Gazteak euskararekin konprometituta
Irati Mujika Larreta / Hizkuntza / 2005-11-14 / 07:00
Euskarak gazteen artean nahi bezain osasun onik ez duela jabetuta, gazte mugimenduko 28 eragilek Gazte Hitzarmena sinatu dute, euskara berreskuratzeko lanean konpromiso zehatzak hartuz. Autokritika aldarrikatzen dute gazteek, beraiek beraien eremuan euskararen erabilera sustatzeko gehiago egin dezaketela eta egin behar dutela sinestuta.
Gazte Mugi
Gazte Mugi
Gazte Mugi Topaketetan egindako diagnostikoak eta konponbideak aztertu ostean iritsi den urratsa da Gazte Hitzarmenarena. Konpromiso zehatzak hartu dituzte hainbat gazte eragilek euskararekiko eta Gazte Hitzarmenarekin bat egin dute.
Joan den Aste Santuan egin ziren Markinan Gazte Mugi Topaketak. Euskal Herriko hainbat gazte eremutako kideak elkartu ziren bertan, gazteek dituzten arazo desberdinen inguruko diagnostikoak egin eta, era berean, arazo bakoitzerako konponbide posibleak zehaztu asmoz. Eremuz eremuko azterketak egin zituzten gazteek, eremuz eremuko alternatibak martxan jartzeko. Besteak beste gaztetxeen inguruan, gazte komunikabideen inguruan, prekaritatearen inguruan, emakume gazteen egoeraren inguruan, hezkuntzaren inguruan edo drogaren inguruan aritu ziren Markinan.
Hizkuntzari lotuta, euskarak gazte eremuetan ere egoera larria bizi duela nabarmendu zuten gazteek. Are gehiago, instituzioei aterabideak eskatzera ezin direla mugatu hausnartu ostean, gazte eremuei begira praktika propioak garatzea beharrezkoa zela erabaki zuten.
Hausnartu, diagnostikatu eta konponbiderako neurriak zehaztu ondoren, Markinan hartutako erabakiei bide egitea izan da gazteok azken hilabeteetan esku artean izan dugun lana.
Diagnostikoa eta ondorioak
Diagnostikoari dagokionez, gazte hizkuntzaren joerak baldintzatzen dituzten hainbat elementu ikusi genituen:
- Euskal Herriko gazteon hizkuntza eskubideak egunero, eremu guztietan, Euskal Herri osoan ukatzen dira.
- Euskarak gaur egun bizi duen egoera urte luzeetan gure hizkuntzak bizi izan duen zapalkuntzaren ondorioa da.
- Gaur egun gazteei begirako eskaintzaren gehiengoa erdara hutsez datorkigu Euskal Herrian, berdin espainolez edo frantsesez.
- Eskoletatik ateratzen diren gazteen gehiengo nabarmena euskaldundu gabe datorkigu.
- Gure ikasketak euskaraz burutzeko ezintasunak ditugu Lanbide heziketetan eta Unibertsitateetan, bereziki.
- Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan ematen ari den fenomenoa benetan kezkagarria da. Belaunaldi zaharrenak dira euskaldunenak, eta belaunaldi gazteenak berriz euskaldun kopuru murritzena dutenak.
Gazte Mugin elkartu ginen gazteontzat ondorioa argia da. Euskarak egoera larria bizi du gazte eremuan ere. Hala ere, Gazte Mugi Topaketetan argi gelditu zen ezin garela instituzio edo erantzule ezberdinei kritika hutsak egitera mugatu. Autokritika bat egin behar dugu orain arte gazte mugimenduak euskararen berreskurapenerako lanei ez dielako behar zuen neurrian heldu. Ezinbestean, gazte mugimendutik bitarteko ezberdinak martxan jarri behar ditugu, euskalduntze prozesu orokorraren baitan gazte eremuei begirako praktika propioak martxan jartzeko.
Euskararen berreskurapenerako gazte hitzarmena
Bitarteko ezberdin eta praktika propio horien lehen urrats gisa, euskararen berreskurapenerako Gazte Hitzarmena sortu da. Egitasmo hau bi oinarriren gainean sostengatzen da:
- Gazte eragileek harturiko konpromiso zehatzak beraien jarduera euskalduntzeko eta gazte eremuen euskalduntzean eragiteko.
- Hizkuntza eskubideen eta ofizialtasunaren aldarrikapena barneratzen dituen manifestuaren sinatzea.
