![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Zuzenbidearen Euskal Akademia / Bestelakoak / 2005-11-28 / 07:00
Zuzenbidearen Euskal Akademiak lehenbizikoz erabat euskaraz argitaratu du bere aldizkari juridikoa. Erabili.com-en eskura dezakezu.
Zuzenbidearen Euskal Akademia Bilbon sortu zen 2003. urteko ekainaren 9an, Euskalerriko Adiskideen Elkartearen eraginez. Helburu du, besteak beste, zuzenbidea, eta, bereziki, euskal zuzenbidea ikertu, aztertu eta zabaltzea, gaztelaniaz nahiz euskaraz. Lehendakaria Adrian Zelaia jurista ospetsua da.
Esan gabe doa Zuzenbidearen Euskal Akademia zabalik dagoela euskal legelarien ekarpenak jasotzeko eta haien parte-hartze zabala sustatzeko. Bide horretan, Zuzenbidearen Euskal Akademiak hiru sail antolatu ditu, zuzenbide pribatuarena, zuzenbide publikoarena, eta finantza- nahiz zergazuzenbidearena. Bazkide izateko baldintza bakarra legelari izatea da.
Argitalpenei dagokienez, bi bilduma nagusi ditu akademiak. Lehena, Euskal Zuzenbidearen Klasikoak, garai bateko foru-zuzenbide pribatuko idazleak biltzen dituena. Eta, bigarrena, Aldizkaria, aldian-aldian agertzen dena, lau zenbaki urtean kaleratuz.
Aldizkariaren zenbaki bakoitzean, euskarazko testuak barneratzen dira. Areago, Zuzenbidearen Euskal Akademiak gogoan izan du beti euskarazko aldizkari juridiko baten asmoa, urtero-urtero argitaratzen dituen lau zenbaki horietatik bat euskara hutsean plazaratuz, legelari euskaldunen bilgune izan nahi duena. Hortaz, abokatuak, prokuradoreak, notarioak, erregistratzaileak, epaileak, idazkariak, unibertsitateko irakasleak... dira honen ustezko partaideak.
Aurten, 2005. urteko hirugarren zenbakia, sail osoaren zazpigarrena, euskara hutsean argitaratu da, eta, aipatu asmoaren agerle, hona hemen, euskarazko lehen aldizkaria dela eta, Adrian Zelaia lehendakariaren hitzak:
Zuzenbidearen Euskal Akademia Bilbon jaio zen, Euskal Herrian alegia. Akademiak zuzenbidearekiko duen joera, eta, horrekin batera, haren pentsamolde euskalduna, begi-bistakoak dira.
Hori dela eta, gure aldizkariak, bere lehenengo zenbakitik, euskarazko testuak argitaratu izan ditu. Bestalde ere, Akademiak gizarte-bizitzari buruz duen ikuspuntu juridikoa guztiz praktikoa da, eta beren beregi aplikatzen zaio Euskal Herrian indarrean dagoen zuzenbideari. Bide beretik, Europako legeria eta Espainiako kodeak interesgarriak dira Akademiarentzat, horiek ere arau biziak direlako gure lurraldean.
Arrazoi berbera aintzakotzat hartuta, idatzizko artikulu batzuetan, euskara ofiziala erabili da, eta beste batzuetan, berriz, euskalkiak (batez ere, bizkaiera), guztiak ere indarreko hizkuntzak baitira gure jardueraesparruaren barruan. Jakina denez, jarduera-esparru horrek bere barruan hartzen ditu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia. Gure gizartea elebiduna da, eta gure Akademiak ezin dio muzin egin elebitasun horri.
Gaur aurrerapausoa eman nahi dugu, idatzizko aldizkaria euskara hutsean argitaratuz. Egiatan, hainbat artikulu jaso ditugu euskaraz, eta horrek lana ahalbidetu du. Zin-zinez legelari euskaldunei atea irekitzen diegu, eurentzat askoz errazago gertatzen delako euskaraz hitz egin eta idaztea.
Hori egin ezean, egundoko amildegia zabalduko genuke, hizkuntza baten eta bestearen gaineko ezagutza juridikoari dagokionez. Euskara gurea da, eta baztertuta geratuko litzateke, edozein gizartetan erabakigarri den gai batean, zuzenbidearen arloan alegia. Euskarak aukera galduko luke herriko hizkeratik haratagoko erabilera izateko.
Jalgi adi plazara! entzuten da sarri-sarri Etxeparek bertsoa egin zuenetik. Zelan joango gara "plazara" gure hizkuntza ez bada foro ofizialetan erabiltzen, gure hizkuntza ez bada erabiltzen zuzenbideak bere adierazpenik gorenak dituen tokietan?
Horixe izan da gure zuzendaritza-batzaren erabakia. Erabaki horretan ez da alderdikeriarik ikusi behar, ezta hurrik eman ere. Akademiak, beti bezala, aniztasunari eutsi nahi dio, eta ideia guztiak barneratu nahi ditu. Alabaina, ez da aniztasunaren seinale geurea ez lantzea.
Akademiaren asmoa da urtean zehar argitaratzen duen aldizkariaren zenbaki bat euskara hutsean kaleratzea.
Hona hemen aldizkariaren zazpigarren zenbakiaren aurkibidea:
Zuzenbidearen Euskal Akademiaren euskarazko lehen aldizkari juridikoa eskuratu nahi baduzu sakatu HEMEN
![]() | Inprimatu |
Nekane San Miguel / 2005-12-09 / 10:37
Albistearen arabera badirudi orain arte euskara hutsean lehen aldizkari juridikoa dela honako hau, baina duela urte batzuk ELERIA aldizkaria martxan da, gai juridikoz, besterik ez, osaturik eta Eusko Ikaskuntzaren babesean. Zenbaki batzuk argitaratuak ditu, eta maila dexentekoak, oro har.
(NEKANE SAN MIGUEL epailea da)