Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Gurasoentzako kontsulta gunea euskaraz

Nerea Arregi - Ikastolen Elkartea / Irakaskuntza / 2005-12-15 / 07:00


Ikastolen Elkarteak 0 eta 16 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei eta haur eta gazte horiekin lan egiten duten profesionalei bereziki zuzendutako kontsulta gunea abiarazi du: www.semealabok.net



Euskarazko web gune berri honetan, ikastoletako guraso eta hezitzaileek amaraunaren bidez plazara ditzakete beraien kezkak eta galderak, eta webeko arduradunek bide bera erabiliz emango dizkiete erantzunak, euskaraz.

Semealabok.net ikastolako komunitate osoari zuzendutako kontsulta zerbitzua da, amaraunaren bidez bideratuko den kontsulta-gunea. Bertan sartuta, hainbat atal aurkituko ditu guraso nahiz profesionalak, bere hezkuntza eginkizunetan laguntzeko: hezkuntzari lotutako gaiei buruzko hainbat artikulu, gomendioak, liburu gomendagarriak, esteka interesgarriak, web gune interesgarriak...

Egitasmoaren sorrera

Gure helburua, ikastolako hezkuntza komunitate osoari zuzendutako kontsulta-zerbitzua egitea zen, internet bidez. Guzti hau martxan jartzeko baliabide pertsonalak klabea dira, eta hori bagenuen. Ikastoletan bertan ditugu orientazio arloan eskarmentu handia duten psikologo eta pedagogoak, eta horiengana jo genuen zuzenean.

Profesional lantaldea eratu genuen: Ander Deuna ikastolako Ana Zabala, Eleizalde ikastolako Aintzane Egaña, RM Azkueko Bego Gordillo, Muskiz Ikastolako Ixabel Lombardero eta BIEtik Maria Galdeano eta Nerea Arregi. Apurka apurka osatu dugu web gunea, eta une honetan ere jarraitzen dugu osatzen. Igor Tellitu dugu informatika lanetan, eta jada baditu hogeita hamabost artikulu baino gehiago. Euskara hutsez dago web gunea, baina ez dugu baztertzen beste hizkuntza batzuetara ere itzultzea.

Nori zuzenduta

Ikastoletako irakasle, guraso... hezkuntza komunitate osoari zuzenduta dago kontsulta-zerbitzua. Gune honen bitartez, 0-16 urte bitarteko ikasle eta seme-alabak dituztenei zalantzak argitzen saiatuko gara beraien galderak erantzunez edo guk sortutako artikuluak kontsultatuz.

Neska mutilen etapa desberdinetako heziketa, nortasuna, garapena eta portaerari buruzko gaiak aurki daitezke, baita informazioa eskatu ere. Nahiz eta nagusiki guraso eta irakasleei zuzenduta egon, gazte gune bat ere bada, www.kontaizu.net web gunearekin lotura baitu bertan, gazteei ere hainbat kontsulta egiteko aukera eskainiz.

Web gunearen atalak

Web orrialdean, hiru atal nagusi daude: artikuluak, aholkuak eta kontsultetarako atala.

Informazio modura gehitzen dira beste web gune batzuen zerrenda, premia bereziekin lotutako elkarteen zerrenda, argitaratutako artikulu interesgarriak eta abar.

Galdera partikularrak

Gurasoak dira seme-alaben heziketaren erantzule nagusienetarikoak eta hainbat zalantza sortzen da gurasoengan neska mutilen garapen-etapa desberdinetan, beraz, zalantza hauei erantzuna emateko kontsulta partikularrak egiteko aukera dago semealabok.net gunean. Edozein ikastolako gurasoek kontsulta hauek egiteko aukera izango dute, nahiz eta gaur egun zerbitzu hau Bizkaiko lau ikastolara mugatua egon: Ander Deuna, Zubi Zahar, Eleizalde eta RM Azkue.

Aukera duten guraso hauek foro bat izango dute beren galderak uzteko eta, astebeteko epean, talde profesionalaren erantzuna jasoko dute bertan.

Gurasoen kezka nagusiak

Gurasoen kontsulta motibo nagusienak adinaren araberakoak izaten dira, nahiz eta gai batzuk adin tarte guztietan errepikatzen zaizkigun.

Ume txikien gurasoen kezka arruntenak jatekoaren ingurukoak, esfinterren kontrola, atzamarra txupatzea edo txupetea noiz utzi, ikarak, autonomia eta loaren ingurukoak izaten dira. Adina gora doan neurrian, gai batzuk mantentzen dira: ikarak, loa... eta beste batzuk agertzen dira: zeloak, lagunen arteko tira-birak, giza trebetasunak, enuresia, auto-estima...

Neska-mutil kozkorrekin, aurrekoez gain, arazo akademikoak, ikasteko motibazioa, antsietatea eta, askotan, arauak, autoritatea, diziplina eta honekin lotutako gurasoen estilo komunikatiboa bihurtzen dira kezka eta landu beharreko gai. Nagusienekin, elikadura trastornoak, “pantailen” aurrean denbora larregi ematea eta drogamenpekotasunak agertzen zaizkigu.

Teknologia berriak neska-mutilen hezte-prozesuan

Hezte-prozesuan helburuetako bat, besteak beste, neska-mutilak gizartean bizitzen ikastea da. Egungo gizartean teknologia berriek baliabide indartsu, motibagarri eta erabat erakargarriak eskaintzen dizkigute, ahalbidetzen baitituzte lehen pentsaezinak ziren aukera komunikatiboak.

Erabileraren arabera, tresna paregabeak edo guztiz kaltegarriak bilaka daitezke neska-mutilen garapenerako. Hau dela eta, gurasoek eta hezitzaileek erantzukizun handia dute neska-mutilen teknologia berrien erabilerari buruzko orientabidean: sarearen erabilera kritikoa (ez sinistuz lortutako informazio guztia bertan dagoelako soilik), arduratsua (iraingarria den edota deseroso sentiarazten duten posta, chat edo bestelako komunikazioak errefusatuz) eta arautua (noiz eta zenbat ordu) bultzatu behar da.

Teknologia berriek dituzten onurak aprobetxatuz, hezte-prozesuan parte hartzen dutenentzat tresna berri bat sortzea erabaki dugu guk, www.semealabok.net , hobekuntza biderako erabilgarriak diren baliabide guztiak beharrezkoak baitira.

(NEREA ARREGI URRIOLABEITIA Ikastolen Elkarteko Kontsulta-zerbitzuaren arduraduna da)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1132651653