ekin beharrak.
Gogorra ere bada, eta fisikoki ere nekatu egiten zaitu, baina goizean bereziki plaza batean bageunde bezala kantatu genuen, eta horrek asko arintzen du txapelketa. Mikrora bidean jarri eta ondo aterako zaizula pentsatzeak arindu egiten du zama, eta igandean sentimendu horiek nituen.
Pello Elorza / 2005-12-20 / 18:45
Lehenengo eta behin, adierazi behar dut igandeko ekitaldia oso ederra izan zela. Jendea erruz, bertsolarien maila oso ona, bertsozale guztiak asebetetzeko ekitaldia. Egun hauetan hedabide guztietan egin dira horren gaineko azalpenak, laudorioak, zorionak eta goraipamenak, denak ere ondo merezitakoak.
Baina oraingo nire idazkitxo honen arrazoia Bertso Txapelketaren amaieran gertatutako orbana da, halako kezka bat utzi baitit barruan. Sei-zortzi orduko saioaren baitan gertakari txikia da denborari dagokionez, baina ekitaldia pixka bat ilundu zuena. Sarien banaketan entzun ziren txistuez ari naiz, jakina.
Artikuluan beste norbaitek adierazten duen moduan, gizalegerik oinarrizkoenari jarraituz gustura ez zegoenaren jarrerarik egokiena isilik geratzea izango zen. Baina, dirudienez, zenbaiten buruan nonbait gizalegearen kontu horrek ez du leku handirik, eta bere ezadostasuna txistuaren soinu ozenez agertu behar larria zuen.
Barka iezadazue “politikoki zuzena” ez izatea, baina gertaera horren azpian nik jokabide edo jarrera politiko konkretu batzuk ikusten ditut. Betiko kontu bera da: euskal kulturaren adierazpenak kolore konkretu batzuetara lerratu nahia. Beti ari gara aho betean esaten euskara eta euskal kultura alderdikerietatik eta politikaren zurrunbilotik atera behar dugula, baina gero asmo hori astoak jaten du, berdea delako-edo. Izan ere, pertsona konkretu batzuk oholtzara igo zirenean entzun ziren txistu-hotsak, eta ez beste batzuk igo zirenean. Zergatik izan zen? “Kapitalismoari” lotutako erakundeak zirelako? Gobernu edo erakunde “epel” batzuen ordezkariak zirelako? Zergatik?
Eta dirua aipatu dudanez, hausnarketatxo bat: Bertsolari Txapelketa bat antolatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Lan luzea eta handia, pertsona, material, baliabide tekniko eta ordu asko eskatuko ditu. Eta hori guztia, azken batean, dirutan neurtu daiteke, erabat eta osorik ez bada ere. Zenbat izango da guztira? Pentsatzen dut kontu horien berri izango duela euskal gizarteak, laster batean. Eta txistuak entzun zituzten erakunde horiek lagunduko dute aurrekontua berdintzerakoan, ala? Ala zer gertatzen da, dirua eman behar dute eta gero ixil-ixilik geratu, ez agertu laguntzaile moduan? Eta, gainera, txistuak entzun, denen aurrean lotsagarri geratzeko ahalegin hori jasan?
Haize berriak omen zetozen euskal gizartera. Politikan, kulturan, gizartean eta gizakiak egunaren bueltan egiten dituen jarduera guztietan jokatzeko joku-arau berriak omen zetozen. Ba, haize berri horiek era honetako ekitaldietara ere iritsi behar dute, bertso mundua -euskara bezalaxe- denona baita, alde bateko eta besteko pentsamoldeak ditugunona, nahiz eta sektore batzuk, oker, uste izan “beraiena” bakarrik dela.
Aurten ahalegina egin du bertso munduak erdal mundurari hurbiltzeko, gu hunkitzen gaituzten ekitaldi eta kultur adierazpideak ulertzen hasi daitezen haiek ere, elkarren hurbilago gertatzeko. Baina jarrera itxiak erakusten badira, berriro uxatu ez al ditugu egingo?
Euskal kulturari -eta euskarari- denona izateko, gutako bakoitzak jarri ohi dizkiogun konnotazio guztiak kendu behar dizkiogu, geure koloreekin “pintatu” gabe utzi. Eta, gorago esan dudan bezala, gizalegearen bidetik, gustuko ez dugun zerbait gertatzen denean, isilik geratu, txistuka eta oihuka hasi gabe, ustez atzean utzitako garai batzuetako portaerak azaleratzen baitira horrela.
A, eta bide batez: Bertsolari Txapelketa antolatu duen erakundeak zerbait esan beharko al luke kontu honetaz?
(PELLO ELORZA URIBESALGO itzultzailea da)