Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara ahora!

Euskara ahora!

2005-10-11 / 07:00 / Alfredo Alvaro Igoa - Kima   KULTURA

Bi gurpilen gainean ibiltzen da euskara talde gehienen gurdia: dakitenengan euskararen erabilera handitzea eta ez dakitenengan euskara ikasteko harra eta beharra piztea. Altsasuko Kima Euskara Taldeak bi helburu horiek lotzen dituen kanpaina antolatu du: "Euskara ahora!"

Kima Euskara Taldea Altsasun gure hizkuntzaren normalizazioaren alde lan egiten duen taldea da. Euskaldun kopuruan, Sakanako bigarren herria da Altsasu, 1.502 euskaldunekin. 2001eko zentsuko datuak dira (Herriak 7.300 biztanle ditu, gutxi gora behera). Taldearen helburu nagusien artean euskararen erabilera bulkatzea dago. Horregatik gure ahaleginak bideratzen ditugu, besteak beste, euskaldun horiek guztiak “azaleraztera”, euskal hiztunak elkar identifikatzera, hizkuntza komunitateak berak herrian duen pisuaz ohartaraztera, euskaraz aritzeko esparruak edo uneak sortzera.

Altsasuarrak euskara erabiltzera animatzeaz gain, ez dakitenei gure hizkuntza ikastera animatu nahi izaten dugu. Beste hizkuntza komunitateak euskarara erakarri, informazioa zabaldu eta euskararen kontrako jarrerarik ez izatea garrantzitsua baita.

Bi helburu horiek buruan, eta iraila euskaltegietan matrikulatzeko garaia dela kontuan hartuta, bigarren urtea da Kimak kanpaina bat jarri duena martxan. Irailaren 13an hasten dira Altsasuko festak eta orduan abiatzen dugu. Iazko kanpaina festa egunetan zentratu zen, baina aurtengoa oraindik indarrean dago.

Aurtengo kanpainak Euskara ahora! izena du eta hitz horiekin laburbiltzen da. Aurten aukeratutako leloak mezu bikoitza du, euskaraz irakurri edo gaztelaniaz irakurri. Eta horrela euskara dakitenengana eta ez dakitenengana iritsi nahi izan dugu. Batzuk euskaraz hitz egitera animatu nahi ditugu. Besteak euskara ikastera. Izena emateko garaia orain dela adieraziz.

Euskara ahora! mezua zabaltzeko euskarri modura tabernetako paperezko serbilletak erabiltzea erabaki genuen (Altsasun, urte bete lehenago, euskarri berean sexu indarkeriaren kontrako beste kanpaina bat egin zen). Gure asmoen berri emanez herriko 40 bat tabernei gutuna bidali genien. Argi eta garbi utzi genien haiek ez zutela laukorik ere ordaindu behar. Kimak eskatu zien bakarra, kanpaina egokia irudituz gero, haien tabernetako serbilleteroetan musuzapiak jartzea zen. Festen aurretik musuzapiak uztera pasako ginela ere jakinarazi genien.

Esan bezala egin genuen. Festen aurretik herriko 40 tabernetan utzi genituen serbilletak. Haietako 30etan kutxa osoak, 10.000 serbilleta, eta festa gunetik urrun zeuden beste 10etan kutxa erdia. Ekimenaren berri prentsari ere jakinarazi genion eta prentsa tabernariei eskerrak emateko erabili genuen.

Iazko esperientzia: Euskarari play

Irailean euskararen aldeko leloak zabaltzearena iaztik datorren kontua da. Erabilera sustatu eta erdaldunak hizkuntzara hurbiltzeko asmoz pegatina mordoa atera genituen. Leloa xinplea zen eta pegatinan ongi irudikatua gelditu zen: Euskarari play. Lelo harekin nabarmendu nahi genuen ez dela nahikoa euskarari bai esatea, aldekotasuna azaltzea. Beste urrats bat eskatzen genuen: erabiltzea. Pegatinak ezagunak egin ziren eta askok eta askok eman zioten play hirukiari, pegatina eramailea kasete, bideo edo halako zerbait balitz bezala. Ondoren etorri zen Euskarari play dioen pankarta txukuna. Festa egunetan zintzilikatzen dugu, mezua gogorarazteko.


(ALFREDO ALVARO IGOA Kima Euskara Taldearen izenean)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com