Hauxe da, hain zuzen ere, gazteek gogoeta eta diagnostikoaren haritik eginiko manifestua:
- "Gu Euskal Herriko gazteak gara, eta gure hizkuntzak bizi duen egoerak kezkatzen gaitu. Mendeetako ordezkapen prozesuak, egoera gutxitua utzi dio gure hizkuntzari eta berau berreskuratzeko lana egunerokoa eta denona delakoan gaude. Gazteok, hizkuntzaren eremuan ere, arazo propioekin egiten dugu topo, eta arazo hauen iraultzea gure esku gelditzen zaigun zeregina da. Gazteok lan zehatzak ditugu egiteko euskalduntze prozesu orokorraren baitan, eta horregatik burutu dugun hausnarketaren ondorioz sortu den egitasmoa da Gazte Hitzarmena.
- Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza bakarra. Gure lurraldea Euskal Herri bezala definitzen duena.
- Euskara da Euskal Herriko gazteon hizkuntza, gure herriko belaunaldi gaztea euskaldun egiten duena.
- Euskal Herriko gazteok euskara ezagutzeko eta eremu guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea dugu, herri bezala, eta ondorioz herritar bezala. Eskubide horren mendeetako ukazioak sortu egoera soziolinguistikoak ez du eskubide horien zapalkuntza justifikatzen edo baimentzen.
- Euskal Herriko gazteei eskubide berdinak dagozkie, berdin hizkuntzaren eremuan, egun Euskal Herriari inposaturiko legeriek kontrakoa badiote ere.
- Eremu ezberdinetan lanean gabiltzan gazte eragileok, ofizialtasunaren aldarrikapena gure egiten dugu, gazteria euskalduntzeko bidean urrats garrantzitsu bat bezala".
Eragileak eta konpromiso zehatzak
Hogeitazortzi dira momentuan Gazte Hitzarmenarekin bat egin duten talde eta eragileak, eta bakoitzak konpromiso zehatz eta jakin batzuk hartu ditu, beraien jardunean garatu asmoz. Hitzarmenarekin bat egin duten eragile guztiei jarraipena egingo zaie, konpromisoak betetzen diren ala ez ikusi, orain arte egindakoaren balorazioa egin eta aurrerantzean eman beharreko urratsak ikusteko.
Hurrengo hilabeteetan gazte talde ezberdinekin harremanetan jarri eta egitasmoa aurkeztuko zaie, beraien eremuan har ditzaketen konpromisoak aztertzeko.
Jarraian datozenak dira manifestua sinatu duten gazte mugimenduko 28 eragileak, eta bakoitzak euskararen erabilerarekiko zehazturiko konpromisoak:
- Santutxuko Ernai Gazte Kultur Elkartea:
- Barne eta kanpo komunikazioa euskaraz izatea, eta bakarrik euskaraz: karteletan, bileretan, gutunetan...
- Gure taberna euskaldunon bilgune izatea: auzoan beste euskal espazio bat bermatzea azken batean.
Elkartearen liburutegiko aleen gehiengoa euskaraz izan dadin saiatzea, urtero liburu berriak geureganatuta.
- Auzo mailako euskararen aldeko jardunen antolaketan parte hartzea: Korrika eta euskararen astea.
Parte hartzen dugun beste organoetan hizketa tresna nagusia euskara izan dadin eragitea: jai batzordean, koadrilen batzordean...
- Horrez gain guk geure kabuz antolatzen ditugun ekimen batzuk ere euskal kulturarekin lotura izan dezaten konpromisoa hartzen dugu: gazte bertso saioak, euskal kulturari buruzko hitzaldiak, sagardotegira bidaia, mendi irteera, baserrian egonaldia, euskarazko zinema etab.
- Aurrera begira asmo irmoa daukagu parte hartuko dugun edozein ekimenetan edo forotan euskarazko komunikazioa bultzatzeko. Bestetik auzoko beste agente batzuei gazte hitzarmena zabaltzeko konpromisoa hartu dugu.
- Makauen, Barakaldoko Gazte Konpartsa:
- Propaganda: kalera begirakoa euskaraz egitea. Kartelak eta abar.
- Txosnen dekorazioa euskaraz egiteko konpromisoa.
- Bilkurak eta asanbladak euskaraz egiteko konpromisoa.
- Kaskagorri, Bilboko Gazte Konpartsa:
- Propaganda euskaraz egiteko konpromisoa.
- Txosna gunea euskalduntzeko urratsak emateko konpromisoa.
- Barne funtzionamendua euskaraz izateko konpromisoa.
