|
Interneten azkar eta, batik bat, seguru mugitzea nahi dutenek eskura dute dagoeneko Mozillaren sare-ibilgailuaren azken bertsioa, euskaraz eta doan: Firefox 1.5.
Mozillak
joan den azaroaren bukaera aldera plazaratu zuen Firefox 1.5 eta, egun gutxiren buruan, software libreko sare-arakatzaile ezagunenaren azken bertsioa euskaraz eskura dezakegu, euskara informatikaren munduan bultzatzea helburu duen Librezale.org
lantalde irekiaren eskutik.
Euskararekin batera, beste 36 hizkuntzatara
moldatuta ere aurki daiteke Firefoxen bertsiorik berriena.
100 milioi deskarga
Firefox amaraunean ia erabateko nagusitasuna izan duen Microsoften Internet Explorer sare-ibilgailuari gero eta konpetentzia zabalagoa egiten ari zaiola esan daiteke. Mundu osoan zehar 100 milioi deskarga baino gehiago izan dituen produktua da Firefox, eta 1.5 azken bertsio honekin deskarga kopurua areagotzea espero dute bere sortzaile eta bultzatzaileek.
"Beste edozein web nabigatzaile baino arinago, ziurrago eta eraginkorragoa da" Firefox Librezale.org-ekoen
hitzetan. Eta software librea izanik, Interneteko erabiltzaile orok erabat doan eskura dezake gainera.
Ezaugarriak eta abantailak
Firefox 1.5ek lanerako leiho intuitiboa dauka eta, beste abantaila batzuen artean, birusak, spywarea eta popup iragarkiak blokeatzen ditu. Ondorengoak dira sare-ibilgailu honen ezaugarri nagusiak eta eskaintzen dituen abantailak:
- Erabilterraza eta moldagarria: Firefoxek lan erraza bilakatzen du sarera sartzea. Bere lanerako leiho intuitiboak berehala ahalbidetzen du amaraunean bilaketa lanetan hastea. Gainera, erabiltzaile bakoitzak bere laster-marka gogokoenak, ezarpenak eta pasahitzak erraz inporta ditzake bere ohiko beste sare-ibilgailuetatik Firefoxera, horretarako aukera errazten baitu Mozillaren arakatzaileak. Eta erabiltzaile aurreratuentzat, Firefox guztiz moldagarria da, tresna-barra eta aukeretatik hasi eta gehigarri eta gaietaraino.
- Fitxa bidezko nabigazioa: Internet Explorer ohikoaren aurrean Firefoxek duen alderik nabarienetakoa bere fitxa bidezko nabigazioa
da. Sare-ibilgailuaren leiho berean hainbat web orrialde batera irekita edukitzeko aukera eskaintzen du Firefoxek fitxak erabiliz, amaraunean batetik bestera azkarrago eta erosoago mugitzeko aukera zabalduz.
- Segurtasun gehiago: Firefoxek sarean ibiltzerakoan segurtasuna ematen du, spywareari, zizareei eta birusei atea itxiz.
- Datu pribatuak garbitzeko aukera: Datu Pribatuak Garbitzeko tresna berriarekin, klik bakarrarekin datu pertsonal guztiak ezaba ditzake erabiltzaileak (nabigazio historia, cookieak, inprimakietako sarrerak, pasahitzak...).
- Laster-marka dinamikoak: Bakoitzaren webgune eta blog gustokoenen azken uneko berriak esku eskura izatea ahalbidetzen dute sareko azken edukiekin automatikoki eguneratzen diren laster-marka dinamikoek.
- Pertsonalizatzeko aukerak: Firefoxek norberak bere sare-arakatzailea pertsonalizatzeko aukera ematen du: tresna-barrarentzako botoi berriak, ezaugarri berriak dakartzaten gehigarriak, sare-ibilgailu beraren itxura aldatzeko tresnak...
Firefox 1.5 non eta nola
Windows, Mac zein Linux sistemak darabilzkiten ordenagailu jabeek eskura dezakete Firefox 1.5, hiru sistema eragile horietara moldatutako bertsioak eskaintzen baitira. Hain zuzen ere, Red Hat Linux 7.0 edo berriagoa, Mac OS X 10.1.x, 10.2.x edo berriagoa eta Windows 98 edo berriagoa izatea da beharrezkoa, kasu bakoitzean.
Firefox 1.5en euskarazko bertsioa Mozilla.com
webgunean,
Mozilla-europe
webgunean edota Librezaleren
gunean eskura daiteke.
Gai honekin lotura duten beste artikulu batzuk (ikusteko sakatu gainean):
|