|
Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da. Urteroko data berezi hori ospatzeko, Xabierko Frantziskoren eguna ere badena, han eta hemen hainbat ekimen garatuko dira. Guk nagusienetako bi aukeratu ditugu: Eusko Ikaskuntzarena eta Bilbon 12 orduz euskaraz bizitzeko prestatu duten egitarau zabala.
Hizkuntza zaharra, teknologia berriak
Hizkuntza zaharra, teknologia berriak
Eusko Ikaskuntzak
teknologia berrietara jo du aurten Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatu duen ekimen berezia aurrera eramateko. Ez da ahaztu behar, hain zuzen, Eusko Ikaskuntza izan zela abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeari ekin zion erakundea. 1949an ospatu zen lehen aldiz egun hori, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan eta Amerikan gauzatutako hainbat ekitaldirekin. 1995ean egindako Kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak Euskararen Egunak berrindartzea proposatu zuen, eta diasporako euskaldunentzat hain garrantzitsua zen eguna ofizial izendatzea. Horrela, Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzak abenduaren 3a, Xabierko Frantziskoren eguna, Euskararen Egun ofizial izendatu zuten.
Aurten, ekimen berriarekin batera, Euskararen Nazioarteko Egunerako logotipoa ere estreinatu dute Eusko Ikaskuntzakoek (berri honekin batera doana). Nestor Basterretxea artista ezagunak sorturikoa da, hain zuzen ere, logotipoa.
Joan den azaroaren 22tik, www.euskosare.org
web orrian euskararen aldeko kanpaina indarrean dauka Eusko Ikaskuntzak. Hain juxtu, abenduaren 3an amaituko da kanpaina hori. Euskararen gaineko aitormena
jarri du sarean Eusko Ikaskuntzak, eta aitormen horrekiko atxikimenduak bildu nahi ditu, besteak beste. Hona hemen aitormenaren lau puntuak:
- Euskara, ustez Europako Hizkuntzarik Zaharrena, nazioarteko kultura ondarearen zati bat da.
- Europar hizkuntza den euskarak toki, lurralde, nazio eta europar erakundeen ezinbesteko laguntza behar du, gaur eguneko hizkuntza gisa garatu ahal izateko legeria aproposa sortuz.
- Europar Batasuneko hizkuntza ofiziala izendatu behar da euskara, Batasuneko Estatuetako gainerako hizkuntzekin batera.
- Aitorpen honen aldeko nazioarteko komunitatearen atxikimendu indibidual zein kolektiboak aipatutako helburuak ahalbidetuko ditu.
EuskoSaren Euskararen Nazioarteko Eguna
atalean sartzen direnek kanpaina horretan parte hartzeko modu ezberdinak aurkituko dituzte bertan. Lau ekimen jarri zaizkie aukeran Internet erabiltzaileei:
Teknologia berriak erabiliz euskal hizkuntzaren aldeko mezua munduari helaraztea da, azken batean, Eusko Ikaskuntzaren helburua. Kanpaina honen bidez bost milioi lagunengana iristea espero dute. Euskal Herrian zein diasporan bizi diren euskaldunak batuko dituen ekimena ere bada. EuskoSareko Irrati Komunitateko emisorak abenduaren 3ko kanpainaren mezua zabalduz ariko dira lanean, Hego Amerikako euskal komunitateetan ahalegin berezia eginez.
Euskararen Nazioarteko Egunerako prestatu den web orrian beste zenbait dokumentu garrantzitsu ere aurki daitezke, hala nola Euskararen Egunaren haserako ospakizunen garaiko agiri eta albisteak, euskaraz grabatutako lehendabiziko soinuak eta Euskal Herriko eta diasporako pertsona ospetsuek euskarari buruz egindako adierazpenak entzun daitezke hemen, Bernardo Atxaga eta Jesus Altunaren hitzaldi bana tarteko direla.
Bilbon 12 ordu euskaraz
Bilbon ere modu berezian ospatuko dute aurten Euskararen Nazioarteko Eguna, Bizkaiko ikastetxe publikoetako Ikasleen Guraso Elkarteen Federazioak (BIGE) abenduaren 3rako antolatu duen 12 ordu
ekimenarekin.
Euskarazko kultur sormenaren agertoki zabala bilakatuko dira bihar Bilboko Zazpi Kaleak, Arriaga antzokia eta plaza eta Boulevard kafetegia. "Gure barne ahotsak sortu dituen ikuskarien maratoi txikia" iragarri dute antolatzaileek, bihar eguerdian abiatu eta gauerdia bitartean etenik izango ez duena. Musika, bertsolariak, kale antzerkia, kalejirak, antzerkia, ikus-entzutekoak... denetarik izango da Bilbon Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.
Egitarau osoa
eta parte hartuko dutenen zerrenda
ikusteko, sakatu gainean.
|