- Bilboko konpartsetan euskara bultzatzeko konpromisoa.
- Ondarroako Mendebala Gazte Aldizkaria:
- Aldizkaria guztiz euskalduna egiteko konpromisoa.
- Propaganda euskaraz. Bilkurak eta barne funtzionamendua ere bai.
- Beste eragileekin harremanak euskaraz izatea.
- Hemendik aurrera euskarari atal finko bat eskaintzeko konpromisoa hartzen dute.
Euskararen aurkako erasoak salatuko dira bertan.
- Irratsaioa: Euskaraz izango da, euskararen inguruko berriei leku egingo zaie eta euskararen bultzatzailea izango da.
- Lemoako Gazte Asanblada:
- Funtzionamendu guzia euskalduna izateko konpromisoa.
- Euskarazko zerbitzua eskaintzea eremu guzietan: ikastaroetan, barran eta abar.
- Antolatzen diren ekimenetan euskarak izatea lehentasuna.
- Barne bilkurak, asanbladak, herriko eragileekin harremanak euskaraz izateko konpromisoa.
- Gaztetxeko hizkuntza euskara izateko konpromisoa.
- Igorreko Gazte Asanblada:
- Funtzionamendu guzia euskalduna izateko konpromisoa.
- Euskarazko zerbitzua eskaintzea eremu guzietan: ikastaroetan, barran eta abar.
- Antolatzen diren ekimenetan euskarak izatea lehentasuna.
- Barne bilkurak, asanbladak, herriko eragileekin harremanak euskaraz izateko konpromisoa.
- Gaztetxeko hizkuntza euskara izateko konpromisoa.
- Arteako Gaztetxea:
- Funtzionamendu guzia euskalduna izateko konpromisoa.
- Euskarazko zerbitzua eskaintzea eremu guzietan: ikastaroetan, barran eta abar.
- Antolatzen diren ekimenetan euskarak izatea lehentasuna.
- Barne bilkurak, asanbladak, herriko eragileekin harremanak euskaraz izateko konpromisoa.
- Gaztetxeko hizkuntza euskara izateko konpromisoa.
- Koskz, Mungiako Gazte Aldizkaria:
- Aldizkariaren lehentasuna gazteen euskalduntzean eragitea da.
- Aldizkaria euskaraz izango da.
- Propaganda lanak euskaraz izango dira.
- Euskararen aldeko ekimenetan parte hartuko dute eta bertan parte hartzea bultzatuko dute gazteen artean.
- Harremanak euskaraz egingo dituzte.
- Euskararen aurkako erasoen salaketa.
- 5ziri, Bortzirietako Gazte Aldizkaria:
- Aldizkaria euskara hutsean izateko konpromisoa.
- Bertako euskalkia babestu eta bultzatzeko konpromisoa. Erdarakadak zuzendu.
- Gure eremuan euskarak jasandako erasoak salatu.
- Euskararen erabilera normalizatu, irakurria eta idatzia.
- Gazte espazioak euskalduntzea bermatu.
- Euskaraz irakurtzeko euskarri berria sortzea da helburua.
- Erdara egunerokotasunetik ezabatu, gazteria euskalduntzea bultzatzeko konpromisoa.
- Tafallako Gazte Asanblada:
- Barne euskalduntzea euskalduna izateko konpromisoa.
- Propagandan euskarari lehentasuna emango zaio.
- Euskararen berreskurapenerako ekimenak antolatzeko konpromisoa.
- Gazteen artean euskararen inguruko kontzientzia sendotzeko kanpainak egitea.
- Antolatzen diren ekimen eta aisialdi ekintza euskaraz egiteko konpromisoa (salbuespenekin).
- Herriko jaietan euskara bultzatzeko konpromisoa.
- Iturrama Antzerki Taldea:
- Antzerkia euskaraz egiteko konpromisoa.
- Entsaioak euskaraz egiteko konpromisoa.
- Propaganda euskaraz argitaratzeko konpromisoa.
- Iruña Dantza Taldea:
- Euskara taldeko bizitzan hizkuntza nagusia izatea.
- Euskararen aldeko ekimenetan parte hartzea.
- Propaganda euskaraz izatea.
- Harremanak euskaraz izatea.
- Aguraingo Gazte Asanblada:
- Datorren urterako barne funtzionamendua guztiz euskalduntzea.
- Propaganda eta lan komunikatibo guzia euskaraz egitea.
- Antolaturiko ekimenetako hizkuntza bakarra euskara izatea.
