![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Euskaltzaindia / Bestelakoak / 2005-11-26 / 07:00
Patxi Ondarra euskaltzain nafarraren heriotzaren ondorioz hutsik dagoen aulkia betetzeko hautagaiak aurkeztu dituzte euskaltzainek: Patxi Salaberri eta Rosa Miren Pagola.
Euskaltzaindiak Donostian 2005-11-25ean egin duen osoko bilkuran, Bi hautagai aurkeztu dituzte euskaltzainek:
Datorren hilean egingo den osoko bilkuran, hots, abenduan, Bilbon egingo den bilkuran, egingo da bozketa euskaltzain berria aukeratzeko.
Patxi Salaberri Zaratiegi (Uxue, 1959). Filologia Hispanikoan lizentziatua 1982an (Nafarroako Unibertsitatean) eta Euskal Filologian 1985ean (Euskal Herriko Unibertsitatean). 1992an, Eslaba aldeko euskararen azterketa toponimiarrn bidez tesia aurkeztu zuen EHUn eta harengatik «Doktoregoaren Sari ohi ez bezalakoa» jaso zuen, 1992-93 ikasturtean. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bestalde, «Ikerketa sari ohi ez bezalakoa» eman zion, 1994an, Jimeno Juriorekin batera egindako Toponimia de la Cuenca de Pamplona. Pamplona /Iruña lanarengatik.
![]() |
| Patxi Salaberri Zaratiegi |
Euskaltzaindiarekiko loturari dagokionez, 1989az geroztik Onomastikako batzordeko partaidea da. 1996an, berriz, euskaltzain urgazle izendatu zuten. Halaber, Akademiaren Onomasticon Vasconiae bildumako zenbait lanen hizkuntza aholkulari izan da.
2003tik Nafarroako Gobernuaren Fontes Linguae Vasconum aldizkariko zuzendaria da.
Ikerketa arloan, Nafarroako hizkeren eta euskal dialektologiaren inguruko hainbat lan burutuak ditu.
Argitara emandako lanei dagokienez, bere espezialitate nagusia onomastika da, hau da, izenen azterketa; besteak beste, Nafarroako herri izendegia osatzen lagundu du, Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeko partaide gisa. Batzorde horrekin batera, era berean, Euskal Deituren Izendegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Biztanle Entitateak eta Euskal Izendegia lanak kaleratu ditu.
Horiez gain, nabarmentzekoak dira goian aipatutako Toponimia de la Cuenca de Pamplona. Pamplona / Iruña liburua eta Artajona, Toponimia Vasca / Artaxoa. Euskal Toponimia biak Jimeno Juriorekin batera eginak. Hauetaz landa Euskal Deiturategia: Patronimia eta Nafarroa Behereko herrien izenak: Lekukotasunak eta etimologia ere aipa daitezke. Hamaikatxo artikulu argitaratu ditu hainbat aldizkaritan (Zutabe, Fontes Linguae Vasconum, Euskera, ASJU, Huarte de San Juan...), baita ponentzia ugari aurkeztu ere biltzarretan, batez ere onomastika eta dialektologia gaiez.
2001. urtean, Eibarko Udalak Juan San Martin ikerketa beka eman zion, Euskal Deiturategia: Patronimia lana egiteko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa batzordeko kidea izan da, 1993ko maiatzetik 1997ko urtarrilera. Hizkuntza Plangintzarako Errektoreari Atxikia ere izana da 2003ko uztailetik 2005eko martxo arte.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Normalizaziorako bi batzordeko kide izan da azken urteotan, eta Hizkuntza Plangintzarako Batzordeko kide eta buru, Errektorearen ordezkari.
Nafarroako Euskararen Kontseiluko kidea izan zen 1996tik 1998 arte, euskal kulturako pertsona ezagun gisa. Gaur egun kontseilu horretako kidea da, berriz ere, NUPn ordezkari moduan. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordekoaren toponimia azpibatzordeko kide da, 1996tik.
Patxi Salaberri Eusko Ikaskuntzako kidea da eta nazioarte mailan, American Name Society eta International Council of Onomastic Sciences erakundeetako partaidea da.
![]() |
| Rosa Miren Pagola |
Iruñean jaioa, 1949an. Magisteritza ikasketak egin zituen lehenik eta ondoren Euskal Filologian lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean, lehen promozioan, 1981. urtean. Doktoretza ere eskuratu zuen 1990ean, “Euskal Atlas linguistikorako ekarria: fonetika galdekizuna eta haren erabilpena; datu bilketa eta kartografiak eta Nafarroako zenbait lekutan” izeneko tesiarekin.
Irakaskuntzan egin du beti lan. Iruñeko Ikastolan irakasle izan zen urte batez, eta lau urtez, 1970 eta 1974 bitartean, Iruñeko Paz de Ziganda ikastolan. Gaur egun, Deustuko Unibertsitatean, Euskal Filologia departamentuan dihardu, Euskal Dialektologia eta Euskal Fonetika Historikoa gaiak irakasten dituelarik. Deustuko Euskal Ikaskuntzen Institutuko zuzendaria izana, 1991etik 1998 arte, baita Deustuko Unibertsitateko Euskara errektoreordea, 1998tik 2000 urtera arte. Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko Ikasleen eta Hizkuntza Politikako errektoreordea da (2000tik). Bestalde, Red Universitaria de Asuntos Estudiantiles delakoaren Kudeaketa Batzordeko kidea da.
Euskaltzaindiak 1991ean izendatu zuen euskaltzain urgazle eta, hainbat urtetan, bi batzordetan lan egin du, Dialektologian eta Ahoskeran. Bonaparte Printzearen mendeurreneko batzorde akademikoaren kide ere izan zen (1991ean izendatua), baita Oihenarten IV. mendeurreneko batzordeko akademikoaren kide ere, 1992an.
Argitara eman dituen lanen artean, nabarmentzekoak dira bi arlooi eskainitakoak; euskalkiei eta fonetikari, hain zuzen ere. Bonaparte printzearen ondarea argitaratu du. Eusko Ikaskuntzako kidea 1981etik eta Asociación Española de Lingüística erakundekoa, 1990etik. Euskalerriko Adiskideen Elkarteko kide ere bada, 1995etik. Eusko Jaurlaritzako Euskara Batzordeko kide izana da (1999-2002).
Argitaratutako lan nagusiak:
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |