Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Hizkuntzaren pisua Kataluniako Estatutu Berrian

erabili.com / Herri-administrazioa / 2005-10-06 / 07:00


Katalana zein gaztelania ezagutzea derrigorrezkoa izango da Katalunian, Parlamentuak onartu berri duen Estatutuaren arabera. Hizkuntzak pisu berezia du Estatutu berrian, eta aipamen ugari hamar artikulutan banatuta. Espainiko Parlamentuak dagoen-dagoenean onartuz gero, bide berri bat ere urratuko litzateke euskararentzat.



Joan den irailaren 30ean onartu zuen Kataluniako Parlamentuak bertako Estatutu politiko berria. Hautsak harrotu ditu katalanen Estatutuak, han eta hemen, bere edukiaren hainbat atal direla-eta.

Hizkuntz eskubide eta betebeharrei dagokienez, Estatutu berriak nahikoa apaimen zabal eta zehatzak egiten dituela esan daiteke. Gutxienez hamar artikulutan egiten da hizkuntzarekin lotutako aipamenen bat. Atariko tituluan 6. artikuluan ("Berezko hizkuntza eta hizkuntza ofizialak") irakur daitezke hizkuntza kontuei buruzko lehendabiziko aipamenak, eta oinarrizkoak:

Atariko aipamen horietan Aran lurraldeko berezko hizkuntzaren aipamena ere egiten da. Aranesa lurralde horretako berezko hizkuntza eta ofiziala dela aitortzen da, eta Katalunian ere ofiziala dela. Arandarrek Generalitatearekin dituzten harremanetan aranesa erabiltzeko duten eskubidea jasotzen da Estatutuan.

Estatuko Administrazioan ere bai

I. Tituluaren III. Kapituluaren barruan hizkuntzen ezagutzarekin eta erabilerarekin lotutako eskubide eta eginbeharrak zehazten dira. 33. artikuluan ("Eskubide linguistikoak Herri-administrazio eta Estatuko instituzioen aurrean"), Kataluniako biztanleek herri-administrazio desberdinekin harremanak izaterakoan nahi duten hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea aipatzen da, eta erakunde publikoek eskubide horiek bermatzeko hartu behar dituzten neurriak ere bai.

Kataluniako herri-administrazioak ez ezik, Estatutuaren arabera Katalunian ari diren espainiar Estatuko herri-administrazioak ere hiritarren hizkuntza eskubideei erantzun egokia eman ahal izateko prestatuta egon behar dira. Epaile, magistratu, fiskal, notario, erregistroetako langile, justizia Administrazioko langile... Guztiek egiaztatu beharko dute hizkuntza ofizialen ezagutza maila egokia dutela, beraien karguei edo lanpostuei dagozkien funtzioak bete ahal izateko.

Eta herri-administrazioekiko harremanetan ez ezik, herritarrei ondasun, produktu eta zerbitzuen erabiltzaile eta kontsumitzaile diren heinean ere aitortzen zaie Kataluniako Estatutu berrian ahoz zein idatziz aukeratzen duten hizkuntza erabiltzeko duten eskubidea.

Katalana babestu eta sustatu

Estatutuaren 50. artikuluak katalanaren sustatzea eta zabalkundearekin lotutako printzipioak jasotzen ditu. Herri-administrazioek katalana esparru eta sektore guztietan babestu behar dutela dio, bere erabilera, zabalkundea eta ezagutza sustatuz, eta printzipio berberak aranesari ere aplikatuz.

Artikulu horretan, besteak beste, katalanaren sustapen politikak Estatu osora, Europako Batasunera eta mundura zabaldu behar direla jasotzen da; eta Estatuak, Konstituzioan agindutakoaren arabera, artikulu horretan ezarritako printzipioen aplikazioa babestu behar duela.

Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)


Albiste honekin lotura duten artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1128507718