- Gutxienez, urtean behin euskara sustatzeari begira ekimen konkretu bat egitea (oraindik zehazteke dago zein izango den).
- Donostiako Jai Herrikoien Aldeko Piratak:
- Jaiak herrikoitzearen lanean, jaiak herrikoiak izan daitezen, gure hizkuntzan gauzatuak izateari ezinbestekoa deritzogu.
- Beraz jai herrikoiek euskaldunak izan behar dutela aldarrikatu eta lantzeko konpromisoa geure egiten dugu.
- Gure barne zein kanpo jarduera guzia euskaraz egiteko konpromisoa hartzen dugu.
- Guk antolaturiko ekimen ezberdinetan jai herrikoiek euskaldunak izan behar dutela aldarrikatzeko, eta hauen eraikuntza lanetan hau bermatzeko konpromisoa hartzen dugu.
- Guk antolaturiko ekimenen gehiengo zabala euskarazkoa izateko konpromisoa hartzen dugu.
- Goldea, Irungo Prekaritatearen Aurkako Gazte Plataforma:
- Beraien jardun eta aldarrikapenetan lan mundua euskalduntzeko beharra eta euskaraz lan egiteko eskubidearen aldarrikapena.
- Barne eta kanpo funtzionamendua euskalduntzeko konpromisoa. Euskarari beti lehentasun osoa emanez.
- Errealitate sozio linguistikoak hala eskatuta, propaganda bi hizkuntzetan egingo da, baina euskararen aldeko desoreka egiteko konpromisoa hartzen da.
- KK'in'Zona, Urretxu-Zumarragako Gazte Aldizkaria:
- Ale bakoitzean euskarak herrian duen egoeraren inguruko testu bat ateratzeko konpromisoa hartzen dute, euskara bultzatze aldera.
- Euskarazko testuak zuzendu eta konpontzeko konpromisoa hartzen da.
- Aldizkariaren %90a euskaraz izateko konpromisoa.
- Euskararen aldeko mezua hedatzeko konpromisoa.
- Barne funtzionamendua euskaraz izateko konpromisoa.
- Propaganda euskaraz ateratzeko konpromisoa.
- Kloratita, musika taldea
- Uztaritzeko Gazte Asanblada
- Segismundo, Eibarko irratsaioa:
- Irratsaioa euskara hutsez izateko konpromisoa. Gonbidatuak, albistegia eta abar.
- Musikaren %90 euskarazkoa izateko konpromisoa.
- Euskararen inguruko albisteei lekua.
- Erasoak salatuko dira.
- Euskararen aldeko kontzientzia lana burutuko da.
- Barne funtzionamendua euskara hutsean izango da.
- Miarritzeko Mizanbu Gaztetxea:
- Funtzionamendua euskalduntzeko urratsak emateko konpromisoa.
- Barran euskarazko zerbitzua beti bermatzeko konpromisoa.
- Propaganda euskalduna izateko konpromisoa.
- Dekorazioa, grafitiak, prezio zerrenda euskaraz izateko konpromisoa.
- Euskarazko ikastaroak emateko konpromisoa.
- Bertako euskara eragileak diruz laguntzeko konpromisoa: AEK, Gure Irratia eta abar.
- Gemuku Azkaineko Gazte Taldea:
- Antolatzen diren ekintzetan euskarari lekua egiteko konpromisoa.
- Euskararen aldeko beste eragileei lekua egiteko konpromisoa (AEK eta abar).
- Elkartearen baitan diren erdaldunei euskara ikastearen beharra sortzea.
- Euskarari lotuak diren ekitaldi gehiago antolatzea (bertso saioak, antzeki taldeak eta abar).
- Mauleko Pitxu Gaztetxea:
- Bilkurak euskaraz egiteko konpromisoa.
- Antolatzen diren ekimenetan euskarari lehentasuna emateko konpromisoa.
- Ostatuko zerbitzua euskarazkoa izateko konpromisoa.
- Propaganda euskarazkoa izateko konpromisoa.
- Bilkuren txostenak euskaraz izateko konpromisoa.
- Animazioa euskaraz izateko konpromisoa.
- Xirika Gazte Aldizkaria:
- Kazeta osoki euskaraz izatea.
- Euskararen inguruko gaiak lantzea.
- Proposatzen ditugun gaiak euskaraz izatea (liburuak, jokoak, CD-ak eta abar).
- Barne funtzionamendua osoki euskaraz izatea
- Enpresekin ditugun harremanak osoki euskaraz izatea.
- Gazte hizkeraren sorreran ekarpenak egingo ditugu.
