Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen historiako pelikularik ikusiena

Euskararen historiako pelikularik ikusiena

2005-10-21 / 07:00 / erabili.com   KULTURA

Sekula euskarazko pelikula batek izan duen ikusle kopururik handiena lortu du Aupa Etxebeste! filmak estreinatu eta hilabete eskasean: 50.000 ikusle. Hego Euskal Herrian ikusleen % 91k euskaraz ikusi du eta Euskal Herritik kanpo ere % 50ek ikusi du filma euskaraz (gaztelaniazko azpitituluekin).

Aupa Etxebeste!, Telmo Esnalek eta Asier Altunak zuzendutako filmak, 50.000 ikusleen muga gainditu du. Irusoin ekoiztetxeak erabili.com-i aste honetan (2005-10-19an) emandako datuen arabera, joan den asteburuan lortu zuen pelikulak kopuru biribil hori eta, horrenbestez, historian euskaraz egin direnen artean pelikularik ikusiena bihurtu da Aupa Etxebeste!.

Asko eta denbora gutxian

Donostiako Nazioarteko Zinemaldian joan den irailaren 22an aurkeztu zen Aupa Etxebeste! eta irailaren 23an estreinatu zen Hego Euskal Herriko zinemaleku komertzialetan. Espainiar Estatuko hainbat zinemalekutan ere ikusgai dugu pelikula irailaren 30az geroztik.

Ikusleek harrera beroa egin diote han eta hemen Esnalen eta Altunaren lehen film luzeari, eta agertokietan hilabetea bete aurretik, joan den asteburuan erdietsi zuen 50.000 ikusleren marka garrantzitsu hori. Euskara hutsean egindako pelikulen historia laburrean inoiz ez zuen lan batek horrenbeste ikusle bereganatu. Aupa Etxebeste! baino lehen, Koldo Izagirrek zuzendutako Offeko maitasuna (1992) zen ikusle kopuru handiena lortutakoa: 26.961.

Etxebestetarren gorabeherak kontatzen dituen filmaren marka are deigarriagoa da, estreinatu zenetik 26 egun besterik igaro ez direnean lortu dela kontuan hartzen bada.

Irabaziak ematen hasia

Aupa Etxebeste! izaten ari den arrakasta neurtzeko beste giltzarri bat diru-sarrerena dugu, eta hor ere pelikularen orain arteko emaitzak arduradunen gustukoak dira dudarik gabe.

Euskarazko produkzioen mundu xumearen baitan, Amerikako Estatu Batuetakotik ez ezik Atlantikotik honako gehienetatik ere neurriz hain urrun gelditzen den mundu txiki horren baitan, alor horretan ere ari da nolabait markak hausten Aupa Etxebeste!. Estreinatu aurretik, filma egiteak izan duen kostuari buelta ematen hasteko 40.000 ikuslera iritsi beharko zela aurreikusi zen. 40.000 horiek gainditu eta hilabete baino lehen 50.000ren marka ere atzean utzi ondoren, bere xumean Aupa Etxebeste! irabaziak ematen hasia dela esan daiteke.

Orain arte zinemetara Aupa Etxebeste! ikustera joan direnek 221.464 euro utzi dituzte txarteldegietan:

  • Euskaraz: 194.245 euro
  • Gaztelaniaz: 27.219 euro

Euskal Herrian euskaraz, Espainian ere bai

Hego Euskal Herrian bildu du Aupa Etxebeste!-k, logikoa ere badenez, ikusle kopururik handiena. Joan den asteburua bitartekoak zenbatuta, 44.880 lagunek ikusi dute pelikula Araba, Bizkaia, Gizpuzkoa eta Nafarroako zinematokietan.

Espainiako Estatuan, berriz, 6.000 ikusle batu ditu Altunak eta Esnalek zuzendutako lanak.

Hego Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan filmaren bi bertsio banatu dira: bata jatorrizkoa, euskarazkoa, gaztelaniazko azpitituluekin; eta bestea, gaztelaniara bikoiztutakoa. Bi hauen artean euskarazko bertsioa (gaztelaniazko azpitituluekin) da ikusle gehien bildu dituena, koska handiarekin gainera. Hain zuzen ere, joan den asteburua bitartean Aupa Etxebeste! ikustera joandako 50.000 lagunetatik % 86k euskarazko bertsioa ikusi zuten. 43.000 ikuslek ikusi dute jatorrizko euskarazko bertsioa, eta 7.000 dira pelikula gaztelaniara bikoiztuta ikusi (eta entzun) dutenak.

Gure lurraldeari dagokionez, euskarazko bertsioa jarraitu dutenen kopurua % 91 arte igo da. Bitxiena, ordea, Espainiako Estatuko gainerako lurraldeetan gertatzen dena da. Izan ere, orain arte zenbatuta dauden 6.000 ikusleak erdi eta erdi banatzen dira, ikusi duten bertsioari dagokionez: 3.000 lagunek azpitituludun euskarazko bertsioa aukeratu dute, eta beste 3.000 lagunek gaztelaniara bikoiztutakoa.

Azpitituluak euskararen lagun

Datu horiek ikusita, filmaren euskarazko jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin banatzeak, zenbait ikusle euskaldunen artean hautsak harrotu dituen erabakia izan den arren, bere alderdi positiboak badituela esan beharko da. Euskaraz oso pelikula gutxi egiten dira eta, beraz, ez han eta ez hemen ezin aukera handirik izan gure hizkuntzan filmatutako lanak jarraitzeko. Egiten direnean, ordea, eta Aupa Etxebeste!-rekin behintzat hori ari gara ikusten, filma bere horretan, bere hizkuntzan, ezagutzeko gogoa eta ikusmina sortzen da, eta hori kaltegarri ez ezik onuragarri ere bada euskararentzat. Pelikula bera ikustera bakarrik ez, pelikula euskaraz ikusi (eta entzutera) joan dira Espainiako Estatuko hainbat lurraldetan orain arte Aupa Etxebeste! ezagutzera inguratu direnak, azpitituluak lagun dituztela.

Ildo bereko artikukuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com