|
Eskola umeen artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin Kukubiltxo antzerki taldeak lan berria du. Argitxo eta Dir-Dir du izena eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren Euskaraz Bizi egitasmoaren baitan aurkeztuko dute hainbat herri eta auzotan. Hizkuntzen unibertsoan euskararen argia ere indartsu eta distiratsu agertzeko euskaraz hitz egin behar da. Horixe da Kukubiltxokoek antzezlan berriarekin haurrei helarazi nahi dieten mezu nagusia.
Dir-Dir, txotxongilo ikuskizun honi izena ematen dion pertsonaia berria, Argitxo ezagunaren kriseiluaren barrutik jaiotako argi txinparta da. Ikastoletako haurrek ondo baino hobeto ezagutzen duten pertsonaia da Argitxo. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak ikasle gaztetxoenen artean euskararen erabilera bultzatzeko baliatzen du Argitxoren irudia, eta orain, Kukubiltxoren eskutik, antzezlan honen haria gidatuko duen pertsonaia bilakatu da Argitxo.
Argia eta hitza iluntasun mutuan
Iluntasuna isiltasunarekin, komunikazio ezarekin, eta argia hitzekin, hizkuntza aniztasunarekin, parekatzen ditu Kukubiltxok Argitxo eta Dir-Dir lanean.
Haseran dena zen iluna, dena isiltasuna, Erresuma Beltzean. Argirik ez, ezta hitzik ere, Iluna nagusi mutuaren eremuan... Argitxo heldu zen arte. Honek piztuko du lehen argia, lehen hitzen soinuei tartea egingo die erresuma goibel horretan. Eta lehen argi horren atzetik etorriko dira besteak, izarrez betetako unibertsoa sortuz, hizkuntzen unibertsoa, eta izar horietako bat euskararena izango da.
Hizkuntza distiratsuen unibertsoa gero eta zabalago eta gero eta argitsuago izateko ahaleginean ez da bakarrik egongo Argitxo. Eginkizun horretan lagun izango du Dir-Dir pertsonaia berria, Argitxok berarekin eraman ohi duen kriseilutik atera eta bizitza propioarekin argi-txinparta gisa gorpuztuta. Laguntzaile ez ezik zaintzaile ere bilakatuko da Dir-Dir. Hizkuntzen izar konstelaziotik argi bat aukeratuko du eta haren zaindari izango da aurrerantzean, eta argi hori euskararena da.
Euskararen argiari laguntzeko, hitz egin
Argitxo eta Dir-Dir hizkuntzen suaren garra gori-gori mantentzearen alde ariko dira, baina beraien ahalegin soila ere ez da nahikoa izango. Haurren konplizitatea eta inplikazioa bilatuko dituzte Kukubiltxoren lan berriko pertsonaiek. Horixe baita, azken finean, antzezlanak eta bere sortzaile eta sustatzaileek bilatzen dutena:
"Gure istorio honetan, Argitxo eta Dir-Dirren gidaritzapean, Hizkuntzen unibertsoaren sorrera ikusiko dugu, unibertso horretatik Euskaldun mundua argitzen duen argia aukeratuko dugu eta urte eta mendeetan zehar bizirauteko mantendu duen bere barne sua ezagutuko dugu. Berdin etorkizunean egunez egun gaurkotuta bizirik irauteko erabili beharko duen indarra aztertuko dugu. Azkenik gure aldetik hartu behar dugun konpromisoari hitz emango diogu".
Horrela, Argitxok eta Dir-Dirrek euskara erabiltzera eta euskaraz hitz egitera animatuko dituzte Argitxo eta Dir-Dir ikustera joango diren haurrak. Erabili ezean, hizkuntzen unibertsoan izarrak indarra galtzen joango dira, argia moteldu egingo zaie, desagertu arte. Euskarari hori ez gertatzeko, haurren laguntza beharko dute Argitxok eta Dir-Dirrek.
Erronka berria
Kukubiltxo taldearentzat erronka berezia izan da antzezlan honen tajutzea. Urte eta erdiz luzatu den lanak azkenean eman ditu bere fruituak, baina taldeak ohikoak dituen zenbait lan-eredu aldatu behar izan ditu, Josu Camara zuzendariak onartu duenez.
Aldaketa nagusienen artean kontatzen den istoriaren jatorria dago. Izan ere, Kukubiltxok normalean aurrez idatzita dauden ipuin eta gidoietatik abiatuta gauzatu izan ditu bere aurreko ikuskizunak. Argitxo eta Dir-Dir, ordea, taldeak berak sortutako istorioa da. Istorioetatik abiatuta pertsonaiak sortu beharrean, oraingo honetan pertsonaia bat -Argitxo- oinarri hartuta borobildu dute kontakizuna.
Argia eta iluna jolasean
Pertsonaia baten abiapuntutik gidoia idaztearekin batera, teknika aldetik ere berrikuntza garrantzitsuak erabili ditu taldeak ikuskizun honetarako. Iluntasunaren eta argiaren arteko borroka-jokoan oinarritutako kontakizuna izaki, ilunaren beltzari eta argiztapenari zuku berezia ateratzen saiatu dira Kukubiltxokoak. Txotxongiloen munduko teknika berriak aplikatu dituzte. Eszenografia kamara beltzean oinarritzen da, ikuskizunean ezinbestekoa den iluntasunari probetxu guztia ateratzeko. Eszenografia bezala erabiltzen diren beste elementu guztiak neutroak dira, argi teknika ezberdinak landuz egoera eta giro ezberdinak sortzeko aukera ematen dutenak. Ohizko foku eta argiztapenetatik aparte, ikuskizunerako espresuki egokitutako eta asmatutako beste argiztapen sistema batzuk ere erabili dituzte. Modu honetan pertsonaia batzuk euren argi propioa izango dute.
Dir-Dir bera, esateko baterako, argi hutsezko pertsonaia da. Bere txinparta izaera adierazteko modurik aproposena aurkitu nahian, Kukubiltxok ez dio Dir-Dirri txotxongilo gorputzik eman. Dir-Dir ez da txotxongilo bat, ez behintzat ohikoa: Dir-Dir argi bat da.
Pertsonaiak
Honako hauek dira Argitxo eta Dir-Dir lanean agertzen zaizkigunak:
- Argitxo: Pertsonaia nagusia eta ikuskizunaren haria mantenduko duena.
- Dir-Dir: Argitxoren laguntzailea, txinparta bat bezalakoa.
- Izarrak: Argi tantak edo hizkuntzak.
- Konstelazioak: Hizkuntza multzoak.
- Eguzkia: Euskara, gure hizkuntza.
- Eguzkitxoak: Euskara zabaltzeko Eguzkiaren lagunak.
- Su-gar handia: Euskararen barneko suaren nagusia.
- Txinpartak: Euskararen barne suaren langileak.
- Itzalak: Su-gar handiak kontatzeko modua.
- Tximistak: Euskararen etorkizuna argitzen duen pertsonaia.
- Tximisten irudiak: Sormena.
- Liburua, Probeta, Ordenagailua,... Tximistaren sormenak eragina daukan lekuak.
- Iluna: Isiltasunaren Erresumaren agintaria.
Fitxa teknikoa
- EKOIZPENA: KUKUBILTXO Antzerki Taldea S.C.L., EHIKerekin elkarlanean.
- IKUSKIZUN MOTA: Txotxongilo eta objektuen animazio antzerkia.
- IKUSLEGOA: Adin guztietakoa.
- FORMATOA: Barne ikuskizuna.
- AUTOREAK: Josu Camara, Iurgi Etxebarria.
- MUSIKA EGILEA: Pablo Lasa Huts.
- IRUDI DISEINUAK: Haritz Larrinaga.
- TAILERRA KUKUBILTXO: Javier ObregOn, Conchi Maoño.
- ZUZENDARITZA: Josu Camara.
- AKTOREAK: Mari Feli Etxeandia, Iurgi Etxebarria, Aitor Ormaetxea.
- TEKNIKARIA: Javier Obregon.
|