- Gazte Sarea:
- Web orria:
- %100 euskaraz izango da.
- Euskara maila zainduko da, eta gaztetasuna ematen saiatuko gara.
- Euskararen inguruko albisteei jarraipena egingo diegu.
- Euskararekiko kontzientzia lana buruko dugu.
- Erasoak salatuko ditugu.
- Euskalgintzari lekua egingo diogu. Beraiekin harremana mantenduz eta gure zerbitzuak eskainiz.
- Irratsaioa euskaraz izango da eta edukietan euskararen inguruko kontuei leku egingo diegu.
- Programak:
- Ahal den guzia euskaraz erabiliko dugu.
- Teknologia berriak euskalduntzearen aldeko apustua egiten dugu.
- Funtzionamendua:
- Gure funtzionamendua guztiz euskalduna izango da.
- Euskaraz bizi eta lan egingo dugu.
- Propaganda euskaraz egingo dugu.
- Harremanetarako hizkuntza euskara izango da, guri dagokigunez behintzat.
- Produktuak:
- Ateratzen ditugun produktuak euskara hutsezkoak izango dira, edo gehiengo zabal batean euskarazkoak izango dira.
- Kultur mugimendu eraberrituaren eraikuntzan euskarak duen ezinbesteko lekua azpimarratu eta landuko dugu.
- Antolatzen ditugun eztabaida (musikaren ) ezberdinetan hizkuntzaren eremutik eragitea ere kontuan izango dugu.
- Ikasle Abertzaleak:
- Barne funtzionamendu euskalduna bultzatzea (barne buletina euskaraz, talde bilerak euskaraz...). Arazoak detektatuz gero hauek gainditzeko bitartekoak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu (kidegoaren euskalduntzeari begira gehienbat).
- Kanpora begirako bitartekoak (kartelak, esku orriak, iritzi artikuluak, abian aldizkaria, web orria...) egiterakoak euskara hizkuntza nagusi erabiltzeko konpromisoa berresten dugu.
Ikasle abertzaleak taldeak antolatzen dituen ekimenetan (Herri eskolak, tailerrak etab) euskaraz izatea bermatzeaz gain, euskararen kontzientzia eta erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen dugu eta horri erantzuteko Eskola ibiltaria bezalako ekimenak prestatzen jarraitzeko konpromisoa.
Hau guziaz gain, Ikasleon eskubideen kartan definitzen dugun moduan, ikastetxe, fakultate eta Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko eskubidearen alde borrokak pizteko konpromisoa hartzen dugu.
- Gure azken kongresuan erabaki genuen bezala, euskal ikasleok, eskubideetaz gain, betebeharrak ere baditugu, euskal ikasleok hartu beharreko konpromisok hain zuzen ere; haien artean, euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu genuen. Honela zioen konpromisuak: “Euskara ezagutzen ez dugun ikasleok, euskara ikasteko konpromezua gure gain hartu behar dugu. Halaber, gure euskara hobetzea guzion ardura da. Euskaraz aritzeko konpromezua ere hartu behar dugu, gure bizitzaren esparru guzietan. Eta aldi berean, euskarari ezartzen zaizkion oztopoak eta erasoak salatu eta borrokatzeko konpromezua dugu.
- Duina Gazte Koordinadora:
- Barne eta kanpo jarduera guzia euskalduna izateko konpromisoa.
- Taula programatikoan “euskaraz lan egiteko konpromisoa” barneratzea.
- Mairu, pentsamendu kritikoaren sustapenerako gazte kolektiboa
- Segi, gazte erakundea:
- Barne funtzionamendua euskarazkoa izateko konpromisoa.
- Kide ez euskaldunak euskalduntzeko planteamenduak egingo dira. Kide ez euskaldunen lehentasuna izango da beraien burua euskalduntzea. Barne euskalduntzean urratsak emateko bitartekoak jarriko dira.
- Kanpo komunikazio lana euskaraz burutuko da.
- Euskalgintzatik antolaturiko ekimenetara dei egiteko konpromisoa.
- Erasoak salatzeko konpromisoa. Ekimenen bidez eta abar.
- Hainbat herritan gazte espazioak euskalduntzeko urratsak ematea.
- Antolaturiko ekimen ezberdinetan euskararen portzentaia gehiengoa izan dadila zaintzea. Kontzertuak eta abar.
- Gazte Hitzarmena bultzatzeko konpromisoa.
(IRATI MUJIKA LARRETA Gazte Hitzarmeneko bozeramalea da)
Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1131635449